Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jainkoaren hitza > Jesusegaz topo

#
#

JESUS eta APOSTOLUAK TABOR MENDIAN

# # #

JESUS eta APOSTOLUAK TABOR MENDIAN

#

# # #
#
#
# # #

Bizitzari begira

 

Pertsona heldua ez da lepo gainean urte asko daukazana, beste barik; ondo egindako esperientzia asko daukana baino. Horrek bai dakiala zer zelan dan, eta ez liburutik edo inork esanda. Gozo-garratzean, argi-ilunean bere buruari eta emondako berbeari eusten dakiana, bere senetik eta bidetik urten barik. Hori da heldua, gazte nahiz sasoiko izan.

Bardin fede-bizitzan ere: ez da nork meza gehiago entzun, nork gehiago errezau, nor santu gehiagoren debotoa izan. Ikasleak ere ez ziran hain errez sartu Jesusen jarraipeneko bidean. Sarri jasoten ebezan Maixuaren zuzenketa zorrotzak. Beti egozan prest, dana eurrez eta errez emoten eutsen Jaunari jarraitzeko. Baina… burua ukatze hori, gurutzea hartu eta jarraitze hori...

# # #
#
#
# # #

AEbanjelioaren argitan

 

(Lucas 9, 28b-36)

Aldi haretan, hartu zituan Jesusek Beragaz Pedro, Santiago ta Joan, eta mendira igon eban, otoitz egiteko. Otoitzean egoala, Haren arpegia antz-aldatu eta Haren jantzia zuri diztiratsu egin zan.

Honetan, gizon bi egozan Haregaz berbetan: Moises eta Elias ziran, aintzatan agertuak; eta Jesusek Jerusalenen jasan behar eban heriotzaren gainean berba egiten eben. Pedro ta lagunak loguraz erreta egozan; baina itzartu ziran eta Jesusen aintza ta Beronegaz egozan gizon biak ikusi ebezan.

Honeek Haregandik alde egiterakoan, Pedrok badinotso Jesusi:
- «Maisu, bai ederto gagozala gu hemen! Egin daiguzan hiru txabola: bata Zuretzat, bestea Moisesentzat, eta bestea Eliasentzat».

Ez ekian zer inoan ere.

Hau esaten egoala, hodei bat sortu zan, eta estaldu egin zituan, eta hodeian sartzean bildurrak hartu zituan. Hodeitik ahots bat entzun zan:
- «Hauxe da nire Semea, nire Aukeratua. Entzun egiozue».

Ahotsa isiltzean, Jesus bakarrik egoan. Ikasleak isilik egon ziran, eta egun hareetan ez eutsoen inori esan ikusitakorik ezer.

# # #
#
#
# # #

Gaur eta hemen

 

Tabor mendikoa izan zan Jesusen bizitzan bizikizunik betegarriena. Eta Beragaz batera, ikasleentzat ere bai. Pozaren pozez gainez eginda, Pedro prest dago txabolaginen hasteko. Hantxe ikusi dabe euren Maixua dizdiz, Aitaren Seme kutun lez goraldua, aintzaz beterik.

Pozak errez zorabiatzen gaitu; baita atsekabeak lur joazo ere. Pedro eta lagunentzat errezagoa zan Taborreko Jesusi jarraitzea, Kalbariokoari baino. Eta bietan bat bera, bietakoagaz egin behar topaketa osoa. Orduan da benetako jarraitzailea.

Zaparrada askoren artean heldutako fruitua dogu gizakia. Baita graziazko euri-zaparradaz barrua igurtzi eta sendotutakoa ere. Eta hori ez da egun bateko topaketa bategaz lortuten; otoitzaldietan eta bizitzako ekitaldietan heldu behar dau. Jaunak esandakoa: “Galgaraua usteldu beharra da, fruitu ugari emongo badau”. Ez ahaztu Taborraldiak ez dirala tanborraldiak, kitarra eta guzti burutzen diran ospakizun luze eta zaratatsuak. Anaiarteko topaketak beharrezko jakuz, baina bizitzako nekaldian Jesusen jarraitzaile izaten laguntzeko.

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Jesusen eta gure Aita zaitugun Jaungoikoa!
Jesusen bitartez eskeintzen deuskuzu zure maitasuna.
Hauxe bai dala ezegaz ordaindu ezin dogun ondasuna.
Eskerrik beroenak Zuri,
zure Seme Jesusengana batu gaituzulako,
Berarengan geu ere seme maitetzat hartzen gaituzulako.

Bai, entzun nahi deutsagu Jesus zure Semeari,
eta zintzoro jarraitu.
Horixe da zure gogoa eta gure zorion betea.

# # #
#
#
# # #

Otoitz-gunea

 

LAGUN BAT AURKITU DOT

Jesus: Zu beti zara ezustekoa,
itxaroten ez dan laguna aurkitzea lez.
Eta nik aurkitu zaitut.

Ez neban uste hain hurretik Zu ezagutzea.
Baina hurreratu zinan, samaritarrarenagana lez,
eta esan deustazu: “Emoidazu edaten”.
Zakeori lez, igonda egoan arbalara begiratu zenduan
eta esan zeuntson: “Jatsi zaitez,
zure etxean ostatu hartu gura dot eta”
.

Badakizu behar zaitudana,
eta neuk deitu barik helduten zara nigana.
Itzi egidazu bidean Zuri lagun egiten.
Baina, zer dinot gero?, Zu nigaz joan ba zoaz eta,
beti zaitut bideko lagun, egundo aspertu barik.
Ezagutzen nozu eta badakizu zer behar dodan,
bai nire asmoak eta bai nire makaltasunak.
Ezin deutsut ezertxo ere ezkutatu, Jesus.

Neutaz pentsatzea itzi gura neuke
eta Zuri eskeini nire denpora guztia.
Nazan osoa Zuri eskeinita bizi gura dot.
Zoazen lekura zoazela jarraitu gura deutsut.

Baina hauxe esatera ere ez naz ausartzen,
makala naz eta.
Hau Zeuk dakizu nik baino hobeto.
Badakizu zelango buztinez eginda nagoan,
hain hauskor eta aldakor.

Horrexegaitik inoiz baino beharrago zaitut,
Zeuk eten barik zuzendu nagizun,
Zeu izan zaitezan nire eusgarri eta nire atseden.
Eskerrak, Jesus, zure adiskidetasunagaitik!

# # #
#
#
# # #

Bertsoak

 

1

Hau zorion-egarria,
bihotz-hondoko larria,
non ete da iturria?
Tabor mendiko bizikizuna
benetan da pozgarria;
horra zelango barri
a zeru goitik etorria,
erne jarri belarria:

2

“Zu zaitut, ene Semea
Zu bihotzeko maitea,
nire atsegin betea!
Entzun berari, jarrai berari,
hau nire borondatea:
Berarengana joatea
ta danontzat izatea
salbameneko atea”.

3

Pedro urtenda senetik
ta zorabioz beterik
hasi da berbaz lurretik:
“O ene Maixu, hiru txabola
ez al dau nahi egiterik?
Ez da leku hat hoberik,
ez jairik ta ez besterik;
ez daigun alde hemendik”.

4

Basamortua da gogor
Kalbarioa ere hor,
ta bidean zenbat zoztor...
Jesusentzat lez guretzat ere
holako bat ondo dator,
jokatu ahal daigun jator;
ona da azukre-koxkor,
beharrezko jaku Tabor.

# # #

 

Jainkoaren hitza

 


 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue