Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Jesusen jarraitzaileak

#
#

San INOCENCIO CANOURA ARNAU

# # #

San INOCENCIO CANOURA ARNAU

#

# # #
#
#
# # #

Egun honetarako zehaztasunak

 

Goiz hartan, Eukaristiako ospakizunean buru egiten zuen apaizaren parte hartzea benetan hil-bizikoa izan zen. Aita Inocencio Canoura aldare aurrean zegoen eta Eukaristia ospakizuna Eskaintza aldian zegoen. Une hartantxe, hain zuzen ere, zoritxarreko kolpe biziak entzun ziren elizako atean. Apaiza behingoan konturatu zen zer zetorren gainera: ondo baino hobeto zekien une hartako politika giroa. Ogi eta ardoarekin batera bere burua eskaini zuen, Jaunari indarra eskatuz azken testigutza emateko. Jaunak entzun eta eman egin zion behar zuen grazi indarra. Asturiasko iraultza aldian izan zen Inocencio Canouraren martiritza, orduan erori zen, baina egundoko adorea emanez eta izena irabaziz. Baina martiritza ez dator itsumustuan. Inocencio eguneroko bizitza arrunt eta zintzoan prestatu zen horretarako.

Santa Cecilia del Valle de Oro-n jaio zen (Galizian, Mondoñedo Elizbarrutian), 1887. urteko martxoaren 10an, baserritar batzuen familian. Manuel izenez izan zen bataiatua, geroago Nobiziaduan INOCENCIO izenez aldatu zuen.

Pasiotar misiolariak emandako Misioetan ezagutu zituen Pasiotarrak, eta beren artean sartzea eskatu zuen. Inguruko Mondoñeko komentura lagundu zioten, bertako erlijiosoekin hitz egiteko asmoz bakarrik. Gazteak, berriz, ez du etxera itzuli nahi; bere erabakian hain sendo zegoenez, bere nahia betetzen utzi zioten. Eta besterik gabe, Deustu-ko Seminarioan sartu zen.

1902. urtean Peñafiel-en (Valladolid) aurkitzen dugu bi urteko ikasketak eginez; 1904an, berriro Deustura itzuli zen Nobiziadua egitera. Nobiziadu urtean hartu zuen Sendotza sakramentua; eta 1905. urteko uztailaren 27an Erlijioso Profesa egiten du. Ondorengo ikasketak Corellan, Mondoñedon eta Mieresen egiten ditu. Eta 1913. urtean apaiz ordenatu zen Oviedon, 26 urte zituela.

Ondoren Pasiotar ikasleen irakasle sartzen da, filosofia, teologia eta letrak irakatsiz. Maisu argia zen, gazteentzat ulerkorra eta hurbilekoa. 1922. urtera arte irakaskintzan eman zuen. Handik aurrera sermogintzara jo zuen. 1923. urtean, Espainian pasiotarren Probintzi berri bat sortzen da, “Odol Baliotsuarena” deritzona. Inocencio bertan gelditu zen.

1934. urteko irailean, martiritza baino hilabete aurretik, Aita Inocencio Mieres-era itzuli zen Asturias-ko meategi lurralde arriskutsuetara, aurretiaz ezagutua eta maitatua izan zen tokira. Elkartean 29 erlijioso bizi ziren, haietatik 17 ikasle gazteak. Politika giroa muga guztien gainetik zetorren eta giroa erlijiosoen kontrako zitalkeriz bete zen.

1934. urteko urriaren 5an, gauzatu zen ingurugiroan sumatzen zena. Asturias-en 30.000 jaiki ziren gora-goraka: baina sinistedunak, bai apaizak eta erlijiosoak ezkubiko alderdikotzat jo zituzten eta beren kontra jaiki ziren amorru biziz. Bezperara arte, Pasiotar Erlijiosoak eguneroko arazoetan eman zuten eguna. Aita Inocencio Turon-era dijoa, meategi lurraldera, Kristau Eskoletako Anaien ikastetxean gazteak aitortzera, hilaren lehenbiziko ostiralerako prestatzeko asmoz: berandu ere bazen eta arriskutsua zen gauez ibiltzea: horregatik gaua bertan igarotzea erabaki zuen.

Hilaren 5an goizean goizetik jaiki zen eta Eukaristia ospatu zuen. Mezako Eskaintza aldian, han ziren iraultzaileak: Jaunak bere eskaintzan partekide hartzen ditu martiriak. Eta zertara jotzen duten: “faxisten eta katoliko ekintzakoen armen bila ibili dira”. Aita Inocencio eta Kristau Eskoletako Anaiak, elkarteko 8 erlijiosoak, atxilotzen dituzte eta “herriko etxera” daramazkiete.

Guztiak agertu ziren bakez eta adorez beterik. Otoitzean jardun zuten, Kristorekin laster bat-egiteko prestatzen dira, zer datorkien begi-aurrean baitzeukaten. Lehenengo eguna ezertxo jan gabe eman zuten. Geroxeago, inguruko emakume on batek eraman die janari pixka bat, eta bakez eta sakrifiziorako prest aurkitu zituen. Aita Inocencio, haiekin zegoen apaiz batekin aitortu zen eta beste martiri lagunak aitortu zituen. Ongi baino hobeki dakite apaiz eta erlijiosoak direlako hilko zituela.

Aita Inocenciok egun horiek otoitzean eta idazten eman zituen. Baina laster dena kendu zioten eskuartetik. Urriaren 9ko gauerdiko ordu-batak aldera, hilerrira eraman zituen, aurretiaz zulo handi bat eginda zeukaten ondora. Berriren berri Barkamen keinua elkarri eman eta martiritzara dijoaz ahopean otoitz beroa eginez. Erreskadan ipini dituzte guztiak zulo ondoan eta, ondoren, fusilatuak izan ziren.

Martirien gorpuak berehala hobitik atera zituzten. Kristau Eskoletako 8 Anaiak Bujedo-ra (Burgos) aldatu zituzten, baina Aita Inocencio Miereses-era, bere anaien ondora. Joan Paulo II. Aita Santuak beatifikatu zituen 1990. urteko apirilaren 29an, eta kanonizatu 1999. urteko azaroaren 21an.

# # #
#
#
# # #

Jaunaren Hitzaren argitan

 

(Mateo 10, 26-33)

Aldi hartan, Jesusek honela esan zien bere apostoluei:
- «Ez izan gizonen beldurrik, ez bait da ezer ezkuturik, agertuko ez denik; ez ezer gorderik, jakingo ez denik. Gaueko ilunpetan esaten dizuedana, esazue eguneko argitan; eta belarrira entzuten duzuena, hots egin etxe-gainetatik.

Ez izan beldurrik gorputza hiltzen dutenei, baina anima ezin hil dezaketenei; izan beldur, inori izatekotan, gorputz-arimak su-leizean gal ditzakeenari. Ez al dira, txanpon batean saltzen bi txori? Eta haietako bakar bat ere ez da lurrera erortzen, zuen Aitaren baimenik gabe. Zuen buruko ile guztiak ere kontaturik daude. Beraz, ez izan beldurrik; txori guztiak baino gehiago zerate zuek.

Gizonen aurrean nire alde ateratzen denak, bere alde izango nau Ni ere, zeruetan dagoen nire Aitaren aurrean. Gizonen aurrean Ni ukatzen nauena, ordea, ukatu egingo dut Nik ere, zeruan dagoen nire Aitaren aurrean».

# # #
#
#
# # #

Gaur gure txanda

 

Aukera ederra gure begirada kontenplari espirituz sakonera zuzentzeko, lehenengo begikolpean agertzen ez denaz jabetu nahi badugu. Gaur ere fede-begirada horren beharrizana dugu, gaur eta hemen eskaintzen zaigunaz jabetzeko. San Inocenciorengana hurbiltzeak hauxe esan nahi du: hemen ez zaigula gauza harrigarririk eskaintzen. Berarengan BIZITZAREN XUMETASUNA agiri da, ondoren guztiekin. Horrela bizi izan zena eta horrela hil, eskaintza osoaren bidez sinismen testigantza emanez, Maisuaren antzera.

Izan ere, Inocencio “Kalbarioko Eskolan” landua izan zen. Gurutzeko san Pauloren jarraitzaile zintzo bezala, Gurutzeko Jaunarengan aurkitu zuen izateko eta hiltzeko biderik ederrena; berarengandik hauxe ikasi zuen: norbere bizia maitasunez eskaintzen duenak, bere jarraitzaile leiala izanez gainera, gure munduarentzat BEDEINKAPEN bihurtzen dela. Eta horrela izan zen.

Jesusen Ebanjelioan eta bere hitz sendoan aurkitu duena “Ez izan beldurrik”, eta Jaunak bere eskaintza egiterakoan agertzen duen USTE ONA da berak jaso duen SEKULAKO ESKOLA; horixe agertzeko izan zen bere apaizgintza eta espiritu horrexekin iraun zuen azkenera arte. Hona hemen Kalbarioko “sekretua”.

Hemendik aurrera... bere bizitza erlijioso “ibiltari” batena izango da, dabilen tokian bere ALBISTE zoragarria iragarriz. Berdin jokatu zuen Pasiotar gazteen heziketan ere... hori zen bere alorra. Herri Misio Santuetan herriari irakastean ere berdin... jo ta ke berean. Era eta gogo berdinez Kristau Eskoletako La Salleko Anaien Elkartean, bertako gaztetxoak “lehenbiziko ostiraletarako” behar den bezala prestatuz (aldi hartan hori zen ekintza berezi bat)... bere apaiz bizitzaren eragin osoa. Horra bizitza arrunt baten laburpena, berebiziko espirituz eragina, KARISMA berezi baten barruan: Gurutzearen karisma.

Eta hemen aurkitzen ditugu bere martiritzaren SUSTRAI sendoak, Nazareteko Maisu handiaren arrastoak jarraituz. Baliteke gertaera berezi batzuek sortutako giroak eraginda izatea martiritza hau. Baina Jesusen jarraitzaile hau, bere lagunekin batera, eta bake sendo bat erakutsiz, bere BIZITZAREN ESKAINTZA egitera prestatu zen. Bera atxilotu zutenean Eukaristiako Eskaintza orduan gertatzea ere esanguratsua da. Horrela, Aita Inocenciok, bere 47 urterekin, martiri eskaintza egin zuen, eta begi garbiz eta bihotz zabalez begiratzen diotenentzat GONBIDAPEN itzultzen da.

GAUR eta HEMEN guretzat, Pasiotar erlijioso apal honen bizitza DEI bizi gertatzen da, gogo beroz bizi dezagun KRISTAU BOKAZIOA, horretara deituak baikara. Ez da apartekorik ezer. Hauxe baino ez: Erreinuaren zerbitzura bihotz zabaltasunez eskainita bizitzea. Ebanjelioko balorez betetako bizitza, eta gainera gure eskura dauzkagun egintza apaletan eskainita. Horrela bizi izan zituen berak, Inocencio Canourak, eta hauxe eskaintzen digu bai Pasiotar Familiari eta bai Jesusen jarraitzaile guztioi, BIZIBIDE zuzen garbia.

Ona da testigu hauek eskuratzea eta ezagutzea, apartekorik ezer erakatsi gabe, baina Ebanjelioaren indarra eta beraien testigantza garbia aurrean ipintzen digute. Eta egia da… gure munduak eta gure Elizak beharrezko ditu “testigu arrunt” hauek! Hemen aurkitzen gara gu eta uxala ERRONKA hau gureganatuko bagenu.

San Inocencio maiteak bedeinkatu gaitzala berarengana bihotz onez hurbiltzen garenok eta BIZITZAREN TESTIGANTZA onartzen lagundu dezaigula, horixe baita, Nazareteko Maisuari jarraitzeko bidea.

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Jaungoiko Aita ona,
bihotz samurrez maite gaituzuna,
eta zure Seme maitearengan eta hainbeste testigu
eta bere jarraitzaleen bidez erakusten diguzu
maitasunaren edertasuna,
beren bihotz hondoan bizi dutena
eta bizia emateraino zaindu dutena
zure bihotzarentzat pozgarri den eskaintza.

Aita,
GAUR, Inocencio Canouraren
bizitza xumea, baina maitasunez betea,
gogoz hausnartzean,
testigantzaren erakutsia ematen diguzu,
anai-arreben alde biziza emateraino
zure Seme maitearen antzeko eginez.
Emaiguzu argia eta indarra
bere gonbidapena onartzeko,
horrela sinismenaren eta Ebanjelioaren muinaren
TESTIGU BIZIAK izan gaitezen,
bizi garan tokian eta gogo beroz.






















ZURE ESKUETAN

Aita-Ama, zure eskuetan, nire bizia:
Zuk hasitako lan guztiekin,
Zuk jasandako oinaze guztiekin,
zure ontasuna eskatzen duten bere ezerez guztiekin.

Zure eskuetan, nire iragana:
zure errukiak badauka zer barkatu,
zure ahalmenak zer ordezkatu
eta zure maitasunak zer ahaztu.

Zure eskuetan, nire oraina:
iluntzen duten estutasunekin,
gainezka egiten duten pozekin,
eta dena ukitzen duten minarekin.

Zure eskuetan, nire etorkizuna:
samurtasun miragarriz prestatu duzulako,
ondo dakidalako norekin fidatzen naizen
eta hutsik egingo ez duzun ziurtasuna dudalako.

Zure eskuetan nire izate osoa:
kulunka dezazun eta zure arnasaz birsortu,
bere nekeen atseden segurua izan dezan,
eta inoiz ez dezan pentsatu galdua eta ezereza dela.

Zure eskuetan, nik maite ditudan pertsonak:
zure Aita-Ama bihotzak zaindu ditzan,
Zuk itxaron bezala zerbi zaitzaten,
anai-arreba bezala ezagutuak izan daitezen.

Aita-Ama, zure eskuetan une hau:
bere bake eta bere buruko minekin,
zure presentziaz eta zure isiltasunaz,
nire duda eta nire eskaintzarekin.

# # #
#
#
# # #

Bertsoa

 

Berriro jaso dugu gonbite
edateko santu-ura,
hurbil gaitezen Kalbarioko
Jesusen iturburura.
Eguneroko bizimoduan
haren gogo ta ardura!
eta odola isuri zuen
heldu zenean ordura;
hau da Jesusen testigu ona
INOCENCIO CANOURA.

# # #

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 

 


bidean@bidean.net
orue