Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Jesusen jarraitzaileak

#
#

San INOCENCIO CANOURA ARNAU

# # #

San INOCENCIO CANOURA ARNAU

#

# # #
#
#
# # #

Egun honetarako zehaztasunak

 

Goiz haretan, Eukaristiako ospakizunean buru egiten eban abadearen parte hartzea benetan hil-bizikoa izan zan. Aita Inocencio Canoura altare aurrean egoan eta Eukaristia ospakizuna Eskeintza aldian egoan. Une haretantxe, hain zuzen ere, zoritxarreko kolpe biziak entzun ziran eleizako atean. Abadea behingoan konturatu zan zer etorren gainera: ondo baino hobeto ekian une haretako politika giroa. Ogi eta ardauagaz batera bere burua eskeini eban, Jaunari indarra eskatuz azken testigutza emoteko. Jaunak entzun eta emon egin euston behar eban grazi indarra. Asturiasko iraultza aldian izan zan Inocencio Canouraren martiritza, orduan jausi zan, baina egundoko adorea emonez eta izena irabaziz. Baina martiritza ez dator itsumustuan. Inocencio eguneroko bizitza arrunt eta zintzoan prestatu zan horretarako.

Santa Cecilia del Valle de Oro-n jaio zan (Galizian, Mondoñedo Eleizbarrutian), 1887. urteko martxoaren 10an, baserritar batzuen familian. Manuel izenez izan zan bateatua, geroago Nobiziaduan INOCENCIO izenez aldatu eban.

Pasiotar misiolariak emondako Misinoetan ezagutu ebazan Pasiotarrak, eta euren artean sartzea eskatu eban. Inguruko Mondoñeko komentura lagundu eutsoen, bertako erlijiosoekaz berba egiteko asmoz bakarrik. Gazteak, barriz, ez dau etxera bihurtu gura; bere erabagian hain sendo egoanez, bere guraria beteten itzi eutsoen. Eta beste barik, Deustu-ko Seminarioan sartu zan.

1902. urtean Peñafiel-en (Valladolid) aurkitzen dogu urte biko ikasketak eginez; 1904an, barriro Deustura bihurtu zan Nobiziadua egitera. Nobiziadu urtean hartu eban Sendotza sakramentua; eta 1905. urteko uztailaren 27an Erlijioso Profesa egiten dau. Ondorengo ikasketak Corellan, Mondoñedon eta Mieresen egiten ditu. Eta 1913. urtean abade ordenatu zan Oviedon, 26 urte ebazala.

Ondoren Pasiotar ikasleen irakasle sartzen da, filosofia, teologia eta letrak irakatsiz. Maisu argia zan, gazteentzat ulerkorra eta hurrekoa. 1922. urtera arte irakaskintzan emon eban. Handik aurrera sermogintzara jo eban. 1923. urtean, Espainian pasiotarren Probintzi barri bat sortzen da, “Odol Baliotsuarena” deritxona. Inocencio bertan gelditu zan.

1934. urteko irailean, martiritza baino hilabete aurretik, Aita Inocencio Mieres-era bihurtu zan Asturias-ko meategi lurralde arriskutsuetara, aurretiaz baina ezagutua eta maitatua izan zan lekura. Alkartean 29 erlijioso bizi ziran, euretarik 17 ikasle gazteak. Politika giroak muga guztien gainetik etorren eta giroa erlijiosoen kontrako zitalkeriz bete zan.

1934. urteko urriaren 5an, gauzatu zan ingurugiroan susmatzen zana. Asturias-en 30.000 jagi ziran gora-goraka: baina sinistedunak, bai abadeak eta erlijiosoak ezkumako alderdikotzat jo ebezan eta euren kontra jagi ziran amorru biziz. Bezperara arte, Pasiotar Erlijiosoak eguneroko arazoetan emon eben eguna. Aita Inocencio Turon-era doa, meategi lurraldera, Kristau Eskoletako Anaien ikastetxean gazteak autortzera, hilaren lehenengo barikurako prestatzeko asmoz: berandu ere bazan eta arriskutsua zan gauez ibiltea: horregaitik gaua bertan igarotea erabagi eban.

Hilaren 5an goizean goizetik jagi zan eta Eukaristia ospatu eban. Mezako Eskeintza aldian, han ziran iraultzaileak: Jaunak bere eskeintzan partekide hartzen ditu martiriak. Eta zetara joten daben: “faszisten eta katoliku ekintzakoen armen bila ibili dira”. Aita Inocencio eta Kristau Eskoletako Anaiak, alkarteko 8 erlijiosoak, atxilotzen dabez eta “herriko etxera” daroez.

Guztiak agertu ziran bakez eta adorez beterik. Otoitzean jardun eben, Kristogaz laster bat-egiteko prestatzen dira, zer jatorken begi-aurrean euken-eta. Lehenengo eguna ezertxo jan barik emon eben. Gerotxoago, inguruko emakume on batek eroan deutse janari pixka bat, eta bakez eta sakrifiziorako prest aurkitu ebazan. Aita Inocencio, eurakaz egoan abade bategaz autortu zan eta beste martiri lagunak autortu ebazan. Ondo baino hobeto dakie abade eta erlijiosoak diralako hilgo ebezala.

Aita Inocenciok egun horreek otoitzean eta idazten emon ebazan. Baina laster dana kendu eustsoen eskuartetik. Urriaren 9ko gauerdiko ordu-batak aldera, hilerrira eroan ebezan, aurretiaz zulo haundi bat eginda euken ondora. Barriren barri Parkamen keinua alkarri emon eta martiritzara doaz ahopean otoitz beroa eginez. Errezkadan ipini dabez guztiak zulo ondoan eta, ondoren, fusilatuak izan ziran.

Martirien gorpuak berehala hobitik atera ebezan. Kristau Eskoletako 8 Anaiak Bujedo-ra (Burgos) aldatu ebezan, baina Aita Inocencio Miereses-era, bere anaien ondora. Joan Paulo II. Aita Santuak beatifikatu ebazan 1990. urteko apirilaren 29an, eta kanonizatu 1999. urteko azaroaren 21an.

# # #
#
#
# # #

Jaunaren Hitzaren argitan

 

(Mateo 10, 26-33)

Aldi haretan, Jesusek honan esan eutsen bere apostoluei:
- «Ez izan gizonen bildurrik, ez dagolako ezer ezkuturik, agertuko ez danik; ez ezer gorderik, jakingo ez danik. Gaueko ilunpetan esaten deutsuedana, esaizue eguneko argitan; eta belarrira entzuten dozuena, iragarri etxe-gainetatik.

Ez izan bildurrik gorputza hilten dabenei, baina arimea hil ezin daikeenei; izan bildur, inori izatekotan, gorputz-arimak su-lezan galdu daikezanari. Ez ete dira txanpon baten saltzen txori bi? Eta eurotariko bat ere ez da lurrera jausten, zuen Aitaren baimen barik. Zuen buruko ule guztiak ere kontauta dagoz. Beraz, ez izan bildurrik; txori guztiak baino gehiago zaree zuek.

Gizonen aurrean nire alde urteten dauanak, bere alde izango nau Neu ere, zeruetan dagoan nire Aitaren aurrean. Gizonen aurrean Ni ukatzen nauana, ostera, ukatu egingo dot Neuk ere, zeruan dagoan nire Aitaren aurrean».

# # #
#
#
# # #

Gaur gure txanda

 

Aukera ederra gure begiradea kontenplari espirituz sakonera zuzentzeko, lehehengo begikolpean agertzen ez danaz jabetu gura badogu. Gaur ere fede-begirada horren beharrizana dogu, gaur eta hemen eskeintzen jakunaz jabetzeko. San Inocenciogana hurreratzeak hauxe esan gura dau: hemen ez jakula gauza harrigarririk eskeintzen. Beragan BIZITZAREN XUMETASUNA agiri da, ondoren guztiakaz. Holan bizi izan zana eta holan hil, eskeintza osoaren bidez sinismen testigantza emonaz, Maisuaren antzera.

Izan ere, Inocencio “Kalbarioko Eskolan” landua izan zan. Kurutzeko san Pauloren jarraitzaile zintzo lez, Kurutzeko Jaunagan aurkitu eban izateko eta hilteko biderik ederrena; beragandik hauxe ikasi eban: norbere bizia maitasunez eskeintzen dauanak, bere jarraitzale leiala izanaz gainera, gure munduarentzat BEDEINKAPEN bihurtzen dala. Eta holan izan zan.

Jesusen Ebanjelioan eta bere hitz sendoan aurkitu dauana “Ez izan bildurrik”, eta Jaunak bere eskeintza egiterakoan agertzen dauan USTE ONA da berak jaso dauan SEKULAKO ESKOLA; horixe agertzeko izan zan bere abadetza eta espiritu horrexegaz iraun eban azkenera arte. Hona hemen Kalbarioko “sekretua”.

Hemendik aurrera... bere bizitza erlijioso “ibiltari” batena izango da, dabilen lekuan bere ALBISTE zoragarria iragarriz. Bardin jokatu eban Pasiotar gazteen heziketan ere... hori zan bere arloa. Herri Misino Santuetan herriari irakastean ere bardin... jo ta ke berean. Era eta gogo bardinez Kristau Eskoletako La Salleko Anaien Alkartean, bertako gaztetxoak “lehenengo barikuetarako” behar dan lez prestatuz (aldi haretan hori zan ekintza berezi bat)... bere abade bizitzaren eragin osoa. Horra bizitza arrunt baten laburpena, berarizko espirituz eragina, KARISMA berezi baten barruan: Kurutzearen karisma.

Eta hemen aurkitzen doguz bere martiritzaren SUSTRAI sendoak, Nazareteko Maisu haundiaren arrastoak jarraituz. Baleiteke jazoera berezi batzuk sortutako giroak eraginda izatea martiritza hau. Baina Jesusen jarraitzaile hau, bere lagunakaz batera, eta bake sendo bat erakutsiz, bere BIZITZAREN ESKEINTZA egitera prestatu zan. Bera atxilotu ebenean Eukaristiako Eskeintza orduan jazotea ere esanguratsua da. Holan, Aita Inocenciok, bere 47 urtegaz, martiri eskeintza egin eban, eta begi garbiz eta bihotz zabalez begiratzen deutsoenentzat KONBIDAPEN bihurtzen da.

GAUR eta HEMEN guretzat, Pasiotar religioso apal honen bizitza DEI bizi bihurtzen da, gogo beroz bizi daigun KRISTAU BOKAZINOA, horretara deituak gara-ta. Ez da apartekorik ezer. Hauxe baino ez: Erreinuaren zerbitzura bihotz zabaltasunez eskenita bizitzea. Ebanjelioko balorez beteriko bizitza, eta gainera geure eskura daukaguzan egintza apaletan eskeinita. Holan bizi izan ebazan berak, Inocencio Canourak, eta hauxe eskeintzen deusku, bai Pasiotar Familiari eta bai Jesusen jarraitzaile guztioi, BIZIBIDE zuzen garbia.

Ona da testigu honeek eskuratzea eta ezagutzea, apartekorik ezer erakatsi barik, baina Ebanjelioaren indarra eta euren testigantza garbia aurrean ipinten deuskue. Eta egia da… gure munduak eta gure Eleizeak beharrezko ditu “testigu arrunt” honeek! Hemen aurkitzen gara gu eta uxala ERRONKA hau geuganduko bagendu.

San Inocencio maiteak bedeinkatu gaizala beragana bihotz onez hurreratzen garenok eta BIZITZAREN TESTIGANTZA onartzen lagundu deiskula, horixe da-ta, Nazareteko Maisuari jarraitzeko bidea.

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Jaungoiko Aita ona,
bihotz samurrez maite gaituzuna,
eta zeure Seme maiteagan eta hainbeste testigu
eta bere jarraitzaileen bidez erakusten deuskuzu
maitasunaren edertasuna,
euren bihotz hondoan bizi dabena
eta bizia emoteraino zaindu dabena
zure bihotzarentzat pozgarri dan eskeintza.

Aita,
GAUR, Inocencio Canouraren
bizitza xumea, baina maitasunez betea,
gogoz hausnartzean,
testigantzaren erakutsia emoten deuskuzu,
anai-arreben alde biziza emoteraino
zure Seme maitearen antzeko eginez.
Emoiguzu argia eta indarra
bere konbidapena onartzeko,
holan sinismenaren eta Ebanjelioaren gunaren
TESTIGU BIZIAK izan gaitezan,
bizi garan lekuan eta gogo beroz.






















ZURE ESKUETAN

Aita-Ama, zure eskuetan, nire bizia:
Zuk hasitako lan guztiekin,
Zuk jasandako oinaze guztiekin,
zure ontasuna eskatzen daben bere ezerez guztiekin.

Zure eskuetan, nire iragana:
zure errukiak badauka zer parkatu,
zure ahalmenak zer ordezkatu
eta zure maitasunak zer ahaztu.

Zure eskuetan, nire oraina:
iluntzen daben estutasunekin,
gainezka egiten daben pozakaz,
eta dana ikutzen daben minagaz.

Zure eskuetan, nire etorkizuna:
samurtasun miragarriz prestatu dozulako,
ondo dakidalako nogaz fiatzen nazan
eta hutsik egingo ez dozun ziurtasuna dodalako.

Zure eskuetan nire izate osoa:
kulunkatu dagizun eta zure arnasaz birsortu,
bere nekeen atseden segurua izan dagian,
eta inoiz ez dagian pentsatu galdua eta ezereza dala.

Zure eskuetan, nik maite ditudan pertsonak:
zure Aita-Ama bihotzak zaindu dagizan,
Zuk itxaron lez zerbidu zagiezan,
anai-arreba lez ezagutuak izan daitezan.

Aita-Ama, zure eskuetan une hau:
bere bake eta bere buruko minekaz,
zure presentziaz eta zure isiltasunaz,
nire duda eta nire eskeintzagaz.

# # #
#
#
# # #

Bertsoa

 

Barriro jaso dogu konbite
edateko santu-ura,
hurreratuaz Kalbarioko
Jesusen iturburura.
Eguneroko bizimoduan
haren gogo ta ardura!
Eta odola isuri eban
heldu zanean ordura;
hau da Jesusen testigu ona
INOCENCIO CANOURA.

# # #
 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue