Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Garizumea - 4. domekea - 2019.eko Martxoaren 31a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak Eukaristiaren ospakizun honetara.

Senideok: aurrera goaz Garizumako bidean zehar; Jesus dogu bidelagun. Bihotz-barritzeaz, gure bihotzak aldatzeaz ibili jakun joan zan domekako Ebanjelioa; gaurkoak, seme galduaren parabola aurkezten deusku, Jainko Aita errukitsuarena, hain zuzen be.

Egunero, astero gagoz Aitagandik hur, baina Aitaren etxetik aparte pozik bizi izanak, inolako azalpenik eskatu barik sarituak dirala ikustean, erresuminak bihotzetik bururaino igoten deusku, eta Aitarekin pozteko gauzez bihurtuta, tristurak hartzen gaitu. Garizuma aldi honetan, seme nagusiak ere badau errukiaren besarkada hartu premina, bere pekatua agertu beharra, Aitaren aurrean belaunikatu beharra. Bakotxak daroagu geure barruan seme nagusi bana.

Ospakizun honek lagundu deiskula parkamenaren eta onarpenaren jai handiaz gozatzen.

Irakurgaientzako oharrak

1. Irakurgaia: Josue 5, 9a. 10-12

Lehenengo irakurgaia entzuteko prestatzen gara. Jainkoaren herria, Egiptoko esklabutza ondoren eta Palestinan sartzean, amaitzen da Urteera eta betetzen hasten Abrahami agindua: “lurraren dohaia”. Agindutako lurrean ospatzen dau Israelek bere lehen Pazkoa eta horrekin hasten dau biziera barria. Onartu dagigun.


2.Irakurgaia: 2 Korintokoai 5, 17-21

Paulok bere apostolutzan gidari dituen erizpideak eskeintzen ditu irakurgai honetan: Jainkoak Kristoren bidez adiskidetzen gaitu, Jesusek bere gain hartu zituen gizaki guztien pekatuak, gizadiak bizi barria eta askea bizi egian. Berrerosi eta parkatuen gizadi barria da. Entzun dagigun.


Ebanjelioa: Lukas 15, 1-3. 11-32

Ebanjelioko pasarte zoragarrienetako bat entzuteko prestatzen gara. Aita errukitsua da, haren errukiak ez dau mugarik, ez dau aldien eta jendeen bereizkeriarik. Doanekoa eta unibertsala da haren parkamena. Kristau parkamenaren ezaugarria da Aitaren eta semearen arteko besarkada. Barriro be entzun dagigun Jesusek eskeintzen deuskun mezu eder eta bikain hau.

Jaungoiko herriaren otoitza

Zuzendu deioguzan gure otoitzak Jainkoari, gure Aita-Amari, adiskidetzen gaituen Jesukristoren bidez, eta esan dagigun: ENTZUN ARREN, JAUNA.

1.- Eleizaren alde: herri guztiei iragarri deien Jainkoagandik dogun adiskidetzea eta bakea; alkarte guztiak parkamenaren eta adiskidetzearen eskola izanik, maitasuna eta onarpena esperimentatu dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Une honetan gerrea sufritzen daben herri guztien alde: herri horreetako agintariek, askatasuna eta giza eskubideak errespetatuz, bakerako pausu zehatzak emon dagiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Itxaropena galdu dabenen alde: fededunen testigantzaren bidez, heldu daitezala sekula hutsik emoten ez eta beti laguntzen dauan Jainko Aita-Ama ezagutzera. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Askatasunaren bila dabizala, diru, sexu, droga eta alkoholaren esklabu egin diran hainbat gizon eta emakumeren alde; tratu txarrak eta jazarpenak sufritzen dituztenen eta prostituzinoan hondaturik dabiltzan hainbesteren alde: aurkitu daiela egoera hortatik urteten lagunduko deutsen pertsonak. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Parrokiako gure alkartearen alde: jendeak onartzen ikasteko, parkatzea eta adiskidetzea praktikatzeko eskolak izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errazak" eta kristau elkartearen ibilbidean erabil daitezkeen "EZAUGARRI" ugari eskaintzen dugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



BOTIKA BATEN AURKEZPENA

(Azaleko kutxatxoarekin nahikoa litzateke. Osasun munduan dabilen batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Errukiaren eta bestea ondo ikusi gura izatearen ezaugarria dan botika hau dakartsugu, Jauna. Hauxe da gure nahia: besteentzat sendagai izatea. Besteen zauriak osatuko dituan orioa izatea. Besteen arazoak arinduko dituen entzuteko gaitasuna izatea. Jesukristori begiratuz, berak egiten eban antzera egiten jarraitu nahi dogu.


ARGIAREN AURKEZPENA

(Ondo legoke bateo pastoraltzan dabilen batek egitea)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, hemen alkartuta gagozan guztion izenean aurkezten deutsut argi hau. Bateoko ezaugarria eta bertan hartu genduan konpromisoaren oroigarria dogu. Zure Seme berbiztuak isiotu eban eta gure bihotzak argitzen ditu; gure ekintza eta berbakaz munduko iluntasunak argitzera bialtzen gaitu. Zaindu egizu argi hori gugan, besteentzat argi izan gaitezan.


ESKU HUTSEN AURKEZPENA

(Andrazko batek egin leike. Esku hutsak erakutsirik dino:)

OTOITZA – AZALPENA: Hemen naukazu, Jauna, esku hutsik. Nire ezereza agertzen dabe, baina zuk beteko dozuzan konfiantzea daukat. Alkarte osoaren izenean, gure bihotz apala eskeintzen deutsut, Zuk zure graziaz beteko dozuzan itxaropenaz. Jauna, zure Semeari zintzotasunez eta leialtasunez jarraitzeko emoiguzu behar dogun laguntza, emoiguzu bere Gorputza gure bizitzen janari lez.


SENAR-EMAZTEAK EUREN SEME TXIKIA AURKEZTEN DABE

(Senar-emazteak euren jesarlekutik jagiten dira ume eta guzti, eta aldarera hurreratzen dira, eskeintza egiteko. Biak hartzen dabe parte, batak bestearen ostean. Euren parte-hartzea amaituta, aldare aurrean bertan irauten dabe, ospakizun denpora guztian)

OTOITZA – AZALPENA:

Senarrak: Jauna, hemen gaituzu gure seme (alaba) honegaz, zeure opari eta gure maitasun fruitua da. Eskeintza zure errukiari erantzuna izatea gura dogu. Zurea da, bete beragan zure salbamen asmoa.

Emazteak: Gure alkar maitasunari erantzuteko eta eusten jarraitzeko doguzan gogo nahiak ere eskeini gura deutsuguz, horrek eraginda sortu, hazi eta hezi nahi doguz ardura handiz. Hezi, baina ez helduak izateko aukerak eskeiniz bakarrik; baita bete-betean pertsona izatea ere lortu daian lagunduz.

Bikoteak: Halan da be, eginbehar honek zenbat eragozpen sortzen deuskuzan jabetzen gara, eta, batez ere, pertsona erdikin eta erabilterrezak nahi dituan gizartetik eta ingurutik sortzen jakuzan eragozpenak. Horregaitik, Jauna, emoiguzu gure egitasmo eder hau betetako behar dogun grazia.

Agurra

Eskerrak, Aita-Ama, zure Semeak bakotxari barriro azaldu deuskulako noraino maite gaituzun; “itzi Aitari bakezkoak egiten”, esan deusku, “zabaldu bihotzak Aitaren maitasunari”. Horregatik, ez dogu zalantzarik parkamenaren poza biziteko, egia horrela bizi eta esperimentatzeko.

Senideok: ospakizun honek lagundu deiskula Jainkoarenganako seme-alabatasuna biziten. Aste zoriontsua guztioi!

Egun honetarako gogoetea

“Jagi eta banoa neure aitagana, eta esango deutsat:
«Aita, pekatu egin dot zeruaren aurka eta zure aurka»”




Garizumako bigarren zatian sarturik, liturgiak gaur ere, Jesusen jarraitzailea barrutik lantzen jarraitzen dau. Garizumaren helburua, bere ondoan ibiltea, Beragaz eta bere bizitzeko ereagaz bat egitea bada, beharrezkoa dogu bere mezuan sakontzen joatea. Hemen gagoz horretarako prest.

Hau da gure bizi esperientzia: sarritan argi eta ilun artean gabiz. Noizbehinka iluntasunak baltzitu egiten dira, dana baltz ikusi arte; noizik eta behin pozaren eta argiaren esperientzia ere izaten dogu. Bizitza, misterioak eta itaunak geure menpe gura gendukez euki... baita heriotzaren eta gure pekatu eta leialtasun ezaren zergaitia jakitea. Hainbeste ahalegin eta aurrerapen ondoren ere, iluntasuna sarri nagusitzen da.

Ondo jatorkuz gaur ebanjelioan entzun doguzan seme galduaren berbak: “Jagi eta banoa neure Aitagana eta esango deutsat: Aita, pekatu egin dot zeruaren aurka eta zure aurka; ez dot merezi zure seme izaterik”. Jesusen proposamena onartuz, Jainko adiskide eta errukitsuarengana bihurtzeko ordua ez ete da? Aita beti beso zabalik daukagu parkamena bihotzean daukala, semea bere osotasunean berreskuratzeko. Bihotz-barritzearen bidea da. Holantxe egiten gara gizaki barri (Paulo apostoluak bigarren irakurgaian gogoratu deuskun lez).

Aitarengana bihurtzeko, egoera barria eta Berak eskeintzen deuskun bizi barria onartzeko sasoiz gagoz. Ez ete dogu egingo beste ahalegintxo bat?

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Hilda egoan eta bizitzara bihurtu da; galduta egoan eta aurkitua izan da"

(Lk 15, 32)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue