Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2019 / 08 / 07

Urtean Zeharreko 18. astea

2019ko Abuztuaren 07a, Eguaztena

<< Lehenagoko eguna #Osteko eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Tor-C-18-X-Biz.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Mateo 15, 21-28 )

Aldi haretan, Jesus Tiro ta Sidongo lurraldera joan zan. Kanaandar emakume bat, alderdi hareetatik urtenda, deadarka hasi jakon:
- «Jauna, Dabiden Seme hori! Erruki zakidaz! Deabru gaizto-gaizto bat dauka nire alabeak».
Jesusek, ostera, ez eutson berbarik erantzun. Ikasleak, hurreratu eta erreguka hasi jakozan:
- «Egiozu nahi dauana, eta doala; atzetik jatorku-ta, deadarka».
Eta Jesusek erantzun eutsen:
- «Israelgo ardi galduetara bakarrik bialdu nabe».
Emakumea, ostera, hurreratu zan eta, ahuspezturik, esan eutson:
- «Lagundu egidazu, Jauna!».
Jesusek erantzun:
- «Ez da egoki seme-alaben ogia hartu ta txakurrei botatea».
Eta emakumeak:
- «Egia, Jauna, baina txakurkumak ere jaten dabez euren jabeen mahaitik jausitako ogi apurrak».
Orduan Jesusek esan eutsan:
- «Emakume, handia da zure sinismena! Jazo bekizu nahi dozun hori».
Eta ordu haretantxe osatu jakon alabea.

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Irakurri dogun ebanjelioko pasarteak gure ikuspegia zabaldu egiten dau, bai Jesusen predikuari buruz eta bai bere entzuleei buruz; izan ere, agindutako lurraldekoei, bere aberritik eta orain arte entzun deutsoenen mugetatik haruntzago doa. Tiro eta Sidon Galileaz mugaz-muga dagoz, Libano eta Israelen arteko mugetan. Jentilen, feniziarren lurraldea da. Jesus iparralderuntz doa, bake eta atseden bila edo, Galilean izandako ekitaldi sendoaren ondoren. Lekualdatze hau sinbolikoa dirudi, salbamenaren unibertsaltasuna adierazteko.

- Kanaadar emakumeagaz topo egitea, ikuspegi orokor honen barruan, jazoera enblematikoa suertatzen da. Rabi eta emakume baten arteko topaketa da, gainera emakume jentila da. Maisuaren sarrerako jarrerea hotza eta mesfindantzazkoa da, herri aukeratua eta jentil herrien arteko banakuntza adierazoz. Behin eta barriro eskatzen deutson emakume kanaandarrak, alabearen osasunagaz guztiz arduratuta, alde batetik ama-maitasuna agertzen deutso eta, bestetik, Jesusengan eukan konfiantza.

- Emakumeak hiru bider eskatu, eta Jesusek hiru bider ukatu. Emakumearen eskariari: “Jauna, Dabiden seme hori, erruki zakidaz!” (22. a.), Jesusek berbatxo bat ere ez deutso luzatzen. Bigarren ekitaldian ikasleak sartzen dira bitarteko eginez; baina Jesusek gehiago banatzen ditu Israel eta jentil herriak (23-24. aa.). Kanaandarraren ekinaren aurrean, orain Jesusen aurrean ahuspeztuta, erantzun gogor eta misteriotsu bat emoten deutso: “Ez da egoki seme-alaben ogia hartu eta txakurrei botatea” (26. a.). Halan ere, amaren sen indartsuak, Jesusek erabilen berbakera gogorrean itxaropen-zirrikitu bat aurkitzen dau, eta Maisuaren kontrajarrera hau ukaezineko errazoi bihurtzen dau, miraria egitera behartuz: “Bai, egia, Jauna, baina txakurkumak ere jaten dabez, euren jabeen mahaitik jausten dira ogi-apurrak” (27. a.). Bere sinismena probaturik gelditu da. Maitasun-azterketa gainditu dau. “Emakume, handia da zure sinismena” (28. a.). Jaungoikoaren Erreinua zabaldu egin da, Jesus onartu dabenen, onartzen dabenen eta onartuko dabenen maitasun-indarrez, lurrezko muga guztien gainetik.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Ebanjelioko pasarte honek lehenengo begiradan agertzen dan baino haruntzago joten dau. Jesus, jentil herrietara zabalduz (testuak berak dinoskunez) eta emakume arrotz honen eskariak onartuz, bihotz barruko jarrera jartzen dau erlijiotasun guztirako erizpide nagusitzat eta ez legearen betekizun zehatza, hain zuzen; “lohikeria” ez dago kanpoan, gizakiaren bihotzean baino. Hemen pausu esanguratsu bat emoten dago Jesus: salbamena Jaungoikoaren dohaiaren aurrean ZABALTZEN diran guztientzat da.

- Jesusen eta kanaandar emakumearen arteko topaketak iragarten eta gauzatzen dau salbamenaren eta paganismoaren arteko topaketa. Emakumearen ekin eta ekineko eskaria da, Jesus Mesias eta Salbatzailetzat autortuz, miraria lortuten dauana, legezko eta indarrean dagoan erlijiotasunezko muga guztien gainetik. Jaungoikoak Jesusengan eskeintzen deuskun proiektua GUZTIENGANA zabalik dago.

- “Irudi” zoragarria kanaandar emakumearena, sinismenez eta bere alabearen aldeko ama apal baten eskari beroz betea! Jesusen indar salbagarri eta osagarria agirian ezagutzea. Bete-betean jatort ebanjelioko proposamen esanguratsua, nire bizitza behartsuaren onerako, osakuntza on baten beharrizanean dago ta. Eta zuretzat zer, anai-arreba?

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, ez eiguzu itzi Zugaz doguzan topaketetan hutsik gelditzen, Zugan ustea jartzen dauan inori ez deutsozu iruzur egiten eta."

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue