Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jaungoikoaren berbea > Ebanjelioaren eskutik > 2007 / 01 / 6
GABONETAKO 2. astea
Jaunaren AGERKUNDEA
2007ko Urtarrilaren 6a, Zapatua |
|
 |
|
Herodes erregearen egunetan jaio zan Jesus Judako Belenen. Eta orduan Mago batzuk etorri ziran sortaldetik Jerusalenera, itaunka:
- «Non da jaiobarri dan judutarren erregea? Haren izarra ikusi dogu sortaldean, eta hemen gatoz Bera gurtzera».
Hori entzunik, larritu egin zan Herodes, eta Jerusalem guztia haregaz batera. Eta abade nagusiak eta idazlariak batu, eta Kristo non jaiotekoa zan itandu eutsen.
Hareek erantzun:
«Judako Belenen. Holan dauko profeteak idatzirik:
“Eta zu, Belen, Judako bazter hori,
ez zara, ezelan ere,
Judako herri nagusietan txikiena;
zeugandik urtengo daualako agintari batek,
eta nire herri Israelen artzain izango da”».
Orduan Herodesek, Mago hareei ixilka dei egin eutsen, izarra noiz agertu jaken ahal zanik eta ondoen jakiteko; eta Belenera bialdu zituan, esanez:
- «Zoaze, eta jakin arduraz umearen barri; eta aurkitzen dozuenean, esaidazue niri, neuk ere joanda gurtu dagidan».
Hareek, erregeri entzun ondoren, joan egin ziran. Eta bapatean, sortaldean ikusitako izarra aurretik jarri jaken, umea egoan lekuaren gainean gelditu arte. Izarra ikusitakoan, berebiziko poza hartu eben. Eta, etxean sarturik, umea aurkitu eben, Maria bere amagaz; eta auspez jarririk, gurtu egin eben. Eta, euren kutxak edegita, erregaluak emon eutsoezan: urrea, intzentsua eta mirrea.
Eta Herodesegana ez bihurtzeko albistea amesetan harturik, beste bide batetik joan ziran euren lurraldera. |
|
 |
|
- Jesusek, munduko Erregeak, ekarritako salbamenaren agiriko agerpena dogu Epifania. Osagai historiko batzuekin eta Alkartasun Zaharreko aipamenekin argitzen dau Mateok Bibliako kontakizuna (Is 60, 1-6; Zen 23-24; 1 Erg 10, 1-13; Mi 5, 1), eta Magoak Juduen Erregea munduko Errege lez aurkitzera bultzatzen dituan aparteko agerpenari buruz berba egiten deusku.
- Magoei jagokenez, bosgarren mendean jarri zan zenbat ziran (eskeinitako dohainen arabera) eta zortzigarren mendean emon jakezan Meltxor, Gaspar eta Baltasar izenak. Baina Mateoren ustez, ospe handiko pertsonaiak dira Magoak, jentilen arteko lehenengoak, Ebanjelioaren protagonista dan Jesusen duintasuna goraltzen dabenak: eurek bila dihardue (“Non da jaio-barri dan Juduen erregea?”: 2 at.), Mesias autortzen dabe (“eta auspez jarririk, gurtu egin eben”: 11 at.) eta haren apaltasunak eta txirotasunak harritu zituen (“euren kutxak edegita, erregaluak emon eutsoezan: urrea (erregeari), intzentsua (Jainkoari) eta mirra (gizonari)”: 11bc at.) Herodes eta Jerusalem, ostera, larritu egiten dira Mesiasen jaiotzaren barriaz (3 at.) eta Haren bila dihardue, hilteko. |
|
 |
|
- Harritzekoa da ebanjelariak eta bere alkarteak aurkitu dabena: itxarondako Mesias “jentilek” onartzen dabe; eurentzat, izan bere, ez da oztopo Haren txirotasuna eta apaltasuna; idazlariek eta jakitunek, ostera, ez dabe ezagutzen. Zelako ustebakokeria! Israel horrenbeste denporan Salbatzailearen dohaina itxaroten eta orain ez dau onartzen! Beste “tankera” bateko Salbatzailea zan eurek itxaroten ebena. Ezin dabez gainditu euren aurreiritziak.
- Gauza bat dago argi: Jainkoak ez dau bereizkeriarik egiten. Hemen hankaz gora doaz juduen bereizkeriak eta danei bereizketa barik eskeintzen jaken salbamenaren orokortasuna baieztatzen da. Jainkoak historian zehar dihardu agertze hau antolatzen (gertetan). Orain, ezustean hartu ditu etxeko eta kanpoko, bihotz zintzoz “BILATZEN daben” danei eskeinitako bere Seme maitearen jazoereagaz. Izan bere, “Haren izarra ikusi dogu eta hemen gatoz…” (2 at.): hauxe da giza bihotzak aldietan zehar bizi izan dauan bilatze-jardutea benetakotzen dauan jarrerea. Ederra da gaurko egunak azpimarratzen dituan bi alderdiak aurkitzea: Jainkoa eta DANEI, salbuespen barik, zabaldutako bere dohaina. Bihotz zintzoz BILATZEN dabenek aurkitzen dabe. Ez da beharrezkoa “asko jakitea” (idazlariek baekien baina ez eben Beragaz topo egin), itxarotea eta esna (itzarrik) dagoan bihotz zintzoz bilatzea baino. Hona hemen gaur sendo gogorarazten jatana (jakuna), “kanpoan” eta “galduta” ez geratzeko. Zenbat gizon-emakumek, gure inguruko kultura honetan, nahasten dituan Berari buruz “gauzatxo batzuk” jakitea eta Umeagaz topo egitera eroaten dauan bilaketa zintzo eta bizia! Azken honegaz bakarrik egiten da osoa salbamena. Zorionak Jainkoa BILATZEN DIHARDUEN guztiei! |
|
 |
|
“Jesus Jauna: “Jainkoaren BILA DIHARDUEN”etariko bat izan gura neuke. Holan, nire bizitza argiz beterikoa izango da eta zure “izarrak” argituko dau nire bizitza. Holan bakarrik izango naz IZAR besteentzat. Eskerrik asko aintzat hartzearren”. |
|
|
|
|