Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 1 - 5. domekea - 2019.eko Otsailaren 10a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: egun on eta ondo etorriak anaitasun batzar honetara.

Jai bakotxean batzen gara hemen Jainkoagaz aurkitu nahi dauan, haren Hitzarekin gozatu nahi dauan alkartea. Munduaren aurrean Jaunak bere testigu izateko egiten deuskun deia dakarsku gaurko Jaungoikoaren Berbeak.

Jainkoak gure kristau bokazinoa, seme-alaba bokazinoa, bizitera deitzen deusku. Jaungoikoaren deia da bokazinoa; Jaungoikoaren ekimen hutsez hartzen dogu eta bakotxari zuzendua da Jaunaren dohaia; maite gaituan haren maitasunak pertsonea eraldatzen dauan prozesua da.

Haren Espirituak lagundu deiskula gure Jaungoikoagaz bat egiten, haren Erreinua iragarten, haren Testigu izaten, eta, gure barruan, “Prest nozu, bialdu naizu” esateko gai izan gaitezala, profetaren antzera. Hasi dagigun ospakizun hau.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 6, 1-2a. 3-8

Gaurko lehenengo irakurgaian, Isaias profetaren bokazinoa entzungo dogu. Harrigarria Isaiasen hurtasuna eta konfiantzea, Jainkoa ikusten ez dauala be, haren “mantu hegalak” besterik ez. Isaiasek kutsatuta ikusten dau bere burua, garbikuntza preminan, herriaren erdian profeta eta Jainkoaren mezulari izateko. Onartu dagigun esperientzi hau.


2. irakurgaia: 1 Korintokoei 15, 1-11

Paulo apostoluak fedea hiru jazoera handitan oinarritzen dala gogoratzen deutse Korintoko kristauei: Jesusen heriotzean, hilobiratzean eta biztuerean; baina gertaera honeek ez dira historia bakarrik, misterioa eta bizi barriaren erne muina dira, Jesus beraren testigu izan gaitezan. Benetan fedearen laburpen bikaina apostoluak egiten deuskuna. Entzun dagigun.


Ebanjelioa: Lukas 5, 1-11

Ebanjelioko pasarte honek dinoenez, Jesusekin liluratuta dagoz Pedro eta bere lagunak, jendea tropelean etorrelako Maisuari entzutera. Apalenen itxaropenak eta bizitzak beteten zituan Barri Ona ekarren Jesusek. Gizon hareek, giza arrantzale izanez, Jesusen misinoan bat egitera deituak izan ziran. Entzun dagigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jainkoaren Espirituaren eskuetan ipiniaz, aurkeztu deioguzan Aita-Amari gure otoitzak eta premina guztien aldeko eskariak.

1.- Eleizan pertsona guztiok aurkitu daigula Jaunaren seme-alaben bokazinoa, eta bokazino hori zerbitzu jarreraz bizi daigula. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Jainkoaren Berbearen gose dirala, Hitz hori entzuteko aukerarik ez dabenen alde: aurkitu daiezala Ebanjelioaren argia eta gozotasuna oparotasunez eskeiniko deutsiezan anai-arrebak. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Eleiza guztien onerako diran bokazino eta karisma guztiak errespetatu daiguzala eta lagundu deiegula zalantzatan eta adore barik bizi diranei. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Pobreenen eta baztertuenen alde: gizon-emakumeen neurri bako zerbitzuan aurkitu daiela arretea, onarpena eta preminentzako laguntza guztia. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Jaunak sortu daizala gure alkarteetan Berbea entzutea eta Eukaristian parte hartzea emongo deuskuen abade eta laiko konprometituen bokazinoak, eta gure hitzez eta egitez testiguak izan gaitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errezak" eta kristau alkartearen ibilbidean erabili daitekezan "EZAUGARRI" ugari eskeintzen dogu.

Mesedez: Alkarte edota Liturgia talde bakotxak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



SARE BATZUK AURKEZTEA

(Katekista batek edo pertsona heldu batek egin leike)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, sare honeek apostoluak zuk giza arrantzale izateko aukeratu zenduzanean itxitako sareen ezaugarri lez dakartsuguz. Eurekaz, geu ebanjelizatzaile izateko konpromisoa aurkezten deutsugu. Zuk emon deuskuzun sinismenaren dohaia, beste batzuekaz bizi gura dogu. Sinismena ez da niretzat edo nire taldearentzat, bizi doguna iragarteko baino. Gure poza, bila dabilzan gizaki guztiekin banatu daigula eskatzen deuskuzu, eta zure eskaria bete gura dogu.


KRISMA ONTZIA AURKEZTEA

(Sendotza taldeetan dabilen monitore batek edo pertsona heldu batek egin leike)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, Sendotzako sakramentua hartzeko erabilten dan krisma ontzi hau dakartsut. Bere igurtziaz, munduaren erdian zure testigutza emoteko behar dogun indarra hartzen dogu. Jauna, zure laguntza eta grazia behar dogu, gure munduak eta gure kulturak zure testiguak behar dauzalako.


ALKARTEKO BOKAZINO EZBARDINEN AURKEZPENA

(Adibidez: garbitasunean dabilen pertsona batena; senar-emazte batzuena; osasun pastoraltzan dabilen batena; taldeko arduradun batena; erlijioso-a batena... Danen izenean batek egiten dau eskaintza)

OTOITZA - AZALPENA: Gutako bakotxari eta alkarteari emon deutsazun gauzarik ederrena dakartsugu, Jauna: Zugandik hartutako BOKAZINOA. Bakotxak, geure egitekoa zintzotasunez eta leialtasunez betetzen ahalagindu nahi dogu. Horretarako zure laguntza eta argitasuna eskatzen deutsugu. Jauna, zugan ipinten dogu gure konfiantza.


IRRATI BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko kide batek egiten dau)

OTOITZA - AZALPENA: Komunikabideetan batez be gure entzumena eskatzen dauan irrati hau aurkezten deutsut, Jauna. Baina gaur, zure Hitzaren entzule garala agertu nahi deutsut; zure eskakizunetara adi egon nahi dogu. Baita, beste pertsona batzuen deiei zabalik egon nahi dogu.

Agurra

Senideok: Jaunaren Berbeak sendotu egin gaitu gure bokazinoetan; guztiak dira desbardinak eta guztiak beharrezkoak, Eleizearen bizitza aberats egiten dabenak: bizi sagaraturako eta ministeritzarako bokazinoak, baina baita kristau bokazino guztietarako karismak eta dohaiak be, laikoen ministeritza guztietarakoak. Horreek guztiak egiten dabe Eleiza bizia, aberatsa, gizartearen eta munduaren eraldaketan egiaz lan egiteko gauza dana. Jainkoak lagundu deiskula jaso dogun bokazinoa biziten. Aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Etorri eta jarraitu
eta giza arrantzale egingo zaituet”




Jesusi, Aitaren Seme maiteari ENTZUTEKO desio horretan (gogoratu daigun Bateo eguna), gaur bide horretan beste pauso bat eskeintzen jaku. Horregaitik alkartu gara bere izenean eta bere inguruan.

Domeka honetako mezua joan zan domekakoaren jarraipena da. BOKAZINOA aurkezten jaku. Jainkoak, lehen, orain eta beti deika jarraitzen dau: batzuk, Jaunaren egitasmoa eurena lez hartzen dabe; beste batzuk egitasmo hori iragartera deituak dira, onartuz, gozatu daien.

AGINDUTAKO MISINOA onartu aurretik gizakiak behar dauan segurtasunari buruz berba egin jaku. Isaiasek bialdua izan aurretik, “Jainkoaren aintza” ikusi eban. Apostoluak, Jesusengan miragarriak egiteko indar misteriotsua ikusiz, sareak itzi eta jarraitzen deutsie. Paulo apostoluak, ebanjelizatzaile bihurtu aurreko esperientzia kontatu deusku. Jaunak deitzen dauanean, gura dauanari eta gura dauanean, andra-gizonoi eskuzabaltasunez erantzutea jagoku.

Jauna gaur be agertzen jako fededunari: bizitza osoa konprometitzen dauan jazoera pertsonala da. Agerpen hau, gizakia Jaunagaz lotzen dauan DEIA da; gizadiaren salbamenean bere laguntzaile lez hartzen dau. Baldintza bako eta momentuko erantzuna eskatzen dauan deia da. Kristogan batzen da dana, eta besteei iragarri beharra dago. Hauxe da izan be EBANJELIZAZINO lana.

ZORIONTSUAK KRISTOren barri ona zabaltzen dabenak:
bere osotasuna eta dohaia izango dabe!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Gizon-arrantzale izango zara"

(Lk 5, 10)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue