Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Garizumea - 2. domekea - 2019.eko Martxoaren 17a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak Eukaristia ospatzera.

Senideok: Garizumako Bigarren Igande honetan asmo honeek ditugu Eukaristia ospatzerakoan: Jesusi nekaldi eta heriotzaren bidetik zehar Biztueraraino jarraitzeko adorez eta itxaropenez betetea.

Jesusi jarraitzeak eta Ebanjelioak, Antzaldatzearen kontakizunaren bidez, guztioi eskeintzen deuskun mezuak, bizkorgarri izan behar leuke guretzat, aldi gogorretarako indarrak hartzeko. Azken baten, Jesusen aintza bera dau Jainko Aita-Amak guretzat ere.

Ospakizun honek lagundu deiskula fedearen abenturan hazten, Jesusek liluratuagoak izaten, bidean ipinten eta sarritan entzuten: “Hau dot nire Semea, nik haukeratua, entzun berari”.

Irakurgaientzako oharrak

1.Irakurgaia: Hasiera 15, 5-12. 17-18

Testamentu Zaharreko atal bat entzungo dogu. Eta hor ikusten dogu Ituna dala Salbamen historiaren ardatza. Pertsonea konprometitzen dauan Jainkoaren ekimena da. Abrahamek, fededunak, entzun eta onartu egin eban Jainkoaren Hitza, eta fidatu egin zan Hitz horretan. Jainkoaren Hitzarengan fidatzen, Hitz hori onartzen dauana da fededuna. Entzun dagigun.


2.Irakurgaia: Filipotarrei 3, 17 – 4, 1

Bateoaren bidez sartu gara Jainkoaren itunean. Paulo apostoluak bere urratsak jarraitzera gonbidatzen gaitu, zeruko hiritar garalako. Ezin geintekez jausi mundu honetan behin eta betiko etxea hartzeko tentaldian. Kristoren Kurutzea da bidearen osotasuna. Hona hemen apostoluaren gogoeta sakona.


Ebanjelioa: Lukas 9, 28b-36

Lukas ebanjelariaren ikuspegian, Kristoren Biztueraren aurrerapena da Tabor mendiko antzaldatzea; atsedenaldia Jerusalenerako bidean. Jesusen bizitzan, Basamortuaren eta Kalbarioaren bitartean kokatzen da Antzaldatzea. Hor eskeintzen jaku Jesusen nortasun sakona. Onartu daigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Zuzendu deioguzan gure otoitzak Jainkoari, gure Aita-Amari, bere Seme Jesukristo antzaldatu ebanari, beti maitasunez begiratzen deuskunari, esanez: ENTZUN, ARREN, JAUNA.

1.- Eleizaren alde: Espirituaren indarrez, Jesukristorekin beti leial iraun daian eta ahalegindu daitela bertan behera itzitako edo bazterturiko pertsonakin egiten dan bidegabekeri soziala salatzen. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Kristau guztiak, Jesusek eroanak sentituz, pozez gainezka bizi gaitezan eta bizi-poz hori zabaldu deigula arazoei aurpegia emoteko adore barik bizi diranen artean. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Herri guztietako agintari guztien alde: ahalegindu daitezala gizartea eraldatzen, pertsona guztiak duintasunez biziteko daben eskabide guztiak errespetatu dagiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Garizumaren espiritua bizi nahi dogun guztion alde: Aitaren Seme kuttunari entzuteak lagundu deiskula gure konpromisoa barritzen, eta alai eta pozik bizirik, eraldatu daigula bizitzea eta tokatu jakun gizartea. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Parrokiako gure Alkartea ez daitela liluratu munduko handikerietan, eta jarraitu deiola apaltasunez Jesusen hurtasunari eta onarpenari. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errazak" eta kristau elkartearen ibilbidean erabil daitezkeen "EZAUGARRI" ugari eskaintzen dugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ARGIONTZI ISIOTU BATEN AURKEZPENA

(Eskeintza hau Alkarteko ekintzaile batek egin daike, edo politikan, sindikatuan edo herri ekintzaren baten esku-hartzen dauan Alkarteko pertsona heldu batek. Argiontzia mahai buruari emoten deutso, eta honek aldareko mahai gainean izten dau. Ondoren, holan jarraituz)

OTOITZA – AZALPENA: Gaur argiontzi isiotu hau dakartsut, Jauna, zure Semearen antzaldatzea ospatzen dogun domeka honetan. Argi hau Jesukristoren ezaugarria da. Aurretiaz bere biztuerea adierazoten dauan argi motela da. Mundua eraldatzeko jardunean, nire eta Eleizearen burruka hau, erakusgarri izatea nahi dot. Zure Seme Jesukristori jarraituz egin gura dogu, eta azkena Zuk zeure Erreinuan dohai lez oparituko deuskuzula jakinaren gainean.


KURUTZE BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko gaixo edo adineko batek egin daike eskeintza hau)

OTOITZA – AZALPENA: Nik, Jauna, Kurutzetxo hauxe dakartsut, nire gaixotasunaren eta munduan honegaitik edo haregaitik sufritzen dabenen adierazgarri lez. Nire ustea hau da: Zuk zure Seme Jesukristoren Kurutzeagaz bat eginda hartzen dozula, munduaren salbamena haren bidez heldu jakula sinisturik; izan ere, horixe dozu opari atsegingarri bakarra. Lagundu eidazu, Jauna, honi buruz gero eta gehiago jabetzen: Kurutzea dala bizitzaren ernemuin bakarra, eta zure Semeagaz konpartitzea itxaroten dogula. Gaixo minduen pozezko testigantzaren bidez, erakutsi eiezu osasuntsuei kurutzea zein beharrezkoa dan antzaldatze osorako.


IRRATI BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko kide batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Komunikabideetan batez be gure entzumena eskatzen dauan irrati hau aurkezten deutsut, Jauna. Baina gaur, zure HITZAREN entzule garala agertu nahi deutsut; zure eskakizunetara adi egon nahi dogu; zure deiei zabalik egon nahi dogu.


ALKARTE ERRETIRO baten edo BIBLIARI BURUZKO IKASTARO baten erabilitako gaien TXOSTENAREN AURKEZPENA

(Alkarteko ekintzaile kide batek aurkeztuko dau Erretiroko edo ikastaroko gaien karpeta hau)

OTOITZA – AZALPENA: Gure Jaun eta Jaungoiko, Zuk zeure Seme maiteari begiratzera eta gogoz entzutera gonbidatzen gaituzu. Benetan gura dogu, Jauna. Hori dala-eta, gure Alkarteko azken ERRETIROko (edo Bibliari buruzko ikastaroko) langaiak aurkeztuten deutsuguz. Hobeto ezagutzen lagundu deusku, baina hasitako bidean jarraitu beharra daukagu. Garizuma honetan ere horixe egiteko konpromisoa hartzen dogu.

Agurra

Eskerrak, Aita-Ama, sakramentu honetan zure Semearen Gorputza emotean, eta Garizumako gure konpromisoei leialak izanik, Pazkorako bidean bidelagun egin gaituzulako. Leial jarraitu deigula gure penitentzi-bidean; konturatu gaitezela heriotza eta nekaldia dirala biziaren haziak. Kristau testigantzaz beteriko aste zoriontsua izan deigula. Holan izan bedi.

Egun honetarako gogoetea

Laino izpi artean, Aitaren abotsa entzun zan:
“Hauxe da nire Semea, nire maitea; entzun egiozue”




Joan zan domekan “urteteko agindua” hartu genduan: GARIZUMEA hasten genduan. Eta PAZKORAKO bidean ipinten ginan. Jesusen arrastoa jarraituz egiteko proposamena egiten jakun; berak be zalantzaren, nekearen, aginpidearen, “gauza errezen”... tentaldia sufritu ebalako. Baina Berak tentaldiak gainditu ebazan. Bera bidelagun eukitea, egoera horreek zelan gainditu behar diran jakiteko bermea eukitea da. Berak jarraitu eban bidea hau izan zan:

- “Aitaren aurrean prestasun osoa”;
- Jainkoaren gauzetarako, “eskuzabaltasuna eta izate osoa eskeintzea”
- Bere senide gizakiekin “solidaritate bidea”.

Bigarren domeka honek hurrengo hau azpimarkatzen deusku: Jesusegaz HARTUEMON ZUZENEAN bakarrik etorri daitekela aldaketa. Berari “ENTZUN” beharra daukagu (holan dinosku ebanjelioak), Abrahamen edo apostoluen antzera bere deiak “harrapatu gaizala” (lehen irakurgaia eta ebanjelioa). Horretara, Kristoren maitasunetik ezerk ez gaitu aldenduko (bigarren irakurgaia).

Mezu ederra domeka honek eskeintzen deuskuna. Naiz eta Beragaz bat egiteak KURUTZEA onartzea ere eskatu: Kurutze eta heriotza barik ez dago Biztuerarik; nekaldi bako aintzarik ez dago.

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Aurpegiko itxura aldatu egin zitzaion"

(Lk 9, 29)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue