Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Jesusen jarraitzaileak

#
#

PIO CAMPIDELLI Dohatsua

# # #

PIO CAMPIDELLI Dohatsua

#

# # #
#
#
# # #

Egun honetarako zehaztasunak

 

Romagnan jaio zan, Poggio Berni-ko Trebbion, 1869ko apirilaren 29an. Bost semeetatik hirugarrena da, Luis izenez, geroago senitartean Luisito deitua. Jaiotegunean bertan bateatua izan zan. Jose Campidelli eta Filomena Belpani gurasoak baserritarrak dira. Familia baketsu da, labrantza lanetara emona, Jainkozale zintzoa.

Bost urteko zala hartu eban Sendotza eta hamabigaz Gure Jauna. Askoren arteko mutikoa bat zan, baina guztiz zintzoa. Otoitz egiten eban besteen alde. Egunero doa mezara, bide luzea ibiliz; etxeruntzean, lagunei katekesia emoten deutse. Batzuek adarra joten eutsoen, santujaletzat hartuz; gehiengoak ontzat dauke eta benetan estimatzen dabe. Luisitoren joera txalogarri honetan amaren eragina nabarmentzen da.

Hur-hurrean, S. Arcangel-en dagoan Santutegitik Pasiotar Misiolariak heltzen dira herrira. Luisitok 10 urte daukaz, bere amagaz doa misinoetara eta eurakana erakarrita sentitzen da. Halako “zerbait” sentitzen dau barruan eta Pasiotar izatera deitzen deutso, eta berak pozik onartzen dau. Komentuko Nagusiari agertzen deutso bere gogoa, baina bere eskaria ezin dau bete 14 urte baino lehen.

1882ko maiatzaren 2an sartzen da komentuan; maiatzean bertan janzten dau erlijioso jantzia. Sei hilabete bakarrik egongo da bere jaioterritik urrun, Soriano-ko San Eutizio komentuan nobizio. Gero Casale-ra bihurtuko da hasierako ikasketak eta teologia ikastera, abadetzarako prestatuz. Bai nobizio lez eta bai ikasle lez eredugarri izan zan; aintzat hartua izan zan bere barrutasun sakonagaitik, bere erabateko obedientziagaitik eta bere agiriko eta barruko jarkerakaitik. Andra Mari zale sutsua zan.

Baina, zoritxarrez, gorpuzkera makalekoa da, eta 1888an, birikietako minaren seinaleak agertu jakozan; horrek eroango eban heriotzara. Hau da gazte askoren gaixotasuna. Piok heriotza onartzen dau Jainkoaren esanera jarriz, “bere bizia Eleizearen, Aita Santuaren, Kongregazinoaren, pekatarien eta bere Romagna maitearen alde eskeiniz”.

Egoera horretan egoala, bisitatzera joan jakon amari dinotso: “Izan bihotz, ama, paradisuan alkartuko gara”. 1889ko azaroaren 2an hilten da, 21 urteko zala.

1985ko azaroaren 17an, Joan Paulo IIak “Dohatsu” autortzen dau eta Pasiotar gazte hau esaldi esanguratsu honeekaz deskribatzen dau:

“Gaztediaren Nazioarteko Urtean jaso dogu altare gainera San Luisen Pio anaia, gazte jatorra, “gatz gozagarria” lez, bere lurraren eta bere herriaren alde emon dau bizia. Pio anaiak honetan aurkitu dau bere bizitzako oinarrizko balioa: bere buru-eskeintzan. Bere bizitzaren barruko alderdi hau, batez ere, bere heriotzako orduan nabarmentzen da: bere azkena gainean dauala ikustean, Jaunaren nahia betetzera gogo betean jarri zan. Txikitatik agertu eban otoitzera, eta liturgiarako joera, kristau ikasbidera gogo beroz jo eban, familiako giro beroak lagunduz. Pasiotarren Kongregazinoan sartu ondoren, aukerako giroa aurkitu eban bere Jainko egarria asetzeko eta beste askori ere horretara eragiteko abade egin ondoren. Baina ezin izan zan abadetzara heldu, Jaungoikoak 21 urteko zala Beragana deitu eban-eta. Pasiotarrak dauken boto berezia: “Jesusen Nekaldi eta Heriotzaren oroitzapen iraunkorra egitea”, berak bere izate osoa horretara zuzendu eban, gorputz eta arima hartu eban Kongregazinoaren erlijioso boto berezia betez. Familia behartsu bateko seme izanik, osasun makalekoa zan, adimenez normala; baina ez eukan hori zoritxartzat, gitxiago frustraziotzat bere pobretasuna eta mugatasuna; hori barik, eukanagaz eta zanagaz gorengo maila hartu eban. Horregaitik izan da eredugarri bizitzan ezagutu ebenentzat eta holan jarraitzen dau bere testigantza argitsura hurreratzen diran guztientzat”.

# # #
#
#
# # #

Jaunaren Hitzaren argitan

 

(Joan 15, 9-17)

Aldi haretan, Jesusek honan esan eutsen bere ikasleei:
- «Aitak Ni maitatu nauan lez, holantxe maite izan zaituet Nik. Zagoze nire maitasunean; nire aginduak beteten badozuez, nire maitasunean egongo zaree; Neu ere, Aitaren aginduak beteten dodazalako, Haren maitasunean nagoan lez.
Hau esan deutsuet, nire poza zuokan izan dadin; eta bete-betea izan dadin zuon poza.

Hauxe da nire agindua: maitatu dagizuela alkar, Neuk maite izan zaituedan lez. Ez dago maitasun handiagorik, norberaren bizia adiskideakaitik emotea baino. Zuek nire adiskide zaree, Nik agindua beteten badozue.

Orain ez deutsuet gehiago morroi esaten, morroiak ez dakialako ugazabak zer egiten dauan. Adiskide esaten deutsuet, Aitagandik ikasi dodan guztia adierazo deutsuedalako zuoi.

Ez nozue zuek aukeratu Ni, Neuk aukerau zaituet zuek; eta ezarri zaituet, joan zaitezen eta frutua emon dagizuen, eta zuen frutuak iraun dagian, Aitari nire izenean eskatzen deutsazuen guztia emon deizuen.

Hauxe agintzen deutsuet: maitatu daizuela alkar».

# # #
#
#
# # #

Gaur gure txanda

 

Hemen gara barriro, geure ibilbidea begirada sakonez eginez eta Nazareteko Jesusen jarraitzaile zintzo batzuek aurkituz, gaur Pasiotar gazte bategaz egiten dogu topo. Merezi dau beragana hurreratzea eta bere bizitzan nabarmentzen diran balio batzuekaz jabetzea; ondoren geure bizitzara ekartea, Maisuaren jarraipenean gure bizitzaren KLABE izatera heldu daitezan.

Pio Campidelli gogora ekarriz batera, hauxe da lehenengo aurkitzen doguna eta harritzen gaituana: Jainkoa pertsona “txikiakaz” baliatzen dala, aparteko dohai bakoakaz, bere “arte-lana” egiteko. Hau da, bere denporako gaztetxo bat, sasoiko baliabideak erabiliz eta bere asmoak bete barik, gainera: erlijioso izanaz gainera, abade izatekoa, Ebanjelioaren Barri Ona bihotz garbiz bila dabiltzanei iragarriz.

Horregaitik, Pasiotar erlijioso gazte honek ez eban “apartekorik ezer” egin, hauxe baino ez: abadetzarako prestau gogo beroz eta ahaleginez, baina Jaungoikoak bere gaztetasunean bizia eskatu eutson eta, ezertariko zalantza barik, bere eskeintza egiten dau, “bere bizia Eleizearen, Aita Santuaren, Kongregazinoaren, pekatarien, bere Romagna maitearen alde eskeiniz”. Entzun dozuna! 21 urte baino ez, baina Pioren sinismen frutua helduta egoan, behar zanerako eskeintzeko. Benetan inbidiagarria!

Ezelango zalantza barik, hemen aurkitzen dogu “KALBARIOKO FRUTUA”. Familiatik ekarren sinismen xumean hezita, orain Pio Pasiotar Familiako karismaz heldu eta sendotzen da. Kurutziltzatuagana begira eta han aurkitzen dauan guztiak Maisuaren jarraitzaile zintzo bihurtzen dau. Jesusek ere bere bizia emoten dau, oraindik gazte zala. Piok jo ta ke dihardu Haren antza hartzen, sinismen sendoz Haren jarraitzaile agertuz.

Horrez gainera, bere espiritualtasunean Jesusen Ama Mariaren irudiko egin zan, Beragandik ikasi eban Jaungoikoaren asmoetara jarten eta holan biziteko konbitea onartuz. Horra, gazte honek ere Mariaren “FIAT” beretzat hartzen dau: Jaungoikoaren nahia eta asmoak onartzeak merezi dauala, nahizta guztiz ulertu ez.

Horregaitik, bete-betean dator beretzat, Pio Campidelliren jaiegunerako aukeratu dan Ebanjelioko pasartea. Izan ere, gazte honek bere barru-hondoan sentitzen ditu Maisuaren berbak: “Aitak maite izan nauan lez, holan maite izan zaituet Nik ere, Nire aginduak beteten badozuez, nire maitasunean iraungo dozue; Nik ere nire Aitaren aginduak beteten dodazan lez eta maitasunean iraun”. Alde batetik xumea eta xinplea, eta bestetik ederra eta harrigarria. EBANJELIOKO XUMETASUNA da bere osotasunean eta erradikaltasunean biziz. Pio gaztea holan bizi da eta, gainera, itzelezko poztasunez.

Era berean, “ikasle maitearen” esperientziak durundi egiten deutso bihotzean; Maisuaren hur-hurrean bizi eta besteengana indartsu eta gozatsu zabaldu eban durundia: “Ez zaree zuek Ni aukeratu nozuenak, Neuk aukeratu zaituet zuek, eta joan eta frutu emon dagizuen bialdu zaituet, eta zuen frutuak iraun dagian”. Maisu berberak MISINOA konpartitzeko deitu eta aukeratu dauala sentitzea... errazoirik asko da, Piok bere bizitzako urte apurrak hainbesteko indarrez eta zintzotasunez biziteko.

Hauxe da errazoi bakarra, bai Kristau Alkarteak eta bai Pasiotar Familiak gazte hau Maisuaren jarraitzailetzat eta imitagarritzat eskeintzeko. Izan leiteken xumetasunik haundienaz, hori eta gehiago eginaz bizitzea merezi dauala “dinosku” eta eskeintza iraunkor horretara burua jartzea. Bere sasoiko heziketa estiloa jarraituz, Jaungoikoaren nahia onartuz, “bere bizia Eleizearen, Aita Santuaren, Kongregazinoaren, pekatarien, bere Romagna maitearen alde eskaini”.

Ebanjelioaren freskotasuna bizi ahala aurkitzea bitxia eta harrigarria da, nahizta bizitzako bideetan “baliabideak” xinpleak izan. Pio Campidelli da gertaera honen lekuko. Hori dala eta, bere bizitza eta buru-eskeintza eredugarri dira guretzat, baita gaurko kulturgiroan ere.

HEMEN eta GAUR gu ere konbidatuak gara Ebanjelioa bere sakontasunean bizitzera. Egia esan, beste kultur eta erlijino-giroa dogu gaur, eta beste “baliabide” batzuekaz agertu beharko doguz, Pio gaztearengandik guztiz ezbardinak. Baina, gaur ere, “Kalbarioko Eskolan” ondo hezita, gaurko munduari eta anai-arreben alde eskeini geinke gure bizitza, nahizta “pobrea” eta durundi haundibakoa izan, baina gehiago ezinbesteko onuraz beterik.

Pasiotar erlijioso gazte hau begi aurrean dogula, gure bizitzako eskeintza pozik egitera eroan behar gaitu, bateko zein besteko bizimodua izan, eta “geure burua eskeintzearen” ezaugarri izan gaitekez, Joan Paulo II. Aita Santuaren berbak erabiliz.

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Jaungoiko Aita ona,
bihotz garbia eta xumea maite dozuna,
eta zure maitasunera zabaltzen diran pertsonei
holan harrigarriro bizitzeko dohaia emoten deutsezu,
eta guzti hori eskeini deuskuzu, inoiz ez lez,
zeure Seme maiteagan.

Aita,
eskerrak emoten deutsuguz
PIO CAMPIDELLI,
Pasiotar gazte haugaitik,
gaztaro ederrenan eskeini jatzun
zure maitasunezko asmoetara,
bere bizia eskeiniz opari atsegingarri lez.

Egin gagizuz berak bizi izan zan lez biziteko gai,
sentzilotasunez, baina bihotz zabalez,
eta holan izan gaitezan
Ebanjelioaren maitasun testigu biziak;
holan euren bizitzako bide bila dabiltzanak
gugan aurkitu dagien BIZI-BIDE hori,
Zuk zeure seme-alabentzat gura dozuna,
beti eurentzat ONENAREN bila zabiltz-eta.
























JESUSEN ERRONKAK

Ahalegintzen naz eta dinostazu: parkatu!
Bildur naz eta dinostazu: izan bihotz!
Ezbaian nago eta dinostazu: fiatu zaitez!
Urduri nago eta dinostazu: lasaitu!
Bakardadea nahi dot eta dinostazu: etorri eta jarraitu!
Planak egiten dodaz eta dinostazu: itzi egizuz!
Ondasunak bilatzen ditut eta dinostazu: itzi bertan behera!
Ziurtasuna bilatzen dot eta dinostazu: ez deutsut agintzen ezer!
Bizi nahi dot eta dinostazu: emon zure bizia!

Ona izan nahi dot eta dinostazu: ez da nahikoa!
Buruzagi izan nahi dot eta dinostazu: zerbitu egizu!
Agindu nahi dot eta dinostazu: esana egin!
Ulertu nahi dot eta dinostazu: sinistu!
Argitasuna nahi dot eta parabolak kontatzen deustazuz.
Olerkia nahi dot eta gertatutakoak dinostazuz.
Lasaitasuna nahi dot eta arduratsu izateko eskatu.
Indarkeria nahi dot eta bakea da zure hitza.
Ezpata atara eta dinostazu: gorde egizu!
Mendeku bila nabil eta dinostazu: emon beste aurpegia!
Bake zale izan gura eta dinostazu: ezpatea ekartera etorri naz!
Bakegile izan nahi dot eta dinostazu: lurrera sua ekartera etorri naz!
Ezkutatu nahi dot eta dinostazu: izan argi!
Lehen tokiaren bila nabil eta dinostazu: azkeneko jarri!
Agertu nahi dot eta dinostazu: ezkutuan egin otoitz!

Ez! Ez zaitut ulertzen Jesus.
Zirikatzen nozu. Nahastatzen nozu.
Zure ikasle askoren antzera
beste irakasle bat argiagoa eta gitxiago eskatzen dauana nahi dot.
Baina Pedrorekin batera autortu beharra daukat:
beste inork ez daukaz betiko bizitzarako hitzak.

# # #
#
#
# # #

Bertsoa

 

Gaur Pio Campidelli
pozten gaituzuna,
Pasiotar gaztea
ez hain ezaguna.
Egintza txikietan
zan zure jarduna,
baina haundi beroa
zure maitasuna;
hor nun lortu zenduan
zuk santutasuna.

# # #
 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue