Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Jesusen jarraitzaileak

#
#

Santa TERESA JESUS HAURRARENA (Lisieux-koa)

# # #

Santa TERESA JESUS HAURRARENA (Lisieux-koa)

#

# # #
#
#
# # #

Egun honetarako zehaztasunak

 

Maria Frantziska Teresa Martin Guerin Alençon-en jaio zen, Normandia-ko probintzian, Frantzia-ko ipar-mendebaldean, 1873. urteko urtarrilaren 2an. Luis Martin eta Acelia Maria Guerin izan ziren bere guraso eredugarriak, gaur egun beneragarriak. Teresatxo bere ahizpetatik azkena izan zen; bi anai ere izan zituen, baina hil egin ziren. Bere haurtzaroa zoriontsua izan zen. Beretzat gurasoak miragarriak izan ziren: “Ezin dut hitzez adierazi zeinbat maite nuen nire aita; berea zen guztia, niretzat miragarri izan zen”.

Bost urtetxo zeuzkala hil zitzaion ama, eta horrekin bukatu zen bere haurtzaroko zoriontasuna. Handik aurrera, bere gain izan zuen tristuraren gerizpea, familiako bizitzak lehengo batasunean jarraitu arren. Bere ahizpak zaindu zuen, batez ere bigarrenak; eta bera aita miragarriak, berak itsatsi zion aita-amen samurtasuna. Berak erakutsi zion natura maitatzen, otoitz egiten eta behartsuak maitatzen eta laguntzen. Bederatzi urteko zela, bere ahizpa, beretzat “bigarren ama zena”, hiriko Karmeldarren komentuan sartu zen. Horra Teresaren bigarren tristuraldia, baina gauza batek gozatuta: laster bera ere bertan sartuko zenaren itxaropena.

Hamabost urteko zela, bere bokazioz ongi jabetuta zegoen: Karmelon sartu nahi zuen. Baina adin txikikoa izanik, ez zuten onartzen. Orduan hauxe erabaki zuen: Erromara erromes joan eta Aita Santuari eskatzea. Karmelon sartzeko baimena eman zezaiola eskatu zion; hark nagusien esanetara jartzea hobe zela erantzun zion. Azken baten, ama Nagusia tarteko zela eta Teresa berak behin eta berriz eskatuz, 1888. urteko apirilaren 9an Karmeloko Monastegian onartu zuten.

Karmelon misterio bizi-biziak izan zituen: Jesus Haurraren haurtzaroa eta bere nekaldia. Horregatik, hartu zuen ondorengo izena berriz: Jesus Haurraren eta Aurpegi santuaren Teresa. Jaungoikoaren eskuetan uste osoz jarri zen. Ahaleginak egin zituen kristau bizitza ekintza harrigarriak egitean ez jartzeko; alderantziz, hontara jo zuen: gogo onez “bere aitaren besoetan beldur gabe loa hartzen duen haurraren bidea”. Hori dela eta, otoitzari eta ekintza txiki arruntei balio handia eman zien.

Bere espiritualtasunaren muina honetan jarri zuen: Jaungoikoaren ERRUKIA edo MAITASUNA. Gauza denen gainetik beti azpimarratzen du Jainkoaren errukia, horrela uste onez eta beldur gabe jo daitekeela aurrera. Denen gainetik, Jaungoikoa Aita da; eta Jesus bere Seme errukitsua. Horregatik, hau idatzi zuen: “Ene Jesus!... seguru nago hontaz: ni baino arima ahulagorik eta txikiagorik aurkituko bazenu, ezinekoa dela badakit baina, orduan eta mesede gehiagoz aberastuko zenukela, bera uste osoz zure azkengabeko errukian babestuko balitz” (eskuidatzia “B”).

1896. urteko irailaren 17an bere ahizpari idatzitako eskutitza dugu Teresaren mezuaren eta ideia guztien laburpena, bere existentziaren muina laburbilduz: “Uste ona, eta ez besterik, izango da (Jaungoikoaren) maitasunerako bidea”. Bere pentsabidean Jaungoikoak toki guztietan ateratzen zaio bidera, eta eguneroko egintza apalak, maitasunez eginak, direla santutasunera bidean egokienak: “Santutasuna ez da halako edo holako praktika bat, baizik bihotzeko jarrera bat, geu apalagoak eta txikiagoak eginez, Jaungoikoaren besoetan jartzen gaituena, beti ere gure ahultasunez eta Aitaren ontasunean usterik osoenez jabetuz”.

23 urteko zela, birikietako minez jota gelditu zen; urte bete geroago hil zen, Karmeloko bere ahizpen besoetan, bi egun hilzorian emanda. 1897. urteko irailaren 30a zen.

1923an beatifikatua izan zen eta 1925an kanonizatua. 1927. urtean Misioetako Zaindari izendatua izan zen, nahita sekula komentutik atera ez; baina beti zeuzkan Misioak gogotan bere errezoetan, misiolari izateko gogo biziz. 1997. urtean Elizako Doktora izendatu zuten, izendapen hori hartu duen hirugarren emakumea izanik. Bere aurretiko doktorak, Jesusen santa Teresa, hau ere karmeldarra, eta Siena-ko Katalina. “Maitasun-Doktora” izenez ezagutzen da.

Bere omenez Lisieux-en jaso zuten Santa Teresaren Basilika; berau da Frantzian jende gehien biltzen duen bigarren basilika, Lourdeskoaren ondoren.

Santa Teresatxok idatzitako liburuak ez dira asko, hala ere, espiritualtasun, teologi eta antropologi aldetik oso interesgarriak dira. Bere bi nagusik aginduta eskuz idatzitako hiru liburuxka dira, “ARIMA BATEN HISTORIA” deritzaion liburu baten bilduta argitaratuak. Horrez gainera, badira 274 eskutitz bere senideei eta beste lagun batzuei idatzitakoak, erlijiozko poemak, antzerki lanen batzuk, eta han-hor-hemen banatutako testuak eta bere hilzori luzean esanak, bere komentuko erlijiosa lagunak jasoak.

# # #
#
#
# # #

Jaunaren Hitzaren argitan

 

(Mateo 18, 1-5. 10)

Aldi hartan, hurbildu zitzaizkion ikasleak Jesusi, eta honela galdetu zioten:
- «Zein da handiena Zeruetako Erreinuan?».

Jesusek, haurtxo bati deitu, guztien artean ipini, eta honela esan zien:
- «Benetan diozuet: haurtxoen antzeko bihurtzen ez bazarete, ez zarete sartuko Zeruetako Erreinuan. Horrela, bere burua ahur hau bezain txiki egiten duena, hura izango da handiena Zeruetako Erreinuan. Hau bezalako ume bat nire izenean hartzen duenak, Neroni hartzen nau.

Begira, gero, txiki horietako bat gutxietsi! Nik esaten dizuet: horien aingeruak, zeruetako nire Aitaren aurpegia ikusten daude zeruan beti».

# # #
#
#
# # #

Gaur gure txanda

 

Badira egoerak, gertaerak, pertsonak eta “beren” historiak bete eta harritu egiten zaituztenak. Solidaritate “extra” batek ukituta, zirraraz bete eta eraginda uzten zaitu; bizira argitzen den haurtxo baten jaiotzak, gainez eragiten dizu eta harritzen zaituen “misterio” batek ukitzen zaitu; pertsona batzuk eta beren bizi-proiektuak ezagutzeak... liluratu eta harritu egiten gaitu, holakoren bat esateraino: “Zein haundia den zure Jainkoa, zuregan horrenbesteko edertasuna gauzatu eta iritsi duena!”.

GAUR gure sinismenaren eta gure historiaren irudi zoragarri hau -Jesus Haurraren Santa Teresa- ezagutzeak guregan eragin zirraragarria sortzen du. Hau da Jaungoikoaren sorkari zoragarria! Alde batetik, “apartekorik” ezertxo ere ez duela egin dirudi, eta bestetik, berak ibilitako bideak liluratu egiten gaitu.

Hauxe da gaur ospatzen dugun irudi zoragarria. Eta, egin ere, “ebanjeliozko xumetasunez” begiratzen dugu, berak izan duen izateko eta bizitzeko bide horrek “dioskuna” gureganatzeko. Horretarako benetan nahi izan behar da eta osoan zabaldu gure barrua bilaketa horretara. Erakusbiderik ederrena duzu!

Jesus Haurtxoaren Teresatxok ezer ulertu badu bere sakontasunean hauxe izan da: Ebanjelioan dagoen MUINA, ukitzen duen guztia aldatzeko gai dena. “UMETASUNEZKO ESPIRITUALTASUNAK” betetzen du dena, eta izateko eta jokatzeko era jakin bat eransten dio. Berak dionez, hauxe da Nazareteko Maisuari jarraitzeko bide egokia, bere xumetasunez eta sakontasunez.

Teresak ongi baino hobeki ulertu du, Nazareteko Jesusek Jaungoiko Aitari buruz erakutsitakoa. Horregatik, “Aitaren besoetan beldur gabe lo hartzen duen haurraren bidea” ibiltzea da bizitza baten HELBURUA, eta ESPIRITUALTASUN berezi bat suposatzen du, hau da, bere bizia horrela planteatzen duenaren bizitza osoari eransten dio IZATEKO ERA berezi bat.

Elizarekiko xalotasun, jarraipen, KOMUNIOA-ren eredu bizia eta espirituala: hori eta gehiago da Jesus Haurraren Teresa, begi garbiz eta bihotz zabalez begiratzen diotenentzat: “Uste ona, eta ez besterik ezer, hori da Jaungoikoarenganako maitasun-bidea”. Ezin argiago esan eta, era berean, xumetasun liluragarri gehiagoz. Teresak bai gero.

“UMETASUN ESPIRITUALTASUNAK” badu beste alderdi bat: berak adierazten duen BIDEA edo ERA: ez da beharrezko “ekintza ikaragarriak” egitea, Ebanjelioak proposatzen digun perfekzioa. EKINTZA ARRUNTAK dira, maitasunez eginak, perfekzioaren gorengo gailurrak iristeko biderik seguruena. Eta berak horrela ulertzen du eta horrela bizi izan du; eta, horrez gainera, gogorik bizienarekin. Bera oso-osoan dago horretan: MAITASUNA baino besterik ez dela behar, indarrean jarrita, hain maite gaituen Aitarekiko TOPAKETA iristeko, eta hori gure aldetiko txikitasun eta gure bizitzako muga eta guzti.

Eta, izan ere, Jaungoikoaren ERRUKIAK ez du azkenik, Jesus Haurraren Santa Teresatxoren ustez, norbera USTE ONEZ, osoz eta betean, maitasun horri irekitzen zaionean. Horra bizitzari aurpegi emateko bide eta era berria, bizitzara bide berriak zabalduz. Benetan liluragarria!

GAUR eta HEMEN guretzat EREDU bete-betea dugu. Gainera, hurbil-hurbilekoa eta xumea. Eta hau “nahaste-borraste” handien erdian eta askotariko “eskaintzak” aurrean ditugula. Santa Teresatxok bidea egiteko BIZITZA XUMEA proposatzen digu eta, horrela, eta horrela bakarrik, gaurko mundu harroxkoari eta handiustekoari eskaini, inolako lotsarik gabe. Erakustaldi ederra, ez erraza, baina bai ederra!

Eta... benetan egoki datorkio hau gure inguruko giroari eta kulturari! Eta... nola ez, gure Elizari! Gaur egungo ezkutuko eta agiriko handikeri eta botere gosearen aurrean, Teresatxok hemen “beste historia” bat proposatzen digu. Jakina, horrek “beste bide berri” batetik ibiltzea proposatzen digu. Nire ustez, Nazareteko Maisuarengandik hurbilago dagoen bidea da.

Uxala Jesus Haurraren Santa Teresatxorengana hurbiltzeak, ESPIRITUALTASUN hori xurgatzera eramaten bagaitu. Eta bego argi: “estilo hori” guztion eskura dagoela. Izan bihotz!

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Aita Jaungoikoa,
errukiz eta maitasunez betea,
Zuk eskaini diozu Kristau Elkarteari opari ongarri hau:
Ebanjelioaren oinarria eta muina zertan datzan
ongi baino hobeki ulertu eta
bizi izan duten pertsonen oparia,
eta, haien bitartez, jarraipeneko BIDE BERRI bat.

Aita ona,
GAUR, Jesus Haurraren Santa Teresatxo
gogora ekarri eta ospatzean,
berak proposatzen digun
EBANJELIOZKO XALOTASUNA eta MAITASUNEZKO bidea,
eguneroko arazo arruntean biziz,
eta horrela samurtasunez ta errukiz betetako
zure bihotza dastatzeko BIDETZAT erakutsi digu.
Emaguzu eguneroko bizitzan berari jarraitzea,
eta horrela zure bihotzaren altxorra dastatzea irits dezagula,
eta bizi dugun horixe, DOHANTASUNEZ eskaini,
bila dabiltzanei eta beharrezko duten guztiei.





















BIZIAREN JAINKOARI

Jauna, Zu Bizidun Jainkoa zara,
Jainko on eta errukiorra.
Gauza guztien sorreran
eta gure biziaren sorreran
zure ekintza sortzailea onartzen dugu.
Eta historian zehar eta gure historian,
pertsonen bizitzak
gizatasunez, anaitasunez eta pozez
betetzen dutena bultzatzen duzu.
Horregatik eskerrak ematen dizkizugu
eta bedeinkatzen zaitugu.

Zure irudiko egin gaituzu.
Zure eskuaren ekintza garela konturatuz,
zure Aita-Ama izatearen haziak guregan aurkitzean,
harritu egiten gara:
bizia sortu, transmititu eta indartzeko ahalmena eman diguzu;
eramanpenez eta samurtasunez hazten laguntzea,
bihotz onberaz eta errukiorraz laztantzea
eta zure antzera
doaneko eta konpromezuz betetako maitasuna
bizitzera deitzen gaituzu.

Zu zaran zerbait ipini duzu guregan,
gure bitartez,
gure ingurukoak ere ezagutu dezaten:
mundu honen erdian,
gure anai-arrebekin batera,
zure maitasun kutuna, hurbilekoa eta askatzailea
bizitzera bidaltzen gaituzula.

Pertsona askeak, onberak, solidarioak,
itxaropenaren lekukoak izatera deitzen gaituzu;
Jainkoaren gizon eta emakume,
Espirituz betetako gizon eta emakume,
Jesusi hurbil-hurbiletik jarraitzeko prest daudenak.
Barruko bizitza zurekin bizi dutenak,
zure maitasunez aseak,
Zurekin bat izatearen poza agertzen dutenak.

Bizi dugun une, lan eta egoera ezberdinetan,
gure bizitzak Zutzaz hitz egin dezala eskatzen dizugu;
gure bizitzako jarrerekin jendea konturatu daitela,
Zuk maite dituzula.
Bizia hazten laguntzeko eta zure Erreinua eraikitzeko,
gurekin kontatzen duzu.

Mariaren antzera,
zure izatea gureganatu,
zure maitasunari zabalik egonez, munduari eskaini,
eta gure bizitza,
besteentzat dohain bat izan dadin saiatu gaitezela.

# # #
#
#
# # #

Bertsoa

 

Ume Jesusek liluraturik
Teresa datorkiguna,
txiki ta apal izatea da
beraren handitasuna.
Eguneroko bizimoduan
agertuz zintzotasuna,
honetan da ezaguna.
Denetan eta denen gainetik
erakutsiz maitasuna,
bizi dezagun Teresatxoren
espiritualtasuna.

# # #

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 

 


bidean@bidean.net
orue