Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Jesusen jarraitzaileak

#
#

AVILAKO Santa TERESA

# # #

AVILAKO Santa TERESA

#

# # #
#
#
# # #

Egun honetarako zehaztasunak

 

Pertsonaia harrigarria Avilako Teresa. Esan ahalakoak esan dituzte berari buruz gizaldietan zehar, nork baino nork handiagoak. Hona banakatxo bat: “Emakumea! Baina hogei gizasemek baino gehiago balio duen emakumea” (Joan Paulo Iak) Vatikanoko San Pedro basilikan, bere irudiaren oinetan: “Espirituzaleen ama”. Eta guztien koroi bezala, Avilako Encarnación monjetxeko eskaileran izandako topaketa zoragarria: - “Zu nor zara?”. - “Eta zu?”, gaztetxo eder galantak. - “Ni Jesusen Teresa”. - “Eta ni -Jainko Umeak- Teresaren Jesus”.

Avilan jaio zen 1515. urtean. Bere gurasoak kristau zintzoak ziren, seme-alaba askoz bedeinkatuak. Teresa izan zen hirugarrena. Ama gaztetxotan hil zitzaion. Bere anai batekin musulmanen lurraldera joan nahi izan zuen, han Jesusgatik bizia emateko.

Amaren babesik gabe, Teresak hainbat urtetan txotxakerietara jo zuen. Hogei urteko zela, Avilako Encarnación monjetxean sartu zen, aitaren baimenik gabe. Urte betera Karmeldarren jantzia hartu zuen, handik laster botoz bere bizia eskainiz. Baina gaixotu egin zen eta etxera berriro, osasun bila.

Bere osoko baietza oraindik urruti dago; bere gaztetasunak eta bizitzaren erosotasunak azalhuskerira eraman zuten. Benetako konbertsioa (Hirugarrena, berak dionez) 39 urtera iritsi zitzaion.

Egia esan, Teresa ez zen geldi egotekoa. Karmeldarren Jeneral Nagusiaren baimenez, Karmeldar praileen Ordena eraberritzera jo zuen 1562. urtean, Kurutzeko Joan lagun eta gidari zuela. Klausurako Karmeldar monjen Ordena berri bat ere sortu eta eratu zuen.

Kontatu ezin ahala liburu idatzi zituen, jakituriaz eta mistika esperientzi ederrez beteak. Mistika bidean harrigarri izatera iritsi zen, gizaldi guztietarako ildo argi eta sakonak eskainiz. 1582. urtean hil zen. 1970. urtean Paulo VI. Aita Santuak Elizako Doktora izendatu zuen.

# # #
#
#
# # #

Jaunaren Hitzaren argitan

 

(Mateo 11, 25-30)

Aldi hartan, Jesusek honela esan zuen:
- «Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza hauek jakintsuei eta burutsuei gorde, eta jende xumeari erakutsi bait dizkiozu. Bai, Aita, hala nahi izan duzu.

Nire Aitak dena eman dit, inork ez du ezagutzen Semea, Aitak baizik; ezta Aita ere, Semeak baizik, eta Semeak agertu nahi izan dionak baizik.

Zatozte Nigana nekatuok, lanpetuok, eta Nik arinduko zaituztet. Har ezazue nere uztarria eta ikasi Nigandik: bihotz-bera naiz eta apala, eta aurkituko duzue zuen arimentzat atseden. Nere uztarria leuna bait da, eta nere zama arina».

# # #
#
#
# # #

Gaur gure txanda

 

Santuak ez dira santu jaiotzen, egin egiten dira; eta egin ere astiro eta atzera-aurrerakada asko egin ondoren. Santa Teresa gora-behera asko izan zituen, Jesusi baietz osokoa eman aurretik. San Agustinen Aitorpenak liburuak argi ugari eskaini zion behin betiko baietza emateko, Jesus Maisuarekin bat eginez. Gelako Santokristoak ere argirik asko egin zion, Jaungoikoaren maitasun-itsasoa erakutsiz. Borjako San Frantzisko eta Alcantarako San Pedro izan zituen bideko gidari. Kostata, baina egundoko santutasun tantaia hazi zen Eliz baratzean.

Santa Teresa emakume urduri eta ibiltaria izan zen. Ez zen geldi egitekoa. Klausurako hormak estuegi egin zitzaizkion. Santa hau klausuratik Eliz osoaren erdi-erdian sentitzen zen. Eliz bizitza osoari begiratzen zion, bere gain hartzen zituen garai hartako Elizaren bekatua eta ondoezak.

Eta zirt edo zart eragin behar. Bai Kalmeldarren biziera motelari, bai gatzik gabeko eliz bizitzari. Nuntzioak ere gaiztotzat bota zuen: “Emakume urduria eta ibiltaria eta esanera jartzen zaila”, botatzen dio. Teresa ez zen erdizka bizi eta egitekoa: izan edo ez izan; edo berak esan ohi zuenez: “Jauna, hil edo sufritu”. Asko egin eta gehiago egin nahi. Halako santu gidaria dugu aurrean!

Eliz bizitza motel eta mundukoia suertatu zitzaion Teresari bere inguruan: Islamiarrak eta judeguak alde batetik, Luterotarrak bestetik, Eliza olatu artean noraezean dabilen ontzitxoa zirudien. Baina Teresa ez da beldur; itxaropenez eta gogo beroz jokatzen du. Nahiago ditu gutxi eta onak, eta ez asko eta erdizkakoak. Huskeriengatik kexa ziren monja batzuei: “Ahizpatxoak, ez zaudetela hutsik”. Zuekin duzuen Horri arreta egiozue, jo sakonera. Eten lotura kaltegarri guztiak. Erradikaltasunez jokatu zuen bizitza osoa: “Jainkoa duenak Bera du nahiko; ez zaio ezer falta”.

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Jainko Jauna,
zure Espirituaren bidez
argitu zenuen Avilako Teresa birjina santua,
Elizari santutasun betearen bidea erakusteko;
egizu,
gure bizitzaren gidari izan daitezela haren irakatsiak,
eta piztu guregan egiazko santutasunaren gogoa.








NIRE BIZITZAKO JAINKOA

Zu maitatzera gonbidatu nauzu.
Nire barru-barrutik Zu maitatzera,
zure bizia maitatzera,
zure barnean nire izatea galtzera,
zure bihotz barnean hartzen nauzula jakinen gainean,
zurekin berba egin al dut,
nire bizitzako ulertu ezineko misterioa,
zuka samurrean tratatzen zaitut,
maitasuna zarelako.

Maitasunean bakarrik aurkitzen zaitut, ene Jainkoa.
Nire arimaren atetzarrak hantxe zabaltzen dira.
Hantxe, loturak askatu eta hegaz egin.
Hantxe, nire izate guztia pil-pilean dago,
nire pobretasun eta hustasunen,
nire txikitasun eta beldurrezko baieztapenen
horma sendoen gainetik.

Nire arimaren indar guztiak Zurekin bat egitearen bila dabiltza
eta ez dute atzera egin gura,
Zugan galdu baino,
maitasunez nire bihotzaren erdigunean zaudena,
eta nigandik, ni neu baino hurbilago zaudena.

Nire bizitzako Jainkoa! Ulertu ezina! Izan zaitez nire bizia.
Nire sinesmenaren Jainkoa,
zure iluntasunera naraman sinesmena,
nire bizitzako argi gozoa da.

Nire itxaropenaren Jainkoa Zeu zara.
Nire bizitzako Jainkoa zara.
Betiko maitasuna den Jainkoa!

# # #
#
#
# # #

Bertsoa

 

Gaur Avilako Teresa handia
neurtzea bai nekeza!
Bera edertzen agertu zuen
Jaungoikoak interesa.
Oso-osorik Jaunarena da,
Jesus da bere amesa,
Bera Jesusen printzesa;
komentu eta liburugintzan
onduten ez da erreza;
Teresa nor den berak diosku:
“Ni naiz Jesusen Teresa”.

# # #

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 

 


bidean@bidean.net
orue