Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 1 - 6. domekea - 2019.eko Otsailaren 17a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak ospakizun honetara!

Hemen gara barriro be Jaunaren izenean alkartuta. Jainkoak barriro gonbidatu gaitu bere Hitza entzutera, Kristoren Gorputzez elikatzera. Barriren barri azaldu nahi deusku guri buruz dauan egitasmoa: mezua, biziera barria, Jainkoaren irudi barria aurkezten deusku.

ZORIONTASUNAK dira Jainkoaren Erreinuaren oinarriak. Horreek dira Ebanjelioaren betetasuna, guztientzat mezu askatzailea.

Ospakizuna hastera goaz. Ez daigula zokoratu Jaunaren Berbea.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Jeremias 17, 5-8

Jeremias profeteak -jakituriaz- gizakiak bere bizitza eratzeko eta zuzentzeko hartu leikezan bide bi aurkezten deuskuz: bedeinkapena edo madarikazinoa. Bata edo bestea aukeratzeko askea da. Profetearen esanez, Jainkoa da gizakion zoriona. Norberagan konfiantza ipinten dauanak, norberaren neurriko zoriontasuna bilatzen dau. Benetako zoriontasuna, Jainkoa aurkitu eta bere esanetara ipinten garanean jatorku. Onartu dagigun profetearen gogoeta.


2. irakurgaia: 1Korintokoei 15, 12. 16-20

Hau da Paulo apostoluaren testigantza: Kristoren heriotzeak eta biztuereak azaltzen dabe gure fedeak eta itxaropenak badabela zentzuna. Kristoren heriotzeari eta biztuereari begira, oso-osorik aldatu beharko geunkez gure bizitzak. Jesus hilarengan eta biztuarengan sinisten daben fededun lez biziteak, era zehatz batez bizitea esan nahi dau: besteentzat eta bizi oparotasunaren iragarpen lez bizitea. Bihotzez entzun dagigun.


Ebanjelioa: Lukas 6, 17. 20-23

Ebanjelioko pasarte honek dinoenez, ez dago zalantzarik: pobreentzat, goserik eta beharrizanean bizi diranentzat, bizitzak oinazea eta negarra eskeintzen deutsenentzat etorri da Jainkoaren Erreinua. Jesusek gizarteari eskeini gura deutsan biziera barria da Jainkoaren Erreinua. Jaungoikoa izango da harengan konfiantza ipinten dabenen erregea, defendatzailea, babesa. Mezu zoragarria hemen eskeintzen jakuna. Entzun dagigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Aita Jainkoagan gure konfiantza ipiniz, gure preminak aurkeztu eta erreguak zuzentzen deutsaguz.

1.- Gure Eleiza maitearen eta gaixoaren alde: Jaunagan itxaropen osoa daben gizon-emakumeen alkarte izan daitela eta hareen testigantzak sinisgarri egin daiala Jainkoaren Erreinua oinazerik eta atsekaberik gehien dan lekuan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Nazinoetan, erakundeetan, alkarte erlijiosoetan eta zibiletan, eta parrokietan arduraren bat daukien guztien alde: horreen ahaleginak behartsuenei, gizarteko baztertuenei laguntzera jo daien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Drogearen eta delinkuentziaren bide erratuetatik zorion bila dabilzanen alde: aurkitu daiela entzuteko eta laguntzeko prest izango dabezan pertsonak. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Bizitzan zapalduak sentitzen diranen alde: Jesusen hitza askatasun eta bake iturri izan daien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Ospakizun honetan alkartu garan guztion alde: Jesusi benetan jarraitu deiogun, eta gure testigantzaz besteentzat Erreinu izan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errezak" eta kristau alkartearen ibilbidean erabili daitekezan "EZAUGARRI" ugari eskeintzen dogu.

Mesedez: Alkarte edota Liturgia talde bakotxak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



GOSEAREN AURKAKO KANPAINAREN HORMA IRUDIAREN AURKEZPENA

(Gosearen aurkako kanpaina hori prestatzen joateko egiten dogu hau. Karitasen edo beste talde baten konprometituta dabilen batek egiten dau)

OTOITZA - AZALPENA: Muga guztien gainetik dagoen ekintza honek, maitasunaren eta karitatearen unibertsaltasuna agertzen deusku. Gosearen aurkako kanpaina honetan parte hartuaz, mugarik ezagutzen ez dauan maitasunaren agindu horregaz bat egiten dogu. Gizaki guztiak zure seme-alaba diran ezkero, eurengana hurreratzeko bide bat dogu ekintza hau.


OGIA ETA PITXER BETE ARDOAREN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona biren artean egiten dabe)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, zure Semeak emon eban gorputzaren eta isuri eban odolaren ezaugarri lez dakartsuguz ogi eta ardao honeek. Azken afarian batera eskeini ebazan, bere Gizakundea heriotzan amaituko zala adierazoz. Gure eskeintza honetan, Jesusen antzera munduan zehar euren bizitza baztertuen alde emoten jarraitzen dabenekin bat egiten dogu.


DIRU-POLTSA HUTS BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko gizon heldu batek egiten dau)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, diru-poltsa huts honegaz hauxe agertu nahi deutsut: Zure jabe izanaz, beste guztia bigarren maila baten gelditzen dala. Baina gaur egun, mundu honetan tentaldiak ugariak dira, eta gure bihotzak beste gauza batzuetan nahastatzen dira, zure jarraipenaz ahazturik. Zure grazia eta indarra eskatzen deutsuguz, Jauna.


“BIHOTZEKO” ALDIZKARI BAT AURKEZTEA

(Alkarteko andra batek egin leike)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, “bihotzeko” deitzen dan aldizkari hau dakartsut; bizitzaren alderdi zoriontsua, irribarreena, poztasunena, garaipenena, famatuena... agertzen jaku bertan. Urrearen ordez sasi urrea saltzen deuskue; azaleko poza eta kaxkarkeriak besterik ez. Hau aurkezterakoan, Zeruetako Erreinua sufritzen eta negar egiten dabenena dala agertu gura deutsut: hortxe dago amaitu bako zorionaren hazia.

Agurra

Senideok: Kristau bizitza erosoaren eta errezaren tentazinoak harrapatuta gabilz; baina gaur Jesusek biziera barria eta Jainkoaren beste irudi bat aurkeztu deusku. Jainkoaren Berbea arretaz entzun badogu, hor ikusiko genduan Jainkoa nor eta zelangoa dan, norekin dagoan, non oinarritu behar dogun kristau bizitza, zelan aurkitu atsegina eta bakea, nortzuk diran benetan zoriontsuak… “Belarririk dauanak entzun begi...”. Jainkoaren Erreinua iragarten ahalegindurik, aste zoriontsua guztioi.

Egun honetarako gogoetea

“Poztu zaiteze eta alaitu,
handia izango da-eta zuen saria zeruetan”




Domeka honetan gure bihotza zabaltzen dogu, Jesus Jaunagaz “EGOTEKO”; Beragaz egonez, ALDATZEN izteko, eta, holan, ZORIONTSUEN eta Erreinuaren Barri Ona ONARTZEN dabenen taldekoa izateko.

Ebanjelioak argi-argi berba egin deusku: “Zoriontsuak…”, “Zoritxarrekoak…”. Izan be, Jesusek mundua Jainkoaren bihotzagaz eta begiakaz ikusten dau, eta Jainkoak mundu hau ALDATU gura dauala aurkitzen dau. Apostu serioa egiten dau: indartsuak eta aberatsak bere kontra ipinteak ez dau arduratzen. Jaunaren borondatea, bere Barri Ona zein dan aurkitu dau eta Jesusek iragarri egiten dau; Jainkoaren desio eta proiektu hau leialtasunez beteko dau, bere bizia emotera heldu arte.

Zer lortu gura dau horrekin? ERREINUAREN eraikitzeaz ARDURATU gaitezala: horixe bakarrik. Honeexek dira dohatsuak, zoriontsuak, Jainkoaren parean ipinten diranak, edo hobeto esanda, Jainkoak hartuak, harrapatuak: “Bedeinkatua Jaunagan uste ona dauan gizakia” (lehenengo irakurgaia).

ZORIONTASUNAK gutariko bakotxarentzat PROPOSAMEN bat dira, proposamen erakargarria. Probatuz bakarrik jakin geinke benetan merezi daben ala ez! Gora bihotza!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zoriontsuak txirook, Jaungoikoaren Erreinua zuena da-ta"

(Lk 6, 20)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue