Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2019 / 08 / 14

Urtean Zeharreko 19. astea

2019ko Abuztuaren 14a, Eguaztena

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Tor-C-19-X-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Mateo 18, 15-20 )

Aldi haretan, Jesusek honan esan eutsen bere ikasleei:
- «Zure anaiak hutsik egiten badeutsu, joan eta autortuazo egiozu zuon bion artean, bakarrean. Entzuten badeutsu, irabazi dozu zure anaia. Entzuten ez badeutsu, hartu egizuz zeugaz beste bat edo bi, testigu biren edo hiruren berbeak ebatzi dagian gauzea. Eta hareei entzuten ez badeutse, esan alkarteari. Eta alkarteari ere entzuten ez badeutso, arrotz edo zergalari lez izan bedi zuretzat.

Benetan dinotsuet: zuek lurrean lotua, zeruetan ere lotua izango da; eta zuek lurrean askatua, zeruan ere askatua.

Benetan dinotsuet hau ere: zuetako bik alkar hartzen badabe lur honetan zerbait eskatzeko, emongo deutse zeruetan dagoan nire Aitak. Izan ere, lagun bi edo hiru nire izenean batuta dagozan batzarrean, han nago Ni euren erdian».

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Mateoren 18. kapituluak, Bibliaren argitalpen batzuetan, “eleiz-Berbaldia” izena daroa. Izan ere, kapitulu honek eleiz-bizitzako gaiak hartzen ditu, hasierako Jesusen alkartearen bizitzari dagokiozan arazoak, Bera sortu dauan alkarte barriarenak. Sarrerea gai bigaz emoten deutso: umetxoen antzera Erreinua hartu beharra eta bihotz-barritzea -hau da ezinbesteko kondizinoa Jesusen familia kide izateko eta bere irakatsien arabera bizitzeko- eta guztien salbamenari buruzko berbaldia, danetara ere oinarrizkoak eta gero eta gehiagora doazenak.

- Lehenengoa, Jesusen alkarteak anaiarteko zuzenketan erabili behar dituan jokabideei buruz da, benetan puntu garrantzitsua pekatari alkarte batek bihotz-barritzera aldatu gura badau. Jesusen familiako anai-arreben artean oinarrizko jarrera bat da: alkarren arduraz bizi behar dabe, anaitasun giro ederrean, azalhuskeri barik, alkar zuzentzen laguntzeraino helduz. Hiru une garrantzitsu azpimarratzen dira, gero eta gehiagora joanez eta fintasun eta sikologi arnasez beterik: bakarrean egindako zuzenketa, testigu baten aurrean, anai baten presentziaz zuzenketa sendotuz eta, azkenik, batzarraren aurrean. Azken muga zera da: batasunean biziteko duin ez dan holako hori alkartetik kanporatzea, azken ertzeko osagarri lez, -bakardadean eta urruntasunean- anaiartera bihurtzeko gogoa sortu dakion ere.

- Bigarren ikasbidea alkarteko aginpideari oinarri sendoa ipintera dator: Alkartearen aginpidea Kristoren maitasunean oinarritzen dala eta handik arduradunengana trasmititzen dala. Ohizko berbak erabiliz, semitiko kutsuz beterikoak, “lotu” eta “askatu”, Jesusek argi izten dau bere agintea beretarren esku gelditzen dala. Azkenik, alkarteko otoitzari buruz da, Aitak onartuko dauan otoitza izango dala, bere izenan egiten bada, Beragaz eta Beragan. Batera eta batasunean egiten dan otoitz horri bermatzen deutso bere presentziaren eta bere bitartekotasunaren bultzada.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Alkarteak, Jesusek bere inguruan moldatu eta Erreinuaren aldeko dinamikan sartu dauanak, ezaugarri zehatzak eta bere-bereak izan behar ditu. Esaterako, anaiarteko zuzenketa ekintzarako eta bizitzarako estilo berezitzat ipinten da. Horixe dalako Jaungoikoaren jokabidea, eta, horrez gainera, gizaseme eta emakume makalez osatutako alkartea dan ezkero, etenbako parkamen-giroan bizi beharko dau. Horregaitik, tankera horretan bizi eta parkamen giroan jokatzea... Jesusek berak nahi izan dauana da.

- Alkartean egindako otoitzarena ere badakar, Jaungoikoaren bihotza zabaltzen dauan giltza bailitz, bere indarra eta ontasuna lortzeko aproposkoa. Izan ere, “alkarte esparrua” da Jesusek gura izan eta landu eban anaiartearen iturburu; baina, Jesusek dinonez, alkar zuzenketaren ildotik egin beharrekoa da, umetxoak adierazoten daben konfiantza-giroa sortuz.

- Maisuak badihardu gu landu nahirik: klabe horretan oinarrituta bizitzerakoan dagoz eragozpenak. “Maitasun-agintea” korapilotsuagoa da “Agindua agindu” baino. Baina, egia esan, Jesusek izateko eta biziteko bidetzat hauxe proposaten deusku. Badogu oraindik biderik ibilteko, zer ikasi... eta zer zelan hobeto egin eta bizi. Eta zu... prest al zagoz? Badozu ezer ikastekorik eta egitekorik honetan?

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, emoidazu sentiberatasuna eta zuhurtasuna hurkoa noiz zuzendu behar dodan jakin dagidan eta modu eraginkorrez eta begirunez egin."

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue