Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Jesusen jarraitzaileak

#
#

Jesusen jarraitzaileak

# # #

Sinisdun batzuen testigantza

Ibilbide barri honen hasieran, "amets" baten deia sentitzen dogu, barruko eraginez. Horra zergaitik hartzen dogun geure gain ERRONKA hau. Eta baleiteke holan hartua izatea beste askoren aldetik ere. Hauxe da gure "ametsa": Berreskuratu, BARRU-BARRUTIK, hainbeste gizon-emakumeen bizitzako testigantzaren esanahia eta balioa; izan ere, gizaldietan zehar eta munduaren zabal-luzean, kristau sinismenaren TESTIGU argiak eta goralgarriak eurok izan ditugu eta.

Batek baino gehiagok uste izango dabe ez gagozala gaur egun "Santu eta Santa" artean denporea galtzeko. Baina... hara ba: gure planteamentua, hain zuzen ere, euren egiazko balioak BERRESKURATZEA da, bestelako zertzelada eta huskeriak alde batera itzita; sarri askotan euren bizitza eta euren mezua sakenetik desitxuratzen dabe ta.

Ikuspegi honetatik begiratuta, errez ulertuko dozu gure planteamentua: Jesusen JARRAITZAILEAK eta Ebanjelioaren TESTIGUAK. Holan hartuta, gaia sustraitik aldatzen da. Guk behintzat, holan uste dogu. Izan ere, "Jesusen jarraitzaile" eta, gainera, "Ebanjelioaren testigu" lez ulertzeak, beste barik, dana bestelako maminez janzten dau. Eta... Jaunari eskerrak, oraindik ez da berandu!

Gure proposamena abiapuntu honetatik hasten da. Ez dagiala inok uste izan, beraz, "ez dakit zelango lantzarrak" jorratzera gatozala. Ez. Gure nahia hauxe dozu: Jesusen jarraitzaile ARGIENETARIKO batzuk berreskuratzera gatoz, Ebanjelioaren testiguak eurok doguz ta. Beti da txalogarria euren aztarrenak gogoratzea eta holan gure bizitza gozatu Maisu eta Jaunaren jarraipenean.

Hauxe da, eta ez besterik, gure Web guneko atal hau jorratzen hastean izan dogun asmoa. Hurreratu nahian hasi gara, ez gero euren biografietara (gehienetan asmakizunez eta ipuinez beterik, batez ere, aintxinakoenak), baina bai euren MEZUETARA, euren bizitzen eragingarrietara, euren erromez bidean benetako "motor" bultzagile izan jaken horretara. Hau da gure asmo bakarra.

Holan dala, KLABE BI dira azpimarratu gura doguzanak: Jaungoikoaren Berbearen argia, gizon-emakume honeen bizitza argitzen dauana; eta, horren ondoren lez, bizi-testigantza horrek nigan sortzen dauan konpromesua, gaur, Jesus eta bere Ebanjelioaren jarraipenean. Klabe biok onartzen ez badira, lakio baten jausteko arriskuan gengokez, eta, gainera, gutzat hutsegite parkaezina.

Klabe bi honeek benetan hartzeak zuzenean eroango gaitu gure bizitza eta gure sinismena OTOITZ GIROAN sartzera. Holan, otoitz giroan hau egitea ez da guretzat alienagarri izango, bestetara baino: jarrera BIZIRA ta EKINTZARA eroango gaitu, gure ibilbidea eta bizitza osoa argituko deusku, baita gure ingurumari guztia ere, eguneroko bizitzan partekide garan "mundutxo" hori, hain zuzen; hortxe izan gura dogu elementu aldagarri, jarrera zintzoa harturik, gizon-emakume horreek erruz eskeintzen deuskuen argitara.

Bideak erakutsiko deusku planteatzen dogun proiektu hau lortzen dogun ala ez. Gure aldetik dagoana jarriko dogu behintzat. Asmo horrek eraginda, Kristau Alkarteak bere hasieratik gizaldietan zehar izan dituan testigurik esanguratsuenak hartuko doguz biderakusle.

  • Horregaitik, Mariaren irudia, bere omenezko hainbat jaien poz-eraginez, eukiko dogu aurrean, bidean zehar goazela, eta baita zuzenean eta benetan Nazareteko Jesusen Barri Onean partekide izan diranak.

  • Era berean, gure begi eta bihotz aurrean izango doguz gure Euskal Herrian bertan gure lekuko Eleizearen Zaindariak, herri honen sinismen-bizikizunean hainbesteko eragina izan dabenak.

  • Gure fedeko anai-arreba Martiriak omenduko doguz, lehenagokoak eta gaurkoak; ezagunagoak eta ez hain ezagunak.

  • Gizonezko eta emakumezko Erlijioso Familien Sortzaileak ere argitara ekarriko doguz, batez ere gure inguruan ezagunago egiten jakuzanak.

  • Gure Kristau espiritualtasunean esanguratsuenak diranak ere nabamenduko doguz, Jainko Herriak hatakotzat ezagutu eta hain maitatzen dituanak, gaur eta hemen gure bideko lagun hartuz.

  • Eta... zelan ez, PASIOTAR FAMILIAKO testigurik esanguratsuenak ere ezagutu eta miretsiko doguz, eurak eskeintzen deuskuen mezua jasoz.

    Eta guzti hau atalka-atalka eginaz joango gara. Ez daukagu beste biderik. Hilero bi edo hiru benetako santutasun-eredu eskeintzen ahaleginduko gara. Hainbat hiletarako arloan sartzen gara. Baina hilero izango doguz eskuartean lagungarri batzuk bai geure bizitza pertsonalerako eta bai geure pastoraltza lanetarako. Hau da gure itxaropena eta gogoa: Jesusen JARRAITZAILEEN eta Ebanjelioaren TESTIGUEN txorta eder hau zuen eskuetan jartzea.

    Holan dala... ekin bideari! Horretan dihardugu guztiok.

  • # # #
     

    Alkartea Ospakizunean

     
    << aurrekoa

     


    bidean@bidean.net
    castellano euskera batua euskera bizkaiera orue