Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Jesusen jarraitzaileak

#
#

EUGENIO BOSSILKOV Dohatsua

# # #

EUGENIO BOSSILKOV Dohatsua

#

# # #
#
#
# # #

Egun honetarako zehaztasunak

 

EUGENIO BOSSILKOV ia geure egunotako martiri bat dogu. Bulgariako Eleizearen aurkako erasoaren biktima da.

Bulgarian, Belen-en jaio zan. Bere gurasoak, Luis eta Beatriz, nekazari katoliko apal batzuek ziran, katolikoak urri ziran Bulgarian, gehiengoa kristau ortodoxoak izanik.

Gaztetxo zala, 13 urtekoa, bere aberriko Ores-ko Pasiotarren Seminarioan sartu zan. Pasiotarrak 1781. urtean heldu ziran Bulgariara, Turkotarren menpe egoala. Bere ikasketak Russeen jarraitu ebazan, ikasle burutsu eta umoretsua agertuz. 1915. urte aldera, ikasketa humanistikoak eta nobiziadua burutu ondoren, erijioso profesa egiten dau 1920. urtean. Belgikan ikasten dau teologia, eta filosofia Holandan. 1924. urtean Bulgariara bihurtzen da eta han hartzen dau abadetza, bere senidez inguratuta, Russe-ko katedralean, 1926. urtean.

Hurrengo urtean, nagusiak Erroma-ko Ekialdeko Instituto Pontifikalera bialtzen dabe ikastera; besteak beste, zazpi hizkuntza ikasi ebazan. Pertsona edegia zan, ortodoxoen artean ere ezaguna eta preziatua izan zan, baita fedebakoen artean ere.

Buruz eta bihotzez hain ondo jantzita, bere aberrira bihurtzen da, Eleiza Ortodoxokoekaz hartuemon estuagoak sortu ebazan, ekumenismorako bideak zabalduz (Ekialdeko eta Mendebaldeko Eleizen artean alkarganatzeko giroa sortuz). Katoliko alkartetxo baten parroku ardurea hartu eban, bertako eleiztarrei karinoz lagunduz, batez ere umeei eta baztartuei. 1940. urtean, Bulgaria Hitlerren erasopean jausi zan eta judutar asko salbatu ebazan nazitarren atzaparretatik.

1946. urtean hil zan Telen gotzaina eta Eugenio izendatu eban ordezko, Russe-ko katedralean urriaren 7an sagaratua izan zan. Baina Bulgarian indarrean egoan jazarpena. 1948. urtean Bossilkov gotzainak lortu eban Erroma-ra joateko baimena, Pio XII.ak pozik hartzen dau, beragaz alkarrizketa zabal eta luzea izanez. Urriaren hasieran Bulgaria-ra bihurtzen da.

Gogo beroz sartzen da bere lanera, esanez: “Ez daukat bildurrik. Nik neure buruari begira unetxo baten ere ez dot zalantzarik eta etorri leitekenik okerrenerako ere prest nago”. Bere pastoraltza lanean ziharduala, berehala konturatu zan herriaren premina gorriaz, baita komunismoaren zapalketaz; eta herriaren alde jarri zan, gorputz eta espiritu bizitzari eusteko, horreek ziran, izan ere, bere herriaren beharrizan gorriak: horretarako Herri Misinoak antolatu ebazan.

Berehala sortu zan kleroaren aurkako erasoa, abadeak erbesteratzea, eleiz ondasunak konfiskatzea, baina berak Ebanjelioa iragarteari gogor ekin eutson, horretarako eleiztarrentzat otoitzaldiak eratuz. Erasoa gogortzen joialarik, berak holan eratzun eban: “Bizitzeko adorea izan dot, txarrenaren aurrean ere izatea espero dot, Kristori, Aita Santuari eta Eleizeari leialki jarraituz. Ezarri jakun legea onartezina da. Otoi nire alde”.

1952. urteko uztailaren 16an esku ezarri eutsoen Vatikanoren aldeko espioitzat eta estatuaren aurkako konspirazotzat salatuz. Presondegiko bizitza itzelezko miseriz, irainez eta arazoz beterikoa izan zan. Irailaren 29an zabaldu zan bere aurkako prozesu faltsua, eta fusilamenduz hiltera kondenatua izan zan. Kondena jaso ondoren, senitartekoei unetxo batez bisitatzeko eskubidea emoten jake. Ezagutu ezineko eran dago. Epaia 1952. urteko azaroaren 11an bete zan. Ofizialki, Bulgariako Estatuak bere heriotzaren barri 1975. urtean emon eban, hau da, hilda 23 urte geroago.

Joan Paulo II. Aita Santuak “Dohatsu” autortu eban 1998. urteko martxoaren 15an.

# # #
#
#
# # #

Jaunaren Hitzaren argitan

 

(Lukas 9, 18-22)

Jesus bakarrik otoitzean egoala Hamabien aurrean, honan itandu eutsen:
- «Ni nor nazala dino jenteak?».
Hareek erantzun:
- «Batzuk, Joan Bateatzailea; besteak, barriz, antxinako profetaren bat biztu dala».

Berak, orduan:
- «Eta zuek, nor nazala dinozue?».
Pedrok erantzun eutson:
- «Jaungoikoaren Mesias».
Baina Jesusek inori ez esateko agindu eutsen zorrotz. Eta esan eutsen:
- «Beharrezkoa da Gizonaren Semeak neke handiak eroatea: zaharrak eta idazlariak baztartu egingo dabe eta hil; baina hirugarren egunean biztu egingo da.

Eta Jesusek esan eutsen guztiei:
- «Nigaz etorri nahi dauanak uko egin begio bere buruari, hartu begi egunero bere kurutzea, eta jarraitu beist. Izan ere, bere bizia salbau nahi dauanak, galdu egingo dau; baina bere bizia Nigaitik galtzen dauanak, salbau egingo dau. Zertarako dau gizonak mundu guztia irabaztea, bere bizia galtzen eta hondatzen badau?».



(Joan 10, 11-18)

Aldi haretan, Jesusek honan esan eutsen farisearrei:
- «Neu naz Artzain ona. Artzain onak bere bizia emoten dau ardiakaitik. Morroiak, ostera, artzaina ez danak, ardiak bereak ez dituanak, ikusten dau otsoa etorten, eta, ardiak itzita, iges egiten dau; otsoak harrapau eta sakabanatu egiten ditu, morroiak ez daukalako ardien ardurarik.

Neu naz Artzain ona; ezagutzen dodaz neure ardiak, eta nireak ezagutzen nabe Ni; Aitak Ni ezagutzen nauan lez, eta bardin Nik Aita. Gainera neure bizia emoten dot Nik ardiakaitik. Badaukadaz artegi honetakoak ez diran beste ardi batzuk; honeek ere ekarri beharra daukat; entzungo dabe nire abotsa, eta artalde bakarra izango da, eta Artzain bakarra.

Aitak horregaitik maite nau: neure bizia emoten dodalako, barriro hartzeko. Ez deust inok kentzen, Neuk emoten dot neure gogoz. Neure esku dago bizia emotea, eta neure esku barriro hartzea: agindu hau hartu dot neure Aitagandik».

# # #
#
#
# # #

Gaur gure txanda

 

Kristau Alkartearen historiari zuzentzen deutsogun begirada baketsu eta kontenplakor batez, gizon eta andra batzuekaz topo egiten dogu, egoera larri eta gogorrenetan ere, bai lehenago eta bai gaurko egunean ere, ZINTZOTASUNEZ erantzuten jakin dabe, benetan sakona eta zoragarria, euren kristau sinismenari, Nazareteko Maisuaren jarraipenean. “Bide” eta “era” ezbardinetatik Ebanjelioari eta bertako KLABEAK betetzeari euren bizitzako testigantzaz erantzun deutse. Horren bila gabiltz.

Gaur geure aldiko eta hurreko pertsona bat proposatzen jaku, egoera jakin eta latzetan, fede oinarriakaz bat eginda: Nazareteko Jesusen LEKUKO da eta hori azken mugaraino eroanda, leialtasunez bizia emonez. Hau da EUGENIO BOSSILKOV, Pasiotar erlijiosoa, bere jaioterri Bulgariako kristau alkartearen ARTZAIN izateko kargua onartu ebana hain giro arriskutsuan, eta sinismenaren aurkako eraso gogorrari arpegi emonez.

Hor doguz Maisuaren berbak, “Jarraitu gura deustanak, uko egin begio bere buruari, hartu begi bere eguneroko kurutzea eta jarraitu beist”, gaur egungo Kalbarioko gailurrean egi bizi bihurtzen da. Hori gitxi balitz, 23 urtez “desagertutzat” emonda egotea; bere martiritza isiltasunez ilunean gorde zan, bardin bere bizitza “Kristori, Aita Santuari eta Eleizeari leialtasunez eskeinia”, Eugenio beraren berbaz. Hona hemen LEKUKO baten testigantza, martiritzaz gorri.

Erlijioso bat dala azpimarratzen dogu, “Kalbarioko Eskolan” ondo landua, Pasiotarren KARISMAZ halakotua izanik. Horrez gainera, lekuko Eleizan gorputz eta arima errotua. Ez da apartekorik ezer, baina bere herriko ARTZAIN-bokazinoz ornidua. Hor nabarmentzen dira bere ekintzak, delituzko ekintzak lez hartuak, aurrean darabiltzanen alde jokatuz, edo-eta edozeinen aurrean “arpegi emonez”, pertsona guztien eskubideak zainduz, nahizta horrek arriskuak ekarri, Eugenio Bossilkovi jazo jakon lez.

Hona hemen Nazareteko Maisuaren proposamena, “ikasle maiteak” batu eta eskeintzen deuskunez, gure martiriaren bizitza eta ekintza danak argitzen dituana: “Artzain onak bere bizia emoten dau ardiakaitik...”; Nik neure bizia emoten dot ardiakaitik...”; “Aitak horregaitik maite nau: neure bizia emoten dodalako, barriro hartzeko. Ez deust inork kentzen, Neuk emoten dot neure gogoz…”; “Agindu hau hartu dot Aitagandik”. Hona hemen Ebanjelioari, Aita Santuari eta bere inguruko Eleizeari eta anaiarteari eskeinitako bizitza baten LABURPENA.

GAUR eta HEMEN, gu geu aurkitzen gara bizi-testigantza honen aurrean; testigantza harrigarria eta gaur egungo fededunentzat ere baliogarria. Baleiteke gure ingurumariko gizarte eta politika egoerak hain larriak ez izatea, baina gaur ere badira TESTIGANTZA BIZI bat behar daben egoerak, Nazareteko Maisuaren proposamenen aurrean zintzoak izan gura badogu eta Berak eskeintzen deuskun Ebanjelioa bizi bihurtuz, gaurko munduari eskeini.

Gure bizi-bidean sortzen jakuzan itaunak eta kezkak, askotarikoak dira eta sakonera eta garrantzi haundikoak. Gaurko kultur-giroan, askotariko proposamenen aurrean, Nazareteko Jesusen jarraitzaile bat, adore eta bihotz sendoa behar dituen aukerak egitera behartzen dabe. Izan ere, gure kultureak, bizitzako alderdi askotatik begiratuta, bizi dauan “krisiak”, behin baino gehiagotan, ausardi haundia behar daben ERANTZUNAK eskatzen ditu; eskatu ere, bizikera batzuek ukatzea eskatzen dau, eta pertsona askogaz SOLIDARITZAZ jokatzea, ez sinismenaren aurkako egoerak diralako, baina bai pertsona askok bizi ahal izateko eta maila askotan zanpatuta dagozanak duintasunez baliatzeko egoera larriak ugari diralako.

Hori dala-eta, “begirada” honeek uste baino gehiago lagundu ahal deuskue geuk bizi doguzan egoera batzuen aurrean itauntzen eta egoera horreetan dagozanakaz dogun jarrereaz kezkatzen, erantzun hobearen zain. Eugenio Bossilkovek bai jakin ebala, bere sasoian eta bere inguruan, Nazareteko Jesusen KLABE barruan koherentziz jokatzen. GU GEU gauza al gara GAUR eta HEMEN Maisuaren proposamenen TESTIGU izateko?

Hemen geratzen jaku itauna erantzunaren zain. Uxala gure hurreko inguruak behar dauan TESTIGANTZA emotera heltzen bagara eta, gainera, berehala. Izan bihotz!

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Ene Jainko on eta samurra,
seme-alabok hain maite gaituzuna,
eta, horregaitik, zure Seme maiteagan
eta hainbeste testigu eta jarraitzaileengan
ezagutzera emoten deuskuzu,
dana emoteraino heltzen dan
zure maitasun horren edertasuna eta haunditasuna,
zure bihotzarentzat opari atsegingarri.

Gaur, Aita, zure Eleizearen zerbitzari eta artzaina,
Ebanjelioko balioen aldeko testigutzan
bere bizia emon eban
EUGENIO BOSSILKOV dohatsua gogoratuz,
emoiguzu, arren, onartu daigula bere konbidapena
zure Seme maitearen KLABEAK bizitzen,
horrela Ebanjelioaren TESTIGU BIZIAK izan gaitezan,
eta gaurko munduari eta gure kultureari
bizi bete eta barriaren zure proiektua eskeini.




















MAITE ZAITUDALA BADAKIZU

Jauna, maite zintudana badakizu,
eta maitatzen jarraitzen dodala;
maite zaitudala badakizu.

Nire haundikeri eta harrokeria izan arren,
nire bildur eta hutsegiteak izan arren,
maite zaitudala badakizu.

Sarritan nekatua eta baztertua izan arren,
buru gogorra izan arren,
maite zaitudala badakizu.

Jende artean ikustea erreza izan ez arren,
pobre jantzita ikustea kostatzen jatan arren,
maite zaitudala badakizu.

Sinismen dudak izan arren,
nire itxaropena bada-ezpadakoa,
eta nire maitasun norberekoia,
maite zaitudala badakizu.

Egun batzuetan mihinluze izan arren,
beste batzuetako gogorik eza eta arduragabekeria,
nire oinak nekatuta izan arren,
nire eskuak zikinak,
eta nire aurpegia itxura bakoa,
maite zaitudala badakizu.

Nire izatea onartzea kostatu izan arren,
Zuk esana beti ulertu ez arren,
guzti hau korapilatsua dala ikusi arren,
maite zaitudala badakizu.

Jauna, maite zaitut,
Zuk aurretiaz maite ninduzulako
eta ez ninduzulako ukatu,
zakar eta hauskorra izan arren.

Jauna, maite zaitut,
nagoen lekuan
eta daukadazan ahalbideekin
zure ondoan, izatea emonez,
nirekin fiatzen zaralako
eta anai zerbitzura dei egin.

# # #
#
#
# # #

Bertsoa

 

Gaur Eugenio Bossilkov dogu
Jesukristoren testigu,
bere odola emoteraino
heldu zala badakigu.
Hor zan dan martiria,
Kristoren agiria;
guretzat dei bat bekigu.
Ez kalean ta ez espetxean
inun ere ez katigu.

# # #
 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue