Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jainkoaren hitza > Ebanjelioaren eskutik > 2019 / 08 / 20

Urtean Zeharreko 20. astea

2019ko Abuztuaren 20a, Asteartea

<< Lehenagoko eguna #Ondorengo eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Tor-C-20-M-Eus.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Mateo 19, 23-30 )

Aldi hartan, Jesusek honela esan zien bere ikasleei:
- «Benetan diozuet: aberatsa nekez sartuko da Zeruetako Erreinuan. Bai, errazago da gamelu bat jostorratz-begitik pasatzea, aberats bat Zeruetako Erreinuan sartzea baino».
Hori entzutean, zeharo harriturik, honela zioten ikasleek:
- «Nor salba daiteke, orduan?».
Jesusek, begira-begira, esan zien:
- «Gizonarentzat ezinezkoa da hori; Jaungoikoak, ordea, guztia dezake».

Orduan Pedrok esan zion:
- «Hara, gauza guztiak utzi ditugu guk, Zurekin joateko. Zer izango da guretzat?».
Eta Jesusek erantzun zien:
- «Benetan diozuet: gauza guztien eraberritzea etortzen denean, eta Gizonaren Semea bere aintza-aulkian esertzen denean, zuek ere, Nirekin etorri zaretenok, hamabi aulkitan eseriko zarete, Israelgo hamabi leinuak epaitzeko.
Eta Niregatik etxea, edo anai-arrebak, edo aita-amak, edo haurrak, edo lurrak uzten dituenak, ehun halako jasoko du, eta betiko bizia izango.
Lehenengo asko, azkenengo izango dira; eta azkenengo asko, lehenengo».

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Jesusek gaztearekin topo egiteak eta handik sortzen diren ondorioak beti artegatzen dute gizakia: aberats bat sartu ahal da Zeruetako Erreinuan? Ebanjelioak berak eskaintzen deusku Jesusen erantzuna. Zorroztasun harrigarriz aurkezten deusku eta “haruntzagorako” bidean jartzen gaitu. Zerumuga horretara begira bizitzera daude deituak bere ikasleak. Paradoxa honek agirian ipintzen digu aberastasunak sortzen diguten arriskua Erreinuan sartzeko, hauek gizakiaren “jabe” bihurtzen direnean. Oinarrira jota, idolatria da hemengo eragozpena; jainko-txanponari kultua ere eskaintzen zaio, giza-sakrifizio eta guzti: hurko-laguna!

- Salbamena Jaungoikoaren maitasunezko dohaina da; ez da gizakirik -nahiz pobre nahiz aberats izan- berak bakarrik bere burua salba dezakeenik. Konpromiso pertsonala, dena uzteraino iritsita ere, ez da salbamena eskuratzeko neurria, dohain hori onartzeko agerpena baizik. Erreinua ez da fiskal-jokoan sartzen, trukean zer sari jasoko. Jesusen ikasleak irizpide horretan daude oraindik: “Hara, gauza guztiak utzi ditugu guk, Zurekin joateko. Zer izango da guretzat?”. Zenbatekoa izango da gure saria?

- Maisuak Jaungoikoaren asmoen barruraino sartzen ditu Hamabiak: Gizonaren Semearen aintza berberean partekide izatea da dagokien salbamen dohaina, “gauza guztien eraberritzea etortzen denean”; Berarekin eseriko dira Israelgo herria epaitzen, misioa ere Berarekin konpartitu dutelako. Dagoeneko, ehun bider gehiago izango dute, “Niregatik” dena utzi dutelako, bere ikasle izatearren. Nor lehenengo eta nor azkenengo izango den erabakitzeko, ez da giza logikarik, ezta gizonak erabiltzen duten sailketarik onartuko, Erreinuari dagokiona baizik: Kristorekin bizitzarekiko harremana, horra benetako altxorra, Aitaren dohaina Bera baita.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Erreinuaren berritasunera zabaltzeko gai izan ez den gazte aberatsaren ebanjelioko pasartea oinarritzat hartuta, Jesusek aurrera darrai bere irakasbidean. Lurreko diru eta ondasunak gizaki baten “jabe” egiten direnean, Erreinua eta horrek eskatzen duena onartzea nekeza da; idolatria jabetzen da bihotzarekin, eta hain indartsu jabetu ere, jarraipena ezinezkoa egiten da; horrek eskatzen duena zera da: bihotz-erdiko lekuan dagoena alboko bigarrenera aldatzea. Eta hau ezin-argiago agertzen digu Maisuaren gogoetak herri-esaera zaharrez jantzita.

- Horregatik, Jesusek Erreinuko atetik baldintzarik gabe sartzea eskatzen die ikasleei, Bera sartu eta bertan irauten duen bezala. “Niregatik” horixe da guzti honen sekretua: egoera berri honek Aitagan du oinarri eragilea eta eusgarria, ukapen hori gordailu bihurtzen duena. Hor dator saria: Berarekin batera Aitaren dohainean partekide izatea.

- Hau gogoeta samur sakona Jesus Maisuak eskaintzen diguna! Itzelezko gonbidapena gaur niretzat ere! Izan ere, betikoa eta berezkoa da bidean gelditzeko joera eta, horrela, nire ondasunen gozamenez liluratzea eta bertan lasai egotea; horixe da, ba, idolatria argi eta garbia. “Zama arinez” bidea egiteko gonbidapena egiten dit Maisuak, Erreinuko dinamikan sartu nahi badut. Horrelaxe baita!

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, beste behin egiten didazun proposamena zehatza da: Erreinuko PROIEKTUAREN dinamikan sartzea eta horrela bete-betean zoriontsu izan. Lagun iezadazu hau barrutik ikusten eta zure alde apustu egiten."

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue