Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jainkoaren hitza > Jesusegaz topo

#
#

JESUS eta KAFARNAUNGO KAPITAINA

# # #

JESUS eta KAFARNAUNGO KAPITAINA

#

# # #
#
#
# # #

Bizitzari begira

 

Jaungoikoak bakarrik ezagutzen dau gizonaren barrua, bakoitzak norbera baino hobeto. Guk errez jarten doguz mugak eta hesiak, gizonak moltzoka bananduz: kristau eta ez-kristauak, ezker eta eskumakoak... Ez dago mugarik, ez adinik, ez besterik ezer Jaungoikoaren Espirituaren eragina kontrolatuko dauanik. Danen gainetik eta danen barruan dihardu bere bideak egiten.

Jesus Bera izan zan, gizartean sortzen diran hesiak eta mugak apurtzen aparta. Eta zelango zama astunak kendu ere askoren bizkar gainetik! Lege eta enparauak gizonari laguntzeko dira, ez traba eta kate izateko. Danak dira onak edo txarrak, gizonari on edo kalte egiten deutsen neurrian.

Gaurko kasuan, horregaitino, Bera ere harrituta agertzen jaku, erromatar kapitainaren sinismena ikusita.

# # #
#
#
# # #

AEbanjelioaren argitan

 

(Lucas 19, 1-10)

Aldi haretan, Jesus Kafarnaunen sartzean, ehuntari bat etorri jakon, erreguka esanez:
- «Jauna, perlesidun daukat morroia etxean; eta oinazetan dago».
Eta Jesusek:
- «Joango naz eta osatuko dot».
Baina ehuntariak erantzun eutson:
- «Jauna, ni ez naz inor, Zu nire etxean sartzeko; baina esaizu hitz bat, eta osatuko da nire morroia. Neuk ere, inoren menpean egon arren, badaukadaz nire menpean guda-mutilak, eta bati “zoaz” esaten deutsot, eta joan egiten da; eta beste bati “zatoz”, eta etorri egiten da; eta nire morroiari “egizu hau”, eta egin egiten dau».

Hori entzunik, harritu zan Jesus eta honan berba egin eutsen bere atzetik etozanei:
- «Egia esan, Israelen ez dot inogan aurkitu horrenbesteko sinismenik. Eta hauxe dinotsuet: asko etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik, eta Zeruetako Erreinuko mahian jarriko dira, Abrahan, Isaak eta Jakobegaz; Erreinuko semeak, barriz, kanpoko ilunpeetara botako dabez; han izango da negarra ta hagin-karraskadea!».

Eta gero ehuntariari:
- «Zoaz, eta jazo bekizu sinistu dozun lez».

Eta ordu haretan osatuta gelditu zan morroia.

# # #
#
#
# # #

Gaur eta hemen

 

Praile baino lehen kristau; kristau baino lehen gizon. Lehenen hau eta gero hori, ala biak batera? Ahal da izan bata, bestea barik?

Kapitaina erromatar zapaltzaileen artekoa da, militarra; baina gizon ona eta ongilea, bere mendeko baten gaixotasunaz arduratan, Jesusengana joan da. Bere giza esperientziatik hasita, Jesus Jaungoiko Seme danez, askoz gehiago dala autortzen dau: Bat, ea bera nor dan Jesus bere etxera joateko? Bi, ez daukala joan beharrik; bertatik aginduta ere nahiko dala.

Horra, Jesusen esanez, Israelgo fededunen artean ere hainbesteko sinismenik ez dau aurkitu. Kapitaina, Espirituaren argiz lagunduta, orain Jesusegaz topo eginda, ez da testigu txarra betiko kristau zaharrontzat.

Gure kristautasuna, lehenengo eta bat, on egitean oinarritu behar dogula, errukizko egintzak dirala biderik onenak Jesusengan sinisten dogula agertzeko. Hori barik ez dago Jesusekin benetan topo egiterik.

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Gizaki guztien Aita zaitugun Jaungoikoa!
Guk Zuri ere hesiak ezarri nahi izaten deutsuguz sarritan.
Zu danen ondoan zagoz,
aldenduen dagozanen ondoan ere bai.
Bakarrik ibilten izten deuskuzu,
jausi-jagika sendotu gaitezan, gizaki heldu izateraino.
Beti argi egin
eta eskua emoten deuskuzu maitasun handiz.

Zabaldu gure bihotz estuak, Aita,
Zeuk lez danak onartu daiguzan.
Egizu, on eginaz,
danentzat Zuganako bide eta lagun izan gaitezala.

# # #
#
#
# # #

Otoitz-gunea

 

EZARRI EGIZUZ ZURE ESKUAK NERE GAINEAN

Ezarri egizuz zure eskuak nere gainean, Jesus,
zure esku zailduak eta zulatuak:
zabaldu niganaino zure indarra eta energia,
zure gogo bizia eta samurtasuna,
zerbitzeko eta emona izateko zure ahalmena.

Ezarri zure eskuak nere gain, Jesus,
eta edegi nire izatean eta bizitzan
ildo argiak eta leiho zabalak
bizibarritzen dauan Espirituarentzat:
askatu nagizu bildurretik eta tristuratik,
erdizkako eta nagikeriazko egoeratik.

Ezarri zure eskuak nere gain, Jesus,
egon ere, zikinak eta gauzeztanduak dagoz eta;
emoeizue beharrezko daben zure graziazko ikutua:
zulatu egizuz, nahizta min hartu,
emoten eta dana jokatzen jarteraino
eta zeureen antza hartu arte.

Itzi egidazu nere eskuak zureetan ipinten
eta anai garala sentidu arte,
zauri bizi eta guzti,
eta esku askatuak izanez,
sendoak eta samurrak,
besarkatzen dakienak.

# # #
#
#
# # #

Bertsoak

 

1

Gaur dogu Kafarnaungo
gizon kapitaina,
bere zerbitzari bat
gaixorik eukana.
Haren osasuna zan
kezkatzen ebana,
bere alde erreguz
doa Jesusgana.

2

“Entzun eidazu, Maixu,
nire eskaria,
oso gaixorik daukat
nik zerbitzaria.
Bere alde eskatzen
deutsut miraria,
horrela bada behintzat
zure guraria”.

3

“Oraintxe bertan noa
Neu zure etxera,
zuk hain maite dozuna
guztiz osatzera”.
“Nor naz ni Zu etorri
zaitezan gurera?
Esaizu berba bat ta
nahikoa da bera”.

4

“Hori da sinismena,
kapitain jentila!
Eta zure otoitza
sendo ta umila.
Eskatu dozun dana
gertatu dadila,
osatuta daukazu
etxeko mutila”.

# # #

 

Jainkoaren hitza

 


 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue