Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jainkoaren hitza > Jesusegaz topo

#
#

JESUS eta AZKEN AFARIKO MAHAIKIDEAK

# # #

JESUS eta AZKEN AFARIKO MAHAIKIDEAK

#

# # #
#
#
# # #

Bizitzari begira

 

Giza bizitzan betiko gatxak irabazten deusku: berbarik ederrenak ere, erabiliaren erabiliz, hustu egiten dirala, eta esperientziarik gozoenak ere usteldu, gauzeztandu. Esaterako: bakea, demokrazia, maitasuna, askatasuna, dohaintasuna, Eleizea, Eukaristia eta abar. Geure grina eta jokaera txarrez kutsutu eta hondatzen doguz.

Ondorio garratzak datoz hortik: ezin dogula sinistu maitasunean, askatasunean, dohaintasunean, demokrazian... Ez dozu inoiz honelakorik entzun: “Zeozer irabaziko dau”, “Zeozeren atzetik ibiliko da”, “Zeozeren trukean egingo dau”. Inoren ona barik, norberaren alderdia ondu nahi, eta inoren lepotik.

Sinismen-bizitzan ere beste horrenbeste. Zein gitxi diran Jaungoikoaren maitasuna benetan sinisten dabenak! Horren arabera izan ohi da, maitasunaren eta dohaintasunaren bide garbian sartu eta jokatzea ere. EUKARISTIA misterioa aztergai dogu, gure jokaerak aztertzeko.

# # #
#
#
# # #

AEbanjelioaren argitan

 

(Lukas 22, 14-15.19-20.24-27)

Ordua etorri zanean, jarri zan Jesus mahaian bere Apostoluekin, eta esan eutsen:
- «Baneukan gogoa Pazko-afari hau zuekin jateko, nire nekaldi-aurretik. Benetan donotsuet: ez dut barriro jango, Jaungoikoaren Erreinuan bete arte».

Gero ogia hartu eta esker-otoitza eginez, zatitu eban eta emon eutsen, esanez:
- «Hau neure gorputza da, zuentzat emoten dana. Egizue hau neure oroigarri».

Afal-ostean bardin egin eban, edalontzia hartuta, esanez:
- «Edalontzi hau itun barria da, zuentzat isurtzen dana, neure odoletan silatua».

Eztabaidea sortu zan ikasleen artean, nor ete zan handiena euren artean. Jesusek esan eutsen:
- «Herrietako erregeak mendean daukez euren herriak; eta menderatzaile diranak “Ongile” izenez deituak izan nahi dabe. Zuok, ostera, ez holakorik egin, bestetara baino: zuotariko handiena izan bedi txikiena lez, eta agintari dana, zerbitzari lez. Izan ere, nor da handiago: mahaian jesarrita dagoana, ala zerbitzen dabilana? Ez ete da mahaian jesarrita dagoana? Horra, bada: Ni zuen artean zerbitzari lez nago».

# # #
#
#
# # #

Gaur eta hemen

 

EUKARISTIA, hau bai dala Jesusekin topo egiteko leku eta gune berezia! Eleizearen eta kristau-bizitza osoaren eguzkia. Osorik eta betiko geugaz eta geuretzat. Maitasun-bizitzearen garbi-leku eta indar-iturri.

Misteriorik ederrena izanik ere, alperrik galtzeko arrisku handia dau. “Mezea entzutera” ohitutea, legetzat hartu eta betetea da. Kristau-bizitzan tamalgarriena.

“Afariak on egin!”: Afari-mahaian Jesusekin topo egiteak holan behar leuke izan. On ala kalte egin deuskun igerteko, afari-ondorengo bizitzea da leku egokia: alkar parkatzea eta alkar zerbitzea dakar berez. Holakorik ez balekar, Eukaristian egin ete dogu topaketarik Jesusekin? Berak gurekin bat egiteko, janari izateraino txikitzen dan lez, gu ere “txiki” egin behar alkarren zerbitzuan.

Eukaristiako mahaian Jesusekin topo egiteak, bizitzako mahaian anaia-arrebekin topo egitera garoaz.

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Jesus zure Semea bialduz
bidera urten deuskuzun Aita errukitsua!
Geu zure bila genbitzalakoan,
begiak argitu, eta Zeu ikusi zaitugu gure bila.

Gehitu, arren, gure sinismena,
Jesusengan agertu deuskuzun maitasuna
gero eta gehiago sinistu ahal daigun.
Jesusen Espiritu berberak sendotu gaizala,
zure Erreinuaren aldeko testigu adoretsuak izaten.

# # #
#
#
# # #

Otoitz-gunea

 

ESKERRIK ASKO BATZAR HONEGAITIK

Eskerrik asko Aita-Ama.
Alkarrekin Zutzaz berba egiten egon gara,
gure bizitza eta egitasmoei buruz,
gure poz eta oztopoei buruz,
gure itxaropen eta konpromisoei buruz...

Jesus erdian,
eta bere Barri ona zabalik.

Bere egotea ze sendoa
eta bere isiltasuna zein zaratatsua dan!
Beragaz batera arnasa hartuaz,
arnas eta bizi berbera,
gure barrua sutan geunkan.

Bat batekoa eta apala izan arren,
bere lagunekin lez,
ekintza salbatzailea izan da guretzat.

Zakeoren etxera joan zan eta bere bizitza aldatu zan.
Nikodemo gauez joan zan eta eguna aurkitu eban.
Emakume samariarragaz berba egin eban
eta emakume barri egin eban.
Marta eta Mariaren etxean ostatua hartu eban,
eta pozik eta baretasunez bizitzen irakatsi eutsen.
Bere ikasleak egozan tokian sartu zan eta kanpora atera ebazan.

Dana barriztatzen da,
danak hartzen dau bere zentzuna,
danak dauka bizia,
berarekin dana da barri ona.
Eskerrik asko Aita-Ama.

Orain, batzar hau amaitzerakoan,
gure bihotza pozez saltoka dago
eta dakigun onena kantatzen dogu:
guztiagaitik, aleluia, Aita-Ama!
Zure seme-alaba hurkoagoak sentitzen gara.

Biharkoa hobea izango da.
Jesusen presentzia beroagoa izango da,
Bere isiltasuna zaratatsuagoa.
Zutzaz hobeto berba egingo dogu.
Zure aukeratuak ziran behartsuak, hurrago sentiduko doguz.
Zure Erreinua hurrago egongo da.
Anaiago izango gara.
Biharkoa hobea izango da.

Eskerrik asko, Aita-Ama, batzar honegaitik.

# # #
#
#
# # #

Bertsoak

 

1

Aitarengana joan behar ta
gurutzean hil aurretik,
zer testamentu eskeini euskun
Jaunak bere bihotzetik.
Aldendu nahi ta ezin aldendu
bere lagunen artetik,
hau miraria asmau ebana
maite ginduan partetik.

2

Ogi-ardauak eskuan hartu
eta beti ohi ebanez,
apostoluei banandu eutsen
maitasun handiz esanez:
“Hartu eizue jan eta edan
ta Ni gomutan izanez;
alkarrekin bat izango gara
Afari hau jan-edanez”.

3

Jaunaren mahaian zer izango eta
eztabaida bat gogorra:
euren artean nor handiena,
hango hasarre borborra!
Hau ikusita, zenbat mindu zan
Jesus bihotz sentikorra,
eta abisua emon eutsien
danontzat esanda, horra:

4

“Ea mutilok, esaidazue:
kontu hori zer izan da?
Zuon artean nor handiena,
a zer nolako demanda!
Zuen artean handienak dau
beti zerbitzeko txanda,
nork baino nork on gehiago egin
danen aurretik joanda”.

5

“Hemen nozue zuen artean
beti danon zerbitzari,
nire bizia pekatu-ordain
eskeiniz nire Aitari.
Zuek Maixutzat hartzen nozue,
jarrai nire bideari;
esan, bestela, zertarako dan
gaurko otoitz ta afari?”.

# # #

 

Jainkoaren hitza

 


 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue