Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Jesusen jarraitzaileak

#
#

ASISKO FRANTZISKO Santua

# # #

ASISKO FRANTZISKO Santua

#

# # #
#
#
# # #

Egun honetarako zehaztasunak

 

Italiako Asisen jaio zen 1182. urtean; eta 1226. urteko urriaren 3an hil zen. Bere eguna urriaren 4an ospatzen da. Frantziskotarren sortzailea izan zen; eta geroago Klaratar monjena ere bai.

Merkatari aberats baten seme izatetik pobretasun gorrian bizitzera jo zuen bakardadeko bizitzan, bere buru eta bihotz Ebanjelioari lotuz. Gaztetan munduko sasi-artean katigu bizi izan zen, alferkerian eta lasaikerian. Hala ere, diru kontuan bihotz eta eskuzabal agertu zen beti, bai txarrerako eta bai onerako.

24 urteko zela, giro horretatik aldentzen hasi zen, burumakur eta pentsakor. “Zer, ezkontzeko arduraz kezkatuta ala?”, galdetu zion mutil bati, halako erantzuna eman zion: “Bai, horixe bera: ezkontzekotan nabil, eta eskaini natzaion emaztea hain da ederra, hain ona, hain aberatsa, zuk horrelakorik ez duzu sekula ezagutu”. Goi argiz ezagutu zuen Eliza zen emaztegai hori.

Aitak inon direnak egin zituen, semeari burutik amets horiek kentzeko; apaiz eta gotzain arazo horretan sartzeraino. Baina alperrik, Frantzisko berean gero eta sendoago. Jantzi eta apainkeri guztiak gotzainaren eskuetan utzita, bakardadera jo zuen. Ermitatxo zahar baten aurkitu zuen gordeleku bat, Gurutze ederra erdian zuela. Bere aurrean otoitzean zegoela, Gurutzeko Jaunak dei egin zion: “Frantzisko, zoaz eta eraberri ezazu nire Eliza, dena bertan behera hondatua dago-ta”. Baina ez zen San Damian ermitatxoa bakarrik; Eliz bizitza osoa zegoen lurjota; hori zen Jaunak bere gain ipintzen zuen arlo ederra bezain astuna.

Frantzisko gazteak hartu zuen bidea, bai zuzena eta garbia, baina latza. Uste baino lehenago bildu zitzaizkion hainbat gazte, bizibide berrian lagun izan nahirik. Baina Frantzisko zeukan garra behar barruan; laster sortu zitzaizkion eten-urratuak lagunartean. Frantziskok aurrera egin zuen, hasiberri zen lagunartea zuzentzeko Erromara jo zuen laguntza eske. Espirituak eraginda, Jesus beraren irudi bizi bihurtu zen Frantzisko: Jaun Gurutzeratuaren zauriak itsatsi zitzaizkion gorputzean, otoitzean su ta gar zegoen baten. Izan ere, hori zen bere ardura nagusia.

Geldiezina bihurtu zen: Erromara, Afrikara, Jerusalenera, Konpostelara etabar bideak jorratu zituen. Gaixoak, legenardunak, baztertuak ziren bere lagunak, haien artean harrigarriak eginez. Aingeruzko kontenplalari bihurtu zen, zeru-lur-itsasoetako gauza guztiak anai-arrebatzat hartuz. Eta bakezale eta bakegile aparta izan zen. Gaur ere gure artean sarri erabiltzen dugu harako bere “Bake-otoitza”.

44 urteko zela hil zen, baina mundua Jesusen usain gozoz bete ondoren. Gizaldietan zehar bizirik dirau San Fantziskoren aztarrenak.

# # #
#
#
# # #

Jaunaren Hitzaren argitan

 

(Lukas 9, 57 – 10, 9)

Aldi hartan, Jesus eta ikasleak bidez zijoazela, batek honela esan zion:
- «Jarraituko dizut noranahi zoazela».
Jesusek erantzun:
- «Azeriek badituzte zuloak, eta zeruko hegaztiek kabiak, baina Gizonaren Semeak ez du, burua non etzanik».

Eta beste bati esan zion:
- «Jarrai Niri».
Baina harek erantzun:
- «Jauna, utzidazu lehenik, nire aitari lur ematera joaten».
Jesusek erantzun zion:
- «Utziezu hilei, beren hilei lur ematen; zu zoaz Jainko Erreinuaren berri ematera».

Beste batek esan zion:
- «Jarraituko dizut, Jauna, baina utzidazu lehenik, nire etxekoei agur egiten».
Jesusek esan zion:
- «Eskua goldeari ezarri eta atzera begiratzen duena, ez da gai Jainkoaren Erreinurako».

Jaunak beste hirurogei eta hamabi aukeratu zituen, eta bere aurretik bidali binaka, Bera joatekoa zen herri eta auzo guztietara. Eta honela esan zien:
- «Uzta ugaria da; baina langileak gutxi. Egin, beraz, otoitz uzta-jabeari, bidal ditzala langileak bere uztara. Zoazte! Begira, arkumeak otso-artera bezala bidaltzen zaituztet. Ez eraman zeuokin, ez diru-sakelik, ez bide-zorrorik, ez oinetakorik. Eta ez gelditu bidean, inori agur egiten.

Etxeren batean sartzen zaretenean, hau izan bedi zuen aurreneko hitza: "Bakea etxe honetan!". Eta han bakezko jenderik bada, haien gainean kokatuko da zuen bakea; bestela, berriz, zuengana itzuliko da.

Etxe hartan bertan egon zaitezte; jan ezazue eta edan daukatenetik, zor zaio-eta langileari bere saria. Ez ibili etxez etxe. Herriren batean sartzen zaretenean ondo hartzen bazaituzte, jan ematen dizuetena; sendatu hango gaixoak, eta esaiezue: "Hurbil duzue Jainkoaren erreinua"».

# # #
#
#
# # #

Gaur gure txanda

 

Santuak ez ditugu beti zerura begira jarri behar, zapaltzen duten lurra astindu eta lantzen ere badakite. Giza-eredu ere badira. Hemen dugu San Frantzisko, gizaki baino aingeru gehiagotzat jo genezaken gizakia. Baina nahi genituzke haren begi-bihotz garbiak, zeru-lur-itasoko izakiak anai-arrebatzat ikusi eta hartzeko. Nahi genuke haren barru zintzo eta baketsua, bai gure buruan eta bai inguruko guztiengan hark sortzen zuen bake giroa sortzeko.

Jainkoaren espirituz garbitu eta landua den gizakia zerurako baino lehen, lurrerako da ona, baliozkoa. Bakoitzak bere barruan daramana ereiten du hitzez eta egitez.

San Frantziskoren garaiko Eliz-bizitza gaurkoa bezain desitxuratua eta pulamentu gabekoa zen, edo areago. San Frantziskok ongi zekien hori. Benetan hartu zuen Jaun Gurutzekoak esandakoa: “Zoaz eta berrizta ezazu Eliza, dena bertan behera hondatua dago-ta”. Nondik hasiko, eta bere burua garbitu eta zuzentzetik. Pobretasunetik, apaltasunetik, Espiritu bidetik.

Beti bezala, gaur ere, Elizan dagoen krisialdirik gogorrena Espirituarena da: Espiritua gaur ere gauza da Jesusen Eliza eraberritzeko, baina geuk utzi eta lagundu behar. Gu bakoitza bihotz-berritzen garen neurrian eraberrituko da hormaz, legez eta hierarkiaz dotore agiri den Eliz gaueztandua. Has gaitezen.

# # #
#
#
# # #

Otoitza

 

Jainko Jauna,
Kristoren antz-antzeko egin zenuen
Asisko Frantzisko santua,
bizitza apal eta behartsuaren bidez;
egizu bide beretik ibil gaitezela,
zure Semeari jarraitzeko eta,
maitasun pozgarriz beterik,
Zurekin bat egiteko.










ZURE ONTASUNEZ INGURATURIK

Jauna, ze ederto uztartzen zaren
gizaki batzuen bihotzetan!
Ze mesede egiten diguzun
horrela izanez!

Mundu hau gaiztoa dela esaten didate,
bekatua nagusi dela
eta bere etorkizun bakarra porrota delako
gaurko gizakia galduta dagoela.

Dena dela,
hurrengo gauzok eta beste asko ikusten ditut nik.

Primerako pertsonak ikusten ditut:
umeak barrezka eta adeitasunez agurtzen;
behartsuen alde zerbait egiteko prest dauden gazteak;
seme-alaben alde ilusioz beterik lana egiten duten gurasoak;
kalean zehar baretasuna eta bizitzeko gogoa
zabaltzen duten adinekoak;
zuzentasunez sor zaiena eskatzen duten langileak;
euren harrera onarekin,
gaixo askorengan itxaropena sortzen duten osagileak;
pertsonak errespetuz tratatzen dituen gidariak;
etsipenak jota daudenengana hurreratzen diren hainbeste erizain;
hirugarren Mundura abiatzeko plana egin duten hainbeste ikasle;
eta pertsona apalak,
ondokoari laguntzeko beti prest daudenak
eta edozeini mesede bat egiteko beti prest...

Eta honen inguruan bekatua ere ikusten dut,
mundukoa eta nirea.

Jauna, zure ontasunetik hasi gura dut,
nire eta munduaren ahultasunak,
dena, zure errukiaren leiho zoragarritik
ikusteko gai izan nadin.

Jauna, jarraitu lanean
gizakion bihotzetan
eta gu konturatu ez arren
inguratu gaitzazu zure ontasunez.

# # #
#
#
# # #

Bertsoa

 

Asisko San Frantzisko
gizaki apala,
onez mundiala:
burua argi eta
bihotza zabala.
Gauza denak zituen
anai berehala:
arrain, lore ta txori
ta otso zitala.
Holako asko balitz,
ez suerte makala!

# # #

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 

 


bidean@bidean.net
orue