Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Jesusen jarraitzaileak

#
#

ASISKO FRANTZISKO Santua

# # #

ASISKO FRANTZISKO Santua

#

# # #
#
#
# # #

Egun honetarako zehaztasunak

 

Italiako Asisen jaio zan 1182. urtean; eta 1226. urteko urriaren 3an hil zan. Bere eguna urriaren 4an ospatzen da. Frantziskotarren sortzailea izan zan; eta geroago Klaratar monjena ere bai.

Merkatari aberats baten seme izatetik pobretasun gorrian bizitzera jo eban bakardadeko bizitzan, bere buru eta bihotz Ebanjelioari lotuz. Gaztetan munduko sasi-artean katigu bizi izan zan, alperkerian eta nasaikerian. Halan ere, diru kontuan bihotz eta eskuzabal agertu zan beti, bai txarrerako eta bai onerako.

24 urteko zala, giro horretatik aldenduten hasi zan, burumakur eta pentsakor. “Zer, ezkontzeko arduraz kezkatuta ala?”, itandu eutson mutil bati, halako erantzuna emon eutson: “Bai, horixe bera: ezkontzekotan nabil, eta eskeini naiakon emaztea hain da ederra, hain ona, hain aberatsa, zuk holangorik ez dozu sekula ezagutu”. Goi argiz ezagutu eban Eleizea zan emaztegai hori.

Aitak inun diranak egin ebazan, semeari burutik amets horreek kentzeko; abade eta gotzain arazo horretan sartzeraino. Baina alperrik, Frantzisko berean gero eta sendoago. Jantzi eta apainkeri guztiak gotzainaren eskuetan itzita, bakardadera jo eban. Ermitatxo zahar baten aurkitu eban gordeleku bat, Kurutze ederra erdian ebala. Bere aurrean otoitzean egoala, Kurutzeko Jaunak dei egin eutson: “Frantzisko, zoaz eta erabarritu egizu nire Eleizea, dana bertan behera hondatua dago-ta”. Baina ez zan San Damian ermitatxoa bakarrik; Eleiz bizitza osoa egoan lurjota; hori zan Jaunak bere gain ipinten eban arlo ederra baizen astuna.

Frantzisko gazteak hartu eban bidea, bai zuzena eta garbia, baina latza. Uste baino lehenago batu jakozan hainbat gazte, bizibide barrian lagun izan gurarik. Baina Frantzisko eukan garra behar barruan; laster sortu jakozan eten-urratuak lagunartean. Frantziskok aurrera egin eban, hasibarri zan lagunartea zuzentzeko Erromara jo eban laguntza eske. Espirituak eraginda, Jesus beraren irudi bizi bihurtu zan Frantzisko: Jaun Kurutzeratuaren zauriak ezarri jakozan gorputzean, otoitzean su ta gar egoanbaten. Izan ere, hori zan bere ardura nagusia.

Geldiezina bihurtu zan: Erromara, Aprikara, Jerusalenera, Konpostelara etabar bideak jorratu ebazan. Gaixoak, legenardunak, baztartuak ziran bere lagunak, euren artean harrigarriak eginez. Aingeruzko kontenplalari bihurtu zan, zeru-lur-itsasoetako gauza guztiak anai-arrebatzat hartuz. Eta bakezale eta bakegile aparta izan zan. Gaur ere gure artean sarri erabilten dogu harako bere “Bake-otoitza”.

44 urteko zala hil zan, baina mundua Jesusen usain gozoz bete ondoren. Gizaldietan zehar bizirik dirau San Fantziskoren aztarrenak.

# # #
#
#
# # #

Jaunaren Hitzaren argitan

 

(Lukas 9, 57 – 10, 9)

Aldi haretan, Jesus eta ikasleak bidez joiazala, batek honan esan eutson:
- «Jarraituko deutsut zoazan edonora».
Jesusek erantzun:
- «Azeriak badaukez zuloak, eta zeruko hegaztiak habiak; baina Gizonaren Semeak ez dauko burua non etzunik».

Eta beste bati esan eutson:
- «Jarraitu Niri».
Baina harek erantzun:
- «Jauna, itzi egidazu lehenengo neure aitari lurra emotera joaten».
Jesusek erantzun eutson:
- «Itzi hilei euren hilei lurra emoten; zu zoaz Jaungoiko Erreinuaren barri emotera».

Beste batek esan eutson:
- «Jarraituko deutsut, Jauna; baina itzi egidazu lehenengo neure etxekoei agur egiten».
Jesusek esan eutson:
- «Eskua goldeari ezarri eta atzera begituten dauana, ez da gai Jaungoikoaren Erreinurako».

Jaunak beste hirurogei eta hamabi aukeratu zituan, eta binan bere aurretik bialdu, Bera joateko zan herri eta auzo guztietara. Eta esan eutsen:
- «Solo-aria ugaria da, baina langileak gitxi. Egin, bada, otoitz, solo-ariaren jabeari bialdu dagizala langileak bere solora. Zoaze! Begira, bildotsak otso-artera lez bialtzen zaituet. Ez eroan aldean ez diru-sakutorik, ez bide-zorrorik, ez oinetakorik. Eta ez gelditu bidean inori agur egiten.

Etxeren baten sartzen zareenean, hauxe izan bedi zuon lehenengo berbea: "Bakea etxe honetan!". Eta han bakezko jenterik bada, euren gainean geldituko da zuen bakea; bestela, barriz, zeuokana bihurtuko da.

Etxe hatan bertan gelditu zaiteze, daukenetik jan eta edan egizue, langileari bere saria zor jako-eta. Ez ibili etxerik etxe. Herriren baten sartzen zareenean, ondo hartzen bazaitue, jan emoten deutsuena, osatu hango gaixoak, eta esaiezue: "Hurrean dozue Jainkoaren Erreinua"».

# # #
#
#
# # #

Gaur gure txanda

 

Santuak ez doguz beti zerura begira jarri behar, zapaltzen daben lurra astindu eta lantzen ere badakie. Giza-eredu ere badira. Hemen dogu San Frantzisko, gizaki baino aingeru gehiagotzat jo geinken gizakia. Baina gura geunkez haren begi-bihotz garbiak, zeru-lur-itasoko izakiak anai-arrebatzat ikusi eta hartzeko. Gura geunke haren barru zintzo eta baketsua, bai geure buruan eta bai inguruko guztiengan harek sortzen eban bake giroa sortzeko.

Jainkoaren espirituz garbitu eta landua dan gizakia zerurako baino lehen, lurrerako da ona, baliozkoa. Bakotxak bere barruan daroana ereiten dau berbaz eta egitez.

San Frantziskoren sasoiko Eleiz-bizitza gaurkoa baizen desitxuratua eta ganorabakoa zan, edo areago. San Frantziskok ondo ekian hori. Benetan hartu eban Jaun Kurutzekoak esandakoa: “Zoaz eta barriztatu egizu Eleizea, dana bertan behera hondatua dago-ta”. Nundik hasiko, eta bere burua garbitu eta zuzentzetik. Pobretasunetik, apaltasunetik, Espiritu bidetik.

Beti lez, gaur ere, Eleizan dagoan krisialdirik gogorrena Espirituarena da: Espiritua gaur ere gauza da Jesusen Eleizea erabarritzeko, baina geuk itzi eta lagundu behar. Gu bakotxa bihoz-barritzen garan neurrian erabarrituko da hormaz, legez eta jerarkiaz dotore agiri dan Eleiz gaueztandua. Hasi gaitezan.

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Jainko Jauna,
Kristoren antz-antzeko egin zenduan
Asisko Frantzisko santua,
bizitza apal eta behartsuaren bidez;
egizu bide beretik ibili gaitezala,
zure Semeari jarraitzeko eta,
maitasun pozgarriz beterik,
Zeugaz bat egiteko.










ZURE ONTASUNEZ INGURATURIK

Jauna, ze ederto uztartzen zaren
gizaki batzuen bihotzetan!
Ze mesede egiten deuskuzun
horrela izanez!

Mundu hau gaiztoa dala esaten deuste,
pekatua nagusi dala
eta bere etorkizun bakarra porrota dalako
gaurko gizakia galduta dagoela.

Dana dala,
hurrengo gauzok eta beste asko ikusten ditut nik.

Primerako pertsonak ikusten ditut:
umeak barrezka eta adeitasunez agurtzen;
behartsuen alde zerbait egiteko prest dagozan gazteak;
seme-alaben alde ilusinoz beterik lana egiten daben gurasoak;
kalean zehar baretasuna eta bizitzeko gogoa
zabaltzen daben adinekoak;
zuzentasunez sor jakena eskatzen daben langileak;
euren harrera onarekin,
gaixo askorengan itxaropena sortzen daben osagileak;
pertsonak errespetuz tratatzen dabezan gidariak;
etsipenak jota dagozanengana
hurreratzen diran hainbeste erizain;
hirugarren Mundura abiatzeko plana egin daben hainbeste ikasle;
eta pertsona apalak,
ondokoari laguntzeko beti prest dagozanak
eta edozeini mesede bat egiteko beti prest...

Eta honen inguruan pekatua ere ikusten dot,
mundukoa eta nirea.

Jauna, zure ontasunetik hasi gura dot,
nire eta munduaren ahultasunak,
dana, zure errukiaren leiho zoragarritik
ikusteko gai izan naiten.

Jauna, jarraitu lanean
gizakion bihotzetan
eta gu konturatu ez arren
inguratu gagizuz zure ontasunez.

# # #
#
#
# # #

Bertsoa

 

Asisko San Frantzisko
gizaki apala,
onez mundiala:
burua argi eta
bihotza zabala.
Gauza danak zituan
anai berehala:
arrain, lore ta txori
ta otso zitala.
Holako asko balitz,
ez suerte makala!

# # #
 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue