Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jainkoaren hitza > Ebanjelioaren eskutik > 2019 / 11 / 20

Urtean Zeharreko 33. astea

2019ko Azaroaren 20a, Asteazkena

<< Lehenagoko eguna #Ondorengo eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Tor-C-33-X-Eus.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Lukas 19, 11-28 )

Aldi hartan, Jesusek, Jerusalendik hurbil zegoelako eta entzuleek Jaungoikoaren Erreinua laster agertuko zela uste zutelako, parabola hau esan zien:
- «Gizon handizki bat urrutiko lurralde batera joan zen, hango erreinuaren jabe egitera, gero itzultzeko. Bere hamar morroiei dei eginik, hamar mina eman zizkien, eta esan zien: “Ekin irabazian, ni etorri arte”.
Bere herritarrek, ordea, begitan harturik zeukaten, eta mandatariak bidali zituzten beraren ondoren, esatera: “Ez dugu nahi hori gure errege”.

Erreinuaren jabe eginda itzuli zenean, deitu zituen dirua eman zien morroi haiek, bakoitzak zenbat irabazi zuen jakiteko.
Etorri zen lehenengoa, eta esan zuen: “Jauna, zure minak hamar mina eman ditu”. Hark esan zion: “Ederki, morroi zintzo! Gutxian zintzo agertu zarelako, hamar iriren agintea izango duzu”.
Bigarrenak, etorrita, esan zuen: “Jauna, zure minak bost mina eman ditu”. Eta honi ere esan zion: “Zuk ere bost iriren agintea izango duzu”.
Besteak, etorrita, esan zion: “Jauna, hona hemen zure mina; zapian bilduta eduki dut. Izan ere, beldur nintzaizun, gizon zorrotza bait zera; eta jarri ez duzuna jasotzen duzu, eta erein ez duzuna igitatzen”.
Esan zion honi: “Morroi gaizto! Zeure ahotik galtzen zaitut. Bazenekien gizon zorrotza naizela, jarri gabetik jasotzen eta erein gabetik igitatzen dudana. Zergatik ez duzu, bada, diru-etxean jarri nire dirua, itzulitakoan irabaziekin jaso nezan?”.

Eta han zeudenei esan zien: “Ken iezaiozue mina, eta eman hamar mina dituenari”. Haiek esan zioten: “Jauna, lehen ere baditu hamar mina”. “Hara Nik esan: duenari eman egingo zaio; ez duenari, berriz, duen hura ere kendu egingo zaio”.
“Eta erregetzat nahi ez ninduten etsaiak, ekarri hona eta hil itzazue nire aurrean”».

Hitz hauek esanda, Jerusalengo bidean gora abiatu zen denen aurretik.

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Jesusi jarraitzen dion bideko itsuaren gertaera (18, 35-43) eta Zakeoarena, bere ondasunak ongi erabiltzen ikasi zuenarena (19, 1-10), gaurko parabola honen sarreratzat har genezake, guztientzako mezua eskainiz: hamar minen (urrezko ontza) erabilera (19, 11-28). Bidea amaitzen dago eta bertan dauka Jerusalen. Ikasleen ustez, iritsi da azkena (epaiketa) eta, besterik gabe, gauza guztien lehengo erakundeak zeharo aldatuko dira. Jesusek arazo hau argitu beharra dauka: Erreinuak ez gaitu eraman behar eguneroko eginbeharretatik askatuko gaituen “amets" batera; bestela baizik, Erreinua alorrean gogotsu jokatzen duten ikasleen saiakeran dago.

- Lukasen parabolan (Mateoren ebanjelioan ez da horrela), morroi bakoitzak mina bat hartzen du: horren argira, hasierako berdintasuna, bakoitzaren portaeraren arabera, azken ezberdina azpimarratzen da. Nagusiaren saria eta goralpenak ongi jokatzen dutenentzat dira; eta morroi alperra kondenatua da, bere alferkeriagatik baino gehiago, bere beldurragatik, nagusiarengan fidatzen ez delako. Bere ahotik galtzen du (22. a.): “gizon zorrotz” bezala bazeukan nagusia, bere zorroztasun osoz jokatzen du.

- Parabolaren bukaera ezustekoa da: morroi alperrari kendutako mina morroi aberatsenaren aberasgarri bihurtzen da, giza-ikuspegiz zuzenkontrakoa dirudiena. Baina horrela da grazia-bidea: ugaritu eta gainez egiten du onartzen duenarentzat, eta desagertzeraino agortzen da berarengandik aldentzen direnentzat.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Ebanjelioko pasarte honek hauxe adierazi nahi digu: Jesus bere bidearen azkenera, Jerusalenera, iristen dagoela; eta ikasleei eta jarraitzaileei irakasten die jarraipenean nola jokatu, hartzea ez dela aski gaineratuz: beharrezkoa da fruitu EMATEA, “irabazian ekin”. Eta hau, administratzaileak garelako. Horrela iritsiko da, pixkana pixkana, Jaungoikoaren Erreinua. Beraz, administratzaile espirituz jokatu beharra dugu, hori da bere proposamena.

- Eta hemen aurkitzen naiz ni, -inolako dudarik gabe- dohain eta talentu pila bat hartu dudana: bizitza, osasuna, adimena eta mila eta bat aukera. Haiekin “tratu egitera” gonbidatua naiz, beti ere Erreinuaren alde. Hori da bere etorrera itxaroteko bidea, ez gero beldur-ikaraz, berarekiko TOPAKETA noiz izango itxaroten duenaren konfiantzaz baizik: “Sar zaitez zure Jaunaren atsedenean”. Fruitu ematea, bizitza sortzea, hori da azken helburua. Zer deritzozu?

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, ikas dezadala nire denborari, nire dohainei eta ahalmenei zukua ateratzen, BIZI-BALOREEN alde, zure Erreinuaren eraikuntzan lankide izan nadin."

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue