Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Jesusen jarraitzaileak

#
#

GURUTZEKO San PAULO

# # #

GURUTZEKO San PAULO

#

# # #
#
#
# # #

Egun honetarako zehaztasunak

 

Ovadan, Italian jaio zen 1694ko urtarrilaren 3an. Gaztetan bere aitarekin merkataritzan jardun zuen. Jaunaren deiari jarraituz, 1720ko azaroaren 22an, ermitauaren jantzi beltza eman zion gotzainak eta berrogei eguneko otoitzaldiari ekin zion jota ke.

Geroago, Erroman, bere anaia Joan Bautistarekin, gaixozain igaro zuen denboraldian Benedicto XIII. Aita santuak apaiz ordenatu zuen.

Jarraian, Argentario mendiko bakardadean bildu zen. Han bizi zela, Jaungoikoak argituta eta Kristoren Nekaldiaren eta Heriotzaren oroipena egiteko eta zabaltzeko, Jesukristoren Pasioko Kongregazioa sortu zuen. Helburu berbera daukan Klausurako Lekaime Pasiotarren Kongregazioa ere sortu zuen.

Gurutzeko mezuaren predikari aspertuezina izan zen, nagusi leial eta zintzoa, penitentzia eta otoitzean eredu bikaina, arimako zuzendari trebea, XVIII. mendeko mistikorik handienetakoa.

Erroman hil zen 1775eko urriaren 18an.

# # #
#
#
# # #

Jaunaren Hitzaren argitan

 

(Lukas 9, 1-6)

Aldi hartan, Jesusek bildu zituen Hamabiak, eta deabru guztien gain indarra eta ahalmena eman zien, baita gaitzak sendatzeko ere. Gero, Jaungoikoaren Erreinua hots egitera eta gaixoak sendatzera bidali zituen. Eta esan zien:
- «Ez hartu ezer biderako, ez makilarik, ez bide-zorrorik, ez ogirik, ez dirurik; ez eraman bakoitzak bi soineko. Sartzen zareten etxean egon zaitezte, leku hartatik atera arte. Nonbaiten hartzen ez bazaituzte, berriz, astindu zuen oinetako hautsak handik ateratzean, haien kontrako testigutzarako».

Haiek atera eta herriz herri ibili ziren, alde guztietan Berri Ona hots egiten eta gaixoak sendatzen.



(1 Korintoarrei 1, 17-25)

Senideok:
Kristok ez ninduen bataiatzera bidali, Berri Ona zabaltzera baizik; eta hori ere ez jakinduriazko hitzez, Kristoren gurutzeak indarrik gal ez dezan. Gurutzearen mezua, galtzen direnentzat, zorakeria da; salbatzen direnentzat, ordea, guretzat alegia, Jainkoaren indarra.

Idatzia dago, izan ere: “Hondatu egingo dut jakintsuen jakinduria, eta huts bihurtuko adituen adimena”. Zertan dira jakintsuak, ikasiak, mundu honetako gauzetan adituak? Jainkoak ez ote du zorakeria bihurtu mundu honetako jakinduria? Begira, Jainkoak bere jakinduria agertu duenean, gizakiak ez dira gauza izan beren jakinduriaz Jainkoa ezagutzeko; horregatik, Jainkoak, guk iragartzen dugun zorakeriaren bidez salbatu nahi izan ditu fededunak.

Juduak ezaugarri eske dabiltza; greziarrak, jakinduria bila; guk, berriz, Jesu Kristo gurutziltzatua predikatzen dugu, juduentzat behaztopa dena eta greziarrentzat zorakeria; baina deituentzat -nahiz judu izan, nahiz greziar- Jainkoaren indarra eta Jainkoaren jakinduria, Jainkoaren zorakeria gizakiak baino jakintsuagoa baita; eta Jainkoaren ahulezia gizakiak baino indartsuagoa.

# # #
#
#
# # #

Gaur gure txanda

 

San Paulo Gurutzekoa Jesus Jaunarekin maitemindutako gizakia da. Amagandik jaso zuen eraspen hau. Txikitatik jo zuen bere burua ukatzera eta otoitzaldi luzeak egitera Gurutzearen oinetan. Aitak eta apaizak behin baino gehiagotan galga eman behar izan zien.

Urteak aurrera joan ahala, bere izeneko Apostoluak bezala esan ahal izan zuen: “Bizi naiz, baina ez naiz ni bizi; niregan Kristo bizi da”. Hori da bizitzan ardatz sendoa edukitzea, bertan bizitzako gorabeherak guztiak bilduta jokatzea. Horrelako gizakiak urrutira iristen dira, ez dira mugitzen haizeak nora hara. Jakina, horretarako otoitzean Gurutzearen oinetan ongi hezi eta hazitako gizatasuna izan behar. Santutasuna ez da janzkera eta biziera bat edo besteari lotutako zerbait, kristautasunari dagokiona baizik.

Gure Santuak Gurutzean aurkitu zuen bere izatearen eta egitearen zentzu osoa eta indar guztia. Hantxe aurkitu zuelako Jaungoikoak gizakioi digun maitasunaren gailurra. Horrek eman zion bere bizitzari batasun eta santasun sendoa.

Hori da santuak daukaten indarraren sekretua: Aukeratu dituenaren maitasunari erantzun beharra. Ez da norbere on izan beharraren beharrez hartzen den bidea; ezta inguruko giroak eskatzen duena, ezta zerua irabazi beharrak eraginda. Paulo Apostoluak agertzen digu: “Maite izan nau eta nire maitasunagatik bere bizia eman du”. Aurretiko maitasun handi bati erantzun beharrak eragiten die.

Eta guri? Krisialdi honetan badaukagu azaletik sakonera jo beharra, Jesusen jarraitzaile izan nahi badugu, behintzat.

Baina Gurutzeko San Pauloren egitekorik nabarmenena zera izan zen: Jesukristoren Pasioko Kongregazioa sortzea. Jesusen Nekaldiko maitasuna gogoeta sakonez norberaganatzeko eta bere indar misteriotsua kristau herrian iragartzeko. Eta hau, ahal dela, lurralde behartsu eta baztertuetan.

Pasioko Karisma, izan ere, indar-iturri berezia da, Jesusen jarraitzaile batentzat: bere bizitzari oinarri sendoa ezartzeko eta apostolu kemenez bere berri emateko. Bai erlijioso eta bai laiko, Nekaldiko espiritualtasunez jantzirik, gaixo, behartsu eta bihotz zaurituak Jesusen maitasunera erakartea: ba ote da egiteko ederragorik kristau batentzat?

Gaur errazkeriara, atseginkeriara huskeriagatik jotzen dugu; Jesusen Gurutzearen oinetan otoitzaldiak mesederik asko egingo liguke, seguru asko. Gaurko eguraldi gogorrean, izatekotan benetan izan, edo ez izan; ez dago erdizka ibiltzerik.

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Jaungoiko gure Jauna,
Gurutzeko Hitza iragarteko
sugarrez berotu zenuen
gure Aita San Paulo Gurutzekoa, apaiza;
emaiguzu, harek adoretuta eta lagunduta,
asma dezagula guk ere,
zure seme Jesukristoren Pasioaren bidez,
gure senideak zureganatzen horiekin
fruitua lor ahal dezagun.










HEMEN NAUZU, JAUNA

Hemen nauzu, Jauna.
Zure izenean,
nahi duzun tokira joango naiz.

Zure eskuetan jartzen naiz.
Iluntasunean dabiltzanei argi egiteko
eta jota daudenak bizi berritzeko,
zure fedearen lekuko egin nazazu.
Mundu honetan adiskidetasuna ereiteko,
zure maitasunaren lekuko egin nazazu.

Hemen nauzu, Jauna, bidal nazazu.
Jar ezazu zure Hitza nire ezpainetan,
zure arintasuna nire oinetan
eta zure zeregina nire eskuetan.
Jar ezazu zure Espiritua nire espirituan,
zure maitasuna nire bihotzean,
zure indarra nire ahultasunean
eta zure erabakia nire ezbaian.

Hemen nauzu, Jauna, bidal nazazu,
izaki guztiei errespetua eramatera,
pertsona guztiei zuzentasuna,
bakea herri guztiei,
bizitzeko poza eta zoriontasuna umeei,
ilusioa katekista eta laguntzaileei
eta poza eta itxaropena nire egitekoei.
Amen.

# # #
#
#
# # #

Bertsoa

 

Gaur da San Paulo Gurutzekoa
jatorriz italiarra,
Eliz Amaren seme leiala
eta gorengo izarra.
Ama itsatsi zion txikitan
Jesusenganako garra,
Berak Gurutzean dena emanda
gure erantzun beharra.
Jesusen penak gogoratuta,
haren otoitz ta negarra:
baina bera da bakarra,
bekatari ta kaxkarra...
Martxan jartzen du Pasiotarren
Ordena berri azkarra,
munduan zehar iragartzeko
Nekaldiaren indarra.

# # #

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 

 


bidean@bidean.net
orue