Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Garizumea - 1. domekea - 2019.eko Martxoaren 10a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak Eukaristia ospatzera.

Senideok: eguaztenean, HAUSTERRE egunean, emon geuntson hasiera erabarritzeko eta Pazkorako prestatzeko aldi honi. GARIZUMA ALDIAN sartuta gagoz. Jesusen jarraitzaileentzat interesgarria eta beharrezkoa da GAUR ere Garizumaren dinamikan sartzea.

Gaur, lehen igande honetan, Jaunaren Hitzak erne jartzen gaitu tentaldiaren arriskuaren aurrean; tentaldia, Jesusen garaietan lez, benetako arriskua da gaur ere. Inguratzen gaituen gauzak gero eta gehiago dira tentaldirako bide –komunikabideak, egitura sozialak, lehiakorkeria, boterea eta aberastasunak eskuratzeko grina, etab.–, eragozpenak ditugu, Jainkoarengandik, Jainkoaren Erreinutik aldentzen gaituen tentaldiak. Tentaldian jausi ez gaitezan borrokatzeko, Jaunaren Erreinua onartzen eta eraikitzen lehiatzeko deia egiten deusku Jesusek.

Hasi dagigun gure ospakizun hau eta berak lagundu deiskula Pazkorako bidea pozik egiten. Pazkoa dogu helmuga.

Irakurgaientzako oharrak

1.Irakurgaia: Deuteronomioa 26, 4-10

Lehenengo irakurgai honetan, Jainkoaren herriaren fede-autormen bat entzungo dogu. Israelen Kredoak hasierako gertaera adierazgarriak, euren historiaren ardatz diran jazoerak autortzen ditu. Historia horren oroimena barritzean dago fede-autormena. Hebertarrak kredoa autortzen dau Jainkoari oparia eskeintzean, sorreren oroipena barritzean. Entzun dagigun.


2.Irakurgaia: Erromatarrei 10, 8-13

Jesukristogan egindako fede-autormena eskeintzen deusku bigarren irakurgai honek. San Pauloren testuak honakoa autortu arazten deusku: Kristok burututako pazko gertaera dala gure salbamenaren arrazoia. Salbatuak izan gaitezan, Kristoren izenari dei egitera gonbidatzen gaitu. Hauxe da proposamena. Onartzeko prestatu gaitezan.


Ebanjelioa: Lukas 4, 1-13

Ebanjelioko pasarte hau entzuteko prestatzen gara. Jainkoaren herriak lez, Jesusek ere basamortua igaro eban. Israel jausi egin zan tentaldian; Jesusek menperatu egin eban tentaldia, Jainkoaren Hitzean oinarrituta. Bizitzaren basamortuan begi-bistako gertatzen da Jaunaren leialtasuna. Guk pozik onartzen dogu gaur Hitz hori. Entzun dagigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jesusen inguruan batutako alkarte lez, fedez eta konfiantzaz aurkezten deutsoguz gure otoitzak biziaren Jainkoari, gizadi osoaren alde eskatuz.

1.- Jainkoak etenbarik barritzera dei egiten deutson Eleizaren alde: gizakien aurrean, Erreinuaren Barri Onaren eta pertsona guztientzako salbamenaren testigu izan daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Herrietako agintari guztien alde: ahalegindu daitezela beti pobreen alde, guztientzat zuzentasuna bilatzearen alde. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Gerra, gose, gorroto, bidegabekeria eta gezurrengatik sufritzen daben guztien alde: horreen sufrimentuak esnatu daizala gure bihotzak eta solidaritzara eroan gaizala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Jainkoaren Erreinua egunero iragartzen ahalegindu diran eta ahalegintzen diran pertsona guztien alde: gure otoitzak eta hurtasunak babestuak sentidu daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion alde: Jainkoaren Espirituaren eskuetan jarririk, barritu daiguzan gure bihotzak eta entzun dagigun maite gaituen Jainkoaren abotsa. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errazak" eta kristau elkartearen ibilbidean erabil daitezkeen "EZAUGARRI" ugari eskaintzen dugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



BIBLIA BATEN AURKEZPENA

(Parrokiako pastoral kontseilu-buruak egin daike eskeintza hau edo, holangorik ez balego, jende aurrean ondo ikusia dan alkarteko kide batek)

OTOITZA – AZALPENA: Hona hemen, Jauna; Zeuk emon deuskuzun BERBEA dakartsut nik, eta liburu edo liburu bilduma honetan agertzen da. Alkarte osoaren izenean egiten deutsut eskeintza hau: Garizuman, batez ere, zure Berbea entzutera behartzen da; izan ere, ziur dago Berba hori dala bere salbamenaren euskarri eta betiko bizitzaren hazi.


HOROSKOPO BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko emakume batek egin daike eskeintza hau. Eta eskeini ere holan egin daike: liburu bat, aldizkari eta egunkariren baten agertzen dauanen bat, beste barik)

OTOITZA – AZALPENA: Nik gaur horoskopo bat dakartsut, Jauna. Joko bat balitz lez irakurten dogu; baina ondo dakizunez, bera kontsultatzea eta bardin “esoteriko” mundu honegaz dauan guztia ere gure artean modan jarri jaku. Jende asko itsuan doa bere atzetik, beragan uste ona jarririk, jakinaren gainera nahiz ez-jakinez, zure jauntasuna arriskuan ipinten dabe. Guk, ostera, gaur hau Zuri eskeintzean, zera agertzen deutsugu: ez dagoala Zu besteko Jaunik eta gure bizitzak zure eskuetan dagozala.


HAUTESKUNDE PROGRAMA BATEN AURKEZPENA

(Honango hau, politika, sindikatu edo herri ekintzaren baten ekintzaile diharduan batek aurkeztu behar leuke; edo bestelan, alkarteko edozeinek, beti ere pertsona heldu bat izan daitela)

OTOITZA – AZALPENA: Niri dagokit, Jauna, gaur Zuri gure arteko politiko alderdiren baten hauteskunde programa bat aurkeztea. Egia esan, gogorik onenagaz egiten deutsugu eskeintza hau; baina argi eukirik, ez dagoala honetan ez beste edozeinetan gorderik gure arazo guztien urtenbidea. Hori zure eskuetan dago, eta gu guztion alkarlanean, zure esanera jarrita. Eta aurtengo Garizuman zure nahia jakin gura dogu, eta gure bizitzan BIDE lez hartu.


JANTZI, OGI ETA EDALONTZI BATEN AURKEZPENA

(Pertsona biren artean egin daiteke eskeintza hau; hirugarren batek ezaugarrion esanahia berbaz azaltzen dauan artean)

OTOITZA – AZALPENA: Begira, Jauna, bizikera ezbardin biren ezaugarriak. Jantziarena zera da: guk andra-gizonok zer irabaziko eta zer jango dogun ardurearen ezaugarria da. Kontua hauxe da: ez garala zoriontsu, gero eta gehiago kontsumitzen eta gauza gehiago pilatzen ahalegindu arren. Baina ogi hau eta edalontzi hau ere ekarri deutsuguz, Garizumako barauaren ezaugarri. Hona hemen modurik egokiena, zoriontasuna eukite hutsean ez dagoala agertzeko, norberaren izatean baino, ogia eta ura hain gitxi eta txiki diran lez.

Bizitzako jokabide honeek alkarren aurrez aurre jartean, hauxe agertu nahi deutsugu, hain zuzen ere Garizumearen hasieran: bihozbarritzeko doguzan gure asmo biziak eskeintzea. Lagundu eiguzu, arren, Zuk Jauna, zure pozaren eraginez, gure salbamen poza dastatzea lortu daigun.

Agurra

Senideok: Eukaristia amaitu da. Jainkoaren Hitza entzun dogu, Haren Gorputzaz indartu gara eta Harek gure bizitzetan dauan presentzia ospatu dogu. Ez dagigun ahaztu Jaunak munduan, gatazkan nahi gaituela, Jainkoaren, pobreen, baztertuen interesak jokatzen diran lekuan. Jainkoaren Erreinua iragarri nahi badogu ezin gara bizi historiatik eta gatazkatik aparte. Garizuma honek lagundu deiskula Jesusen jarraipenean biziten. Aste zoriontsua guztioi!

Egun honetarako gogoetea

“Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi,
Jainkoaren ahotik urtetzen dauan hitz guztiz baino”




HAUSTERRE egunez, Kristau Alkarteak barriro be PAZKORAKO BIDEA hasi dau. Izan be, Garizumea, Pazko ospakizunaren prestaketa aldia da. Jazoera handiak arduraz prestatu behar diran ezkero, liturgiak aukera hori eskeintzen deusku. Hauxe da Jesusen jarraitzaile talde baten abiapuntua.

Bide horretan, Jesusekin batera, berak BIZI eta ESPERIMENTATU eban prozesu bardina biziten ahaleginduko gara: Aitaren aurrean (tentaldiak izan arren) edozertarako prest dagoanaren bidea; Erreinuaren alde eskuzabaltasunez bere bizia emoten daunaren bidea; bere anai-arreba diran gizaki guztiekaz solidarizatzen eta zabaltzen dan bidea. Hona hemen PAZKORAKO BIDEA.

BIDE zehatz batzuk eskeintzen jakuz:
- Otoitza: Aitarengana zabalik eta bere egitasmoa onartzeko prest egoteko;
- Hitza entzutea: “Jesusen antzeko” izateko;
- Gogoeta: gure sinismena sakondu eta era barrian biziteko;
- Baraua: solidaritatea biziteko era lez.

Honen ondorena: JESUSEN EBANJELIORA BIHURTZEA.

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Espirituak eramanik basamortuan barrena ibili zan"

(Lk 4, 2)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue