Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jainkoaren hitza > Jesusegaz topo

#
#

JESUS eta NIKODEMO

# # #

JESUS eta NIKODEMO

#

# # #
#
#
# # #

Bizitzari begira

 

“Sekula santan ez da holakorik jazo, ezta jazoko ere”, esan ohi da sarri. Kontuz! Pronostiku askok huts egin dabe historian; sasiprofeta askok porrota jaso dabe.

Gero eta aurrerago doa zientzia-bidea, eta hau pozgarria da. Txarrena, zientzialariak euren burua jaungoiko egitea: hortxe joten dabe baztarra eta hor sortzen dira “jaungoikotxo” arteko burrukak.

“Jaungoikoa haina” izan nahia betikoa dau gizakiak, Adanengandik hasita. Are gehiago: Jaungoikoa Bera kontrolatu eta norberaren esanera hezi nahia. Antzeko jokabidea da, erlijio-gaietan, Jaungoikoa lege edo errito artean katigatzea, horma sendoen barruan preso euki nahia. “Itzi deiskula guri geureak egiten; geuk esango deutsagu noiz eta zer egin behar dauan”.

Nikodemo jakintsuari ere holakoren bat suertatu ete jakon?

# # #
#
#
# # #

AEbanjelioaren argitan

 

(Joan 3, 1-8)

Bazan farisearren artean Nikodemo izeneko gizon bat, judutarren lege-gizonetakoa. Etorri zan gauez Jesusegana, eta esan eutson:
- «Rabbi, badakigu Jaungoikoagandik etorritako irakaslea zarana; izan ere, inok ezin daike egin Zuk egiten dozun ezaugarririk, Jaungoikoa ez badauko Beragaz».
Jesusek erantzun eutson:
- «Bene-benetan dinotsut: barriro jaioten ez danak ezin daike ikusi Jaungoikoaren Erreinua».
Nikodemok erantzun:
- «Zelan jaio daiteke bat, zahartu ta gero? Sartu ete daiteke amaren sabelean, eta barriro jaio?».
Jesusek erantzun eutson:
- «Bene-benetan dinotsut: uretik eta Espiritutik jaioten ez danik ezin daiteke sartu Jaungoikoaren Erreinuan. Haragitik haragia jaioten da, Espiritutik espiritua. Ez harritu, esan deutsudalako: "Barriro jaio behar dozue". Haizeak edonondik joten dau; eta entzuten dozu haren hotsa, baina zuk ez dakizu ez nondik datorren, ez nora doan. Holantxe da Espiritutik jaio dan guztia».

# # #
#
#
# # #

Gaur eta hemen

 

Agure bat birjaiotea... ez eutsan makala bota Jesusek Nikodemori!

Topaketa sakona Jesus eta Nikodemoren artekoa! Munduko argitara jaio dan umearen antzeko egin beharrra. Argi dago: Espirituak lagundu ezik, ez dago aldaketa hau egiterik, ezta Jesusekin benetan topo egiterik. Jaungoiko-bizitzaren itsasoan Espirituaren arnas eta guzti sartu behar da, bestelan ito egiten da.

Buru-bihotzen era bateko aldaketa hau Jesusekin topo egiteak dakar. Beragan mundu barri bat aurkitzen da, bertatik dana beste era batera ikusten da. Gure jakituriaren kalkulu eta kontrolak albora itzi behar dira, eta biluzik eta ortozik sartu bere aurrera. Zein maitagarriak eta maitekorrak diran Espirituz birjaiotako gizon-emakumeak!

Sartu gaitezan bizi barrirako prozesuan, badira han-hemen horretarako kristau-alkartetxo egokiak. Zeuretzat da loteria. Zeuk jokatu behar dozu!

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Zeure antzeko semetzat sortu gaituzun Aita samurra!
Emotekoak emon deuskuzuz, Jesus emoterakoan.
Eskerrik asko, Aita, zeureak gaituzu osorik.
Geugan bizi nahi geunke,
“Zu gugan eta gu Zugan” bizi izatearen zoragarritasuna.
Egarri hau gugan sortu dozun Horrek,
asetu eizu Espirituaren bidez
zeure Seme eta gure Salbatzaile Jesusengan.

# # #
#
#
# # #

Otoitz-gunea

 

ZURE BILA DABILENARI IKUSTEA EMON

Beste behin nire bila zatozen une honetan,
nire begien begiradatik solasaldia euki nahi dot.

Hasteko, nireak prestatzen deutsudaz,
gauzak hemendik ikusi dagizuzan.
Ondoren, uste badozu, zureak itziko deustazuz,
Zuk lez, begirada biguna eta gizatiarra
eukiten ikasi dagidan.

Nire begi bi honekin eta honetatik hitz egiterakoan,
IKUSTEA emoten deusten lagun bi lez,
nire bihotza nasaitu egiten da:
pertsonakaz bat egin,
bizitza aurkitu,
itxurak baino haruntzago begiratu...

Zure begiradaz bat egitea
maitasunaren doakotasuna aurkitzea da,
baten batek zaran lez onartu,
eta zarana izaten izten deutsula sentitzea lez da,
beti emoten deutsu aukera barri bat...

Bizitzan zehar IKUSTEN lagundu deusteen guztiei,
ESKERRIK ASKO!

# # #
#
#
# # #

Bertsoak

 

1

Jakintsua ta agintaria
Nikodemo agurea,
baeukan Jesus nor zan ikusi
ta ezagutu gurea.
Hain jainkozale zana
doa Jesusengana,
horra bere ardurea:
“Zu al zaitugu etortzekoa
dan Salbatzaile gurea?”.

2

“Bai, pozgarria da, Nikodemo,
gaurko zure jakin-mina,
baina bizira birjaio ezik
hori bai dala ezina!
Gizona naz aurpegiz,
Jainko Semea egiz,
bardina dan ezbardina...
Hau ulertuko zeunke benetan
ai, birjaioko bazina!”.

3

“Bat jaiotzatik hasita gora
hilten doa egunero,
zelan daiteke barriro jaio
behin aguretu ezkero?
Amaren sabelera
joan behar atzera,
eta handik jaio gero?
Norentzat dira Zuk dakartzuzan
erreinu eta jenero?”.

4

“Nire Erreinuan sartzea ez da
gizonaren meritua,
hori lortzeko behar da egon
bihotzetik barriztua.
Gizonak bai ikusi,
baina Aitak erakutsi
Nigan dagoan sekretua.
Berak nahi dauan harek hartzen dau
Aitaren Espiritua”.

# # #

 

Jainkoaren hitza

 


 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue