Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jainkoaren hitza > Ebanjelioaren eskutik > 2020 / 03 / 10

Garizumako 2. astea

2020ko Martxoaren 10a, Asteartea

<< Lehenagoko eguna #Ondorengo eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Cua-A-2-M-Eus.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Mateo 23, 1-12 )

Aldi hartan, Jesus honela mintzatu zitzaien giza-taldeei eta bere ikasleei:
- "Idazlariak eta farisearrak Moises-en maisu-aulkian eseri dira. Egizue, beraz, eta bete, haiek esandako guztia; baina ez egin, haiek egiten dutenik; esan, esaten bait dute; baina egin ez. Zama astun eta eraman-ezin halakoak egiten dituzte, eta besteren bizkarrean jarri; beraiek, ordea, behatz batez ere heldu ez. Egiten duten guztia, jendeak ikusteagatik egiten dute; uhal-zirrinta luzeak erabiltzen dituzte, eta soinekoetan galartzu zabalak. Afarietan lehenengo jarlekuak, eta sinagogetan aurrenengo aulkiak nahi izaten dituzte, eta enparantzetan agurrak; eta jendeak "maisu" deitzea.

Zuek, ordea, ez utzi inori "maisu" izenik zuei ematen; bakarra bait da zuen maisua, eta zuek guztiok elkarren senide zarete. Eta zuen artean ez eman inori "aita" izenik lur-gainean; bakarra bait da zuen Aita: zerukoa. Ez eman zeuon buruari "zuzendari" izenik; bakarra bait da zuen zuzendaria: Kristo.

Zuetan handiena dena, izan bedi zuen zerbitzari. Bere burua goratzen duena, beheratua izango da; eta bere burua beheratzen duena, goratua".

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Jesusek jauretxean izandako eztabaiden ondoren dator gaurko atal hau; hain zuzen ere, hemen dator Mateok idazlari eta farisearren aurka jaurtitzen dituen hiru salaketen zerrenda (23. a.). Jesusek hemen “gizataldea eta bere ikasleak” dauzka aurrean, erakutsiak emanez: (1-12. aa.). Alde batetik haien kontraesanak begibistara atereaz (2-4. aa.), haien buruerakutsi eta harrotu beharra (5-7. aa.); eta hor datoz, azkenik, idazlari eta farisearren aurkako “aiene-oienek” (13-36. aa.).

- Bestalde, ikasleak adi eta zuhur jartzen ditu, itxurakeri nazkagarri berdinetan erori ez daitezen (8-10. aa.); izan ere, hori da kristau elkartearen minbizia, Ebanjelioa idatzi zen garaian ere. Azalhuskeriak eta norbere burua erakutsi beharrak hutsera eramaten du erlijiotasuna, eta idolatria bihurtzen du. Horrela dela, zer egin? Irakasleak beraiek esaten dutenaren aurka bizi direla-eta, Jaunaren Hitza ez entzun eginez? Jesusek zuzterrera jotzen du: haiek diotena bete, baina ez egin egiten dutena. Mateok hau erakusten digu: benetako Maisu bakarra dugun Jesusi begiratu, Aitaren nahiaren erakusle zintzoa Bera da-ta.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Bizitzak alderdi asko ditu; Garizumako liturgiak eta Ebanjelioak beste alderdi batzuk ere erakusten dizkigu Jesusen jarraitzaile garenoi. Gure burua aztertzen laguntzeko, farisearren biziera jartzen digu aurrean, nork ikusiko edo nork zer esango bizi dira-ta, beraien barrua besterantza badabil ere; zorrotz salatzen du itxurakeria, bizitzako jarrera eta jokabide bezala.

- Hauxe jartzen digu begiaurrean: Jaunaren Hitza ez dela betetzen “huskeri” batzuekin, azaleko itxura batzuk emanez. Barruko gogoa eta agiriko betebeharra batera joan behar direla. Hau bai dela etengabeko betebeharra!

- Eta bizitza osoa argitzen digun programa zehatza da: “Zuen artean haundiena dena, izan bedi zuen zerbitzari”; hor dago azpiko sekretua; hori da Ebanjelioko bidea, Jesusek behin eta berriz errepikatuko diguna bere hitzez eta egitez. Eskola honetan bai "osatzen" direla haundikeriazko jarrerak eta besteak baino hobeak sentitzearen ustekeriak! Zeregin ederra bizitza guztirako eta Garizuma aldirako, batez ere. Benetan hartzen atrebitzen al naiz?

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus, gaur Ebanjelioa irakatsi eta iragartzeko eginbeharra duten gizon-emakumeen alde eskatzen dizut. Lagun esaiezu benetakoak izaten!”

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue