Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jainkoaren hitza > Jesusegaz topo

#
#

JESUS eta NAINGO ALARGUNA

# # #

JESUS eta NAINGO ALARGUNA

#

# # #
#
#
# # #

Bizitzari begira

 

Negarra, sufrimentua, gaixotasuna, zahartzaroa, heriotzea... Izenik asko daukaz, giza sufrimentuak gugan sentiazoten deuskuzan eztenkadak haina. Orduan egiten doguz itaunik larrienak: “Zergaitik hau niri?”.

Eta errudun bila hasteko arriskua: hurkoa ez bada, Jaungoikoa Bera. Dana dala, sufrimentuaren buztarrian lotuta emoten dogu bakoitzak geure maila eta neurria.

Jaungoikoari ardura deutso gure sufrimentuak, eta ez gitxi ere. Halan agertzen deusku Jesusek: batzuetan sendatuz, bestean ondoan egonaz. Gurutzea kendu ez, baina Berari jarraitzera deitzen deusku gurutze eta guzti.

Topaketa eragingarria gaurkoa. Naingo alargunak eta Jesusek: biziak eta heriotzeak aurrez aurre.

# # #
#
#
# # #

AEbanjelioaren argitan

 

(Lukas 7, 11-17)

Aldi haretan, bajoian Jesus Naim deritxon herrira, eta Beragaz batera ikasleak eta laguntalde handia.
Eta herriko ateetara hurreratu zanean, han eroien lur-emotera hildako bat, amaren seme bakarra -ama alarguna zan-, eta honegaz herriko talde handia.

Ama hori ikustean, errukia hartu eutson Jaunak; eta esan eutson:
- «Ez negarrik egin!».
Hurreraturik, ikutu eban Jesusek atautea -andariak geratu egin ziran-, eta esan eban:
- «Mutil, zeuri dinotsut: jagi zaitez!».
Hildakoa jesarri egin zan eta berbetan hasi; eta Jesusek amari emon eutson.

Guztiak bildurtu ziran, eta Jaungoikoa goratuz, inoen:
- «Profeta handi bat agertu da gure artean. Jaungoikoak ikustaldia egin deutso bere herriari».

Eta haretaz inoena Judea osoan eta inguruko herri guztietan zabaldu zan.

# # #
#
#
# # #

Gaur eta hemen

 

Hil zana biztu eta biztu zana barriro ere hil. Jesusek ekarri deuskuna ez da hemen betiko bizitza, Beragaz bizi eta betiko biztuerea baino.

“Ez egin negarrik”, berba kontsolagarriak Jesusen bihotzetik urtenda. Inoren negarrak Berari ere negar eragiten eutsan.

Hildakoaren amak eta lagunak Jesusengan Jaungoiko Aita errukitsuarekin egin eben topo. Gaztea lurreko bizitzara bihurtu zan eta ama eta lagunak betiko bizi barrira. Eta bizi barri hauxe zan Jesusek zabaltzen ebana, berbaz eta mirariak eginaz.

Bizitzako olatu harropuztuak ez gaiezala bakarrik harrapatu. Sufrimentu-bidean Jesusekin egin daigula topaketa sakona, askok eta askok egin dabenez. Ez dozu ezagutu gaixoaldian bakez bizi izan danen bat, heriotzearen aurrean itxaropen gozoz agertzen danen bat?

Sufritzen dogunean Jesusekin topaketa on bat behar dogu, alperrik eta modu txarrean sufridu ez daigun. Ezin da Jesusekin benetako topaketarik egin, Beragaz batera sufritzen ez bada. Zer deritxazu?

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Maitasunez geure ondoan beti zaitugun Aita arduratsua!

Zuk ez dozu nahi guk sufritzerik;
eta sufritzen dogunean, ez gaituzu bakarrik izten.
Geure ondoan zagoz geugaz batera sufritzen eta laguntzen,
Jesusekin gurutzean lez.

Ahal bada, arindu edo gozatu gure gurutzea;
baina ezin bada, egin bedi zure nahia,
eta haretarako emon zure grazia-indarra.

Eutsi deiskula Espiritu Santuak,
Jesusekin sufrimentuan topo egiten.

# # #
#
#
# # #

Otoitz-gunea

 

ZORIONTSUAK

Zoriontsua ahula eta behartsua zaintzen dauana!
Zoriontsua behartsuari bere eskua luzatzen deutsona!
Zoriontsua laguntzarik ukatzen ez dauana!
Zoriontsua maitatzen eta konprometitzen dakiana!

Zoriontsuak, bai,
Erreinuagaitik bildur barik dana arriskatzen dabenak.
Zoriontsuak,
norgehiagoka, alkar laguntzarekin trukatzen dabenak,
lehiaketa, alkartasunarekin,
gogorkeria, zuzentasun eta maitasunarekin.

Lagundu, Jauna,
gure bihotzeko norberekeria desegiten.
Lagundu, besteen oinazearen aurrean
beti adi eta zuhur egoten.
Lagundu, errealitatea ikusten,
txarkeria eta zuzengabekeria aurkitzen.
Lagundu, itxaropenaren mezulari izaten,
behar izan ezkero, besteen alde gure bizia arriskatzen.

Zuk badakizu, frutua emoten ez daben hainbeste desio onak,
min emoten deuskuela.
Min emoten deusku, buruan gauza asko argi euki arren
eraldatzeko konpromisorik ez baditugu hartzen.

Zure indarra behar dogu, Jauna,
zure Hitza eta gure desioak egi bihurtu daitezan.

# # #
#
#
# # #

Bertsoak

 

1

Nor osatuko hor dabil beti
Profeta Nazaretarra,
berez jatorko errukia ta
nonahi on egin beharra.
Batez ere, bat gaixoa bada,
elbarria edo zaharra,
bihotz-erdira sartzen jakola
minez diranen negarra.

2

Herririk herri, auzorik auzo
ebilen egun batean,
ze ikuskizun penagarria
Nain herriko atean!
Alargun baten seme bakarra
eroien atautean;
Jesusen bihotz errukitsuak
ze pena, hau ikustean!

3

“Geldi guztiok ta jaitsi kutxa,
ama, ez egin negarrik!
Sinistu eizu, Jainkoak badau
hau biztuteko indarrik.
Zu, gazte, jagi ta jarri zutik”
hauxe esanaz bakarrik,
hil-barria zan gaztea horra
irribarrez ta itzarrik.

4

“Profeta handi miragarria
Jaunak bialdu deuskuna,
Jesusengan gaur agertu deusku
errukizko maitasuna”.
Ama-semeak besarkatuta
jendearen poztasuna!
“Gaur bisitatu ditu Jainkoak
semea ta alarguna”.

# # #

 

Jainkoaren hitza

 


 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue