Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jainkoaren hitza > Ebanjelioaren eskutik > 2010 / 08 / 03
Urtean Zeharreko 18. astea
2010ko Abuztuaren 03a, Asteartea |
|
 |
|
|
 |
|
Jendeak nahikoa jan zuenean, Jesusek bere ikasleak ontzian sar erazi zituen, itsasoaz beste aldera joan zitezen bere aurretik, Berak jendea bidali bitartean. Jendea bidali zuenean, mendira igo zen Bera bakarrik, otoitz egitera; eta, ilundu zuenean, han zegoen bakar-bakarrik.
Ordurako, ontzia lehorretik oso urruti zihoan, olatuek astinduta, haizea aurretik zuten-eta.
Goiz-aldera, Jesus ur-gainean oinez hurbildu zitzaien. Ikasleak, ur-gainean zebilela ikusi zutenean, ikaratu ziren eta honela ziotsaten:
- «Mamuren bat da!».
Eta beldurraren beldurrez deiadarka hasi ziren. Jesus berehala mintzatu zitzaien:
- «Izan bihotz! Ni naiz; ez izan beldurrik!».
Orduan Pedrok erantzun:
- «Jauna, Zu baldin bazara, agindu ezaidazu Zugana joateko ur-gainean».
Jesusek esan zion:
- «Zatoz!».
Pedro ontzitik atera eta ur-gainean zebilen; eta Jesus-engana zihoan. Baina haize zakarra zela ikusirik, beldurtu egin zen; urperatzen hasi zen eta deiadar egin zuen:
- «Jauna, salba nazazu!».
Berehala Jesusek, eskua luzaturik, hartu zuen, eta esan zion:
- «Sinismen gutxiko gizona! Zergatik hasi zera zalantzan?».
Ontzira igo zirenean, haizea gelditu zen; eta ontzian zeudenak ahuspez jarri ziren Jesusen aurrean, esanez:
- «Egiaz Jaungoikoaren Semea zera Zu!».
Itsasoa igarorik, Genesareten iritsi ziren lehorrera. Hango jendeek ezagutu zutenean, inguru guzti hartan zabaldu zuten berria, eta gaixo guztiak eraman zizkioten; soineko ertza bederenik ukitzen uzteko eskatzen zioten, eta ukitu zuten guztiak sendaturik gelditu ziren. |
|
 |
|
- Gaurko ebanjelioak Jesusen bizitzako beste egun bateko ekitaldia dakar. Pasarte honek bere eguneroko bizitzako alderdi batzuk kontatzen deuskuz, sinoptikoak dakarrenez. Maisuaren bizitza tartekatzen daben otoitz eta bakardadeko egotaldiak datoz hurrenez-hurren. “Jendea bidali zuenean, mendira igo zen, Bera bakarrik, otoitz egitera. Eta ilundu zuenean, han zegoen bakar-bakarrik” (23. a.). Moises, otoizlari eta Jainkoaren adiskidearen harako pasarte harekin daukan parekotasunak pertsonaia bien arteko hurbiltasuna agertzen du. Baina hemen Jesus dugu gogoan; ez gero adiskide bat, Semea bera otoitzean baizik. Otoitzaldi sakona, gau osokoa. Antzeko pasarte bat dakar Lukasek (6, 12) ikasleak aukeratu aurreko gau osoa otoitzean igaro zuela esanez; dirudienez, Jesusek ohitura hau zeukan, ikasleen artean harridura sortzen zuen ohitura, hain zuzen.
- Maisua agertzera ematen digun giro honetan, Jaungoikoarekin bizi duen harreman misteriotsuaren argira, bere giza-jainkotasunaren nortasuna nabari da, ur gainean dabilela. Maisuaren hitzak bakea dakarte beldur-ikaraz zeuden ikasleen bihotzetara. Pedro ausart agertzen da, bere Galileako itsasoan ohituta dagoenez, Jesusen antzera berak ere ur gainean ibili nahi du. Probatzera doa, baina hondatu beharrean sentitzen da. Heriotz-beldurrak jota, otoitz bero bizia ateratzen zaio, salba dezala eskatuz: “Jauna, salba nazazu!” (30. a.). Jesusek, parte hartuz, eta Pedrori bere beldurra aurpegira botaz eta bere sinismen epela salatuz (31. a.), Salbatzaile bezala aurkezten da, bere jainkotasunaren handitasuna nabarmenduz. |
|
 |
|
- Guztiz deigarri egiten zaigu ebanjelioko pasarte honek azpimarratzen duena eta beste pasarte askotan ere agertzen zaiguna: “Jendea bidali ebanean, mendira igon eban, Berak bakarrik, otoitz egitera. Ilundu zuenean, han zegoen bakar-bakarrik” (23. a.). Lehen Moises zen otoitz egiten zuena, orain Jesus bera agertzen zaigu, seme-jarreraz eta Aitaren esanera osoan jarrita. Zoragarria benetan! Jesusen bizitzako ezaugarri hau ukaezinekoa da ebanjelarien esanak onartuz, jarraitzaileentzat eredu betea. Ala... ez?
- Pedro ere sinbolotzat jo dezakegu, baina ez, gero, jarrerarik onenak erakutsiz, beldurraren, sinismenik ezarena, eta... azken baten, eskariarena baizik, Jesusengana eta bere salbamen indarrari zabalik jarriz. Lakua ongi ezagutzen zuen Pedro hura, hainbeste aldiz ekaitzaldietan aurpegi emanez, orain, Jesus GABE, ez da ezertarako; beldurraren eta bere ezinaren menpe dago.
- Bitsuak dira erakustaldi handiak guretzat: Jesusek Aitarekin bizi eta otoitzean jardun beharra sentitzen badu... zenbat gehiago nik! Bera gure aurretik doa beti, baita gertaera honetan ere. Pedrok, bere “lekuan” bertan, Jesus GABE ezer ezin badu, ni zer egingo dudalakoan nago, Bera gabe? “Harropuzkeriak” alde batera utz ditzadan eta bere proposamena onar dezadan... Bagara? |
|
 |
|
“Jesus Jauna, Zu nire bizitzan presente sentidu beharra daukat eta eskutik oratzea, Zuk eutsi dezaidazun eta mesfidantzazko ur zurrunbilotsuetan erortzen utz ez nazazun". |
|
|
|
|