Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jainkoaren hitza > Ebanjelioaren eskutik > 2019 / 08 / 19

Urtean Zeharreko 20. astea

2019ko Abuztuaren 19a, Astelehena

<< Lehenagoko eguna #Ondorengo eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Tor-C-20-L-Eus.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Mateo 19, 16-22 )

Aldi hartan, gazte bat hurbildu zitzaion Jesusi, eta honela esan zion:
- «Maisu, zer onik egin behar dut, betiko bizia iristeko?».
Jesusek erantzun zion:
- «Zergatik galdetzen didazu Niri, ona zer den? Bat bakarrik da Ona; eta bizitzan sartu nahi baduzu, bete aginduak».

Hark, berriz:
- «Zer agindu?».
Eta Jesusek:
- «Ez duzu inor hilko; ez duzu ezkontza-nahasterik egingo;, ez duzu lapurtuko; ez duzu gezurrezko testigutzarik egingo; aintzat eduki aita eta ama, eta maita ezazu lagun-hurkoa zeure burua bezala».

Orduan gazte hark erantzun zion:
- «Guzti horiek bete ditut. Zer besterik gelditzen zait?».
Eta Jesusek:
- «On-ona izan nahi baduzu, zoaz, saldu dituzunak, eta eman behartsuei, eta izango duzu gordailu bat zeruan; eta gero zatoz, eta jarrai Niri».
Hitz hauek entzundakoan gaztea nahigabeturik joan zen, ondasun askoren jabe bait zen.

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Jesusek beretarrak lagun dituela, Jerusalenerako bidea adoretsu jarraitzen du; bitartean, bere nekaldia eta piztuera iragartzen dizkie, baina haiek ez zioten ulertzen. Bidean dijoazela, ikasleak eskolatzen ari da. Gaurko ebanjelioak Jesusek gazte aberats batekin izan zuen topaketaren berri ematen digu. Honek gero eta hobea izateko gogoa sentitzen zuen bihotzean, baina zerbait falta zitzaiola sumatzen du. Familiakoen transmizioz eta tradizioz jaso duenari jarraituz, gauza gehiago egitera jotzen zuen, “egitada onak” praktikatzera. Maisuari eskatzen dizkio argibide batzuk, bere gogoa bete eta barneko kezkak baretzeko. Bila dabil.

- Jesusek bide berri bat erakutsiz laguntzen dio. Kontua ez da “zer onik egin” ote dezaken galdetzea; oinarrizkoa zera da: ona den Bera, Jaungoikoa, bilatu, Jaungoikoaren aginduak betez eta lagun-hurkoa norbere burua bezala maitatuz. (17. a.). Jesusek Jaungoikoarekiko harreman sakonagoan sartu nahi du (“bizitzan sartzea”), bide berri bat proposatuz: aginduen artean eta batera hurkoarekiko harremanak sartuz, eta Lebitarrena gehituz (Leb 19, 18), horrela bere buruari begira egotetik, hurkoaren arretaz bizitzera jarriz. Gazteak behin eta berriro ekin egiten diola ikusiz: “Zer onik egin behar dut”, Jesusek gizaki berriarentzat den jarraipenaren dohaina eskaintzen dio: “Zoaz, saldu dauzkazunak eta eman behartsuei; eta gordailu bat izango duzu zeruan; eta, gero, erdu eta jarrai Niri”.

- Erabateko aldaketa eskatzen dio: bizitzara daraman eta Jaungoikoaren Erreinuan sartzen duen ate estua, salbamenean partekide eginez. Nahigabezko erantzun iluna jaso zuen: “Gaztea nahigabeturik joan zen”. Bere gordailua ondasunezkoa zen, era askotako loturaz eta arretaz gustura korapilatua. Ondasunak ez al dira, ba, Jaungoikoaren bedeinkapenen ezaugarri, erakutsi zienez? Baina, horra non sasijainko bihurtu zitzaizkion, aginduak bete arren. Barrutik ez da aske. Behartsuei limosna ematen jarraituko du, baina ez, ez ditu bere ondasunak eta bizitza haiekin konpartitzen

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Hauxe da Jesusen proposamena: egitearen logika eta ildotik (“egintza onak” badira ere), bide BERRI bat hartzera aldatu nahi du; bide hori Bera da eta bere biziera. Nora eramango du bide honek? Bera joango da ezagutzen; garrantzitsua zera da: Maisuari JARRAITU. Baina hemen sortzen da arazoa: bere gauzei eta bere bideari lotuegia dago; berarentzat aski da gauza onak egitea. Baina Jesusek “beste historia” bat proposatzen dio. Eta hor “pot” egiten du.

- Izan ere, ERREINUA erradikaltasunez onartzea, horrek eskatzen duen guztiarekin, “beste kontu” bat da. Erreinuaren dohain hori onartzeko ASKE izan behar da, eta gaztearentzat bere “gauzak” benetako sasijainko bihurtu dira. Hemen dago koska: areago, Maisuaren gonbidapena onartu ezina.

- Proposamen berdina da nik ere jasotzen dudana. Ongi landutako askatasun betearekin ahal izango dut onartu. Inolako loturarik ez duen bihotzak bakarrik onar dezake pozik Erreinuaren dohaina. Itzelezko dilema, neroni ere hamaika aldiz bidean zehar katigatzen nauena. “Aska nazazu, Jauna, Zuri entzuteko, Zu onartzeko eta Zuri pozik jarraitzeko”.

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, zorrotzegi jokatzen duzula dirudi! Lege-betetzaile on bat izatea errazago zait, naizena eta daukadana osorik ematea baino. Lagun iezadazu orain eta hemengo egoeran zer eskatzen didazun ikusten."

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue