Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jainkoaren hitza > Jesusegaz topo

#
#

JESUS eta ZAKEO

# # #

JESUS eta ZAKEO

#

# # #
#
#
# # #

Bizitzari begira

 

Gure bizitzea misterioa da; ez gara geure eskuko; ekarri eta eroan egingo gaitue. Eta munduan ere erabiliak gara sarri askotan. Eta gitxien uste danean, ezustekoak urteten deusku biderdira. Gaur badakigu non gagozan, eta ez jakin bihar-etzi non egongo garean.

Mendia ez, baina gizona aldakorra da. Gaur olatu gailurrean bagabiltz, kontuz, beherantzakoa laster dator eta. Ez da inor onik, txarrera jo ezin daikeenik; ezta alderantziz ere.

Aldaketa asko, euren bila ibili ondoren datoz; beste asko, bila ibili barik.

Jaunaren Espiritua ere hor dabil, gitxien uste danean brist argi-izpia bihotz erdira. Bihotza aldatzean, gizakia ere aldatu. Lotan ere Jauna gure bila dabil; ilunetan ere bila. Gu iheska gabiltzan orduan ere, Bera gure bila. Azken orduan ere bila. Berak ez dau inor galtzen; norbera galtzen da, okerrean gogortuz. Gaurko Zakeorena entzunda gero, zer esanik izango dogu.

# # #
#
#
# # #

AEbanjelioaren argitan

 

(Lukas 19, 1-10)

Aldi haretan, sartu zan Jesus Jerikon, eta herrian zehar joian.

Bazan han Zakeo izeneko gizon bat, zergalarien buru zana, eta aberatsa. Han ebilen, Jesus zein ete zan ikusi nahirik; baina ezin eban, jentetza handia egoalako, eta bera txikia izan; eta arineketan joanda, basapiko baten gainera igon eban, Jesus ikusteko, handik igaro behar eban eta.

Jesusek, leku haretara hurreratu zanean, begiak jaso eta esan eutson:
- «Zakeo, jatsi zaitez aguro, gaur zeure etxean gelditu behar dot eta».
Zakeo berehala jatsi zan, eta oso pozik hartu eban bere etxean. Eta hori ikusi eben guztiak marmarrean hasi ziran, gizon pekatari baten etxean sartu zalako.

Zakeok, ostera, zutundurik, esan eutson Jaunari:
- «Jauna, nire ondasunen erdiak behartsuentzat emoten dodaz; eta inori bide txarretik ezer kendu badeutsat, beste halango lau bihurtzen deutsat».
Eta Jesusek esan eutson:
- «Gaur sartu da salbamena etxe honetan; hau ere Abrahanen semea da ta. Izan ere, Gizonaren Semea galduta egoana bilatu ta salbetan etorri da».

# # #
#
#
# # #

Gaur eta hemen

 

Zakeo zergalaria zan; bere aldikoentzat agiriko pekataria: harentzat ez zerurik, ez parkamenik. Jesusek, ikusiaz batera, bizi barrirako ateak edegiten deutsoz: “Zakeo, jatsi zaitez aguro, gaur zeure etxean gelditu behar dot eta”. Zer, orain arte erlijio-lekuetatik kanpo ibili dan baten etxera Jesus?

Jesusek bere etxean baino lehen, Espirituak lekua hartu eban bere bihotzean. Nork lagundu eutsan, ba, iko gainera igoten? Zakeok bai topaketa gozoa Jesusekin gau haretan!

Jesusekin topo egitean, bizi barria, martxa barria Zakeoren buru-bihotzetan. Handik aurrrera diruak baino gehiago balio daben ondasun ederragoen bila hasi zan. Lehengo ondasunetatik erdiak eta gehiago banatzeko prest, Jesusek erakutsi eutsazanakaz jabetzearren.

Zer entzun eta bizi izan ete eban Zakeok Jesusen ondoan gau haretan? “Gaur sartu da zoriona etxe honetan”. Horixe da Jesusekin topo egitean datorren loteria. Aprobatu daigun.

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Beti gure zain zagozan Aita errukitsua!
Hauxe da aukera ederra
Zeugaz egoteko eskeintzen deuskuzuna!
Zure isiltasuna bera ere
niretzat grazia-iturri bihurtu eizu.
Badakit Zuk isilean ere
berba egiten dakizula.
Erakutsi eidazu isilik egotea ere
maitasunez egiten dozula.
Nahiz isilik egon, nahiz berba egin,
Zu beti zara Aita,
eta dana geure onerako egiten dozu.
Dana dala, eskerrik asko Zuri,
eta bedeinkatua Zu, Aita!

# # #
#
#
# # #

Otoitz-gunea

 

LAGUN BAT AURKITU DOT

Jesus: Zu beti zara ezustekoa,
itxaroten ez dan laguna aurkitzea lez.
Eta nik aurkitu zaitut.

Ez neban uste hain hurretik Zu ezagutzea.
Baina hurreratu zinan, samaritarrarenagana lez,
eta esan deustazu:
“Emoidazu edaten”.

Zakeori lez, igonda egoan arbalara begiratu zenduan
eta esan zeuntson:
“Jatsi zaitez, zure etxean ostatu hartu gura dot eta”.

Badakizu behar zaitudana,
eta neuk deitu barik helduten zara nigana.
Itzi egidazu bidean Zuri lagun egiten.

Baina, zer dinot gero?, Zu nigaz joan ba zoaz eta,
beti zaitut bideko lagun, egundo aspertu barik.
Ezagutzen nozu eta badakizu zer behar dodan,
bai nire asmoak eta bai nire makaltasunak.
Ezin deutsut ezertxo ere ezkutatu, Jesus.

Neutaz pentsatzea itzi gura neuke
eta Zuri eskeini nire denpora guztia.
Nazan osoa Zuri eskeinita bizi gura dot.
Zoazen lekura zoazela jarraitu gura deutsut.

Baina hauxe esatera ere ez naz ausartzen,
makala naz eta.
Hau Zeuk dakizu nik baino hobeto.
Badakizu zelango buztinez eginda nagoan,
hain hauskor eta aldakor.

Horrexegaitik inoiz baino beharrago zaitut,
Zeuk eten barik zuzendu nagizun,
Zeu izan zaitezan nire eusgarri eta nire atseden.
Eskerrak, Jesus, zure adiskidetasunagaitik!

# # #
#
#
# # #

Bertsoak

 

1

Bazan Jerikon gizona
ta Zakeo eritxona,
txikia zan ta basapikora
lasterka igona.
Nor ete zan Jesus ona
luzaro baten egona,
pozez entzun dau Jaunak
berari esaten deutsona:

2

“Jaitsi zaitez hortik behera
ta zoaz arin etxera,
jakizu, gauez zugana noa
ostatu hartzera”.
Hau pozgarrizko aukera,
ustekabean gainera!
Gauez gurera dator ostatuz
nor-ta Jesus Bera.

3

“Ondo etorri nigana,
zeurea da daukadana”.
Zakeok pozik Jesus Jaunari
atean esana.
“Kaltetan egin dodana
lautan ordaintzen dot dana,
behartsuekin nahi dot guztia
egin erdibana”.

4

“Zakeo, hau poztasuna,
gaur zuk emon deustazuna!
Gaur heldu jatzu zure etxera
zoriontasuna.
Hori da askatasuna,
egiazko ondasuna;
ez jatzu inoiz damu izango
gaur egin dozuna”.

# # #

 

Jainkoaren hitza

 


 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue