Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jainkoaren hitza > Ebanjelioaren eskutik > 2010 / 08 / 29
Urtean Zeharreko 22. astea
2010ko Abuztuaren 29a, Igandea |
|
 |
|
|
 |
|
Aldi hartan, larunbat batez, Jesus farisear handizki baten etxean sartu zen bazkaltzera. Haiek zelatan zegozkion.
Jesusek, jatera deitutakoek aurrenengo aulkiak aukeratzen zituztela oharturik, parabola hau esan zien:
- «Ezteietara deitzen zaituztenean, ez zaitez jarri aurrenengo lekuan, baliteke-ta zu baino gehiago denen bat harek deitua izatea; etorriko da, zu eta hura deitu zaituztena, eta honela esango dizu: "Utzi iezaiozu zure lekua honi". Orduan azken-lekura joan beharko duzu lotsaturik.
Baizik-eta ezteietara deitzen zaituztenean, zoaz eta jarri zaitez azkenengo lekuan; deitu zaituztenak, datorrenean, esan dezaizun: "Adiskide, igo zaitez gorago!". Orduan oso ondo geldituko zera mahaikide guztien aurrean.
Izan ere, bere burua goratzen duena, beheratua izango da, eta bere burua beheratzen duena, goratua».
Eta bazkaltzera ditu zuenari esan zion:
- «Bazkari edo afari bat ematean, ez deitu ez adiskide, ez senide, ez ahaide, ez auzoko aberatsik; haiek ere deituko bait zaituzte eta horrela ordainduko. Otordu bat ematean, deitu behartsuak, elbarriak, herrenak eta itsuak; eta zorionekoa izango zera, ordainik ezin emango bait dizute; ordaina, zintzoen berpiztean emango zaizu». |
|
 |
|
- Eztei esparru barruan (1. a.), Lukasek Jesusen bi irakatsi biltzen ditu: lehenengo aulkiak aukeratzeari buruz (7-11. aa.) eta gonbidatuen aukeraketari buruz (12-14. aa.). Aztertzen ari garen ebanjelioko pasarte osoa dago muga horren barruan bilduta. Lukasen 14. kapituluan datozen parabolak irakurtzeko klabe ezinhobea da; eta, era berean, igande honetako ebanjelio atala ulertzeko ere bai; bietan azpimarratzen dena hauxe da: Jaungoikoak eztei eskatologikora egiten digun gonbitea eta, hori dela-eta, “Jainko-gonbitearen parabolak” bezala hartzen ditugu. Gaur datozkigun bi parabolak harreman estu-estua daukate gure eguneroko esperientziarekin: eguneroko bizitzatik jasotako eszenak dirudite; bi eszena, baina batasun dinamika baten landuak, erakutsi ederrez beterik: alde batetik, gonbidatzen duenaren zentzubidea eta, bestetik, gonbitea onartzen duenak behar dituen jarrera etikoak.
- Lehenengo parabolan Lukasek agirian ipini nahi ditu giza harremanetan sarritan agertzen diren jarrerak: aurreiritzi geurekoiak, goranahi kaxkarrak, jerarki giroko ardurak. Jesusek bere baieztapen argiekin berehala desegiten ditu haien asmoak, guztien begi-bistan biluzik jarriz euren nahiak. Badago hemen zer aztertu eta zertaz kezkatu, gure arteko harremanetan erabiltzen ditugun jokabideak gogotan hartzen baditugu. Bigarren parabolan Jesusek beste jokabide batzuk ipintzen dizkigu agirian: eskuzabaltasunaren itxurapean gordetzen diren sentimendu berekoiak, hau da: Gonbidatuen aukeraketa eginbeharrez, kutunkeriaz edo onuragatik egitea. Ez da erraza Jesusen parabola hauek daramaten salaketa sendoa neurtzea; hemen agertzen da, berriren berri, behartsuen Mesias, txikien eta zapalduen defendatzailea; beti azkenengoen alde jartzen den norbait.
- Horrela ulertzen da azkenean datorren zorionbidea: “Zorionekoa izango zara, ordainik ezin emango baitizute ; ordaina zintzoen berbiztean emango zaizu” (14. a.). Jesusek argi eta garbi proposatzen digu Aitaren jarraibidea, bere ondasunak bereizkeri gabe banatzen baititu: berdintsu jokatu behar luke Jesusen ikasleak ere, giza jokabideak gaindituz, gehienetan berekoiak dira-ta; saririk itxarotekotan, Jaungoikoarena bakarrik. |
|
 |
|
- Maisuarentzat eguneroko bizitzako gorabeherarik arruntenak ere bizitzako estiloak eta jarrerak ezagutzeko ikasbiderik onenak dira. Honetan datza bete-betean gaurko ebanjelioaren mezua. Lehenengo eserlekuen bila ibiltzea da farisearren ezaugarri bat; baina Jesusek lehia horretan hauxe nabarmentzen du: jendeak ongi ikusiak izatea, itxurak egitea, beren bihotza bestelako hari baten egon arren. Horretan datza ospe-bila dabiltzanen gaiztakeria. Alderantziz, Maisuak jarraitzaileei irakasten dienez, bada izateko eta bizitzeko beste estilo hobe bat: bihotz apal eta garbiz jokatzea, Maisuaren antzera, zerbitzuak hartzera baizik, zerbitzera etorri zen eta. Horrela laburbiltzen da gaurko ebanjelioko pasarteak eskaintzen digun ikasbide ederra: “Bere burua goratzen duena beheratua izango da, eta bere burua beheratzen duena goratua” (11. a.). Ez da inolako zalantzarik gelditzen, horixe da Berari jarraitzeko GILTZ bat.
- Jesusen gaurko proposamenak ez dauka azalpen askoren beharrik. Izan ere, gaur eta niretzat ere, gonbite-agindua berdina da, nire burua bere jarraitzailetzat badaukat behintzat. Horra bizitza ulertzeko eta planteatzeko jarraibide oso bat: burua erakustea edo zerbitzea. Hauxe da eskaintzen zaidan eginkizun latza. Eta ez dago besterik! Eta... zein zaila den bigarren aukera onartzea, eguneroko bizitzan, zerbitzuarena. Anai-arreba hori, zu zerori zeinen alde zaude? Ze aukera hartzen duzu eguneroko bizitzarako? Izan bihotz! |
|
 |
|
“Jesus Jauna, ez ezaidazu utzi huskerietan eta itxurakerietan alperrik galtzen. Emadazu zure grazia nire bizitzan garrantzitsuena den arazoan kokatuta bizi nadin". |
|
|
|
|