Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jainkoaren hitza > Jesusegaz topo

#
#

JESUS eta TOMAS

# # #

JESUS eta TOMAS

#

# # #
#
#
# # #

Bizitzari begira

 

Gizona beti sentidu da munduaren jabe, eta era bardinean, gainetiko indarren mirabe. Ezin moldatu bere bizitzako gora-beherak bere gogora. Ezin bere neurrian konforme bizi. Horregaitik gehiagotan entzuten doguz hileta-kanpaiak, Pazkoetako txilin-hotsak baino. “Dana oker, dana guzur, dana lapur...”. Irrati-telebistak dira hileta-kanpairik nagusienak.

Gauza onik ere bada, ba, baztarretan!

Gauza danak daukie, euren alderdi ona eta txarra. Harrigarria hauxe: ontzi bardina, batzuentzat erdi betea eta besteentzat erdi hustua. Mahaiko ontziarena ez da kontua, norberaren barruko ontziarena baino. Badira itxaropenez eta gogo argiz jokatzen dabenak, baina gehiago hileta-kanpaiko kateari tiraka dabiltzanak: “Nik hori... ikusi eta sinistu”.

Hori Tomasek egin eban, baina ez eban ondo egin, Jesusen eritziz.

# # #
#
#
# # #

AEbanjelioaren argitan

 

(Joan 20, 19-31)

Astearen lehenengo egunaren iluntzean, etxe baten batuta egozan ikasleak, ateak itxita, judeguen bildurrez. Sartu zan Jesus, eta euren erdian zutunik, esan eutsen:
- «Bakea zuekin».

Hori esanda, eskuak eta saihetsa erakutsi eutsezan. Eta ikasleak pozez beterik gelditu ziran, Jauna ikustean.
Jesusek, barriro ere:
- «Bakea zuekin. Aitak Ni bialdu nauan lez, Neuk ere bialtzen zaituet zuek».
Eta hori esanez, hareen gainera arnasa-egin eta esan eutsen:
- «Hartu egizue Espiritu Santua: zuek pekatuak parkatzen deutsazuezanei, parkatuta gelditzen jakez; eta lotzen deutsazuezanei, lotuta gelditzen jakez».

Tomas, ostera, Hamabietako bat, Bikotxa eritxona, ez egoan besteakaz batera, Jesus etorri zanean. Beste ikasleak esan eutsoen:
- «Jauna ikusi dogu».
Tomasek, ostera:
- «Haren eskuetan untze-zuloak ikusten ez badodaz, nire atzamarra Haren untze-zuloetan sartzen ez badot, eta nire eskua Haren saihetzean, ez dot sinistuko».

Handik zortzi egunera, barriro ere barruan egozan ikasleak, eta Tomas eurakaz. Sartu zan Jesus, ateak itxita egozala, eta euren erdian zutunik, esan eutsen:
- «Bakea zuekin».
Gero Tomasi:
- «Ekazu atzamar hori, hona hemen nire eskuak; ekazu esku hori, eta sartu egizu nire saihetsean; eta ez izan sinisgogor, sinistedun baino».
Tomasek erantzun eutson:
- «Ene Jauna eta ene Jaungoikoa!».
Eta Jesusek:
- «Ikusi dozulako sinistu dozu? Zorionekoak, ikusi barik sinisten dabenak».

# # #
#
#
# # #

Gaur eta hemen

 

TESTIGUAK: ikusi eta bizi izandakoa iragarten dabenak, bai berbaz eta bai jokabidez. Batez ere, kristau artean dihardugunean.

Tomasen kasuan, Jesus Berbiztua ikusi ebenak ziran Jesusen testigu; baina Tomasen erantzuna: “Neuk ikusi, entzun, ikutu, eskuak saihetsean sartu behar dodaz, eta gero sinistu”. Jesusen erantzuna zorrotza izan zan: “Zorionekoak ikusi barik, sinisten dabenak”.

Gu zelangoak gara: Tomasen ala Jesusen eritzikoak? Bai gero!

Gaur egun ere, Jesus “ikusi” dabenak badira gure artean: euren esperientziak agertzen deuskuez, euren bizikera barriak erakusten dau. Eta testiguen bitartez izan ezik, guk ez daukagu Jesusengan sinisterik. “Zorionean sartu nintzan halako mogimenduan! Hantxe ezagutu neban Jesus”. Beste batek: “Zorioneko eguna, halako lagun zintzo bat hurreratu eta kristau-bizitza alaia biziteko bidea erakutsi eustana”; “Zorionekoa ni, halako gurasoen etxean jaio nintzalako!”.

Entzun dozu holakorik? Eta zeu inorentzat bazara TESTIGU? Zelan?

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Aita Jaungoiko maitea!
Zeuk bakarrik dakizu nor dan Jesus,
eta Zeuk, Espiritu Santuaren bitartez, erakusten deutsazunak.

Gugaitik bialdu badozu,
guk Jesus hori ezagutzea nahi dozu.
Bialdu eizu Espiritu Santua,
gure bihotzeko begiak argitu deiskuzan,
eta gure bide-lagun dan Jesus
ondoan ezagutu daigun.

Aita zintzoa!
Bialdu gure familietara, parrokietara, leku guztietara
fede-argitan Jesus ikusi eta ezagutu daben TESTIGUAK,
euren laguntzaz,
zure Herriak zure maitasunean iraun daian.
AMEN.

# # #
#
#
# # #

Otoitz-gunea

 

MAITE ZAITUDALA BADAKIZU

Jauna, maite zintudana badakizu,
eta maitatzen jarraitzen dodala;
maite zaitudala badakizu.

Nire haundikeri eta harrokeria izan arren
nire bildur eta hutsegiteak izan arren,
maite zaitudala badakizu.

Sarritan nekatua eta baztertua izan arren,
buru gogorra izan arren,
maite zaitudala badakizu.

Jende artean ikustea erreza izan ez arren,
pobre jantzita ikustea kostatzen jatan arren,
maite zaitudala badakizu.

Sinismen dudak izan arren,
nire itxaropena bada-ezpadakoa,
eta nire maitasun norberekoia,
maite zaitudala badakizu.

Egun batzuetan mihinluze izan arren,
beste batzuetako gogorik eza eta arduragabekeria,
nire oinak nekatuta izan arren,
nire eskuak zikinak,
eta nire aurpegia itxura bakoa,
maite zaitudala badakizu.

Nire izatea onartzea kostatu izan arren,
Zuk esana beti ulertu ez arren,
guzti hau korapilatsua dala ikusi arren,
maite zaitudala badakizu.

Jauna, maite zaitut,
Zuk aurretiaz maite ninduzulako
eta ez ninduzulako ukatu,
zakar eta hauskorra izan arren.

Jauna, maite zaitut,
nagoen lekuan
eta daukadazan ahalbideekin
zure ondoan, izatea emonez,
nirekin fiatzen zaralako
eta anai zerbitzura dei egin.

# # #
#
#
# # #

Bertsoak

 

1

“Jesus ei dala berbiztu,
ikusi eta sinistu”.
Fede-bidean orduan ta gaur
bada hainbeste arrisku;
dudak argitu eta sinisten
Tomasek lagundu beisku.

2

“Baietz, Jesus biztu dala,
Beragaz egon dirala”.
Baina Tomasek dana ukatu
ikasleek esan-ahala:
“Neuk neure begiz ikusi eta
eskuz ikutu-daidala”.

3

Handik zortzi egunera,
ikasle danak batera:
ate-leihoak itxita egon
eta Jesus blast aurrera...
Ai gure Tomas hau ikusita
dardarka ta buruz behera!

4

“Erdu, Tomas, ta ikutu,
ikusi ta ezagutu”.
“Ene Jaun eta ene Jainkoa!”.
Tomas ahozpez eta mutu.
Bere lagunei sinistu ezaz
bai mila bider damutu!

5

“Ez izan hain burugogor,
eta bai gizon siniskor.
Ikusi eta ikutu behar,
ta zer meritu dago hor?
Hutsean Nigan sinistedunak
zorioneko ta jator!”.

6

Sinistu nahi ta ezina,
alperrik da ahalegina!
Dohaia da Zeuk maitasun hutsez
nahi dozunari egina;
Zu nor zarean Zeuk esaidazu,
ni ez bai naz zure dina.

# # #

 

Jainkoaren hitza

 


 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue