Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Jesusen jarraitzaileak

#
#

SAN JOAN MARIA VIANNEY (Ars-ko abadea)

# # #

SAN JOAN MARIA VIANNEY (Ars-ko abadea)

#

# # #
#
#
# # #

Egun honetarako zehaztasunak

 

San Joan Maria Vianney Dardilly-n jaio zan, Lyonen ipar-mendebaldean, Frantzian, 1786. urteko maiatzaren 8an. Matthieu Vianney eta Marie Beluze gurasoen seme, sei anaietatik hirugarrena, baserritar familia batekoa.

Amankomuneko eskola baten denporaldi labur bat egin ondoren, Ecully-ko abadeak, M. Balleyk, eskola barri bat eregi eban eleizgizon gaientzat 1806. urtean, eta Joan Bautista Vianney bertara bialdu eben. Ez zan buruz argia eta bere arduradunak bere bokazinoaz ziur egozan, baina bere ikasketaren ondorenak oso urriak ziran, aritmetika, historia eta geografia pixka bat besterik ez; gainerako ikasketa, batez ere, latinarena, gainditu ezinekotzat euken.

Urte berean soldaduzkatik aske gelditu zan, abadegai zala eta. Baina handik lasterrera soldaduzkara deitua izan zan, Espainiaren aurkako gudura. Bere gurasoak alperrik ibili ziran ordezkoren baten bila, eta urriaren 26an, errekluta gaztea Lyon-go kuartelean sartu zan. 1810. urteko urtarrilaren 6an, desertatu egiten dau, eta Jeronimo Vincent ezizenez, Forez aldeko basoetan ezkutatu zan, Noes aldean.

Militar zerbitzutik eta bere egoera arrarotik aske gelditu zan, bere anai gazteagoa denporaz aurretik kuarteleratua izan zalako; iheslaria Balley-ko parrokoaren etxera bihurtu zan 1810. urteko urrian. Hurrengo maiatzaren 28an hartu eban tontsura. Igarotakoak igarota, Verriéres-ko seminario txikira heldu zan, 26 urteko zala, filosofia prantzesez ikasteko asmoz, “ikasketan bere makaltasuna itzela zan eta”. Hemen beste santu bat izan eban lagun: San Marcelino Champagnat, Marista Anaien sortzailea.

Ikasketa arloan sekulako eragozpenak izan arren, 1815. urteko abuztuaren 13an abade ordenatu eban Simon jaunak, Grenoble-ko gotzainak. Ecully-ra bialdu eban M. Valley abadearen laguntzaile lez, abadetzarako bidean ere berak ipini eban-eta, eta orain ere berak eutsi eutson bidean, eragozpen guztien aurrean. 1818. urtean, M. Balley abadea hil zanean, Vianney izendatu eben Ars-ko parroku, Lyon-dik hurrean dagoan herritxoan.

Frantziako leku baztar honetan bere parroku ekintzetan egin zan ezagun “Ars-ko Abadea”. Ars herrira helduta urte batzuk geroago, aterpebako neskatoentzat umezurtz-etxe bat eregi eban. “Probidentzia” deitua izan zan eta geroago Frantzia osoan gehitu ziran antzeko erakundeen artean eredutzat hartu eben. Vianney bera izan zan “Probidentzia” etxeko neskatxen dotrina irakasle; dotrina ikasgai honeek hain ezagun egin ziranez, geroago egunero emon ohi izan eben jendetza haundiarentzat. “Probidentzia” izan zan Ars-ko Abadearen ekintzarik begikoena, baina 1847. urtean itxi egin eben, arraskata haundia izan arren; Abade santuaren ustez, herritar on askoren kontrakoa zan. Min haundia sortu eutson hau itxi beharrak.

Baina Ars-ko Abadearen ekintza nagusia arimen zuzendaritza izan zan. Ars-ko kargua hartu eta laster, inguruko parrokietatik ere jentea hurreratzen hasi jakon; geroago eta urrunagotik; azken baten, Frantziako baztar guztietatik; baita munduko beste lurralde batzuetatik ere. Bere bizitzako azken hamar urteetan, eguneko hamasei edo hamazortzi ordu emoten ebazan autorlekuan. Gotzainak, abadeak, erlijiosoak, nora jo ez ekien gazteak eta andrazkoak, pekatariak, mila eragozpen eta gaixoz jotako pertsonak bilatzen eben beragan aholku argi zuzen bat. 1855. urtean, hogei mila erromes batzeraino heldu zan urteroko kopurua. Pertsonaia entzutetsuenak bisitatzen eben Ars, Abade santua ikusi eta bere eguneroko irakatsiak jasoteko asmoz.

Sen ona, berezko zorroztasuna eta goi ezaguerea ziran bere zuzendaritzaren ezaugarriak. Bere irakatsiak berbakera xumean emonak ziran, eguneroko bizitzatik eta labrantza girotik jasotako irudiak erabiliz, baina beti ere sinismenez eta jainko maitasunezko arnasez beterik, hori zan berak bizi ebana eta entzuleen artean zabaltzen ebana; horrez gainera, bere jokabide eta irudi apalak eta berbakera sutsuak errotik aldatzera eragiten eben.

Danetatik miraririk haundiena bere bizitza izan zan. Bere buruari gaztetatik uko egin eutson, eta berrogei urtez bere janaria eta loa urriak izan ziran, giza-legez gutxiegi bizitzari eusteko. Eta halan ta guztiz ere, lanaren lanez gehiago ezinean ziharduan, agertu ezinezko apaltasunez, adeitasunez, pazientziz eta umorez, hirurogeita hamabi urteetaraino. Ars-en hil zan 1859. urteko abuztuaren 4an.

1874. urteko urriaren 3an, Joan Maria Vianney Beneragarri izendatu eban Pio IXak eta 1905. urteko urtarrilaren 8an Dohatsuen artean ezarri eben. Eta Pio Xak parrokietako abadeen eredu eta zaindari izendatu eban eta 1925. urtean, Pio XIak kanonizatu. Mundu guztiko Abadeen Zaindari izendatua da.

# # #
#
#
# # #

Jaunaren Hitzaren argitan

 

(Joan 10, 1-18)

Aldi haretan, Jesusek honan esan eutsen farisearrei:
- «Bene-benetan dinotsuet: artegira atetik sartu beharrean, beste nonbaitetik sartzen dana, lapurra da ta harrapatzailea. Atetik sartzen dana artzaina da. Honi edegi egiten deutso ate-zainak, eta ardiak entzuten dabe haren ahotsa; bakotxari bere izenez deitzen deutso, eta kanpora ataraten ditu. Bere ardi guztiak atara ta gero, euren aurretik joaten da, eta ardiak jarraitu egiten deutsoe, haren abotsa ezagutzen dabelako. Arrotzari, ostera, ez deutsoe jarraituko; ihes egingo deutsoe, arrotzen deia ez dabelako ezagutzen».

Jesusek parabola hau esan eutsen, baina hareek ez eutsoen igarri zer esan nahi eutsen. Beraz, barriro honan esan eutsen Jesusek:
- «Bene-benetan dinotsuet: Neu naz ardien atea. Lehen etorri ziran guztiak lapurrak ziran eta harrapatzaileak; eta ardiak ez eutseen entzun. Neu naz atea. Nigandik sartzen dana, salbauko da; sartu ta urten ibiliko da, eta aurkituko dau jatekoa. Lapurra ez dator, ostu, hil eta hondatzeko baino; Ni, barriz, bizia izan dagien eta ugari izan dagien etorri naz».

Neu naz Artzain ona. Artzain onak bere bizia emoten dau ardiakaitik. Morroiak, ostera, artzaina ez danak, ardiak bereak ez dituanak, ikusten dau otsoa etorten, eta, ardiak itzita, iges egiten dau; otsoak harrapau eta sakabanatu egiten ditu, morroiak ez daukalako ardien ardurarik.

Neu naz Artzain ona; ezagutzen dodaz neure ardiak, eta nireak ezagutzen nabe Ni; Aitak Ni ezagutzen nauan lez, eta bardin Nik Aita. Gainera neure bizia emoten dot Nik ardiakaitik. Badaukadaz artegi honetakoak ez diran beste ardi batzuk; honeek ere ekarri beharra daukat; entzungo dabe nire ahotsa, eta artalde bakarra izango da, eta Artzain bakarra.

Aitak horregaitik maite nau: neure bizia emoten dodalako, barriro hartzeko. Ez deust inok kentzen, Neuk emoten dot neure gogoz. Neure esku dago bizia emotea, eta neure esku barriro hartzea: agindu hau hartu dot neure Aitagandik».

# # #
#
#
# # #

Gaur gure txanda

 

Benetan ongarria da Kristau Alkarteko eta Nazareteko Maisuaren jarraitzaile ugarien irudi berezi honengana hurreratzea. Izan ere, hor aurkitzen doguz itzelezko erakutsi harrigarriak. Eta, halabeharrez, “Ars-ko Abade Santuagana hurreratzea gozamena da. Eta hau, berari ezarten jakozan mila eta bost historioak alde batera itzita. Holangoak, Nazareteko Maisuaren jarraitzaile honen edozein biografian aurkitu ahal izango dozuz.

Hauxe da beragan azpimarratu nahi dogun lehenengo KLABEA: Jaungoikoak bere harrigarriak egiteko, itxuraz makalak diran bitartekoak hartzen dituala. Izan ere, Joan Maria Vianney gazteak nekez eta lorrez amaitu ahal izan ebazan orduan abadetzarako eskatzen ziran ikasketak. Arlo honetan, Jesusen jarraitzaile honek ez eukan zer erakutsi askorik, baina beste gehigarri batzuekaz bardintzen eban, besteak baizen oinarrizkoak diranakaz: hurtasuna, xalotasuna, herriagazko konpromisua, onartzeko eta entzuteko ahalmena, “arimak zuzentzen” edo espirituzko laguntzan, eta berak agertu ebazan hainbeste antzeko dohaietan.

Ebanjeliotik begiratuta klabe honek neurtu ezineko balioa dauka. Ezin dogu ahaztu Jesusen miragarrizko oihua: “Bedeinkatzen zaitut, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza honeek jakintsu eta ikasie ezkutatu deutsezuzalako, eta jente xumeari agertu. Bai, Aita, goratua Zu, holantxe gura izan dozulako”. Ars-ko Abadea dogu Jesusen “oihu” honen eredu zuzen argia; berak ulertu dau hobeto ezinean. Eta bere ikasteko dohaiak urriak izan baziran ere, gizon honek EBANJELIOZKO XUMETASUN honegaz gainditzen ditu, giza-neurri guztien gainetik.

Berebiziko gizon honen beste KLABE bat, Ars-ko Abade santuarena, bere KONTZIENTZIA eta bere Alkartearen ARTZAIN BOKAZINOA. Hemen historioak amaibakoak dira; hor izten doguz alboan. Benetan nabarmentzen dana bere BOKAZINOA da gogo beroz bizi izandakoa. Nazareteko Jesusen arabera, Artzain Ona, Ars-ko Abadea benetan arduratzen da bere artaldeaz; bizia jokatzen dau horretan; “euren aurretik doa” eta, egia esan, bera bihurtzen da bere Alkartearentzat EREDU. Berak banan ezagutzen ditu eta, ahaleginez, bakotxaren arduraz dabil. Berak oso ondo ezagutzen dau “ikasle maitearen” ebanjelioko testua: “Artzain onak bere bizia emoten dau bere ardiakaitik”, eta gogo beroz arduratzen da horretaz. Gau ta egun bizi da bakotxaren arduraz. Holan aldatzen dau Ars-ko Abadeak bere inguruko egoerea, bere Kristau Alkartearen bizitza.

Berebiziko gizon honen beste KLABE bat gehiago: ESPIRITU ZUZENDARITZARAKO egarri eta gogo bizia. Biografiak dinoenez, esan ezin dan beste dira horretara emondako orduak, bai kanpoan “pekatariakaz” lehenengo hartuemonetan, bai geroago pertsonei gorengo santutasun maileteraino lagunduz. Maila eta kondizino guztietako andra-gizonak, gotzainakandik baserritar apalakanaino, aurkitu eben Joan Maria Vianney Abadeagan onartzen dakian “Aita”, parkatzen, laguntzen, zuzentzen dakiana (jakina, dana sasoiko “erak” eta “bideak” erabiliz), Ebanjelioaren argitan bizi betera daroan bidea erakutsiz. Hemen daukaz bere sustraiak, ziur asko, Eleizeak munduko “Abade guztien Zaindari” autortu dauanak. Ondo merezita, gainera!

Hona hemen, bada, Ebanjelioa XALOTASUNEZ onartu dauan gizona, BIZITZAKO bidean zehar egi bihurtu ebana. Berbaz argi haundi barik, bere ingurumariko jentearen berbakera eta nekazaritzako irudiak erabiliz, beretarrei erakutsi eutsen Ebanjelioa freskotasunez bizitzen. A zelango antza daukan bere estiloak eta berbakereak Nazareteko Jesusenakaz, ipuinak eta parabolak erabiliz, entzuleentzat egirik sakon eta bizigarrienak ulergarri eginez!

GAUR eta HEMEN, guretzat, Jesusen zerbitzari honek hauxe proposatzen deusku: bizikeraz EBANJELIOZKO XALOTASUNA, Artzain Onaren antzera, norbere bizia emoteraino. Eta, gaur, geure kulturan eta geure Eleizan, benetan dogu Joan Maria Vianney, Ars-ko Abade santuaren baloreen beharrizana! Eta ez gero abadeentzat bakarrik, baita Ebanjelioak eskeintzen deuskun proposamena gure bizitzarako BIDE bihurtu gura dogun guztiontzat ere.

Uxala Ars-ko Abade santuaren eguna ospatzeak gogo berotzen bagaitu, gaurko gizon-emakumeentzat eta guarko kultura girorako “bide” eta “berbakera” egokiak hartzera eraginez; holan Nazareteko Maisuaren mezu zoragarria ez dogu antzu bihurtuko.

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Gure Aita-Ama Jaungoiko ona!

Gugan zure salbamena eta bizi barriko egintza
gauzatu nahi izan dozuz,
eta horretarako zure Semea maitea bialdu deuskuzu,
-bere bizitzaren eta irakatsien bidez-
osotasun bidea erakutsi deiskun,
Zuk zeure seme-alabontzat
betidanik amestu zenduana.

Aita-Ama on-ona,
zure Seme maiteak
gizon-emakume berezien bidez
konpartidu dau zeregin hori,
gizaldietan zehar,
euren anai-arrebei
ebanjelioko bide hori erakutsiz.

Joan Maria Vianney,
Ars-ko Abade santuaren eguna ospatzean,
arren, eskatzen deutsugu,
bera bizi izan zan klabe barruan bizi gaitezala,
BIZITZAKO XALOTASUNEZ jokatuz
eta anai-arreben alde egiten ahaleginduz,
eskeini deiogula gaurko munduari
zure bizi-proiektuaren testigantza.



























HEMEN NOZU, JAUNA

Hemen nozu, Jauna.
Zure izenean,
nahi dozun tokira joango naz.

Zure eskuetan ipinten naz.
Iluntasunean dabizanei argi egiteko
eta jota dagozanak bizi barritzeko,
zure fedearen lekuko egin nagizu.
Mundu honetan adiskidetasuna ereiteko,
zure maitasunaren lekuko egin nagizu.

Hemen nozu, Jauna, bialdu nagizu.
Ipini zure Hitza nire ezpanetan,
Zure arintasuna nire oinetan
eta zure zeregina nire eskuetan.
Ipini zure Espiritua nire espirituan,
zure maitasuna nire bihotzean,
zure indarra nire ahultasunean
eta zure erabakia nire ezbaian.

Hemen nozu, Jauna, bialdu nagizu,
izaki guztiei errespetua eroatera,
pertsona guztiei zuzentasuna,
bakea herri guztiei,
bizitzeko poza eta zoriontasuna umeei,
ilusinoa katekista eta laguntzaileei
eta poza eta itxaropena nire egitekoei.
AMEN.

# # #
#
#
# # #

Bertsoa

 

Joan Maria Vianney
abade apala,
buruz motela, baina
bihotzez zabala.
Hartu eban bidean
beti zerbitzala,
pobreen laguna ta
autorle leiala,
abadetza hau Jaunak
sendotu daiala.

# # #
 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue