Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Jesusen jarraitzaileak

#
#

KURUTZEKO San PAULO

# # #

KURUTZEKO San PAULO

#

# # #
#
#
# # #

Egun honetarako zehaztasunak

 

Ovadan, Italian jaio zan 1694ko urtarrilaren 3an. Gaztetan bere aitagaz merkataritzan jardun eban. Jaunaren deiari jarraituz, 1720ko azaroaren 22an, ermitauaren jantzi baltza emon eutson gotzainak eta berrogei eguneko otoitzaldiari ekin eutson jo ta ke.

Geroago, Erroman, bere anaia Joan Bautistagaz, gaixozain igaro eban denporaldian Benedikto XIII. Aita santuak abade ordenatu eban.

Jarraian, Argentario mendiko bakardadean batu zan. Han bizi zala, Jaungoikoak argituta eta Kristoren Nekaldiaren eta Heriotzearen oroipena egiteko eta zabaltzeko, Jesukristoren Pasinoko Kongregazinoa sortu eban. Helburu berbera daukan Klausurako Lekaime Pasiotarren Kongregazinoa be sortu eban.

Kurutzeko mezuaren predikari aspertuezina izan zan, nagusi leial eta zintzoa, penitentzia eta otoitzean eredu bikaina, arimako zuzendari trebea, XVIII. mendeko mistikorik haundienetakoa.

Erroman hil zan 1775eko urriaren 18an.

# # #
#
#
# # #

Jaunaren Hitzaren argitan

 

(Lukas 9, 1-6)

Aldi haretan, Jesusek batu ebazan Hamabiak, eta deabru guztien gain indarra ta ahalmena emon eutsen, baita gatxak osatzeko ere. Gero, Jaungoikoaren Erreinua iragartera eta geisoak osatzera bialdu ebazan. Eta esan eutsen:
- «Ez hartu ezer biderako, ez makilarik, ez bide-zorrorik, ez ogirik, ez dirurik; ez eroan bakotxak soineko bina. Sartzen zareen etxean bertan egon zaiteze, leku haretatik urten arte. Nonbaiten hartzen ez bazaitue, barriz, astindu zuen oinetakoen hautsak handik urtetean, euren kontrako testigutzarako».

Hareek urten eta herririk herri ibili ziran, alde guztietan Barri Ona iragarten eta geisoak osatzen.



(1 Korintoarrei 1, 17-25)

Senideok:
Kristok ez ninduan bateatzera bialdu, Barri Ona zabaltzera baino; eta hori be, ez jakituriazko berbaz, Kristoren kurutzeak indarrik galdu ez daian. Kurutzearen mezua, galtzen diranentzat, zorakeria da; salbetan diranentzat, ostera, hau da, guretzat, Jaunaren indarra.

Idatzita dago, egon be: “Jakintsuen jakinduria hondatu egingo dot Nik, eta zentzudunen zentzuna, huts bihurtuko”. Non dago jakintsua? Non ikasia? Non mundu honetako burutsua? Ez ete dau, ba, zoro bihurtu Jaunak mundu honetako jakinduria? Izan be, Jaungoikoak bere jakituria erakutsi ebanean, munduak ez eban ezagutu Jauna jakituriaren bidez, eta horregaitik Jaungoikoak irakaspen zoroaren bidez salbau gura izan zituan sinistedunak.

Judutarrak ezaugarri eske dabilz; greziarrak, jakituriaren bila; guk, barriz, Jesu Kristo kurutzean josia irakasten dogu, judutarrentzat jauspide dana eta greziarrentzat zorakeria; baina deituentzat -nahiz judutar izan, nahiz greziar- Jaunaren indarrra eta Jaunaren jakituria dan Kristo. Jaunaren zorakeria gizonak baino jakintsuagoa dalako; eta Jaunaren makaltasuna gizonak baino indartsuagoa.

# # #
#
#
# # #

Gaur gure txanda

 

San Paulo Kurutzekoa Jesus Jaunagaz maitemindutako gizakia da. Amagandik jaso eban eraspen hau. Txikitatik jo eban bere burua ukatzera eta otoitzaldi luzeak egitera Kurutzearen oinetan. Aitak eta abadeak behin baino gehiagotan galga emon behar izan eutsen.

Urteak aurrera joan ahala, bere izeneko Apostoluak lez esan ahal izan eban: “Bizi naz, baina ez naz neu bizi; nigan Kristo bizi da”. Hori da bizitzan ardatz sendoa eukitea, bertan bizitzako gora-beherak guztiak batuta jokatzea. Holango gizakiak urrunera helduten dira, ez dira mogitzen haizeak nora hara. Jakina, horretarako otoitzean Kurutzearen oinetan ondo hezi eta hazitako gizatasuna izan behar. Santutasuna ez da jantzikera eta bizikera bat edo besteari lotutako zerbait, kristautasunari dagokiona baino.

Gure Santuak Kurutzean aurkitu eban bere izatearen eta egitearen zentzun osoa eta indar guztia. Hantxe aurkitu ebalako Jaungoikoak gizakioi deuskun maitasunaren gailurra. Horrek emon eutson bere bizitzari batasun eta santasun sendoa.

Hori da santuak dauken indarraren sekretua: Aukeratu dituanaren maitasunari erantzun beharra. Ez da norbere on izan beharraren beharrez hartzen dan bidea; ezta inguruko giroak eskatzen dauana, ezta zerua irabazi beharrak eraginda. Paulo Apostoluak agertzen deusku: “Maite izan nau eta neure maitasunagaitik bere bizia emon dau”. Aurretiko maitasun haundi bati erantzun beharrak eragiten deutse.

Eta guri? Krisialdi honetan badaukagu azaletik sakonera jo beharra, Jesusen jarraitzaile izan gura badogu, behintzat.

Baina Kurutzeko San Pauloren egitekorik nabarmenena zera izan zan: Jesukristoren Pasinoko Kongregazinoa sortzea. Jesusen Nekaldiko maitasuna gogoeta sakonez norberaganatzeko eta bere indar misteriotsua kristau herrian iragarteko. Eta hau, ahal dala, lurralde behartsu eta baztartuetan.

Pasinoko Karismea, izan ere, indar-iturri berezia da, Jesusen jarraitzaile batentzat: bere bizitzari oinarri sendoa ezarteko eta apostolu kemenez bere barri emoteko. Bai erlijioso eta bai laiko, Nekaldiko espiritualtasunez jantzirik, gaixo, behartsu eta bihotz zaurituak Jesusen maitasunera erakartea: ba ete da egiteko ederragorik kristau batentzat?

Gaur errezkerira, atseginkerira huskeriagaitik joten dogu; Jesusen Kurutzearen oinetan otoitzaldiak mesederik asko egingo leuskigu, seguru asko. Gaurko eguraldi gogorrean, izatekotan benetan izan, edo ez izan; ez dago erdizkakoak izaterik.

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Jaungoiko gure Jauna,
Kurutzeko Berbea iragarteko
sugarrez berotu zenduan
gure Aita San Paulo Kurutzekoa, abadea;
emoiguzu, harek adoretuta eta lagunduta,
asmatu daigula guk be,
zure seme Jesukristoren Pasinoaren bidez,
gure senideak zureganatzen horreekaz
frutua lortu ahal daigun.










HEMEN NOZU, JAUNA

Hemen nozu, Jauna.
Zure izenean,
nahi dozun tokira joango naz.

Zure eskuetan ipinten naz.
Iluntasunean dabizanei argi egiteko
eta jota dagozanak bizi barritzeko,
zure fedearen lekuko egin nagizu.
Mundu honetan adiskidetasuna ereiteko,
zure maitasunaren lekuko egin nagizu.

Hemen nozu, Jauna, bialdu nagizu.
Ipini zure Hitza nire ezpanetan,
zure arintasuna nire oinetan
eta zure zeregina nire eskuetan.
Ipini zure Espiritua nire espirituan,
zure maitasuna nire bihotzean,
zure indarra nire ahultasunean
eta zure erabakia nire ezbaian.

Hemen nozu, Jauna, bialdu nagizu,
izaki guztiei errespetua eroatera,
pertsona guztiei zuzentasuna,
bakea herri guztiei,
bizitzeko poza eta zoriontasuna umeei,
ilusinoa katekista eta laguntzaileei
eta poza eta itxaropena nire egitekoei.
Amen.

# # #
#
#
# # #

Bertsoa

 

Gaur da San Paulo Kurutzekoa
jatorriz italiarra,
Eleiz Amaren seme leiala
eta gorengo izarra.
Ama ezarrik eutson txikitan
Jesusenganako garra,
Berak Kurutzan dana emonda
gure erantzun beharrra.
Jesusen penak gogoratuta
haren otoitz ta negarra:
baina bera da bakarra,
pekatari ta kaxkarra...
Martxan jarten dau Pasiotarren
Ordena barri azkarra,
munduan zehar iragarteko
Nekaldiaren indarra.

# # #
 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue