Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jainkoaren hitza > Ebanjelioaren eskutik > 2019 / 08 / 26

Urtean Zeharreko 21. astea

2019ko Abuztuaren 26a, Astelehena

<< Lehenagoko eguna #Ondorengo eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Tor-C-21-L-Eus.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Mateo 23, 13-22 )

Aldi hartan, Jesus honela mintzatu zen:
- «Zoritxarrekoak zuek, idazlari eta farisear itxurazaleok! Itxi egiten diezue gizonei Zeruetako Erreinua; zeurok ez zarete sartzen, eta sartu nahi dutenei ez diezue sartzen uzten.

Zoritxarrekoak zuek, idazlari eta farisear itxurazaleok! Otoitz-luze aitzakiatan alargunen ondasunak irensten dituzue. Horregatik, zuen epaia zorrotzagoa izango da.

Zoritxarrekoak zuek, idazlari eta farisear itxurazaleok! Or zabiltzate itsasoan eta lehorrean, judutar berri bakar bat egiteko; eta egin ondoren, zuek baino bi aldiz gehiago su-leizerako gai egiten duzue.

Zoritxarrekoak zuek, bide-erakusle itsuok! Honela bait diozue: "Inork jauretxearen izenean zin egiten badu, ez dago behartua; baina jauretxeko urrearen izenean egiten badu, behartua dago". Zoroak eta itsuak zuek! Zer da gehiago, urrea, ala urrea bera santutzen duen jauretxea? "Eta inork aldarearen izenean zin egiten badu, ez dago behartua; baina aldare-gainean dagoen opariaren izenean zin egiten badu, behartua dago". Itsuak zuek! Zer da gehiago, oparia, ala oparia bera santutzen duen aldarea?

Aldarearen izenean zin egiten duenak, haren izenean eta haren gainean dagoenaren izenean du zin egiten. Jauretxearen izenean zin egiten duenak, haren izenean eta han dagoenaren izenean du zin egiten. Eta zeruaren izenean zin egiten duenak, Jaungoikoaren aulkiaren izenean eta han eserita dagoenaren izenean du zin egiten».

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- “Zoritxarrekoak zuok” salaketa sailean, zazpi aldiz errepikatuz (2, 13. 15. 16. 23. 25. 29), Jesusen ahotik atera diren hitzik zorrotzenak agiri dira. “Bihotzez otzan eta apal” bezala agertzen denarentzat, besteen sufrimenduen aurrean bihotz-biguntzen denarentzat, bekatariekin txeratsu eta behartsu eta txikiekin samur denarentzat, Jerusalenen hondamendia gogoratuz negar egiten duenarentzat, orain eta hemen farisearren erlijiozko azaluskeria modu gogorrean kondenatzen ditu. “Zoriontxarrekoak”, profeten ahotan, zigor eta epai zorrotza adierazten dute eta dioenaren samintasuna agertzen dute zoritxar negargarri baten aurrean.

- Hemen hiru “Zoritxar” dauzkagu. Lehengoa lege-maisuen eta farisearren jarrerak sortua da, Jesus eta bere mezua ezetsiz gainera, beste askori Erreinuan sartzea galarazten baitie, gizaki guztientzat den Jaungoikoaren dohaina alperrik galduz. Bigarrena lehenengoarekin bat eginda dago: misiolari azalutsen ahaleginak ere kondenagarri dira, haien helburua bakarra, pertsona asko salbamen bidetik aldentzea da-ta, salbamen deiaren aurrean itxi, eta bihotz gogor, fanatiko eta arriskutsu bihurtzen direlako, nagusiak beraiek baino ere areago. Hirugarrenean Jesusek “gidari itsuak” deitzen die (16. a.): haien kasuistika zorrotzez Legearen zentzu sakonena ilundu egiten dute; baloreen hierarkia atzekoz aurrera ipintzen dute: urreak jauretxeak baino gehiago balio du, aldareak opariak baino gehiago; bereizketa eta barnetasuna falta zaie. Haien erlijiotasunak, gehienez ere, Jaungoikoarekiko gauzekin dauka zerikusia, baina ez Jaungoikoarekin Berarekin. Itsuak dira eta ez dute onartzen; areago, besteen gidari izan nahi dute.

- Hipokresia edo faltsukeria (hypokrités bere jatorrian antzezle bat da, bere mozorro eta guzti) beti zelatan dago, beraiena benetako erlijio bakartzat jarriz, Jaungoikoa alde batera utzita, ordezkotzat “salbagarri diren portaerak” kasuistika kutsuz proposatuz. Hipokritari zerk axola dio? Gauza ikusgarriak: jauretxea, urrea, aldarea, oparia... eta ahaztu egiten du jauretxean bizi den Hura, aulkian eserita dagoena (21. a.).

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Eskaintzen zaigun pasartean Jesusen hitz garratz eta zorrotzak agertzen zaizkigu, polemika giroan esanak. Jesusek erabili ohi duen jokabidea beti onartzea eta hurbiltasuna, barkamena eta ulermena izanik, hemen (eta antzeko pasarte askotan) zorrotza eta borroka girokoa nabari da. “Zoroak eta itsuak zuek”: hori da motiboa, lagundu beharrean, Erreinuko berritasunean sartzen galarazten dietelako; hau da, Jesus bizitzara daraman Atetzat hartzen ez die uzten herritarrei; izan, horixe da gizakiaren eta Jaungoiko Beraren azken helburua eta nahia.

- Eta juduen pentsaeran, eta farisearrenean batez ere, autosalbamena sakon errotua dago, ekintzen bidez norbere burua norberak salbatzea; eta horixe da, hain zuzen, Jesusek dakarren berritasunaren aurkakoa: Jesusentzat salbamena Jaungoikoaren DOHAIA da, DOAN eskaintzen den dohaina, gizakiak gogo apalez eta bihotz zabalez hartu behar duena. Eta horren ondorena POZTASUN betea eta gainezkakoa da. Farisearrak, beren kasuistika bihurriaren bidez, gehiengoarentzat ezinezko bihurtzen zuten. Horra Jesusen “haserrearen” arrazoia.

- Jesusen dohainaren ONARPENA garbia, baldintza gabekoa da, oraindik gainditu gabeko irakasgaia, baita nire bizitzan ere. “Badaezpada” hori automatismo itzela da gure bizitzan, eta kristau espiritualitatean indarrean dagoena. Jesusen proposamena DOANTASUN osokoa da, Jaungoikoa horrela delako, nahitaez. Farisearkerizko jarreretatik askatzea... a zer nolako alorra guretzat!

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, salbamena den Jaungoikoaren dohaina oso-osoan ZABALTZEA eskatzen didazu. Egizu, arren, EGUNERO onar dezadala pozezko DOANTASUN osoz."

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue