Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Jainkoaren hitza > Jesusegaz topo

#
#

JESUS eta EMAUSTARRAK

# # #

JESUS eta EMAUSTARRAK

#

# # #
#
#
# # #

Bizitzari begira

 

Usteak, erdiak ustelak. Beti ere, orbel gehiago hankazpian, sagar-garauak adarretan baino. Gure bizi-esperientzia gozo-garratzez osotuta dago, biak nahastean behar dabe. Ez dago gozorik, garratz pitin bakorik, ez dago garratzik gozo ttantta barik.

Gizaki helduaren ezaugarri ei da honako hau: bizitzako gozo-garratzekin bere burua osotu dauana: ez gozoz mozkortu, ez garratzez erremindu. Beti eragiten deusku gehiago garratzak, gozoak baino.

Hauxe da gogorrena: bizi-zentzuna, arrazoibidea galtzea. Neke-arazoen kontua ez da dana; nork eta zelan hartzen eta bizitzen dauan, asko esan gura dau. Harriak lepora jasoteko besoetako indarra lez, gurutzeak jasatzeko ere gogo-indarra behar. Batean zein bestean sendo-makalean dana.

Ikus Emausko bidean doazenei.

# # #
#
#
# # #

AEbanjelioaren argitan

 

(Lukas 24, 13-35)

Jesusen ikasle bi, Jerusalendik ordu biko bidean dagoan Emaus izeneko herri txikira joiazan. Eta jazo-barri guztietaz alkarregaz berbetan ziharduen. Alkarregaz berbetan eta eztabaidan ziharduela, Jesus berbera hurreratu jaken, eta eurakaz batera joian; hareen begiak, ostera, itsu egozan, eta ez eben ezagutu.

Harek esan eutsen:
- «Zer da bidean dakazuen berbeta hori?».
Eta arpegi ilunez gelditu ziran. Kleofas eritxon biotako batek, erantzunez, esan eutson:
- «Zeu bakarrik zaitugu hain arrotz Jerusalenen, egunotan han jazo diranak ez jakiteko?».
Jesusek erantzun:
- «Zer, ba?».
Eta hareek:
- «Nazareteko Jesusi jazotakoa. Profeta zan, egitez eta berbaz gizon ahaltsua, Jaungoikoaren eta herri guztiaren aurrean; zelan abade nagusiak eta gure agintariak heriotzarako emon eta kurutzean josi eben. Guk, barriz, Israel askatuko ebana Bera zala uste genduan; baina hirugarren eguna da hori jazo zala. Gure arteko emakume batzuk, barriz, harrituta itzi gaitue: goizean goizetik hilobira joan eta Jesusen gorpua aurkitu barik bihurtu ziran; eta bizi dala inoen aingeruak ikusi ei ebezan. Joan ziran gutar batzuk ere hilobira; eta emakumeak esandako lez aurkitu eben: Bera, ostera, ez eben ikusi».

Orduan Jesusek esan eutsen:
- «Bai zentzunbakoak zareela eta profeten berbak sinisteko motelak! Ez eban, ba, Mesiasek hori jasan behar, bere aintzan sartzeko?».
Eta Moisesegandik hasi eta, profetarik profeta, Liburu Santuan Haretaz idatzitako guztia agertu eutsen.

Joiazan herrira heldu ziranean, Berak aurrera joialakoa egin eban. Baina hareek, geldituazo nahiez, arren eta arren inotsoen:
- «Zagoz geugaz; berandu da, eta eguna iluntzen doa».

Eta hareekaz gelditzeko sartu zan. Eurakaz mahaian egoala, ogia hartu, bedeinkapen-otoitza egin, zatitu eta emon eutsen. Orduan edegi jakezan begiak eta ezagutu eben. Bera, ostera, ezkutau egin jaken.

Orduan honan esan eutsoen alkarri:
- «Ez ete genduan sutan gure bihotza, bidean berba egiten euskunean, eta Liburu Santuak adierazoten euskuzanean?».
Eta berehala jagi ta Jerusalenera bihurtu ziran. Han aurkitu ebezan Hamaikak eta euron lagunak esaten:
- «Biztu da Jauna benetan, eta Simoni agertu jako».
Eurak ere adierazo eben bidean jazo jakena, eta zelan ezagutu eben, ogia zatitzean.

# # #
#
#
# # #

Gaur eta hemen

 

"Guk uste genduan..." "Bai zentzunbakoak zareela…!". Hor dago kakoa: bizi-zentzunak huts egin. Lehenagoko uste eta amets gozoak gehiago egin, oraingo errealitate gordinak baino. Baina zentzuna argitu ahala, begi-bihotzak gozatu, bidea laburtu, bizi-poza gehitu... Eta porrotik astunena zirudiana, bete-beharreko eginkizunik ederrena lez ikustea.

Sekretoa ez da bizitzako gurutzea aldatzea, norbera barruko ilunpetik argira aldatzea baino. Egoera bakoitza aztertu behar da, eta ez unean uneko porrotaren azpian gelditu. Horretarako onena: Jesus Berbiztuagaz topo egitea.

Hori da fede-argiaren zentral bakarra. Egoera bardinen aurrean zein jarrera ezbardinak hartzen diran! Zentzundunak ala zentzunbakoak izatea da kontua. Eta non eta zelan aurkitu bizi-zentzuna?

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Gure bide-lagun izatera
zeure Semea bialdu deuskuzun Aita ona!
Argitu eiguzuz gure bihotz-begiak,
beti geure ondoan dogun Jesus ezagutzeko.
Berari entzunaz, Berari jarraituz,
Zeu ezagutu nahi zaitugu.

Emoiguzu zure Berba santuaren egarria,
zure gogoa agertu deiskun
eta gure bizitzako zokondoak argitu deiskuzan.

Gure kristau-alkartearen berotasunean iraun daigula,
munduko bideak amaitzean,
zure Erreinuko Mahaira heldu arte.

# # #
#
#
# # #

Otoitz-gunea

 

ZURE ARGIA, JAUNA

Hainbeste iluntasun artean,
gure eguneroko bizitza zentzunez bete gura dozun
Argia zara, Jauna.
Gaur, zure begirada maitatia
eta errukitsuaren aurrean,
sinpletasunez, apaltasunez eta minez
autortu nahi dogu,
sarritan zure argia amatatu dogula.

Bakarkerian eta solidaritate ezean bizi izanaz,
gugan
eta gure egitasmoetan bakarrik pentsatuz,
zure argia amatatu dogu;
ez gara arduratu
gure mundurako dozun egitasmoarekin,
ezta, lur bardina alkarbanatzen dogun
anai-arrebekin.

Kontsumoaren sareetan jausiaz,
eukitearen menpeko eginaz,
dirua,
segurtasun eta ondo izatearen neurri lez hartuaz,
eta bizitzako gauzarik garrantzitsuena lez
zure argia amatatu dogu.

Taldeetan edo alkartean
bere inguruan ez alkartuz;
zuri entzuteko astirik ez hartuz,
gure alkarbizitza ez zainduz,
zure argia amatatu dogu.

Zure argia amatatzen dogu,
beste gauza batzuk garrantzitsuagoak dirala ta
gure ingurukoei sinismena ez deutsegunean transmititzen;
gure barruan,
zoriona zugandik kanpo dagoela pentsatzen dogunean;
Zure argia amatatzen dogu,
egiz berba egiten ez dogunean,
osotasunez ez garanean bizi.

Zure argia amatatu dogu
“askatasuna”, “zuzentasuna” eta antzeko berbakaz
ahaztu garanean;
gure munduko egituren aurrean
ezer ezin dogula egin pentsatu dogunean;
gure ondar apurra ipinteari uko egin deutsagunean;
gurea dan zerbait arriskatu ez dogunean.

Zure argia amatatu dogu
bizitza eta sinismena bananduz,
gure bizitza zatika apurtzen itziaz,
leku bakotxean era ezbardinez portatuz.
Emoten dau, batzuetan,
nor garan ere ez dakigula,
zertarako bizi garan,
edo zertarako burrukatzen dogun.

Bizitzeko arrazoirik ez dogunean,
itxaropenerako eta poztasunerako arrazoi faltan gagozanean,
zure argia amatatzen dogu.
Baita, gosez eta minez dagozan zaratei gor,
gure barruko hustasunean
ixten garanean
gure ondo izatea galtzeko bildurrez.

Konpromisoa alboratzen dogunean
eta Ebanjelioak guri esateko
ezer ez daukala pentsatzen dogunean,
zure argia amatatzen dogu.

Zugandik hartu dogun argia amatatzen dogu, Jauna,
misiolariak ez garanean,
edo samariar onak,
ez ikasle ezta apostolu,
ez otoizlari, ezta zerbitzari;
zoriontasunen espiritua bizi ez dogunean
eta Gure Aita benetan errezatzen ez dogunean.

Jauna, ikusten dozun lez,
Zure Argia eta zure Parkamenaren beharra dogu.

# # #
#
#
# # #

Bertsoak

 

1

Burumakur ta isilik
gaur Emausko bidean,
biak bakardadean;
ikusiak ikusita
dana dago aidean.
Ezezagun bat sartu da
bien atzekaldean,
eta blaust bat-batean:
"Ze kontu darabilzue
hemen zuon artean?".

2

"Nongo kanpotar zaitugu
zer dan ez dakizuna
gaurko gertakizuna:
Nazareteko Jesusen
azken triste iluna?
Bera Mesias zala ta...
Berak esan euskuna.
Guk emon erantzuna;
gurutzean hil dabe eta
hau da etorkizuna!".

3

"Gaua da ta geldi zaitez,
hartu gugaz ostatu";
eskatu ta eskatu,
eurekin gelditu zan ta
Afaria ospatu.
Bizi zala ohi ebanez,
ogia bedeinkatu
ta eskuz zatikatu...
Orduan ezagutu ta
nahi eben besarkatu.

# # #

 

Jainkoaren hitza

 


 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue