Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Jesusen jarraitzaileak

#
#

Santa TERESA JESUS HAURRARENA (Lisieux-koa)

# # #

Santa TERESA JESUS HAURRARENA (Lisieux-koa)

#

# # #
#
#
# # #

Egun honetarako zehaztasunak

 

Maria Frantziska Teresa Martin Guerin Alençon-en jaio zan, Normandia-ko probintzian, Frantzia-ko ipar-mendebaldean, 1873. urteko urtarrilaren 2an. Luis Martin eta Acelia Maria Guerin izan ziran bere guraso eredugarriak, gaur egun beneragarriak. Teresatxo bere ahiztetatik azkena izan zan; anai bi ere izan ebazan, baina hil egin ziran. Bere umearoa zoriontsua izan zan. Beretzat gurasoak miragarriak izan ziran: “Ezin dot berbaz adierazo zenbat maite neban nire aita; berea zan guztia, niretzat miragarri izan zan”.

Bost urtetxo eukazala hil jakon ama, eta horregaz amaitu zan bere umearoko zoriontasuna. Handik aurrera, bere gain izan eban tristuraren kerizpea, familiako bizitzak lehengo batasunean jarraitu arren. Bere ahiztak zaindu eben, batez ere bigarrenak; eta bera aita miragarriak, berak ezarri eutson aita-amen samurtasuna. Berak erakutsi eutson natura maitatzen, otoitz egiten eta behartsuak maitatzen eta laguntzen. Bederatzi urteko zala, bere ahiztea, beretzat “bigarren ama zana”, uriko Karmeldarren komentuan sartu zan. Horra Teresaren bigarren tristuraldia, baina gauza batek gozatuta: laster bera ere bertan sartuko zanaren itxaropena.

Hamabost urteko zala, bere bokazinoz ondo jabetuta egoan: Karmelon sartu gura eban. Baina adin txikikoa izanik, ez eben onartzen. Orduan hauxe erabagi eban: Erromara erromes joan eta Aita Santuari eskatzea. Karmelon sartzeko baimena emon egiola eskatu eutson; harek nagusien esanetara jartzea hobe zala erantzun eutson. Azken baten, ama Nagusia tarteko zala eta Teresa berak behin eta barriz eskatuz, 1888. urteko apirilaren 9an Karmeloko Monastegian onartu eben.

Karmelon misterio bizi-biziak izan ebazan: Ume Jesusen umearoa eta bere nekaldia. Horregaitik, hartu eban ondorengo izena barriz: Jesus Umearen eta Aurpegi santuaren Teresa. Jaungoikoaren eskuetan uste osoz jarri zan. Ahaleginak egin ebazan kristau bizitza ekintza harrigarriak egitean ez jartzeko; hori barik, honetara jo eban: gogo onez “bere aitaren besoetan bildur barik lokartzen dan umearen bidea”. Hori dala eta, otoitzari eta ekintza txiki arruntai balio haundia emon eutsen.

Bere espiritualtasunaren guna honetan jarri eban: Jaungoikoaren ERRUKIA edo MAITASUNA. Gauza danen gainetik beti azpimarratzen dau Jainkoaren errukia, holan uste onez eta bildur barik jo daitekela aurrera. Danen gainetik, Jaungoikoa Aita da; eta Jesus bere Seme errukitsua. Horregaitik, hau idatzi eban: “Ene Jesus!... seguru nago honetaz: ni baino arima makalagorik eta txikiagorik aurkituko bazendu, ezinekoa dala badakit baina, orduan eta mesede gehiagoz aberastuko zeunkela, bera uste osoz zure azkenbako errukian babestuko balitz” (eskuidatzia “B”).

1896. urteko irailaren 17an bere ahizteari idatzitako eskutitza dogu Teresaren mezuaren eta ideia guztien laburpena, bere existentziaren guna laburbatuz: “Uste ona, eta ez besterik, izango da (Jaungoikoaren) maitasunerako bidea”. Bere pentsabidean Jaungoikoak leku guztietan urteten deutso bidera, eta eguneroko egintza apalak, maitasunez eginak, dirala santutasunera bidean egokienak: “Santutasuna ez da halako edo holako praktika bat, hori barik, bihotzeko jarrera bat, geu apalagoak eta txikiagoak eginez, Jaungoikoaren besoetan jartzen gaituana, beti ere geure makaltasunez eta Aitaren ontasunean usterik osoenez jabetuz”.

23 urteko zala, birikietako minez jota gelditu zan; urte bete geroago hil zan, Karmeloko bere ahizten besoetan, egun bi hilzorian emonda. 1897. urteko irailaren 30a zan.

1923an beatifikatua izan zan eta 1925an kanonizatua. 1927. urtean Misinoetako Zaindari izendatua izan zan, nahizta sekula komentutik urten ez; baina beti eukazan Misinoak gogotan bere errezuetan, misiolari izateko gogo biziz. 1997. urtean Eleizako Doktora izendatu eben, izendapen hori hartu dauan hirugarren emakumea izanik. Bere aurretiko doktorak, Jesusen santa Teresa, hau ere karmeldarra, eta Siena-ko Katalina. “Maitasun-Doktora” izenez ezagutzen da.

Bere omenez Lisieux-en jaso eben Santa Teresaren Basilika; berau da Frantzian jente gehien batzen dauan bigarren basilika, Lourdeskoaren ondoren.

Santa Teresatxok idatzitako liburuak ez dira asko, halan ere, espiritualtasun, teologi eta antropologi aldetik oso interesgarriak dira. Bere nagusi bik aginduta eskuz idatzitako hiru liburuxka dira, “ARIMA BATEN HISTORIA” deritxon liburu baten batuta argitaratuak. Horrez gainera, badira 274 eskutitz bere senideei eta beste lagun batzuei idatzitakoak, erlijiozko poemak, antzerki lanen batzuk, eta han-hor-hemen banandutako testuak eta bere hilzori luzean esanak, bere komentuko erlijiosa lagunak jasoak.

# # #
#
#
# # #

Jaunaren Hitzaren argitan

 

(Mateo 18, 1-5. 10)

Aldi haretan, hurreratu jakozan ikasleak Jesusi, eta itandu eutsoen:
- «Zein da handiena Zeruetako Erreinuan?».

Jesusek, umetxu bati deitu, guztien erdian ipini, eta esan eutsen:
- «Benetan dinotsuet: umetxuen antzeko bihurtzen ez bazaree, ez zaree sartuko Zeruetako Erreinuan. Holan, bere burua ume hau baizen txiki egiten dauana, haxe izango da handiena Zeruetako Erreinuan. Honelako ume bat nire izenean hartzen dauanak, Neu hartzen nau.

Begira, gero, txiki horreetako bat gitxitzat hartzeaz! Neuk esaten deutsuet: horreen aingeruak zeruetako nire Aitaren arpegia ikusten dagoz zeruan beti».

# # #
#
#
# # #

Gaur gure txanda

 

Badira egoerak, jazoerak, pertsonak eta “euren” historiak bete eta harritu egiten zaituenak. Solidaritate “extra” batek ikututa, zirraraz bete eta eraginda izten zaitu; bizira argitzen dan umetxo baten jaiotzak, gainez eragiten deutsu eta harritzen zaituan “misterio” batek ikututen zaitu; pertsona batzuk eta euren bizi-proiektuak ezagutzeak... liluratu eta harritu egiten gaitu, holakoren bat esateraino: “Zein haundia dan zure Jainkoa, zugan horrebesteko edertasuna gauzatu eta lortu dauana!”.

GAUR gure sinismenaren eta gure historiaren irudi zoragarri hau -Ume Jesusen Santa Teresa- ezagutzeak gugan eragin zirraragarria sortzen dau. Hau da Jaungoikoaren sorkari zoragarria! Alde batetik, “apartekorik” ezertxo ere ez dauala egin dirudi, eta bestetik, berak ibilitako bideak liluratu egiten gaitu.

Hauxe da gaur ospatzen dogun irudi zoragarria. Eta, egin ere, “ebanjeliozko xumetasunez” begiraten dogu, berak izan dauan izateko eta biziteko bide horrek “dinoskuna” geuganduteko. Horretarako benetan gura izan behar da eta osoan zabaldu gure barrua bilaketa horretara. Erakusbiderik ederrena dozu!

Ume Jesusen Teresatxok ezer ulertu badau bere sakontasunean hauxe izan da: Ebanjelioan dagoan GUNA, ikututen dauan guztia aldatzeko gai dana. “UMETASUNEZKO ESPIRITUALTASUNAK” betetzen dau dana, eta izateko eta jokatzeko era jakin bat ezarten deutso. Berak dinonez, hauxe da Nazareteko Maisuari jarraitzeko bide egokia, bere xumetasunez eta sakontasunez.

Teresak ondo baino hobeto ulertu dau, Nazareteko Jesusek Jaungoiko Aitari buruz erakutsitakoa. Horregaitik, “Aitaren besoetan bildur barik lokartzen dan umearen bidea” ibiltea da bizitza baten HELBURUA, eta ESPIRITUALTASUN berezi bat suposatzen dau, hau da, bere bizia holan planteatzen dauanaren bizitza osoari ezarten deutso IZATEKO ERA berezi bat.

Eleizeagazko xalotasun, jarraipen, KOMUNINOA-ren eredu bizia eta espirituala: hori eta gehiago da Ume Jesusen Teresa, begi garbiz eta bihotz zabalez begiratzen deutsoenentzat: “Uste ona, eta ez besterik ezer, hori da Jaungoikoaganako maitasun-bidea”. Ezin argiago esan eta, era berean, xumetasun liluragarri gehiagoz. Teresak bai gero.

“UMETASUN ESPIRITUALTASUNAK” badau beste alderdi bat: berak adierazoten dauan BIDEA edo ERA: ez da beharrezko “ekintza ikaragarriak” egitea, Ebanjelioak proposatzen deuskun perfekzinoa. EKINTZA ARRUNTAK dira, maitasunez eginak, perfekzinoaren gorengo gailurrak lortzeko biderik seguruena. Eta berak holan ulertzen dau eta holan bizi izan dau; eta, horrez gainera, gogorik bizienagaz. Bera oso-osoan dago horretan: MAITASUNA baino besterik ez dala behar, indarrean jarrita, hain maite gaituan Aitagazko TOPAKETA lortzeko, eta hori geure aldetiko txikitasun eta geure bizitzako muga eta guzti.

Eta, izan ere, Jaungoikoaren ERRUKIAK ez dau amairik, Jesus Umearen Santa Tersatxoren ustez, norbera USTE ONEZ, osoz eta betean, maitasun horri edegiten jakonean. Horra bizitzari arpegi emoteko bide eta era barria, bizitzara bide barriak zabalduz. Benetan liluragarria!

GAUR eta HEMEN guretzat EREDU bete-betea dogu. Gainera, hur-hurkoa eta xumea. Eta hau “nahaste-borraste” haundien erdian eta askotariko “eskeintzak” aurrean doguzala. Santa Teresatxok bidea egiteko BIZITZA XUMEA proposatzen deusku eta, holan, eta holan bakarrik, gaurko mundu harroxkoari eta haundiustekoari eskeini, ezelango lotsa barik. Erakustaldi ederra, ez erreza, baina bai ederra!

Eta... benetan egoki jartorko hau gure inguruko giroari eta kutureari! Eta... zelan ez, gure Eleizeari! Gaur egungo ezkutuko eta agiriko haundikeri eta potere gosearen aurrean, Teresatxok hemen “beste historia” bat proposatzen deusku. Jakina, horrek “beste bide barri” batetik ibiltea proposatzen deusku. Nire ustez, Nazareteko Maisuarengandik hurrago dagoan bidea da.

Uxala Ume Jesusen Santa Teresatxorengana hurreratzeak, ESPIRITUALTASUN hori xurgatzera eroaten bagaitu. Eta bego argi: “estilo hori” guztion eskura dagoala. Izan bihotz!

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Aita Jaungoikoa,
errukiz eta maitasunez betea,
Zuk eskeini deutsozu Kristau Alkarteari opari ongarri hau:
Ebanjelioaren oinarria eta guna zetan datzan
ondo baino hobeto ulertu eta
bizi izan daben pertsonen oparia,
eta, euren bitartez, jarraipeneko BIDE BARRI bat.

Aita ona,
GAUR, Ume Jesusen Santa Teresatxo
gogora ekarri eta ospatzean,
berak proposatzen deuskun
EBANJELIOZKO XALOTASUNA eta MAITASUNEZKO bidea,
eguneroko arazo arruntean biziz,
eta holan samurtasunez ta errukiz beteriko
zure bihotza dastatzeko BIDETZAT erakutsi deusku.
Emoiguzu eguneroko bizitzan berari jarraitzea,
eta holan zure bihotzaren altxorra dastatzea lortu daigula,
eta bizi dogun horixe, DOHANTASUNEZ eskaini,
bila dabiltzanei eta beharrezko daben guztiei.





















BIZIAREN JAINKOARI

Jauna, Zu Bizidun Jainkoa zara,
Jainko on eta errukiorra.
Gauza guztien sorreran
eta gure biziaren sorreran
zure ekintza sortzailea onartzen dogu.
Eta historian zehar eta gure historian,
pertsonen bizitzak
gizatasunez, anaitasunez eta pozez
betetzen dabena bultzatzen dozu.
Horregaitik eskerrak emoten deutsuguz
eta bedeinkatzen zaitugu.

Zure irudiko egin gaituzu.
Zure eskuaren ekintza garala konturatuz,
zure Aita-Ama izatearen haziak gugan aurkitzean,
harritu egiten gara:
bizia sortu, transmititu eta indartzeko ahalmena emon deuskuzu;
eroapenez eta samurtasunez hazten laguntzea,
bihotz onberaz eta errukiorraz laztantzea
eta zure antzera
doaneko eta konpromezuz beteriko maitasuna
bizitzera deitzen gaituzu.

Zu zaran zerbait ipini dozu gugan,
gure bitartez,
gure ingurukoak ere ezagutu dagien:
mundu honen erdian,
gure anai-arrebekin batera,
zure maitasun kutuna, hurrekoa eta askatzailea
bizitzera bialtzen gaituzula.

Pertsona askeak, onberak, solidarioak,
itxaropenaren lekukoak izatera deitzen gaituzu;
Jainkoaren gizon eta emakume,
Espirituz beteriko gizon eta emakume,
Jesusi hur-hurretik jarraitzeko prest dagozanak.
Barruko bizitza zurekin bizi dabenak,
zure maitasunez aseak,
Zugaz bat izatearen poza agertzen dabenak.

Bizi dogun une, lan eta egoera ezbardinetan,
gure bizitzak Zutzaz berba egin daiala eskatzen deuskuzu;
gure bizitzako jarrerekin jendea konturatu daitela,
Zuk maite dozuzala.
Bizia hazten laguntzeko eta zure Erreinua eraikitzeko,
gugaz kontatzen dozu.

Mariaren antzera,
zure izatea geuganatu,
zure maitasunari zabalik egonez, munduari eskeini,
eta gure bizitza,
besteentzat dohai bat izan dadin ahalegindu gaitezala.

# # #
#
#
# # #

Bertsoa

 

Ume Jesusek liluraturik
Teresa gaur jatorkuna,
txiki ta apal izatea da
beraren haunditasuna.
Eguneroko bizimoduan
agertuz zintzotasuna,
honetan da ezaguna.
Danetan eta danen gainetik
erakutsiz maitasuna,
bizi dagigun Teresatxoren
espiritualtasuna.

# # #
 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue