Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Jesusen jarraitzaileak

#
#

ANDRA MARIA BIRJINAREN ZERURATZEA

# # #

ANDRA MARIA BIRJINAREN ZERURATZEA

#

# # #
#
#
# # #

Egun honetarako zehaztasunak

 

“Andra Mari Eguna” deitzen jako gaurko jaiari. Gure Ama Maria gorengo gorenera jasoa izan dan eguna, zeru-lurren Erregina izendatua.

Jainkoak graziz eta ederrez betea egiterakoan, askoz gorago ezin eikean jaso gizakia. Baina lur gainean bizi zala, bere edertasuna lurrez estalduta egoan, Jesus berarena lez. Orain bere Seme Jesus berbiztua, diran guztien Jaun eta Jabe eginda dagoanez, gero bere Ama ere bere ondora jasoa izan da.

Kalbarioan negarretan ondoan izan eban Ama zintzoa, orain bere betiko erregetzan ere Beragaz batera dago. Kalbarioan bere eskuetan itzi ginduanak, orain ere bere lagun dauka gure alde egiteko.

Pio XII. Aita Santuak 1950. urtean sinistu beharreko egitzat autortu eban: Maria gorputz eta arima jasoa izan dala. Egia esan, misterio hau holantxe autortu izan eban kristau herriak gizaldietan, eta eleiz-egutegian eta liturgian jaiegun pozgarritzat beti ospatu izan dau. Hemendik aurrera, kristau sinismenaren atal dogu.

Gogoan hartzekoak doguz Pio XII.ak autorpen horretan erabilitako berbak: “Holan dinogu, autortzen dogu eta egitzat ezarten dogu, Jaungoikoak agertutako dogma dogula: Jaungoikoaren Ama sortzez garbia, Maria beti Birjina, lurreko bizitzaldia amaitu ostean, gorputz eta arima zeruko aintzara jasoa izan dala”.

Kristau herri osoak txalo beroz eta pozezko goralpenez hartu eban autorpen zoragarri hau. Aita Santuak ez dau ezer gehituten Mariaren heriotzeari buruz, ezta zelan izan zan bere azkena ere. Hau ez da sartzen fedeko egian. Jesus sortu eta bederatzi hilabetetan bere sabelean eroan eban gorputz eta guzti, zeruetara jasoa izan dala. Lehenengo gizaldietatik hasita, gizaldirik gizaldi, mila eratara autortua, goraldua eta ospatua izan dan egia, orain kristau kredoaren atal bizi bat dogu. Betiko jarrera dagokigu hartzea: Jainkoak ahal dauala eta holan nahi izanik, egin dauala. Guri onartzea, autortzea eta pozez ospatzea dagokigu.

# # #
#
#
# # #

Jaunaren Hitzaren argitan

 

(Lukas 1, 39-56)

Aldi haretan, Maria jagi eta bizi-bizi mendialdera joan zan, Judeako herri batera, eta Zakariasenean sartu, eta Isabeli agur egin eutson.
Mariaren agurra entzun ebaneko, Isabeli salto egin eutson umeak sabelean. Isabel Espiritu Santuaz bete zan, eta honan esan eban oihu handiz:
- «Bedeinkatua zu emakumeen artean, eta bedeinkatua zure sabeleko frutua. Nondik niri neure Jaunaren Ama nigana etortea? Zure agurra nire belarrietara heldu orduko, salto egin deust umeak pozez sabelean. Zorionekoa zu, sinistu dozulako; Jaunak beteko dau esan deutsuna!».

Orduan Mariak esan eban:

- «Haundiesten dau nire arimak Jauna,
pozaren pozez daukat neure barrua;
Jainkoa da-ta nire salbamena,
ikusi dau-ta mirabe honen ezereztasuna.
Dohatsu deituko deuste gaurdanik gizaldi guztiak,
haundiak egin deustazalako Ahalguztidunak:
Santua da Haren izena,
eta Haren errukia gizaldiz gizaldi,
bildur deutsoenakana.
Bere besoaren indarra erabili dau,
buruharroak hondatu ditu,
bota ditu euren aulkitik haundikiak,
eta gora jaso ditu ezerezak;
ondasunez bete ditu gosez egozanak,
eta esku-hutsik bialdu asko eukenak.
Bere gain hartu dau Israel, bere morroia,
errukia gogoratu jakola;
gure gurasoei halan eutsen berbea emona,
Abrahani eta ondorengoei betiko esana».

Hiru hilabete-inguru egon zan Maria Isabelegaz, eta gero etxera joan zan.




(Lukas 11, 27-28)

Aldi haretan, Jesus jenteari berbetan egoala, jente arteko emakume batek, deadar baten, honan esan eban:
- «Zorionekoa, Zu ekarri zinduzan sabela eta Zu hazi zinduezan bularrak!».
Baina Berak esan eban:
- «Zorionekoak, bai, Jaungoikoaren Berbea entzuten eta beteten dabenak!».

# # #
#
#
# # #

Gaur gure txanda

 

Benetako haunditasuna gehienetan isilean eta ezkutuan gordeten da; erakutsiz zimeldu-edo egiten da. Lehenago “Hona hemen ni” esan ebana, orain erreginen erregina izendatua da. Maria bere txikitasunean eta haunditasunean, dana Jaungoikoarena da.

Amaren erakutsi eder hau jaso behar dogu seme-alabok; hori da Andra Mari jaia ondo ospatzeko erarik onena. Zerbitzari izatea izan dala munduan izan dan pertsonarik haundienaren jokabidea: zerbitzari izatea gorengo erregina izateko bidea.

Gizonen pentsaera eta jokabidea ez da hori, baina bai Jaungoikoarena. Eta Bera da bakarrik azken egunean bakoitzari berea emongo deutsana.

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Jainko Jauna,
Maria Birjinari, haren apaltasuna atsegin izan jatzulako,
zure Seme bakarraren ama izateko grazia emon zeuntson,
eta egun honetan bardinbako koroi ospetsua;
balio bekigu haren otoitza,
eta erospeneko misterioaz salbatu gaituzunok,
eroan gaizuz haregana zeruko ospera.
Zure Seme Jesukristo gure Jaunaren bitartez.










TOPAKETAREN SORKARIA

Maria, lagundu eidazu
topaketaren sorkaria izaten.
Hurreratu nagizu Jainkoagana Berak hartu naian;
Berari emonda bizitzen ikasi dagidan.
Zure maitasunaren indarrez,
moztu egizu nire ihes aldia.
Gizakiarentzako itxaropen bako pobrezia bakarra dagoala
ulertzen lagundu eidazu:
Jainko-ezaren pobrezia.

Bere Hitza entzuteko,
behar dan isiltasuna egiten jakin dagidala.
Konpromisoen loturen aurrean,
lanaren, ordutegiaren, inguru-giroaren aurrean,
jakin dagidala errebelatzen,
behar dodan denpora izan dagidan,
otoitzean berba egin eta entzuteko.

Egi hau sartu egizu nigan:
Jainkoa aurkitzen dauanak bakarrik
aurkituko ditu benetan gizakiak.
Jainkoagaz berba egiten dauanak bakarrik dauka
zerbait besteei esateko.
Jainkoa ikusi dauanak bakarrik
anai-arreben aurrean ez dau hutsik egingo.

# # #
#
#
# # #

Bertsoa

 

Erbestea itzita
bazoaz zerura,
ondo irabazia
dozun lekura.
Badakizu Zuk, Ama,
zer neke ta estura,
datorkigun bizitzan
gure ingurura.
Begira mundura
ta kendu tristura;
emon zenbat-gura
graziazko ura.
Gu zaintzea da, Ama,
zure ardura.
Jesusek itzi gaitu
zure kontura.

# # #
 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue