Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Jesusen jarraitzaileak

#
#

San ANDRES, apostolua

# # #

San ANDRES, apostolua

#

# # #
#
#
# # #

Egun honetarako zehaztasunak

 

Genesaret, edo Tiberiades, edo Galileako lakua, hiru eratara izendatzen dau Ebanjelioak leku berbera. Tekniko jankintsuak oraintsu aurkitu ei dabe itsasontzi bat, sasoi haretakoa dalako ustez. Hori baino behinago dogu ANDRES beraren barri jasotea. Itsasontzia ordukoa dala eta ez dala eztabaidak darabilez jakintsuak; baina Andresek Jesusen deia jaso eta jarraitu ebana ordukoa eta gaurkoa da. Hauxe da gaurko ospakizun honegaz egiztatu gura doguna.

ANDRES, Betsaidakoa zan, Jesus ezagutu eta Berari baietza emon eutsen bien arteko bat. “Protocletos” deitzen deutsoe, lehenengo deitua. Jesusen itaunari: “Zeren bila zabiltze?”, gogo beteko erantzuna emoten deutsoe: “Maisu, nun bizi zara?”. Jesusen erantzunaz bai pozik Andres: “Etorri eta ikusiko dozu”.

“Nundik edo zelan jakin geinken ikasleak gau haretan ikusi eta ikasitakoa!” (San Agustin). Harrezkero Andres Jesusi eskeini jakon osorik eta betiko.

Jesus berbiztuta gero, apostolu lagunak lez, Andres Asia Txikian zehar ibili zan, Caucaso inguruetara helduz. Acayako Patras urian bertako agintari nagusiagana hurreratu zan eta adore haundiz eraso eutson: “Zuk ere, Egeas, ezagutuko bazendu Kurutzearen misterioa, seguru asko beragan sinistu eta gurtuko zeunke”. Buruzagia gora goraka jarri zan eta, beste barik, Andres kurutzean hiltera kondenatu eban, baina kurutzetara.

Bere Maisua lez hiltera joiala-ta, bihozkada beroak bota eutsozan kurutzeari, gaur Eleizeak bere otoitzetan batzen dauanez: “Agur Kurutze eder! Hartu nagizu zure besoetan, zugandik zintzilik egon zan Kristo nire Maisuaren ikasle hau”.

# # #
#
#
# # #

Jaunaren Hitzaren argitan

 

(Mateo 4, 18-23)

Jesusek, Galileako itsas-bazterrean ebilela, anaia bi ikusi zituan, Pedro deritxon Simon eta haren anaia Andres, itsasoan sareak botaten, arrantzaleak ziran-eta. Eta esan eutsen:
- «Zatoze Neugaz, eta giza-arrantzale egingo zaituet».

Hareek, berehala sareak itzi, eta jarraitu egin eutsoen.

Handik aurrera joiala, beste anaia bi ikusi zituan, Santiago eta Joan, Zebedeoren semeak, itsasontzian sare-konpontzen egozala, euren aita Zebedeogaz, eta dei egin eutsen. Hareek ere, berehala ontzia ta aita itzi, eta jarraitu egin eutsoen.

Jesus Galilea osoan zehar ebilen, hareen sinagogetan irakasten, Erreinuko Barriona iragarten, eta gatx eta min guztiak osatzen herrian.

# # #
#
#
# # #

Gaur gure txanda

 

Bossuet jakintsuak, Andres apostoluari “apostoluen lehen semea” deitzen deutso. Izan ere, Bera izendatzen dabe Ebanjelioak Jesus ezagutu ebenen artean lehenengoa. Ikusi eban, bai, eta bizi izan eban, labur bada be, Jesusek ekarren bizi barria.

Ondoren, bere anai Pedrori kontau eutso berak ikusi eta bizi izan dauan esperientzi gozo sakona. Eta Pedro daroa Jesusengana. Bardin egin eban Santiagok Joanegaz eta Bartolomek Felipegaz. Dotrina xelebreakaz burua nahastau barik, berari jazo jakona kontau. Eta “Jesusen gatxa” ezarri.

Hori da guri gaur eskatzen jakuna: jenteak ez dau gura dotrinarik, pozik eta gogo betean kristautasuna bizi dabenen esperientzia baino. Eta, jakina, hori daukanak emoten dau.

Gaur egun gero eta argiago ikusten da: etorkizuneko kristinaua mistikoa izango da edo ez da izango. Mistikoa: hau da, Jesus gure Jaunagaz eta bere Aitagaz hartuemon pertsonala eta sakona daukana, Espirituaren eraginez. Hori da norbere bizitzatik Jesusen testigu izatea, inok ikusten ez dauan Jesus ikusgarri eta sinisgarri eginaz, batez ere, bere erako bizikerea eroanez.

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Jauna,
zure Barri Onaren zabaltzaile
eta Eleizearen artzain egin zenduan
Andres apostolu santua;
izan bekigu laguntzaile zure aurrean.






GURE EZINA ETA ZURE INDARRA

Jauna,
bizitzak
gure ahultasunak agertzen deuskuz
eta gure mugak aurrean ipinten.

Geu garan ispiluaren aurrean
pobre eta beharrizanean aurkitzen gara...
indar barik,
ohiturak eta arazoak eragiten deuskue
eta astiro-astiro indargabetu.

Gure indarrak berreskuratzeko
non dago ur bizia?
Sendo sentitzeko
nori heldu?
Gure espirituak behar dauan bultzakada
non aurkitu?

Gure ahultasunean
zure indarra aurkitzen dogu,
Biziaren Jauna.

Ahul sentitzea,
Jainkoagandik jatorkun indarragaz aurkitzeko
bidea dala erakusten deuskuzu.

Hustu eta biluzten garanean,
hustasuna sentidu
eta gure mugak onartzen doguzanean,
orduan gure Jainko On eta Eskuzabalak
eusten gaitu, janaritu, animatu
eta gure indarrak barriztatu.

Gure bizia Zugaz lotuta egon daitela,
gogo beroz eta atseden barik
zure bila ibili gaitezala,
gure begiek zure begirada bilatu dagiela
eta gure besoak
zure laguntza aurkitu arte luzatu;
Jauna, zure Espirituak
aurrera egiteko,
adoretsu eta ausarditsu egin gaizala,
eta batez ere,
bideko lagunekin,
Zugandik hartzen dogun indarra
alkarbanatzeko gai.

Esku bat Zuri emonda,
otoitzaren, Hitzaren bidez
eta entzuteko zuhur egonez...
zure indarra bilatuz,
beste eskua nirekin datozenei emonda,
alkarbanatuz
eta janaritzen gaituan indarra eskeiniz,
Zu gure artean zagozanen ezaugarria,
gure ahaleginak eutsiz
eta gure pausoak zuzenduz.

Gure ahultasunean
onartua eta opari lez zure eskuetan aurkeztua,
gure indarra dago, Jauna,
izan, zure indarra da
gure bizitzak
zure egitasmoarekin bat egiten doguzanean
aurkitzen dogun indarra.

Holan izan bedi.

# # #
#
#
# # #

Bertsoa

 

Andresek entzun eban behin
“etorri ta ikusi”
ta jarraitu Jesusi;
berak Pedro anaiari
Jesus Jauna erakutsi.
Emondako baietzari
azkeneraino eutsi,
ez jakon kosta gitxi...
Kurutzean hil zan, baina
Andres dogu nagusi!

# # #
 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue