Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jainkoaren hitza > Jesusegaz topo

#
#

JESUS eta JERUSALENGO EMAKUMEAK

# # #

JESUS eta JERUSALENGO EMAKUMEAK

#

# # #
#
#
# # #

Bizitzari begira

 

Badirudi gizonari sarri bere bizitzeak gainez egiten deutsola; areago mila bider gaur egun. Olatu baten ondoren, beste olatu bat handiagoa gure inguruko itsasoan, eta norbera ez nora ez hara. Eta gehienetan olatuen arabera, ez norberak nahi eta behar dauan erara.

Eta astirik eta gogorik bai, olatuak nondik sortu diran eta norantza daroen aztertzeko, eta behar doguzan erabagiak eta indarrak hartzeko?

Bai bertoko eta bai urruneko gertaera-olatuak gogor astintzen gaitue buru-bihotzetan, badirudi danetan gareala partaide. Horren eraginez, alde batetik kezkatuta bizi gara, eta bestetik ezer ezinean. Beste batzuk hartzen dabez, gure ordez, erabagiak; eurak daukiez indar eta ahalbide guztiak. Erruki, gora-behera artean itaunka, salatari oihuka jarten dana! Eta olatuok astinduko ez dituan haize egokirik ez bada sortzen, laster gara usteldu.

# # #
#
#
# # #

AEbanjelioaren argitan

 

(Lucas 23, 27-31)

Herriko jende talde handia joian Jesusen ondoren, baita emakume asko ere bular joka eta Hagaitik aienaka. Bihurtu zan Jesus eurengana eta esan eutsen:
- «Jerusalengo emakumeok, ez egin negarrik Nigaitik; egizue negar zeuokaitik eta zeuon seme-alabakaitik. Hara, badatoz honako hau esango dan egunak: “Zorionekoak, umerik sortu ez daben sabelak eta titirik emon ez daben bularrak”. Orduan honela esango deutse mendiei: "Jausi zaiteze gure gainera"; eta menditxoei: “Ezkutau gaizuez”. Izan ere, egur hezeari hau egiten badeutse, zer ete deutse egingo igarrari?».

# # #
#
#
# # #

Gaur eta hemen

 

Jesus gure Jauna, Jaungoiko gizon egina eta Espiritu Santuz eragina, salatari zorrotza agertu zan orduko gizartean: bai herri-bizitzan eta bai erlijino-arloan; azal-mazalak kendu eta barru-barruko gizatasun garbi eta zuzenaren alde jokatu eban. Baekian Harek nondik nora sortuta etozan olatuok. Ez eban onartzen, beste barik, okerkeriagaitik hiletak jo eta geldi egotea. Gizonaren onerako dan Aitaren Erreinua dauka begi-aurrean.

Bere egoera Kalbarioan gora lastimagarria da. Halan ere, ez ditu onartzen emakumeen aienak eta zotinak: “Egur hezeari hau egiten badeutse, zer ez ete deutse egingo igarrari? Egin negar zeuokaitik eta zeuen seme-alabakaitik”. Hor daukagu alkartu eta jokatu beharra: familia, ohiturak, fede-bizitzea, herri-arazoak eta lantegi-arazoak...

Gaur geuretzat da Jesusen deia.

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Guztion salbamena bilatzen dozun Aita onal

Guk baino hobeto dakizu gure barri:
guzurrak, harrokeriak, gorrotoak, kontsumokeriak
indar handia dauka gure artean.
Baina zure Espiritua indartsuagoa da:
bialdu eiguzu, sendotu gure makaltasuna.
Alkartu eta Berak bultzatu gaizala
Jesusen bideetatik,
geure neurritxoan, ingurumaria zuzenduz.

# # #
#
#
# # #

Otoitz-gunea

 

GEHIAGO EMOTEKO OTOITZA

Jauna, nik gehiago emon nahi dot,
baina bildur naz:
galtzaile urteteko bildur naz.

Lurreko ondasunei lotuta nago:
dirua, erosotasuna, ondoizatea,
gizarte-maila, ospea, arrakasta, familia...
Sakrifizioak eskatuko deustazuzalako bildur naz.

Atera egidazu kanpora bildurra
eta sartu barriro animoa.
Erakutsi egidazu
eskatzen dozuna baino gehiago emoten dozula.

Sukarrak eta barruko tumoreak osatzen dozuz.
Begi gardenak eta bihotz garbia emoten dozuz.
Eskua zabalik eta norbere burua hobetzeko
indar berezia emoten.
Zuzentasun-gogoa eta gizarte barriaren alde
burrukan egiteko kemena.
Mugagabeko zeruertza
eta bizitzarako ilusino barria emoten dozuz.
Familia barria
eta benetako anaia-arrebak diran lagun zintzoak emoten.
Batez ere, zera emoten dozu,
Aita maitekorra, Ama ere badana,
eta baldintzarik barik maite nauana: zeure Aita.

Egia esan asko emoten dozu.
Zergaitik darrait bildur izaten?
Zugan konfiantza dot, Jauna,
konfiantza bihotz-bihotzez.
Eta gero eta gehiago emon nahi deutsut:
neure gauzak, neure astia eta ni neu,
zure atzetik joateko, zure ikasbidea jarraitzeko
eta ahal dodazan guztiak ezagutu zagiezan.

Eskerrik asko, Jauna, adorea emoteagaitik.

# # #
#
#
# # #

Bertsoak

 

1

Kalbario bidean
nekez eta minez,
gurutzepean Jesus
ibili ezinez.
Besoetan umeak
goxo eraginez,
bide-ertzean amak
hileta zotinez,
bere alde gehiago
zer egin jakin ez.

2

“Jerusalengo alabok,
ez egin negarrik,
ez arduratu behintzat
Nigaitik bakarrik.
Ez dot egin munduan
ezer gauza txarrik,
ez neban mereziko
holango beharrik!
Kontuz munduarekin;
ibili itzarrik”.

3

“Baina, bai, egin negar
eta arduratu,
zuen seme-alabok
ez beitez hondatu.
Ni, on eginda gero,
banau kondenatu,
zeuntzat zer izango
dan hortik juzgatu;
badozue, bai, zertaz
arduraz jokatu”.

# # #

 

Jainkoaren hitza

 


 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue