Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jainkoaren hitza > Ebanjelioaren eskutik > 2019 / 08 / 04

Urtean Zeharreko 18. astea

2019ko Abuztuaren 04a, Igandea

<< Lehenagoko eguna #Ondorengo eguna >>
#
# # #

Ebanjelioaren eskutik

Eguneko ebanjelioa eta iruzkinak

C-Tor-C-18-D-Eus.doc
# # #
#
# # #

EBANJELIOA ( Lukas 12, 13-21 )

Aldi hartan, jende-arteko batek honela esan zion Jesusi:
- «Maisu, esaiozu nire anaiari, erdibana dezala nirekin senipartea».
Jesusek erantzun zion:
- «Gizon, nork jarri nau Ni, zuen artean, epaile edo erdi-banatzaile?».

Eta jendeari esan zion:
- «Begira, aldegizue ondasun-gose guztitik. Ez bait dago inoren bizia, asko eukita ere, dauzkan ondasunetan».

Eta parabola hau esan zien:
- «Gizon aberats baten soroak fruitu ugari eman zuen, eta honela zioen bere baitan: “Zer egin orain? Nire fruituak non sarturik ez daukat”. Eta esan zuen: “Hauxe egingo dut: nire mandioak bota, eta handiagoak egin; eta han gordeko ditut nire uzta eta ondasun guztiak”. Eta esango diot nire buruari: “Ea, motel! Baduk ondasunik asko, urtetarako gordeta; ago lasai: jan, edan eta egizak jai!”.
Baina Jaungoikoak esan zion: “Zoro alena! Gaur gauean datoz zure biziaren bila, eta norentzat izango dira pilatu dituzunak?”.
Horrela gertatzen zaio, ondasunak beretzako bilduta, Jaungoikoarentzat aberats ez denari».

# # #
#
# # #

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Jesusek, testigantza eman behar denean, adorez jokatzeko gonbidatzen gaitu, Espiritu Santua lagun dela; ondoren, ezezagun baten eskarira, zikoizkeriaren aurrean kontuz ibiltzeko irakasten digu, eta parabola xume ta argitsu baten bidez baieztatzen du bere irakatsia.

- Ezezagunaren eskabideak askori hurbil-hurbiletik ukitu dien arazo bat da, anaiarteko haserre eta eztabaida askoren sorburu: “Maisu, esaiozu nire anaiari, erdibana dezala nirekin senipartea” (13. a.). Baina Jesusek ez dio erantzunik ere ematen (14. a.), bere misioa guztiz bestelakoa da eta. Jesusen erantzuna, eskaria zeharka ukatu ondoren, jakituriazko irakatsi bat eskaintzen du, Biblian zehar oso ezaguna, zikoizkeriaren aurrean kontuz ibiltzeko ohartuz, bere kasu guztietan: bekatu-grina nagusi hau beti zelatan dagoelako nor nola harrapatuko. Jesusen irakatsiak zerikusi asko dauka aberastasun eta pobretasunaren arteko arazoetarako, edo-eta, areago, aberastasuna azpimarratzen du, gizaki eta kristau izena egoki daraman batentzat beti delako arrisku larria: “Izan ere, ez dago inoren bizia, asko eduki arren, dauzkan ondasunetan” (15. a.).

- Parabola (16-21. aa.) gai berdina argitzera dator. Erakusgarria da parabolako protagonista den aberatsaren hasierako bakarrizketa: bere hizketan burugabeko bezala agertzen da, eta, horregatik, bizitzaren aurrean egindako aukeretan tentelkeriaz jokatzen du. Hitzak beren esanahia arruntean hartuta, hemen ez da bere portaerako pekaturik aipatzen; alderantziz, bere jokaera eta aukeraren huskeria eta zentzugabekeria azpimarratzen du, pilatu dituen ondasunetan uste osoa jartzean. Era berean, esanguratsua da azkenaldiko Jaungoikoaren parte hartzea (20. a), gizon aberats eta burugabearen jarrerari berehalako baten erantzun zorrotza emanez. Aurrera baino lehen, puntu bat azpimarratu behar dugu hemen: zertan dagoen gizon aberatsaren erokeria: batez ere, ez duela konturik atera zer gertatuko zaion hil-ondoren. Ondasunetaz bizitza honetan gozatzea besterik ez du izan gogoan, gerorako ere hortik onuraren batzuk jasoko duelakoan.

# # #
#
# # #

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Hor ari da Jesus irakasten eta bere jarraipenerako BIDEA erakusten. Eta ez da katigatzen nolanahiko huskerietan; Berak balorerik sakonenak nabarmentzen ditu, gaurko ataltxoan bezala, parabola xume bezain argitsu bat erabiliz. Zikoizkeria eta neurrigabeko diru-gosea giza-bizitzarako arrisku larritzat jotzen du eta jarraipenean pozik irauteko.

- Izan ere, Jesus Berak ere erradikaltasunez bizi izan zuen pobretasuna, ondasunetatik aske, eta hauxe erakutsi zien ikasleei ere. Eta pobretasun eta eskuzabaltasun hori ulertu ahal izateko, Jesusen iritziz, hemengo bizitzatik “harantzago” begiratzea beharrezko da. Izan ere, ez du pekataritzat “kondenatzen” parabolako gizona, baizik eta “gerokoaren” arretarik gabe bizi delako munduko bizitzan. Horrela dela, eta horregatik zorotzat jotzen du bere itsukeriagatik. “Pilatu ondasunak Jaungoikoaren aurrean” (21. a.), hori da benetako ondasunez jabetzea, hemengo ondasunetatik aske biziz.

- Gaurko Ebanjelioko irakatsiak benetan eragiten dio gure bizitzari azpi-azpitik, arrisku larri batek gure bizitzak hondatzeko arriskuan ipintzen dituelako, areago Jesusen jarraipenerako bidean. Diruaren eta ondasunen morroi ez izatea, horretarako egiten digu dei; bestelan, “zoro” eta “burugabekoen” artean jartzeko arriskuan nengoke, merezi duten ondasunen alde ez jokatzearren. Anai-arreba horri, zer deritzaizu?

# # #
#
# # #

EGUN honetarako OTOITZA

“Jesus Jauna, bizitzak erakusten dit arrazoia duzula eta ez direla ondasunak zoriontsu egiten dutenak, besteei emandako eta haiengandik hartutako maitasunak baizik. Eskerrak zure maisu-irakatsi ederragatik."

# # #
 

Jainkoaren hitza

 

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue