Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Jesusen jarraitzaileak

#
#

San BARTOLOME

# # #

San BARTOLOME

#

# # #
#
#
# # #

Egun honetarako zehaztasunak

 

NATANAEL deituten deutso San Joanek, eta beste hiru ebanjelariak BARTOLOME.

“Etorri eta ikusi” konbite egin eutsan Betsaidako Felipek Bartolome gazteari; harek erreztu eutsan Jesusenganako bidea. Jesusek Bartolome ikusi eta beste barik, bihotz-hondotik urten eutsan: “Hona hemen benetako israeldar bat, faltsokeriarik bakoa” (Joan 1, 47). Halakoxe oso-osokoa zan, antza.

Natanael izenak “Jainkoaren dohaia” esan nahi dau. Felipek lagunduta Jesus ezagutu eban eta betiko bihotzez eta bizitzaz bat-eginda geratu zan Nazareteko Maixuagaz. Jesus Maixuaren bizikera berbera hartu eban pozik: “Azeriak euren gordelekuak daukez eta txoriak euren habiak, baina Gizonaren Semeak ez dauka burua non etzun”.

Jesusen jarraitzaile izateak esamesak sortuko eban bere inguruan bere aurka, baina Bartolome emondako baietzean aurrera. Halako bihotz-beteko altxorra aurkitu eban Jesusengan! Ez eban ezergaitik ere galduko. Gurutze-ordu ilunean, berak ere huts emon eutsan Jesusi; baina ondo damutu jakon.

Geroago, Espiritu Santuz beterik, hor doa mundurik mundu Jesus iragarten. Nora? Beharbada Frijia, Persia, Etiopia, Siria, Arabia… aldera.

Irudietan beti agertzen jaku bizirik narrututa Jesusen izenean, eskuan laban bat dauala. Ikusten danez, Bartolome apostoluaren bizitzako zertzelada gitxi dakigu. Dakiguna nahiko da gorengo mailaraino jasoteko ere: dana emon dauanak -narru eta guzti!- ezin gehiago emon.

# # #
#
#
# # #

Jaunaren Hitzaren argitan

 

(Joan 1, 43-51)

Aldi haretan, Jesusek Galilea aldera joan nahi eban. Felipe aurkitu eban, eta esan eutson:
- «Jarraitu Niri».
Felipe Betsaidarra zan, Andresen eta Pedroren herrikoa.

Felipek Natanael aurkitu eban, eta esan eutson:
- «Moisesek Legean, eta Profetek aitatu ebena aurkitu dogu: Jesus, Joseren semea, nazaretarra».
Natanaelek erantzun:
- «Nazaretetik urten ete leike ezer onik?».
Eta Felipek:
- «Zatoz eta ikusi».

Jesusek Natanael Beragana etorten ikusi eban, eta esan eutson:
- «Hona hemen egiazko israeldarra, azpikeriarik bakoa».
Natanaelek esan eutson:
- «Nondik ezagutzen nozu?».
Jesusek erantzun:
- «Felipek zuri dei egin baino lehen, ikopean zengozala, ikusi zindudazan Nik».
Natanaelek erantzun:
- «Rabbi, Jainkoaren Semea zara Zu; Israelgo Erregea zara Zu».
Jesusek erantzun:
- «Ikopean ikusi zindudazala esan deutsudalako sinisten dozu? Hori baino handiagorik ikusiko dozu».
Eta esan eutson gainera:
- «Benetan dinotsut: zerua zabalik ikusiko dozue, eta Jainkoaren aingeruak gora eta behera, Gizonaren Semearen gainean».

# # #
#
#
# # #

Gaur gure txanda

 

Gizon ezjakinak, eskulanean gau eta egun jardunak, dana jokatzen dabe, edozetarako dagoz prest. Esku hutsik, baina bihotzak beterik; ez armarik, ez ezetariko indar barik, baina Espirituaren adorez sutan. Nora, zelan, zer, noiz arte, zenbat... hori egunean egunekoa agertzen joango da.

Santuak hau dauke ziur: Jaunak deituak dirala, euren bizitza osoa Hari erantzutea dala, ez dituala bakarrik itziko. Han nahiz hemen jausi, bere eskuetan jausten dirala.

Zorionekoak Jesusegaz fiatzen diranak! Zorionekoak Jesusegaz benetan topo egin dabenak! Jaunagaitik asko emoten dabenak, askoz gehiago hartzen dabe; bateko ehun. Egia esan, narrua emoteko, barrua sendo behar da euki!

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Jainko Jauna,
sendotu eizu gugan,
Bartolome Apostolua
zure Semeagaz bat egin eban fede leiala;
eta egizu, haren otoitzez,
zure Eleizea izan dedila
munduaren salbamen-sakramentua.
Zure Seme Jesukristo gure Jaunaren bitartez.










LAGUN BAT AURKITU DOT

Jesus: Zu beti zara ezustekoa,
itxaroten ez dan laguna aurkitzea lez.
Eta nik aurkitu zaitut.

Ez neban uste hain hurretik Zu ezagutzea.
Baina hurreratu zinan, samaritarrarenagana lez,
eta esan deustazu:
“Emoidazu edaten”.

Zakeori lez, igonda egoan arbalara begiratu zenduan
eta esan zeuntson:
“Jatsi zaitez,
zure etxean ostatu hartu gura dot eta”
.

Badakizu behar zaitudana,
eta neuk deitu barik helduten zara nigana.
Itzi egidazu bidean Zuri lagun egiten.
Baina, zer dinot gero?, Zu nigaz joan ba zoaz eta,
beti zaitut bideko lagun, egundo aspertu barik.
Ezagutzen nozu eta badakizu zer behar dodan,
bai nire asmoak eta bai nire makaltasunak.
Ezin deutsut ezertxo ere ezkutatu, Jesus.

Neutaz pentsatzea itzi gura neuke
eta Zuri eskeini nire denpora guztia.
Nazan osoa Zuri eskeinita bizi gura dot.
Zoazen lekura zoazela jarraitu gura deutsut.

Baina hauxe esatera ere ez naz ausartzen,
makala naz eta.
Hau Zeuk dakizu nik baino hobeto.
Badakizu zelango buztinez eginda nagoan,
hain hauskor eta aldakor.

Horrexegaitik inoiz baino beharrago zaitut,
Zeuk eten barik zuzendu nagizun,
Zeu izan zaitezan nire eusgarri eta nire atseden.

Eskerrak, Jesus, zure adiskidetasunagaitik!

# # #
#
#
# # #

Bertsoa

 

San Bartolome eguna dogu
baserri-gazte jatorra,
bera ikusi ta beste barik
hau da Jesusen autorra.
Eskuan dauka aiztoa,
ete da hain gaiztoa?
Hau martiritza gogorra!
Narru ta guzti ordaindu behar
on izatearen zorra.

# # #
 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue