Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jainkoaren hitza > Jesusegaz topo

#
#

JESUS eta... URLIA

# # #

JESUS eta... URLIA

#

# # #
#
#
# # #

Bizitzari begira

 

Munduko historian, antza, handi-mandiak daroe aintza eta ospe guztia. Jaungoikoaren munduan ere holan dalakoan. Ez horixe! Inondik inora ere ez!

Guztiz besterantza: handi-mandiak goietatik jaitsi eta Belengo askatxoan, gaixoen artean, Kalbarioko Gurutze ondoan Jesusekin topo egin behar. Bera hor dago eta hortxe egin behar topo Berarekin. Ez joan ez dagoan lekura.

Beti ere txiki behartsuak aukera hobea dabe topaketa honetarako.

Jesus berbiztua gizaki guztien ondoan dago; biztu zanetik ez da urrundu guregandik; beti da gaurkoa eta bertokoa leku guztietan. Hori da Jaungoiko izatera bihurtzea, baina gugaitik jaitsi zana ezin gugandik aldendu, gu Aitarekin bat egin arte.

Holan bada, gaur ere ahal da Jesusekin topo egin? Bai horixe! Eta zenbatek egiten daben! Beti bihotz-hondoko isiltasunean eta bakardadean gertatzen da. Gehien baten noiz, zelan eta zenbat neurtzea ez da errez, behar ere ez.

# # #
#
#
# # #

AEbanjelioaren argitan

 

(Apokalipsia 3, 14. 20-21)

«Hara zer dinoan “Amen” deritxanak, testigu zintzo eta leialak, Jaungoikoak egin dituanen hasierea danak…

Hara, atean nago ate-joka. Norbaitek nire ahotsa entzuten badau, eta atea edegiten badeust, berarengana sartuko naz, eta alkarregaz afalduko dogu.

Garailea Neugaz jarriazoko dot, neure errege-aulkian; Neu ere garaile izan ondoren, neure Aitagaz Haren errege-aulkian jesarri nazan lez».

# # #
#
#
# # #

Gaur eta hemen

 

Adiskide, gaur zure eta nire ordua da, gaur da gure aukerea eta jokaldia; ez daigun txanda-pasa egin.

Ez dozu behar ez titulurik, ez dirurik, ez adin berezirik. Jesusekin topo egin nahia da nahiko eta beharrezko, Bera beti dago prest eta egarri biziz. Eta hori ez norberaren merituz, Jesusen Espirituz baino.

Gaur ere badira dinoenak: “Ez neban uste Jaungoikoak suerte hau hil aurretik emongo eustanik...”, “Hau zer dan ezin deutsut esan, etorri eta zeuk ikusi”, “Ez neuke hau emongo munduko ondasun guztien truke ere!”.

Apostoluen denporako Jesus, Pauloren, Iñazioren eta aldi guztietakoen aldiko Jesus, gaur geure aldiko da. Berbera da, ez zaharrago eta ez gazteago, ez bigunago eta ez gogorrago, ez gertuago eta ez urrunago. Espiritu Santuak bardintzen ditu ezbardintasun guztiak.

Begira ingurura, itaundu ea zelan egin daitekean gaur Jesusekin topo; sartu zaitez Jesusen bila dabiltzanen taldean eta aurkituko dozu. Orduan ez dozu izango inork esan beharrik. Laster zeuk biziko dozu Jesusekin topo egitearen gozotasuna. Ziur egon: ha izango da izatekoa!

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Gizaldi guztiak eta munduko baztar guztiak
errukizko uriolez asetzen dozuzan Aita Handia!
Eroan gaizuz Jesusekin topo egiteko bidetik.
Zeugana heldu aurretik
Jesusengan ezagutu eta maitatu
nahi zaitugu bihotz betean.
Orduan bakarrik deituko deutsugu garan guztiagaz:
ABBA! AITATXO!

# # #
#
#
# # #

Otoitz-gunea

 

MAITE ZAITUDALA BADAKIZU

Jauna, maite zintudana badakizu,
eta maitatzen jarraitzen dodala;
maite zaitudala badakizu.

Nire haundikeri eta harrokeria izan arren,
nire bildur eta hutsegiteak izan arren,
maite zaitudala badakizu.

Sarritan nekatua eta baztertua izan arren,
buru gogorra izan arren,
maite zaitudala badakizu.

Jende artean ikustea erreza izan ez arren,
pobre jantzita ikustea kostatzen jatan arren,
maite zaitudala badakizu.

Sinismen dudak izan arren,
nire itxaropena bada-ezpadakoa,
eta nire maitasun norberekoia,
maite zaitudala badakizu.

Egun batzuetan mihinluze izan arren,
beste batzuetako gogorik eza eta arduragabekeria,
nire oinak nekatuta izan arren,
nire eskuak zikinak,
eta nire aurpegia itxura bakoa,
maite zaitudala badakizu.

Nire izatea onartzea kostatu izan arren,
Zuk esana beti ulertu ez arren,
guzti hau korapilatsua dala ikusi arren,
maite zaitudala badakizu.

Jauna, maite zaitut,
Zuk aurretiaz maite ninduzulako
eta ez ninduzulako ukatu,
zakar eta hauskorra izan arren.

Jauna, maite zaitut,
nagoen lekuan
eta daukadazan ahalbideekin
zure ondoan, izatea emonez,
nirekin fiatzen zaralako
eta anai zerbitzura dei egin.

# # #
#
#
# # #

Bertsoak

 

1

Gaur arte esan doguna
hitz eta bertso-jarduna:
beste batzuen alde izan da,
jakizu, laguna.
Sarri da tituluduna,
izen handi ezaguna;
gaur geure txanda dogu ta,
emon daigun erantzuna.

2

Gu danok gaituzu kristau,
horrek “santu” esan nahi dau;
bateoaren grazi indarrak
behin betiko dirau.
Ez da nahiko meza, barau,
askoz ederrago da hau:
Kristok Beragaz bat egiteko
ni aukeratu nau.

3

Yone, Aitor zein Teresa,
bardin pobre nahiz markesa;
“urlia” ordez, bere izena
bakoitzak jar beza.
Ondo da barau ta meza,
ahal dan guztian erreza;
Jesusen graziaz santu ez bada,
dana da bapeza.

4

Nonahi etxe baztarrean
bizimodu kaxkarrean,
aitita-amamak Jesusen lagun
fede-indarrean.
Sarri otoitz-marmarrean,
bihotzak su ta garrean,
zein maite diran eurak dakie,
biak bakarrean.

5

Hau ez dago talentuan,
ez geure pulamentuan;
dana alkarren pozetan egin
eta kontentuan.
Batzutan sakramentuan,
bestetan eskarmentuan;
zer, noiz ta zelan, gordetzen dabe
biak sekretuan.

# # #

 

Jainkoaren hitza

 


 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue