Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jainkoaren hitza > Jesusegaz topo

#
#

JESUS eta JOSE

# # #

JESUS eta JOSE

#

# # #
#
#
# # #

Bizitzari begira

 

Asko dakienak eta asko daukenak dira nagusi munduan. Eurak darabile munduko joan-etorria: behin aurrera, behin atzera. Eurak agintzeko dagoz, zer zelan egin behar dan esateko. Ezer ez dakianak, ezer ez daukenak ezer ez dira, esandakoa egiteko baino.

Jaungoikoaren jokabidea bestelakoa da. Begira Nazareteko Jose: herri txiki bateko arotza, auzotar zintzoa, jaungoikozale fina, Maria izeneko neskatileagaz ezkontzeko berbatuta egoan. Gitxien uste eban baten, Mariarengan halako zerbait sumatzen dau.

Haren harrimena, Mariak dana dan moduan kontatzen deutsanean! Batetik Maria zintzotzat dauka: bestetik ezin ulertu zer zelan jazo eitekean. Ametsetan-edo Jaungoikoak aitzen emoten deutso, Espiritu Santua sartu dala bitartean.

# # #
#
#
# # #

AEbanjelioaren argitan

 

(Mateo 1, 18-24)

Jesukristoren jaiotzea honan izan zan: Jesusen ama Maria Josegaz ezkontzeko berbea emonda egoala, alkarregaz bizi izan baino lehen, seindun aurkitu zan Espiritu Santuaren egitez. Haren senar Josek, gizon zintzoa zalako eta bere emaztea ez ebalako salatu nahi, isilka itzi eta joatea erabagi eban.

Baina, asmo hori gogoan erabilela, Jaungoikoaren aingerua agertu jakon amesetan, eta esan eutson:
- «Dabiden seme Jose, ez izan bildurrik, Maria, zure emaztea, etxean hartzeko; sabelean daroan umea Espiritu Santuagandik dator-eta. Semea izango dau, eta zuk Jesus ezarriko deutsazu izena, horrek salbauko daualako bere herria pekatuetatik».

Guzti hau jazo zan, Jaunak profetaren ahoz esandakoa bete zedin:

«Begira, birjineak sabelean sortu eta semea izango dau,
eta Emmanuel ezarriko deutsoe izena,
hau da, “Jaungoikoa gugaz”».

Josek, lotatik iratzartu zanean, Jaunaren aingeruak agindu eutson lez egin eban, eta bere etxean hartu eban emaztea.

# # #
#
#
# # #

Gaur eta hemen

 

Zintzoa ala leloa? Jaungoikoaren eritziz zintzoa, munduaren eritziz leloa. Jakina, Jose ez dau menderatzen ez odolak, ez sentimentuak; Jaungoikoarengana oso-osoan zabaldu dan gizona da, Mariak deutson maitasunean sinisten dau. Eta, Mariaren antzera, baietza emoten dau.

Topaketa neketsua Jose dohatsuak Mariaren sabelean agertu jakon Jesusekin egindakoa! Askoz gozoagoa besoetan hartu eta hainbeste urtez zaindu ebanean, hirurak batera otoitzean jarduten ebenean, aita-semeak haroztegian alkarren ondoan eguneroko izerdiz ogia irabaztean...

Munduan egin diran egitekorik harrigarrienak marka bat eta bera daroe: Jaungoikoak zuzenean esku hartzean eta gizon-emakumeak baietza emoterakoan, munduan bizi barria sortzen da, gizonak bere esku hutsez egin ezin-ahalakoak. Jaunak estutu bai, baina ez dau inor itoten.

Eta buruz ulertu ezarren, baina bihotz osoz emondako baietzak, gizakia ez dau kaxkartzen, gorengo mailetaraino jaso baino. Topaketa neketsuak, baina onuratsuak benetan, Jesusekin egiten diranak! Sinismen-indarra behar, ezta?

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Jesusen Aita jaungoikoa!
Zure Semea mundura bialtzerakoan,
Maria eta Jose emon zeuntsozan aita-amatzat,
zure aita-amatasuna euren eskuetan itziaz.
Zure seme-alaba gara,
eta Zuk gugaitik dozun ardurea
beste batzuen bidez heldu jaku.

Eskerrak halako guraso, abade, katekista, irakasle
eta lagun zintzoak jarri deuskuzuzalako ondoan!
Egizu, Aita, orain geu izan gaitezala
beste batzuentzat zure ordezko aita-amak,
batez ere gaixo eta txikientzat.

# # #
#
#
# # #

Otoitz-gunea

 

BIZIA EMON

Jauna, Zeuk esana da:
“Bere bizia zaindu gura dauanak galdu egingo dau;
eta nigaitik emoten dauanak barriro eskuratuko”
.

Ordaindu ez arren besteen alde lana egitea,
bizia emotea da;
mesede egin ordezkorik itxaron barik;
sasi zuhurtasuna baztertuz,
porrotaren arriskua onartzea, bizia emotea da;
lagun hurkoaren alde ahalegin danak egitea da.

Ganora bako ekintzak eta neurriz kanpoko keinuak,
ez dira bizia emotea.
Bizia apaltasunez emoten da, iragarki barik,
iturrian ura lez,
amak bere seme-alabatxoei titia emoten deutsen lez,
ereilearen berezko izerdia lez.

Ireki gagizuz, Jauna, ezinezko horretara,
zure grazia eta presentzia hortxe aurkitzen diralako
eta ezin geintekez jausi ezerezean.
Amen

# # #
#
#
# # #

Bertsoak

 

1

Jose Nazaretarra,
Mariaren senarra;
Jainko Semeak aitatzat dauka,
bera da bakarra.

2

Jose Nazareteko,
Aitaren ordeko;
Jainkoak bere Semearentzat
aita izateko.

3

Jose gora ta behera,
batetik bestera;
zoaz ta zatoz, jagi ta zagoz,
gertu dago bera.

4

Bere senarra baita,
Mariak dau maita;
Jainko Semeak, gizon eginda,
deitzen deutso aita.

5

Patriarken hazia,
santuen grazia;
Aita San Josek irabazi dau
betiko plazia.

6

Bizilagun leiala,
langile apala;
etxe ta auzo beti izan zan
Jose zerbitzala.

7

Gizona irakasle,
Jainkoa ikasle;
Jesus ta Jose gertatu ziran
biak irabazle.

8

Jarri Josen onduan,
Jesusen moduan;
ta ikas daigun onak izaten,
gagozan lekuan.

# # #

 

Jainkoaren hitza

 


 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue