Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Jesusen jarraitzaileak

#
#

San MAXIMILIANO MARIA KOLBE

# # #

San MAXIMILIANO MARIA KOLBE

#

# # #
#
#
# # #

Egun honetarako zehaztasunak

 

Maximiliano Maria Kolbe Polonian jaio zan 1894. urteko urtarrilaren 8an, Zdunska Wola urian, sasoi haretan Errusiaren menpe. Raimundo izenez bateatua izan zan bere herriko parrokian. 13 urteko zala, Frantziskotarren seminarioan sartu zan Poloniako Lvov urian, sasoi haretan Austriaren menpe. Hemen hartu eban Maximiliano izena. Erroman burutu ebazan bere ikasketak, eta 1918. urtean abade ordenatu zan.

Andra Maria Sortzez Garbiari jaiera sutsua izan eutson. Jaiera honen eraginez, Mobimentu bat sortu eban 1917. urtean, “Sortzez Garbiaren Gudaritza” izenez; bertako kideak Andra Mariari eskeiniak izan behar eben eta Jaungoikoaren Erreinua indar guztiz mundu osoan zabaltzeko konpromesua hartu. Maximiliano beraren berbak erabiliz, hauxe izango zan Mobimentuaren helburua: “Kristau bizitzaren norabide orokorra ikuspegi berri batez eroatea, Sortzez Garbiaren batasunean”.

Gaurkotasunez jantzitako apostolu honek, behingoan argitaratu dau aldizkari bat: “Sortzez Garbiaren Zaldunak”, Andra Mariaren ezaguera, maitasuna eta zerbitzua zabaltzeko helburuz, ahal diran gehienak Kristorengan erakarteko asmoz. 1922. urtean 500 alekoa izanik, 1939. urtean miloi bat inguru alekoa izatera heldu zan.

1929. urtean “Sortzez Garbiaren Uria” eregi eban Niepokalanow uriko Frantziskotarren komentuan, Varsovia-tik 40 kilometrotara; handik denpora batera hiri hau Ama Birjinari eskeinia izan zan eta, San Maximilianoren berbaz, asmo honexegaz: “Mundu guztiko biztanleak Kristorentzat irabaztea, Sortzez Garbiarentzat, bidezko diran bitarteko guztiak ipinita, teknika bide guztiak erabiliz, batez ere komunikabideetakoak”.

1931. urtean, misiolarien eske Aita Santuaren deia entzunaz batera, bere gogoz eskeintzen da eta Japon-era joan zan, han ere Sortzez Garbiaren omenezko uri bat sortuz eta “Sortzez Garbiaren Zaldunak” aldizkaria argitaratzen dau japoneraz.

1936. urtean Polonia-ra bihurtzen da Niepokalanów-en espiritu-zuzendari izateko, eta hiru urte geroago, Mundu Gerraren erdian, beste erlijioso batzuekaz batera harrapatu eta Alemania-ko eta Polonia-ko Konzentrazinoko esparruetara bialdua izan zan. Handik laster batera askatu eben, hain zuzen ere, Sortzez Garbiaren egunez. Barriren barri atxilotu eben 1941. urteko otsailean eta Pawiak-eko presondegira bialdu, handik Auschwitz-eko konzentrazinoko esparrura aldatzeko; hemen ere, egoera latz negargarrien erdian, ez eban bere apostolutza itzi.

Auschwitz-en, nazitarren erregimenak ahaleginak eta bi egin ebazan atxilotuak nortasun agiri arrasto barik izteko, gizatasun apurrik barik, zenbaki hotz baten jabe: Maximilianoren zenbakia 16670 izan zan. Halan eta guztiz ere, ez ebazan itzi beste lagunen aldeko ardurea eta bihotz zabaltasuna, euren duintasunaren alde egin ahalak eginez.

1941. urteko abuztuaren 3an, San Maximilianogaz preso egoan batek ihes egin eban, gauez; hori zigortu nahirik, esparruko komandanteak presondegiko hamar aukeratzeko agindu eban, jausten zana jausten zala, bertan garbitzeko. Euren artean egoan Franciszek Gajowniczek sarjentoa, Maximiliano lez poloniarra, ezkondua seme-alaba eta guzti. San Maximiliano, bera ez egoan hamar aukeratuen artean, baina haren lekuan bere burua eskeini eban. Esparruko komandanteak onartu eban trukaketa, eta Maximiliano gosez hiltera kondenatua izan zan beste bederatziakaz batera. Kondenatuta hamar egun geroago, oraindik bizirik egoazala ikusirik, nazitarrak injekzino hilgarri bat ezarri eutsoen. 1941. urteko abuztuaren 14a zan.

Horra San Maximiliano Maria Kolbek emon eban bere duintasunaren testigantza, egoerarik latz gorrienean. 1973. urtean Paulo VI. Aita Santuak dohatsu izendatu eban eta 19842. urtean Joan Paulo IIak kanonizatu Karidadearen Martiri lez.

San Maximilianok erakutsi deusku Eleiz Militanteko kide izatea zer dan, Jaungoikoaren Erreinua eregiten ekintzarik gogorrenaren erdian. Gaur egun aurrera darraie berak hasitako ekintza batzuk, esaterako: Sortzez Garbiaren Frantziskotar erlijiosoen institutoak, Sortzez Garbiaren Frantziskotar Ahizpak, baita Sortzez Garbiari eskeinita beste mobimentu batzuk ere. Baina, batez ere, Maximilianok hau itzi deusku: Jaungoikoaren eta hurkoaren aldeko maitasunaren jarraibide harrigarria.

# # #
#
#
# # #

Jaunaren Hitzaren argitan

 

(Joan 12, 20-26)

Aldi hartan, jaia ospatzera igo zirenen artean, baziren greziar batzuk ere. Hauek Galileako betsaidar Feliperengana hurbildu ziren, eta eskabide hau egin zioten:
- «Jauna, Jesus ikusi nahi genuke».

Felipe Andresi esatera joan zen. Andresek eta Felipek Jesusi esan zioten. Jesusek erantzun zien:
- «Iritsi da Gizonaren Semea goretsia izateko garaia. Egi-egiaz diozuet: gari-alea lurrean erori eta hiltzen ez bada, bakar gelditzen da, baina hiltzen bada, alea ugari ematen du.

Bere bizia maite duenak galdu egingo du, eta bere bizia gorroto duenak mundu honetan, betiko bizitzarako gordeko du. Nire zerbitzari izan nahi duenak, jarrai bezait; eta Ni naizen tokian, han izango da nire zerbitzaria ere. Nire zerbitzari egiten dena, goratu egingo du nire Aitak»

# # #
#
#
# # #

Gaur gure txanda

 

Gaur gure gogoetarako eskeintzen jakun proposamena beste batzuetatik ezbardina da, dramatiko lurrunetan agiri danez. Izan ere, Ebanjelioaren testigu hau aurrean dogula, Bigarren Mundu Gerran konzentrazino esparruetan egin ziran astakeriak gogora bizi-bizi jatorkuz, bertan garbitutako errukarrien odol berotan. Baina Maximiliano Maria Kolbe gogoratzeak haruntzago garoaz, eta horrek argitzen dau bere bizitza eta heriotzara arteko eskeintza.

Lehengo begirada baten agertzen jakuna hauxe da: bakotxa garala geure “sasoiko seme-alaba”, bertako ingurugiroaren baldintza eta guzti, baita mugak ere; eta bakotxa ASKOZ GEHIAGO egiteko kapaz garala, batez be sinismenaren eragina gugan bizia bada, geure erraiak indarrean jartzeraino. Izan ere, Maximilianok ondo ulertu dau harako Jesusen esaldia: “Galgaraua lurrean jausi eta hilten ez bada, bakarrik gelditzen da; baina hilten bada, garaua ugari emoten dau”, bere bizitzako historian egi bihurtuz. Horregaitik ez deutso ardura bere bizia sakrifikatu eta hiltera kondenatua dan gurasoaren ordez emoten badau ere. Garbi esanda, hauxe ikasi dau Jesus, Nazareteko Maisuagandik, eta osoan ESKEINIA dan baten bizitzaren gailur lez ulertu eta bizi izan dau.

Berehala agertzen da hemen espiritualtasun bat, bere sasoiko “erak” eta bere “heziketa berezia” gogoan izanik, beragan erakusten dabe BARRUKO INDARRA, martiritzaraino eroan daikena. Horregaitik, hemen eskeintzen jakuna ez da “txiripaz” sortutakoa edo egoera batek berez dakarrena; hori barik, Ebanjelioz ondo heldutako frutua eta Nazareteko Maisuaren jarraipenean. A zer irakatsi ederra eta Nazareteko Jesusen jarraitzaileoi egiten jakun frutu ederrez beteriko konbidapena!

Baina bada Maximilianoren bizitzan beste KLABE bat, bere bizi urratsak sakon-sakonetik “adierazoten” dituana. MARIAGAZKO ESPIRITUALTASUNA da. Benetan esanguratsua eta ondo errotua, eta berak hainbeste Mobimentu indarrean jarriz, bere INTUIZINOA agertuz, bai originaltasunez eta bai praktikaz. Egia esan, lehenengo begikolpean bere berbakerea “arraroa” egiten da edo eta beste ingurugiro batekoa (“Milizia”, “Sortzez Garbiaren Zalduna”), bere helburua oso argia eta zehatza da: “Mundu osoa Kristorentzat irabaztea, Sortzez Garbiarentzat...”. Jaungoikoaren Erreinua eregitea, errealitate bihurtzea, hori da bere azken helburu bakarra.

Izan ere, Maximilianok MARIA, Jesusen Amaren, espiritualtasun sakona aurkitu eta beragandu dau, bere bizitzan praktikatu eban, Jaunaren asmo eta nahien aurrean PRESTASUN osoa erakutsiz. Mariagan hauxe aurkitu dau: Jaungoikoak amets egin dauan bizi-proiektua onartu eta hazurmamindu dauan zerbitzaria dala. Mariak beretzat hartzen dau (Jesus Berak ere beretzat hartu ebanez), eta freskutasun eta indar guztiz bizi izan dau.

Auschwitz-eko konzentrazino-esparruan bere lagunen alde gorputz eta arima jokatzeko indarra ikusiz, euren egoera eta izaera duintasunez zainduz, hor agertzen dau zein sakon daukan sartuta Mariagazko espiritualtasuna eta Ebanjelioa; hortik haren adorea Maisuari martiritzaraino jarraitzeko. Jauna da bere bizitzaren jabe eta bera, Maximiliano, horren atzetik dabil. Benetan harrigarria da!

GAUR eta HEMEN, guretzat, Nazareteko Jesusen jarraitzaile honek espiritualtasun sendoa erakusten deusku, bere erroak Ebanjelioan sakon ditualarik. Beretzat, Maximilianorentzat, jarraipen horretan MARIA BAKARRA da, nahizta hain apal eta isilean izan, baina bere bizitza osoa PRESTASUN bete-betean bizi izanez.

GAUR ere TESTIGUAK behar doguz, gizon eta emakume, Mariaren antzera eta EBANJELIOKO KLABEETAN oinarriturik, kutsatzen dauan testigantza eskeini deiskuen, besteen alde bizitzera eragingo deuskuenak, Maximiliaoren eta beste askoren antzera.

Gaurko begirada kontenplakor honek itzartu gaizala eta sortu dagiala gugan PREST biziteko gogoa, gure bizitzak anai-arreben alde eskeintzeraino. Holan izango gara BEDEINKAPEN gure inguruan, gure kulturarentzat eta gure munduarentzat.

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Maitasunez beteriko Aita-Ama Jaungoikoa!

Zuk betidanik gura izan dozu zure maitasun proiektua
izaki eta gizaki guztiakaz konpartitzea,
kredo eta kultura bateko zein besteko izan,
holan bakotxak lortu ahal dagian
bizitzaren eta zoriontasunaren betea.

Gure Aita-Ama,
zure Seme maitearen urratsak jarraituz,
gaurko sinismen testigu hau,
MAXIMILIANO MARIA KOLBE martiriak,
osoro gauzatu eban zure Semearen eskeintza anai-arreben alde,
bere bizitza zure bihotzari eskeiniz.

Egizu, arren, bere bizitza kontenplatuz,
eta bere espiritualtasuna aurkituz,
Maria zure zerbitzariaren arauera bizitzera
eragin deiskula sendo,
eta holan izan, gure munduarentzat eta gure ingurukoentzat,
testigu leialak,
bizikera bete eta betikoaren
zure proposamena ONARTZERA konbidatuz.

























NIRE MAKALTASUNETIK EGINDAKO OTOITZA

Bizitzaren bidetik
beti zure aurrean ibiliko naz.

Jauna, nire bizitza eskeintzen deutsut, egizu emonkorra.
Nire nahimena eskeintzen deutsut, zurearen antzekoa egizu.

Ortozik ibiliko naz,
nire altxorra zarala jakitearen
poz bakarraz.

Hartu nire eskuak, egizuz abegikorrak.
Hartu nire bihotza, egizu sutsua.
Hartu nire oinak, egizuz neka ezinak.
Hartu nire begiak, egizuz gardenak.
Hartu nire ordu ilunak eta bihurtu barritasun.

Nire erorpen eta atsekabeetan lagun nahi zaitut.
Emoten deustazuzan gauza txikiekin
gozatzen erakutsi eidazu,
bide bazterretan gelditu barik
beti haruntzago joaten ikasiz.

Hartu nire nekeak eta egin zureak.
Hartu nire bide zidorrak, egin zure bidea.
Hartu nire guzurrak, egi bihurtu egizuz.
Hartu nire heriotzak, bizi bihurtu egizuz.
Hartu nire txirotasuna, aberastasun bihurtu egizu.
Hartu nire esanekotasuna, poz bihurtu egizu.
Hartu nire ezereza, egin nahi dozuna.
Hartu nire familia, zurea egizu.
Hartu nire pekatuak.
Hartu nire maitasun hutsak,
hainbeste egin barik itzitakoak,
nire eguneroko etsipenak, nire ordu tristeak.

Jauna, zatoz nirekin;
hurreratu nire lorratzetara.
Barriztau nagizu nire eskeintzan,
emotearen poza sentidu dagidala,
zure zerbitzuan gastatuz,
bizitza emotearen poz betea.
AMEN.

# # #
#
#
# # #

Bertsoa

 

Maximiliano Maria Kolbek
hartu deusku gaurko txanda,
Martiri baten aurrean gagoz,
ez da santu-propaganda.
Kalbarioko iturrietan
Jesusen ura edanda,
Harek egina, honek egin dau,
maitasun garrez estanda:
hurkoen alde bizia emon,
hor dago dana esanda.

# # #
 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue