Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jainkoaren hitza > Ebanjelioaren eskutik > 2010 / 08 / 14
Urtean Zeharreko 19. astea
2010ko Abuztuaren 14a, Larunbata |
|
 |
|
Aldi hartan, haurrak ekarri zizkioten Jesusi, eskuak gainean ipini, eta haientzat otoitz egin zezan; baina ikasleek haserre egiten zieten. Orduan Jesusek:
- «Utzi haurrei, ez galarazi Niregana etortzen; horrelakoena da-ta Zeruetako Erreinua».
Haiei eskuak ezarri zizkien gainean, eta joan egin zen handik. |
|
 |
|
- Irakurri dugun Ebanjelioko pasarte labur honetan Jesus txikiekin, haurrekin harremanean ikusten dugu. Hauek Jaungoikoaren Erreinuaren barruan daude; ez beste guztien antzera, herriko partaide direlako; batez ere, beren izatez Jaungoikoaren begietarako balore berezi bat daukatelako. Horra, Jesusi aurkezten diote ahur talde bat, seguruenez beren amen eskutik, Maisuak karinoz onartu eta bedeinkatu ditzan, beren alde otoitz eginez (13. a.). Ikasleen portaera, jarrera zakarra izateaz gainera, berehalako purrustada bat bada ere, mukizu aldrebes haien saltsatik Maisua askatu nahirik; baliteke garaiko kultur giroko eraginez izatea (13. a.): haurtxoen arreta gutxi hartzen zen, haurrak haur bezala ezertarako gauz ez zirelako. Izan ere, garai hartako kultur giroan nagusiak ez zituzten txikiak aintzat hartzen.
- Gizarte giroko kategoriaren gainetik, Jesusek jatorrizko duintasuna ipintzen du: “Utzi haurrei, ez galarazi Niregana etortzen” (14. a.). Erreinua onartzeko beren prestasuna goraltzen du Jesusek, ez bakarrik beren moraltasunez, txiki eta on izatera jarriz; hori baino gehiago, beren errugabetasun eta prestasunagatik, nagusien malezia eta esperientzi gaiztoetatik garbi. Jesusek berak ere gizartean ume esperientziaren arabera bizitzera jo zuen, giza bizitzan haurtzaroaren zentzun berreskuratuz. Horrela delarik, Maisuaren hitzetan agertzen denez, Haren eta haurren artean antzekotasun estua dago. |
|
 |
|
- Ebanjelioak argi eta garbi azpimarkatzen dute Jesusek guztiei egiten zien harrera; baina lehentasuna haurrentzat eta orduko gizartean eta kulturan baztertuentzat izaten zuen. Haurrak, dudarik gabe, gutxietsien artekoak ziren. “Horrelakoena da-ta Zeruetako Erreinua” horrek agertzen du Jesusen jarraitzaileen jarrera: sentzilotasuna, bihotz-garbitasuna, ahultasun sentimendua... horra Jesusen jarraitzaile baten “ezaugarriak”. Izan ere, haurraren sentzilotasun eta ahultasunak jarrera bat adierazten dute bizitzaren, Erreinuaren eta bere baloreen aurrean. Dohaintasuna duzu irekitasunaren eta onarpenaren berezko elementu naturala; horrelaxe izan beharko du, Aitarengan uste osoa jarri eta Berarengandik hartzeko zain egon nahi duenak. Hementxe dago Jesusen “sekretua”, dena bestelakotzen duena.
- Hemen berriro proposatzen zait beste estilo bat “itxura” jakin batekin. Izan ere, “dirudunak” eta “sasijakintsuak” ezin dute onartu gogo onez Erreinuaren dohainaren doantasuna; beren harrokeriak galarazten die. Ikaragarrizko tentaldia, alperrik erabili era askotako itxurak eguneroko bizitzan! Baina... hil-biziko kontua da: Erreinua eta bere dohaina onartu, edo harrokeriaz ukatu. Eta zuk...zer? |
|
 |
|
“Jesus Jauna, bizitzan haurraren errugabetasun, konfiantza eta prestasun jarrera proposatzen didazu. Nahi dut, Jauna. Behar den guztian gogora ezaidazu". |
|
|
|
|