Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jainkoaren hitza > Ebanjelioaren eskutik > 2019 / 08 / 21

Urtean Zeharreko 20. astea

2019ko Abuztuaren 21, Asteazkena

<< Lehenagoko eguna #Ondorengo eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Tor-C-20-X-Eus.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Mateo 20, 1-16 )

Aldi hartan, Jesusek parabola hau esan zien bere ikasleei:
- «Zeruetako Erreinua, goizean goiz bere mahastirako langile-bila atera zen etxeko jaunaren antzekoa da. Eguneko denario batean hizketatu ondoren, bere mahastira bidali zituen.
Atera zen berriro goizerdi-aldera, eta beste batzuk ikusi zituen herriko enparantzan egonean zeudela, eta esan zien: "Zoazte zuek ere nire mahastira, eta emango dizuet bidezko dena". Eta haiek ere joan ziren. Atera zen berriz ere eguerdi-inguruan eta arratsalde-erdian, eta gauza bera egin zuen. Arratsalde-beranduan atera zenean, beste batzuk aurkitu zituen, oraindik geldi zeudela. Eta esan zien: "Zertan zaudete hemen, egun osoan geldi?". Haiek esan zioten: "Ez bait gaitu inork hartu lanerako". Etxeko jaunak orduan: "Zoazte zuek ere nire mahastira".

Iluntzean mahasti-jabeak honela esan zion bere morroi-buruari: "Deitu langileei, eta emaiozu bakoitzari bere saria, azkenekoetatik hasi eta aurrenekoetaraino".

Etorri ziren, bada, arratsalde-berandukoak, eta denario bana hartu zuten. Lehenengoak etorri zirenean, gehiago hartuko zutela uste zuten; baina haiek ere denario bana hartu zuten. Eta marmarrean hasi ziren etxeko jaunaren kontra, esanez: "Azken horiek ordu bat besterik ez dute lan egin, eta gurekin berdindu dituzu, egun guztiko nekea eta beroa eraman dugunokin". Baina hark erantzun zion haietako bati: "Adiskide, ez dizut bidegabekeriarik egin. Ez al ginen eguneko denario batean hizketatu? Har ezazu zurea duzuna, eta zoaz. Azkeneko honi ere, ordea, zuri haina eman nahi diot. Ez al zait niri zilegi, nahi dudana egitea nire gauzetan? Edo bekaizti izan behar al duzu zuk, ni esku-zabala naizelako?".

Horrela, bada, azkenengoak lehenengo izango dira, eta lehenengoak azkenengo».

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Parabolaren testuingurua Jesusek Aitarengandik hartu duen misioari lotua dago: Bera, erromes antzera, Jerusalenerako bere “bidaia santua” burutzen dago, han beteko zaio “bere ordua”. Maisua, pedagogiko artelan fina burutuz, guztien begi-bistan dagoenetik hasten da, Aitaren egiazko irudia erakustera eman nahirik, errukiz eta ontasunez aberatsa. Kontakizuna eguneroko esperientzi baten oinarritzen du: mahastiko nagusia plaza bazterrean dauden langabekoen batzarrera dijoa, langile bila, bere mahastirako kontratatzera. Lana sortzen den arabera, ordu ezberdinetan deitzen die batzuei eta besteei, goiz-goizetik hasita arratsalde berandura arte. Aurretiaz adostu dute eguneko lansaria, baina azkenengoei lehenengoei beste emanez. Eta nagusiaren jokabide honek kontrajarrerak sortzen ditu (12. a.): jokabide hori ez da onargarria, zuzenkontrakoa da.

- Elkarrizketan arazoa gordintasunez nabarmentzen da: azkenean ere, ez da soldata kontua langileak haserre jartzen dituena, azkenengoekin berdinduta ikusteak baizik. Bekaizkeriaz kexatzen dira, nagusiaren “ontasun” horren aurrean. Hori da gatazkaren eragingarria. Parabolak Jesusen esperientzia kontatzen du, bekatariak, zergalariak, emagalduak, bazterrik bazter dabiltzanak onartu eta deitzen dituelako: guzti hauek ere Jaungoikoaren Erreinuan sartzera gonbidatuak daude, farisearren eta Legemaisuen ondoan. Baina honako hauek, mahastira lehenengo orduan deituak bezala, ez dira hor gelditzen; nagusiagotzat zeukaten beren burua, kexatu egiten dira, inbidiaz eta jeloskortasunez sutan.

- Parabola honen bidez, Jesusek Jaungoikoaren salbamen egintza errukiorra argitzen du. Halako erakutsi ederra eskaintzen die ikasleei. Ez ahaztu Jesus Jerusalenerako bidean dijoala. Bere ikasleak prestatu nahi ditu Aitaren ikuspegira moldatu daitezen eta guztienganako maitasunaren logikaz jabetu daitezen. Parabola honen jarraipenean bertan (Mt 20, 17-19), Mateok Jesusen nekaldiaren hirugarren iragarpena jartzen du. Izan ere, Jerusalen izango da Jaungoikoaren maitasun-adierazpen betearen gune berezia: hortxe, era guztietako bereizkuntzak gaindituz, agertuko da Jaungoikoaren maitasuna, gizaki guztien arteko solidaritza berriaren sorburu berria. Handik aurrera, ez dago lehenengorik eta azkenengorik, guztiak dira seme-alaba eta Jaunaren mahastiko, gizateriko, langile partaideak.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Jesus Maisuak ari da bere irakasle lanean, benetan interesgarria eta arduratsua: ikasle-elkartea hezi nahi du, Jerusalenera egiten duen erromes-bidean, bere “ordura” iritsi arte. Egon ere, badaude gauza batzuk kutsaduraz eransten direnak. Zeruko Aitaren aurpegia argiago erakusten ari da. Eta hemen ez dauka lekurik ez giza-logikak, ezta bere laguntzaileen iritziak ere. Hau beste kontu bat da-eta. Jesusek hau ongi ulertuta eta onartuta gelditu dadin nahi du. Izan ere, puntu honetan asko jokatzen du: Jaungoikoaren bihotza ezagutzea.

- Aitaren ikuspegiarekin ados jarri: hauxe da Jesusen mezuaren muina ikasleen aurrean. Maitasun unibertsalaren logika onar dezatela, bakoitzaren merituen edo eta lan egindako orduen gainetik... hor dago koska! “Aintzinatasuna” ez da gehigarri bat Erreinuko kontuetan. Guztiak daude Jaunaren mahastian lanera deituak, arreta eta lanak konpartituz, eta bakoitzari bere orduan deitzen zaio.

- Bai zail egiten zaiola gure bihotzari (eta gure buruari) zentzugabeko logika hau onartzea, nahita Maisuak erakutsi! Guri gustatuko litzaiguke “beste era batera”, gure interesen arabera... jakina! Izan ere, gu “beteranoak” gara eta eskubide bereziak ditugulakoan gaude. Ala… ez?

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, emadazu zure Espiritua, zure antzera, beti pertsona jar dezadan nire erabakien irizpide nagusitzat."

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue