Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Jesusen jarraitzaileak

#
#

SAN JOAN MARIA VIANNEY (Ars-ko apaiza)

# # #

SAN JOAN MARIA VIANNEY (Ars-ko apaiza)

#

# # #
#
#
# # #

Egun honetarako zehaztasunak

 

San Joan Maria Vianney Dardilly-n jaio zen, Lyonen ipar-mendebaldean, Frantzian, 1786. urteko maiatzaren 8an. Matthieu Vianney eta Marie Beluze gurasoen seme, sei anaietatik hirugarrena, baserritar familia batekoa.

Amankomuneko eskola baten denboraldi labur bat egin ondoren, Ecully-ko apaizak, M. Balleyk, eskola berri bat eraiki zuen elizgizon gaientzat 1806. urtean, eta Joan Bautista Vianney bertara bidali zuten. Ez zen buruz argia eta bere arduradunak bere bokazioaz ziur zeuden, baina bere ikasketaren ondorenak oso eskasak ziren, aritmetika, historia eta geografia pixka bat besterik ez; gainerako ikasketa, batez ere, latinarena, gainditu ezinekotzat zeukaten.

Urte berean soldaduskatik aske gelditu zen, apaizgai zela eta. Baina handik lasterrera soldaduskara deitua izan zen, Espainiaren aurkako gudura. Bere gurasoak alperrik ibili ziren ordezkoren baten bila, eta urriaren 26an, errekluta gaztea Lyon-go kuartelean sartu zen. 1810. urteko urtarrilaren 6an, desertatu egiten du, eta Jeronimo Vincent ezizenez, Forez aldeko basoetan ezkutatu zen, Noes aldean.

Militar zerbitzutik eta bere egoera arrarotik aske gelditu zen, bere anai gazteagoa denboraz aurretik koarteleratua izan zelako; iheslaria Balley-ko parrokoaren etxera itzuli zen 1810. urteko urrian. Hurrengo maiatzaren 28an hartu zuen tontsura. Igarotakoak igarota, Verriéres-ko seminario txikira iritsi zen, 26 urteko zela, filosofia frantsesez ikasteko asmoz, “ikasketan bere ahultasuna itzela baitzen”. Hemen beste santu bat izan zuen lagun: San Marcelino Champagnat, Marista Anaien sortzailea.

Ikasketa alorrean sekulako eragozpenak izan arren, 1815. urteko abuztuaren 13an apaiz ordenatu zuen Simon jaunak, Grenoble-ko gotzainak. Ecully-ra bidali zuen M. Valley apaizaren laguntzaile bezala, apaizgintzarako bidean ere berak ipini baitzuen, eta orain ere berak eutsi zion bidean, eragozpen guztien aurrean. 1818. urtean, M. Balley apaiza hil zenean, Vianney izendatu zuten Ars-ko parroko, Lyon-dik hurbilean dagoen herrixkan.

Frantziako leku bazter honetan bere parroki ekintzetan egin zen ezagun “Ars-ko Apaiza”. Ars herrira iritsita urte batzuek geroago, aterpegabeko neskatoentzat umezurtz-etxe bat eraiki zuen. “Probidentzia” deitua izan zen eta geroago Frantzia osoan gehitu ziren antzeko erakundeen artean eredutzat hartu zuten. Vianney bera izan zen “Probidentzia” etxeko neskatxen dotrina irakasle; dotrina ikasgai horiek hain ezagun egin zirenez, geroago egunero eman ohi izan zuten jendetza handiarentzat. “Probidentzia” izan zen Ars-ko Apaizaren ekintzarik begikoena, baina 1847. urtean itxi egin zuten, arrakasta handia izan arren; Apaiz santuaren ustez, herritar on askoren kontrakoa zen. Min handia sortu zion hau itxi beharrak.

Baina Ars-ko Apaizaren ekintza nagusia arimen zuzendaritza izan zen. Ars-ko kargua hartu eta laster, inguruko parrokietatik ere jendea hurbiltzen hasi zitzaion; geroago eta urrutiagotik; azken baten, Frantziako bazter guztietatik; baita munduko beste lurralde batzuetatik ere. Bere bizitzako azken hamar urteetan, eguneko hamasei edo hemezortzi ordu ematen zituen aitorlekuan. Gotzainak, apaizak, erlijiosoak, nora jo ez zekiten gazteak eta emakumezkoak, bekatariak, mila eragozpen eta gaitzez jotako pertsonak bilatzen zuten berarengan aholku argi zuzen bat. 1855. urtean, hogei mila erromes biltzeraino iritsi zen urteroko kopurua. Pertsonaia entzutetsuenak bisitatzen zuten Ars, Apaiz santua ikusi eta bere eguneroko irakatsiak jasotzeko asmoz.

Sen ona, berezko zorroztasuna eta goi ezaguera ziren bere zuzendaritzaren ezaugarriak. Bere irakatsiak hizkera xumean emanak ziren, eguneroko bizitzatik eta labrantza girotik jasotako irudiak erabiliz, baina beti ere sinesmenez eta jainko maitasunezko arnasez beterik, hori zen berak bizi zuena eta entzuleen artean zabaltzen zuena; horrez gainera, bere jokabide eta irudi apalak eta hizkera sutsuak errotik aldatzera eragiten zuten.

Denetatik miraririk handiena bere bizitza izan zen. Bere buruari gaztetatik uko egin zion, eta berrogei urtez bere janaria eta loa urriak izan ziren, giza-legez gutxiegi bizitzari eusteko. Eta hala eta guztiz ere, lanaren lanez gehiago ezinean aritu zen, agertu ezinezko apaltasunez, adeitasunez, pazientziaz eta umorez, hirurogeita hamabi urteetaraino. Ars-en hil zen 1859. urteko abuztuaren 4an.

1874. urteko urriaren 3an, Joan Maria Vianney Beneragarri izendatu zuen Pio IXak eta 1905. urteko urtarrilaren 8an Dohatsuen artean ezarri zuten. Eta Pio Xak parrokietako apaizen eredu eta zaindari izendatu zuen eta 1925. urtean, Pio XIak kanonizatu. Mundu guztiko Apaizen Zaindari izendatua da.

# # #
#
#
# # #

Jaunaren Hitzaren argitan

 

(Joan 10, 1-18)

Aldi hartan, Jesusek honela esan zien farisearrei:
- «Egi-egiaz diozuet: artegira, atetik sartu beharrean, beste nonbaitetik sartzen dena, lapurra da eta harrapatzailea. Atetik sartzen dena da ardien artzaina. Honi ireki egiten dio ate-zainak, eta ardiek aditzen dute haren ahotsa; bakoitzari bere izenez deitzen dio, eta kanpora ateratzen ditu. Bere ardi guztiak atera ondoren, haien aurretik joaten da eta ardiek jarraitu egiten diote, ezagutzen bait dute haren ahotsa. Arrotzari, ordea, ez diote jarraituko; ihes egingo diote, arrotzen deia ez bait dute ezagutzen».

Jesusek parabola hau esan zien; baina haiek ez zioten antzeman zer esan nahi zien. Beraz, berriro honela esan zien Jesusek:
- «Egi-egiaz diozuet: Ni naiz ardien atea. Lehen etorri ziren guztiak lapurrak ziren eta harrapatzaileak; eta ardiek ez zieten entzun. Ni naiz atea. Nigandik sartzen dena, salbatuko da; sartuko da eta aterako, eta aurkituko du jatekoa. Lapurra ez dator, ostu, hil eta hondatzera baizik; Ni, berriz, bizia izan dezaten eta ugari izan dezaten etorria naiz.

Ni naiz Artzain ona. Artzain onak bere bizia ematen du ardiengatik. Morroiak, ordea, artzain ez denak, ardiak bereak ez dituenak, ikusten du otsoa etortzen eta, ardiak utzita, ihes egiten du; otsoak harrapatu eta sakabanatu egiten ditu, morroiari ez bait zaio axolarik ardiengatik.

Ni naiz Artzain ona; ezagutzen ditut nire ardiak, eta nireek ezagutzen naute Ni; Aitak Ni ezagutzen nauen bezala, eta berdin Nik Aita; gainera nire bizia ematen dut Nik ardiengatik. Baditut, artegi honetakoak ez diren beste ardi batzuk; haiek ere ekarri beharrak dauzkat; adituko dute nire ahotsa, eta artalde bakarra izango da, eta Artzain bakarra.

Aitak horregatik maite nau: nire bizia ematen dudalako, berriro hartzeko. Ez dit inork kentzen; Neronek ematen dut neure gogoz. Nire esku dago, bizia ematea; eta nire esku, berriro hartzea: agindu hau hartu dut nire Aitagandik».

# # #
#
#
# # #

Gaur gure txanda

 

Benetan ongarria da Kristau Elkarteko eta Nazareteko Maisuaren jarraitzaile ugarien irudi berezi honengana hurbiltzea. Izan ere, hor aurkitzen ditugu itzelezko erakutsi harrigarriak. Eta, halabeharrez, “Ars-ko Apaiz Santuarengana hurbiltzea gozamena da. Eta hau, berari ezartzen zaizkion mila eta bost historioak alde batera utzita. Horrelakoak, Nazareteko Maisuaren jarraitzaile honen edozein biografian aurkitu ahal izango dituzu.

Hauxe da berarengan azpimarratu nahi dugun lehenengo KLABEA: Jaungoikoak bere harrigarriak egiteko, itxuraz ahulak diren bitartekoak hartzen dituela. Izan ere, Joan Maria Vianney gazteak nekez eta lorrez bukatu ahal izan zituen orduan apaizgintzarako eskatzen ziren ikasketak. Alor honetan, Jesusen jarraitzaile honek ez zeukan zer erakutsi askorik, baina beste gehigarri batzuekin berdintzen zuen, besteak bezain oinarrizkoak direnekin: hurbiltasuna, xalotasuna, herriarekiko konpromisoa, onartzeko eta entzuteko ahalmena, “arimak zuzentzen” edo espirituzko laguntzan, eta berak agertu zituen hainbeste antzeko dohainetan.

Ebanjeliotik begiratuta klabe honek neurtu ezineko balioa dauka. Ezin dugu ahaztu Jesusen miragarrizko oihua: “Bedeinkatzen zaitut, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza hauek jakintsu eta ikasie ezkutatu dizkiezulako, eta jende xumeari agertu. Bai, Aita, goratua Zu, horrelaxe nahi izan dezulako”. Ars-ko Apaiz dugu Jesusen “oihu” honen eredu zuzen argia; berak ulertu du hobeki ezinean. Eta bere ikasteko dohainak eskasak izan baziren ere, gizon honek EBANJELIOZKO XUMETASUN honekin gainditzen ditu, giza-neurri guztien gainetik.

Berebiziko gizon honen beste KLABE bat, Ars-ko Apaiz santuarena, bere KONTZIENTZIA eta bere Elkartearen ARTZAIN BOKAZIOA. Hemen historioak konta ezin beste dira; hor uzten ditugu alboan. Benetan nabarmentzen dena bere BOKAZIOA da gogo beroz bizi izandakoa. Nazareteko Jesusen arabera, Artzain Ona, Ars-ko Apaiza benetan arduratzen da bere artaldeaz; bizia jokatzen du horretan; “beren aurretik doa” eta, egia esan, bera bihurtzen da bere Elkartearentzat EREDU. Berak banan ezagutzen ditu eta, ahaleginez, bakoitzaren arretaz dabil. Berak oso ongi ezagutzen du “ikasle maitearen” ebanjelioko testua: “Artzain onak bere bizia ematen du bere ardiengatik”, eta gogo beroz arduratzen da horretaz. Gau ta egun bizi da bakoitzaren arretaz. Horrela aldatzen du Ars-ko Apaizak bere inguruko egoera, bere Kristau Elkartearen bizitza.

Berebiziko gizon honen beste KLABE bat gehiago: ESPIRITU ZUZENDARITZARAKO egarri eta gogo bizia. Biografiak dioenez, esan ezin den beste dira horretara emandako orduak, bai kanpoan “bekatariekin” lehenengo harremanetan, bai geroago pertsonei gorengo santutasun mailataraino lagunduz. Maila eta kondizio guztietako andre-gizonak, gotzainengandik baserritar apalenganaino, aurkitu zuten Joan Maria Vianney Apaizarengan onartzen dakien “Aita”, barkatzen, laguntzen, zuzentzen dakiena (jakina, dena garaiko “erak” eta “bideak” erabiliz), Ebanjelioaren argitan bizi betera daraman bidea erakutsiz. Hemen dauzka bere sustraiak, ziur asko, Elizak munduko “Apaiz guztien Zaindari” aitortu duenak. Ongi merezita, gainera!

Hona hemen, bada, Ebanjelioa XALOTASUNEZ onartu duen gizona, BIZITZAKO bidean zehar egi bihurtu zuena. Hitzez argi handirik gabe, bere ingurumariko jendearen hizkera eta nekazaritzako irudiak erabiliz, beretarrei erakutsi zien Ebanjelioa freskotasunez bizitzen. A zer nolako antza daukan bere estiloak eta hizkerak Nazareteko Jesusenarekin, ipuinak eta parabolak erabiliz, entzuleentzat egiarik sakon eta bizigarrienak ulergarri eginez!

GAUR eta HEMEN, guretzat, Jesusen zerbitzari honek hauxe proposatzen digu: bizieraz EBANJELIOZKO XALOTASUNA, Artzain Onaren antzera, norbere bizia emateraino. Eta, gaur, gure kulturan eta gure Elizan, benetan dugu Joan Maria Vianney, Ars-ko Apaiz santuaren baloreen beharrizana! Eta ez gero apaizentzat bakarrik, baita Ebanjelioak eskaintzen digun proposamena gure bizitzarako BIDE bihurtu nahi dugun guztiontzat ere.

Uxala Ars-ko Apaiz santuaren eguna ospatzeak gogo berotzen bagaitu, gaurko gizon-emakumeentzat eta gaurko kultura girorako “bide” eta “hizkera” egokiak hartzera eraginez; horrela Nazareteko Maisuaren mezu zoragarria ez dugu antzu bihurtuko.

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Gure Aita-Ama Jaungoiko ona!

Guregan zure salbamena eta bizi berriko egintza
gauzatu nahi izan dituzu,
eta horretarako zure Semea maitea bidali diguzu,
-bere bizitzaren eta irakatsien bidez-
osotasun bidea erakutsi dezaigun,
Zuk zeure seme-alabontzat
betidanik amestu zenuena.

Aita-Ama on-ona,
zure Seme maiteak
gizon-emakume berezien bidez
konpartitu du zeregin hori,
gizaldietan zehar,
beren anai-arrebei
ebanjelioko bide hori erakutsiz.

Joan Maria Vianney,
Ars-ko Apaiz santuaren eguna ospatzean,
arren, eskatzen dizugu,
bera bizi izan zen klabe barruan bizi gaitezela,
BIZITZAKO XALOTASUNEZ jokatuz
eta anai-arreben alde egiten saiatuz,
eskaini diezaiogula gaurko munduari
zure bizi-proiektuaren testigantza.



























HEMEN NAUZU, JAUNA

Hemen nauzu, Jauna.
Zure izenean,
nahi duzun tokira joango naiz.

Zure eskuetan jartzen naiz.
Iluntasunean dabiltzanei argi egiteko
eta jota daudenak bizi berritzeko,
zure fedearen lekuko egin nazazu.
Mundu honetan adiskidetasuna ereiteko,
zure maitasunaren lekuko egin nazazu.

Hemen nauzu, Jauna, bidal nazazu.
Jar ezazu zure Hitza nire ezpainetan,
Zure arintasuna nire oinetan
eta zure zeregina nire eskuetan.
Jar ezazu zure Espiritua nire espirituan,
zure maitasuna nire bihotzean,
zure indarra nire ahultasunean
eta zure erabakia nire ezbaian.

Hemen nauzu, Jauna, bidal nazazu,
izaki guztiei errespetua eramatera,
pertsona guztiei zuzentasuna,
bakea herri guztiei,
bizitzeko poza eta zoriontasuna umeei,
ilusioa katekista eta laguntzaileei
eta poza eta itxaropena nire egitekoei.
AMEN.

# # #
#
#
# # #

Bertsoa

 

Joan Maria Vianney
apaiz txit apala,
buruz motela, baina
bihotzez zabala.
Hartu zuen bidean
beti zerbitzala,
pobreen laguna ta
aitorle leiala,
apaizgo hau Jainkoak
sendotu dezala.

# # #

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 

 


bidean@bidean.net
orue