Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Garizumea - 3. domekea - 2019.eko Martxoaren 24a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak Eukaristiaren ospakizun honetara.

Senideok: hemen gagoz barriro ere Jaunaren izenean alkartuta. Israel herriak basamortuan zehar egindako erromesaldiaren antzera, guk ere, graziaren eta salbamenaren aldi honetan, berrogei eguneko ibilaldia egiten dogu Pazkorako prestatzeko.

Gaur, bihozbarritu beharra, Jesusen erara bizi beharra gogoratuazoko deusku Jaunaren Hitzak. Aldaketa bat-batean egin beharra dago, ezin geintekez ibili gerotik gerora atzeratzen. Gure bizitzak, gure hitz eta keinuak Jainkoaren egitasmoaren, guretzat betidanik amets egin dauanaren islada izan behar dabe. Eginkizun larria eta guztiona da Erreinua.

Asmo honeekin, harrera honekin hasiko dogu gure ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1.Irakurgaia: Irteera 3, 1-8. 13-15

Liburu zaharrak dinoenez, Jainkoak bere herria Egipton zapaldua ikusten dau eta ezin dau gehiago jasan. Israel esklabotzatik askatzeko, Jainkoak Moises aukeratu eban. Ezereztu barik erretzen egoan sasiaren fenomeno horretara hurreratu zan Moises, eta han, Jainkoaren hurtasunean, Egipton sufritzen ari diran bere anaiak askatzera joateko deia hartzen dau. Jainkoak, hitzekin eta egiten dituen harrigarriekin agertzen dau nor dan. Entzun dagigun.


2.Irakurgaia: 1 Korintokoei 10, 1-6. 10-12

Erne egoteko deia egiten deusku Paulo apostoluak; ez dakigula gertatu israeldarrei gertatu jakena: Jainkoaren miragarriak eta maitasuna ezagutu eta gero, lepoa emon eutsoen. Ez dagigun ahaztu: gure Jainkoa dohaintasun hutsa da. Konfiantzaz onartzea besterik ez deusku eskatzen. Entzun dagigun.


Ebanjelioa: Lukas 13, 1-9/

Ebanjelio zatia entzuteko prestatzen gara. Eguneroko bizitzatik hartutako adibide bigaz baliatzen da Jesus BIHOTZBARRITZEAREN preminea dogula agertzeko. Itxurak zaintzea ez da nahikoa, FRUTUAK emotera deituak gagoz. Jesusen mezuaren barritasuna hauxe da: “gure arboleak” frutuak emon dagizan, Jainkoak aukera barri bat eskeintzen deuskula. Prestatu gaitezan zutunik jarrita.

Jaungoiko herriaren otoitza

Seme-alaba jarrera apalez zabaltzen deutsoguz gure bihotzak Biziaren Jainkoari eta aurkezten gizadiaren premina guztiak.

1. Gure Eliza maite eta ahularen alde: bere hitzez ama eta maistra, eta bere keinuz Aita-Ama errukitsuaren ezaugarri izan daiten.ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2. Erantzukizunezko ardurak dabezan agintari guztien alde: euren gaitasun eta ahalmenak guztien onaren zerbitzuan eta giza eskubideak babesteko ipini dagiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3. Baztertuak, gauzeztzat hartuak sentitzen diran guztien alde: gugan aurkitu daiela pozten dauan maitasuna, bakea zabaltzen dauan esku adiskidea eta bidea errezten dauan laguna. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4. Mundu honetan zentzun bila ibili eta aurkitzen ez dabenen alde; bizitzan eta gizakien konfiantza barik nekaturik aurkitzen diranen alde: gure testigutza itxaropenerako ate gertatu dakien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5. Ospakizun honetan alkartu garan guztion alde: apurtu daiguzala Kristogan egiazko askatasuna izatea oztopatzen deuskuen loturak eta izan gaitezela Jesusen jarraitzaile leialak. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errazak" eta kristau elkartearen ibilbidean erabil daitezkeen "EZAUGARRI" ugari eskaintzen dugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



TXIRRINGADUN AULKITXO BATEN PERTSONA EZINDU BAT AURKEZTEA

(Osasun pastoraltzan lan egiten dauan batek edo gaixo zaintzen edo laguntzen jarduten dauan batek egin daike aurkezpen hau)

OTOITZA – AZALPENA: Nik gauza bi era batera eskeini gura deutsudaz, Jauna: Neuk zaintzen dodan gaixo honen sufrimendua eta beragaz daukadazan ardura guztiak. Esperientzia biak osotzen dabe, Jauna, Zuk gura dozun erlijinoa: sufrimendua eta gatxa geureganatu, eta jakinaren gainean egon, guk eskeini geinkizun oparirik onena horixe dala: lagun hurkoaren alde emondako bizitza. Arren, eskatzen deutsut, gure ahaleginak bat egin daizuzala Jesus zure Semearen Kurutzeagaz, eta garbitu daizuzala, gero eta Haren ahaleginaren antzekoagoak izan daitezan.


GAURKO MARTIRIEN KARTELAK EDO DIAPOSITIBAK AURKEZTEA

(Gaurko munduko errealitatearen erakusgarri diran kartelak edo diapositibak: pobrezia, gosea, drogea...; eta baita, lehenago nahiz gaur bertan justiziaren eta bakearen alde burrukatu dabenen kartelak edo diapositibak)

OTOITZA – AZALPENA: Aldare mahaiaren gainean jarten deutsuguz, Jauna, gaurko gizateriaren esklabokeriak eta burrukak: pobrezia, gosea, drogak...; eta baita eurok susterretik atera eta desagertzeko hainbeste ahalegin egiten daben andra-gizonen etenbako burrukak ere. Gure eskeintza hau Jesus zure Semearenagaz bat egin daizula, Zuri atsegin jatzun sakrifizio bakarrean; onartu eizu, Aita, Jesusen heriotzeaz egin zenduan lez. Modu berberean, bete eizuz gure bihotzak askatasun gurari biziz eta euren aldeko burrukara bultzatu gaizuz; nasaikeriatik eta errezkeriatik askatu gaizuz; gogo berotu gaizuz eta emoiguzu zure grazia, benetan bihotz barritu gaitezan eta maitasun fruitu garbiak emon daiguzan.


GOBERNUZ KANPOKO ERAKUNDE (GKE) BATEN AURKEZPENA

(Ez ezinbestekoa dalako, hainbesteren artean BAT; besteak urtean zehar aurkezten joango gara, domeka eta jai egunetan bananduta. Gaur beroni buruzko txosten bat edo GKE honen ekintzak azaltzen dituan proiektu bat aurkeztea izango da)

OTOITZA – AZALPENA: Hainbeste talderen giza giroko ekintzak aurkezten deutsuguz gaur, Jauna, gizarte mailan eta kultura mailan makalenak diranen alde diharduenen ekintzak, hain zuzen ere. (Talde baten izena) talde honen ekintzaren bidez aurkezten deutsugu. Onartu eizu, Jauna. Zure Erreinua gauzatzen da euron konpromisoari esker, fededunak zein fede bakoak izan. Eta gu ere, egunetik egunera behartsuenakaz sentiberago eta eurakaz lotuago bizitzera eroan gaizuz, batez ere Garizumako bide honetan zehar goazala.


BATEOKO OSKOLAREN AURKEZPENA

(Edozein pertsona helduak egin leike, hurrengo hau esanaz:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, bateatzeko erabilten dan oskol hau dakartsut. Zure grazia eta Espiritua emonaz alkarte barri baten sartu gaituzu, zure familiko egin gaituzu, zure Erreinuaren zerbitzari egin gaituzu. Duintasun hori zainduaz, zure lekuko izan gaitezala.

Agurra

Senideok: Jaunaren Hitzaren eta Gorputz Santuaren inguruan alkartu gara. Jaunaren doaneko maitasunak begi-bistako egiten dau zein urrin bizi garan harengandik. Gaurko parabolak argi ipinten dauanez, aldatzea edo ez aldatzea ez da hitz-jokoa; hil edo biziko arazoa baino. Jainkoaren Erreinuaren aurrean zirt edo zart egin behar da, eta oraintxe bertan gainera, denpora aurrera doa eta bidekurutzean aurkitzen gara. Aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Bihotz barritu zaiteze,
Jainkoaren Erreinua hurrean dago ta”




Domeka honetan Garizumako Bigarren zatiari hasierea emoten deutsagu. PAZKORAKO BIDEAK hor jarraitzen dau. Ondo legoke geure buruari itauntzea ea non aurkitzen garan: Jesusen pausuak jarraitzen noa? Nire “bihotz-barritze bidea” Beragaz eta bere bizi izateko ereagaz BAT EGITEA da? Bide honen lehen ekinaldia “erre” dogu eta... zer ?

Etsipena edo porrota edo ez dauala merezi aurrera jarraitzerik... etorri leikiguzan pentsamentu batzuk izan daitekez. Gaur egun holako ideiak inguratzen gaitue. Bizitzaren nagusi ginala uste genduan, gauza guztien urtenbidea geunkana, eta... egunero ezinaren sentsazinoa sentitzen dogu. “Ondo izatearen gizartea” deitzen deutsogun horrek (eukiteak, gozatzeak, jan-edanak, pilatzeak) gizakiaren azken arazoa ez dau konpontzen.

Domeka honetako ebanjelioko berbak jatorkuz hemen gogora: “Bihotz-barritzen ez bazaree, guztiok bardin galduko zaree”. Jesusi benetan eta sakontasunez entzuteko ordua ez ete da? Bere egitasmoa ONARTU ETA BIZITEKOA? Hitzaren bidez, anai-arrebakaz alkartuz, isiltasunean eta otoitzean, eskerronez eta eskuzabaltasunez hartu eta betetako konpromisuan, bere benetakoa esangurea bilatzeko ordua?

Bere barritasunera zabalduko ete gara
Bere egitasmoagaz GOZATZEKO?

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Inguruan lurra atxurtu ta ongarria jarriko dautsat, orrela, bearbada, frutua ekarriko dau"

(Lk 13, 8-9)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue