Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Jesusen jarraitzaileak

#
#

San MARTIN

# # #

San MARTIN

#

# # #
#
#
# # #

Egun honetarako zehaztasunak

 

Martin, Panonian (Hungarian) jaio zan, 316. urtean. Bere gurasoak jentilak ziran. Pavian egin ebazan ikasketak eta bertan ezagutu eban kristautasuna. Bere aita, militarra zanez, militar bizitzara zuzendu eban semea, burutazino horrek kentzeko burutik. Martinek gudari espirituz jokatzen dau, bai bere aitaren esanera, bai Jesus Jaunaren esanera: bizikera zuzena eta ongilea eroanez.

Militar bidaietan ebilela jazo zan harako irudietan agertzen dana: bere kapea zati bi egin eta erdiaz hotzez hilten egoan behartsu bat estaltzea. Laster hartu eban kristau bateoa, militar bizitza itzi eta Kristori jarraitzeko. Bere aberrira bihurtu zanean, bere ama zuzentzen dau kristautasunera.

Poitiers lurretan monastegi bat jasoten dau, inguru guztian Kristoren arnas garbi eta beroa zabalduz. Europako santurik ezagunena eta herrikoiena egin zan. Historiagile batek Frantzian bakarrik 3.677 eleiza kontau ditu San Martinen izenean jasota eta 487 herri bere izena daroenak.

Toursko gotzaina hil zan eta herriak, nahitaez, Martin behartu eban bere lekurako. Holan zabaldu zan esaera eder hau: “Martin azalez gudari da, derrigorrez gotzain, bere gogoz monjea”. 35 urtetan zer ez eban egin, herriz herri Jesukristoren izena eta bizitza iragarten! Zenbatu-ezineko beste dira berari ezarten deutsoezan mirari harrigarriak.

397. urtean hil zan.

# # #
#
#
# # #

Jaunaren Hitzaren argitan

 

(Mateo 25, 31-46)

Aldi haretan, Jesusek honan esan eutsen bere ikasleei:
- «Gizonaren Semea -eta aingeru guztiak Haregaz- bere aintza handitan etorri daitenean, bere jaun-aulki ospetsuan jesarriko da; eta herri guztiak Haren aurrean batuak izango dira. Harek batzuk besteakandik bananduko ditu, artzainak ardiak ahuntzakandik banatzen dituan lez: ardiak, bere eskoi-aldean ipiniko ditu; ahuntzak, barriz, ezker-aldean.

Orduan, erregek honan esango deutse bere eskumakoei:
"Zatoze, nire Aitaren bedeinkatuok, hartu egizue, munduaren sortzetik zuentzat gertauta dagoan erreinua. Izan ere, gose nintzan, eta zuek jaten emon zeunsten; egarri nintzan, eta edaten emon zeunsten; arrotz nintzan, eta etxean hartu ninduzuen; geisorik nengoan, eta ikusten etorri zineen; espetxean nengoan, eta Nigana etorri zineen".
Orduan, zintzoak erantzungo deutsoe:
"Jauna, noiz ikusi zinduguzan goserik, eta emon geuntsun jaten; edo egarri, eta edaten emon? Noiz ikusi zinduguzan arrotz, eta etxean hartu; edo biluzik, eta jantzi? Noiz ikusi zinduguzan geisorik, edo espetxean, eta joan ginan zugana?".
Eta erregek erantzun eta esango deutse:
"Benetan dinotsuet: nire senide diran txiki honeetako bati egina, Neuri egin zeunsten".

Orduan, honan esango deutse ezkerrekoei:
"Alde Nigandik, madarikatuok, deabruarentzat eta haren aingeruentzat gertauta dagoan betiko sutara. Izan ere, gose nintzan, eta ez zeunsten jaten emon; egarri nintzan, eta ez zeunsten edaten emon; arrotz nintzan, eta ez ninduzuen etxean hartu; biluzik nengoan, eta ez ninduzuen jantzi; geisorik eta espetxean nengoan, eta ez zineen Ni ikusten etorri".
Hareek erantzungo deutsoe:
"Jauna, noiz ikusi zinduguzan goserik, edo egarri, arrotz, biluzik, geisorik, edo espetxean, eta guk lagundu ez?".
Orduan, erantzungo deutse:
"Benetan dinotsuet: txiki honeetako bati egin ez zeuntsoena, Neuri ez zeunsten egin”.

Eta honeek betiko oinazetara joango dira; zintzoak, barriz, betiko bizitzara».

# # #
#
#
# # #

Gaur gure txanda

 

Jentil munduan zelango santutasun lorea sortu dan! Jaungoikoarentzat ez dago ezinezkorik; nahi dauan lekuan eta orduan sortzen dau bizi-iturri barria. Militar giroan, ezetariko giza laguntza barik, horra jainkozko zugatz tantai galanta.

Gaur kristau giroa galdu dala dinogu, ez dagoala zereginik. Egia, guk geutara ez dakagu etorkizunik. Baina Jesus bizi da, gure artean dabil; gitxien uste dan lekuan sortzen dira gaur be kristau bide barriak, laiko adoretsuak, eragozpen guztien gainetik aurrera egiten dabenak. Martinen antzera, preminan dagoanagaz errukitu eta kapea, etxea, dirua eta bizitza bera erdibana egiten dabenak. Guretzat be ez dator txarto santu honen deia eta erakutsia.

Jakina, horretarako gudari espiritua behar dogu, Kristoren gudari izateko; izan ere, hori dala Jesusen jarraitzailea, dinosku Ebanjelioak. Ez dago Jesusi jarraitzerik txepelkeriz eta epelkeriz jokatuta; bihozkada baten eraginez kapa erdia behartsu bati emotea errezago da, norbere bizia besteen zerbitzura ipintea baino, eta hori egin eban Martinek Jesus Beraren antzera.

Badogu, bai, zer ikasi Martin santuagandik; ez gaitezala azaleko ipuin batzuekaz gelditu. Gaur da aproposko aldia kristau gudarientzat, eurena da etorkizuna. Sortu beitez gure artean Martinen antzeko laiko argi eta sutsuak, Kristoren alde jokatzeko paparra dabenak.

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Jainko Jauna,
Martin gotzian santuak goratu zaitu bai bere biziaz,
bai bere heriotzeaz;
barriztau egizuz gure bihotzetan zure graziaren miragarriak:
ez heriotzeak, ez biziak,
Zugandik aldendu ez gagizan.







JESUSEN ESKUAK

Jesusen eskuei begira geratuko gara.
Konfiantza transmititzeko, abegitasuna agertzeko,
segurtasuna eskeintzeko,
maitasuna emoteko... gai diran eskuak.

Umeak onartu eta bedeinkatzeko eskuak zabalik,
aurrera egin ezinik bide bazterrean gelditu diranei,
luzatzeko prest dagozan eskuak;
Espiritu minduak eta gorputz zaurituak
osatzeko prest dagozan eskuak;
sareak batzen edo harria lantzen ohituta dagozan langile eskuak,
bidea erakusten daben eskuak
eta aurrera egiteko gogoa sortu,
betetasunera eroaten daben eskuak.

Luzatu zure eskua gurearekin bat egin arte,
ikutu horrek bizibarritu gaizan,
zure musuak biztu,
eta zure besarkadak ondoan zaitugula konturatuazo.

Zure laguntzagaz
gure anai-arreben hurkoak izatea lortuko dogu.

Lagundu eiguzu,
beharrizanean dagozanei gure eskuak luzatzen.
Zure bultzakadaz kontatzen dogu.
Zure laguntzarekin ez deigula galdu fedea
eta zure eskuak gureekin bat eginda sentidu deiguzala.
AMEN.

# # #
#
#
# # #

Bertsoa

 

Azaroak hamaika
San Martin gogoan,
guztiz maitatua da
hemen ta kanpoan.
Pobreai laguntzeko
beti prest egoan,
bizia erneten zan
Martinen ondoan;
Santu baten kerizan
ze poza dagoan!

# # #
 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue