Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 1 - 4. domekea - 2019.eko Otsailaren 03a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak.

Ospakizun honetan gure izate guztia Jaunaren presentziari zabalik, eskatu deiogun Kristoren Espirituari landu daiala gure barrua bere graziaz eta biziaz.

Domeka honetan, Jaungoikoaren Berbeak, bere lurrean profetea ez dan Jesus aurkezten deusku. Profetak behar dabez gure alkarteek, gure Eleizek, Espirituaz betetako gizonak eta emakumeak; Jaunaren presentzia kutsatzen daben testigu biziak; barrutik indartzen eta baketzen gaituen gizonak eta emakumeak.

Hasi daigun ospakizun hau, Jaunari eskatuz, sortu daizala gure artean eta Eleizan Jaungoikoaren Erreinua iragarriko eta egiazkoa egingo daben PROFETAK.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Jeremias 1, 4-5. 17-19

Jeremias Jainkoak aukeratua da, profeta hitza iragarteko. Gizon baketsua izanik, Israel historiaren une gogorrenetarikoa bizitea tokatu jakon: herria Babiloniara erbesteratua izan zanekoa. Jainkoaren borondatea herriari iragarteko, momentuko ohiturak eta segurtasunak hankaz gora ipini ebazan. Profetea, izan be, “Jainkoagandik” eta “Jainkoarentzat” da. Entzun dagigun.


2. irakurgaia: 1 Korintokoei 12, 31– 13, 13

Paulo apostoluak goratu eta deskribatzen dauan KARITATEA, giza maitasun guztien gainetik dago. Horregaitik, karitatea ez da agertzen karisma lez edo ministeritza bat lez, sinismendunaren izate osoa hartu eta bizi barritzen dauan Espirituaren dohai lez baino. Hona hemen apostoluaren gogoeta berezi eta sakona. Onartu dagigun.


Ebangelioa: Lukas 4, 21-30

Lukas ebanjelariak dinoenez, beren herritarrak ezin deutse sinistu Jesusi. Joseren seme lez ezagutzen dabe, eta ezin dabe itxura horreek baino harantzago joan. Baina, hona hemen agertu gura jakun egia: Jainkoaren dohaiak ustebakoan eta jantzi apaletan etorten dira. Zuhur egon behar dogu. Entzun dagigun ebanjelioaren barri on hau.

Jaungoiko herriaren otoitza

Gure barruan dagoan Espirituaren indarrez eta argitasunez aurkeztu deioguzan gure eta gizaki guztien preminak Jainko Aita-Amari.

1.- Eleizearen alde: Espirituaren presentziari eta indarrari zabalik bizirik, argia izan gaitezala ilunpean bizi diranentzat; aringarria, atsekabetuentzat; askatasuna, zapalduentzat; eta atsedena, nekatuentzat. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Jesus lez gitxietsiak eta baztertuak diran gure aldiko profeten alde: sentidu daiela eurengan Jaunaren indarra eta babesa. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Kristo eta bere Barri ona ezagutzen ez dabenen alde: gaurko profeten berbearen bidez, osotasunean biziteko bidea aurkitu daien eta zeregin horretan gure laguntasuna be izan daien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Itxaropen barik bizi diran gizon-emakumeen alde; sufritzen dagozanen alde: euren bizitzaren zentzunaren bila dabilzanen alde: aurkitu daiela fededunengan jasoko, lagunduko deutsien besoa eta maitatuko deutsien bihotza. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen gagozan guztion alde: Jaunaren Berbea eta Harek bialdua onartuz, gizaki guztien aurrean haren testigu adoretsu gertatu gaitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errezak" eta kristau alkartearen ibilbidean erabili daitekezan "EZAUGARRI" ugari eskeintzen dogu.

Mesedez: Alkarte edota Liturgia talde bakotxak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



KARITASEKO AZKEN HORMA IRUDIA AURKEZTEA

(Karitasen dabilen batek egin leike. Ondo legoke, gero, ikusteko lekuan iztea)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, Karitaseko horma irudi hau dakartsut; nahi eta ez, pobretasunaren arazoa gogoratzen deusku, bai Eleizeari eta baita gizarteari be. Abots bakoen abotsa ez daitela isildu; gure alkartasuna gehitzen joan daitela. Euren arazoak eta salaketak Eleizan eta gugan izan daiela oihartzuna eta euren preminetara hurreratu gaizala.


INAUSTEKO ARTAZIAK AURKEZTEA

(Alkarteko pertsona heldu batek egin leike)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, inausteko artazi honeek dakartsudaz. Danok dakigu zertarako diran eta sobra dagozan adarrak ebagi ezkero fruitu ugariagoa datorrela. Zure Seme Jesu Kristogaz bat eginda gagozanok be, inauste aroan gagoz; berbizteko hil beharra daukagu. Inauste aroak lagundu deiskula Jesu Kristogaz bat eginda biziten, bere antzeko izaten.


ORIO ONTZIAREN AURKEZPENA

(Hauxe da Parrokiako Caritas taldean diharduan kide batek edo besteen beharrizanei erantzuten diharduanen batek aurkeztutako orio ontzi honegaz azaldu gura doguna: maitasunaren bitartez mundua eraldatzeko dogun erantzukizuna)

OTOITZA - AZALPENA: Nik orioz betetako ontzi hau dakartsut. Gizon-emakumeen norberekeriak bihurritutako eta kaltetutako mundu honen zauriak osatzeko konpromisoaren irudia dogu. Hauxe gura dogu, Jauna: beharrizanik dagoan lekuan egon gaitezala zure ikasleak, mundu honi eta gizon-emakumeei beti lagunduz, zure presentzi pozgarria izateko.


GATZONTZI BETE BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona konprometitu batek egiten dau)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, mundua eraldatze ahaleginaren eta gure ebanjelizatze lanaren ezaugarri lez dakartsut gatzontzi hau. Historian zehar beste testigu asko lez, guk ere gure oztopoak gainditu, eta zure Ebanjelioaren testigu izan nahi dogu mundu honen erdian. Gatza gezatu eta indar barik gelditu ez daiten, zure laguntza eta grazia eskatzen deutsuguz.

Agurra

Guk, fededunok, sarritan, Jainkoa geure menpe, geure esaneko eta geure zerbitzuan nahi izaten dogu. Hori da kristau eta Eleiza lez daukagun tentaldietariko bat. Dakigunak lausotu egiten gaitu gauza barria ikusteko orduan, batez be gauza barria txikiak, baztertuak, guk aintzat hartu bakoak eskeintzen deuskuenean. Halan da guztiz be, Jainkoa txiki eta aintzat hartu bako horreen bitartez jabilku hitz egiten, interpelatzen. Egun honeetan Jaunak gure artean dauan presentzia ezkutu horri arretaz begira bizi gaitezala. Aste zoriontsua guztioi!

Egun honetarako gogoetea

“Jaunak behartsuei Barri Ona iragartera bialdu nau,
lotuei askatasuna iragartera”




Jesusen arrastoei jarraituz BIDEAN goaz; berari ENTZUNEZ eta bera onartuz, Jordango ibaian Aitak egindako gonbiteari erantzuten deutsagu: “Hauxe da nire Semea, nire maitea. Entzun eiozue”.

Domeka honetako liturgiak, PROFETEAREN BOKAZINOA ipinten deusku erdi-erdian: Jaunaren esperientzia bizi izan dauana eta bere Berbea onartu dauana lez; berari agindutako misinoa holan beteten dau. Eragozpenak ugariak izan arren, Jaunak euren barruan beste segurtasun hau ipinten dau: “Ni zugaz nago”; eta honek bultzatzen dau profetea, arrisku artean be, erantzun sendoa emotera.

Lehenengo irakurgaiak eta ebanjelioak horixe azpimarratu deuskue gaur: benetako profetearen izateari jarraituz, euren egitekoa onartzen dabe bai Jeremiasek eta baita Jesusek be. Argi daukie aurrean erabiliak izango dirala, baina badakie Jaungoikoak nahi dauan egitasmoa beteten dauala, eta horrek bultzatzen dauz holan erantzutera.

Profeteak eta testiguak Paulok esan deuskuna oinarritzat hartuta bakarrik emon leikie erantzun hori: MAITASUNA, hau da, kristau alkarteentzat bizitzarako oinarrizko arau bihurtzen dan maitasun praktikoa.

Domeka honetako mezuak zenbat itaun sortzen dauzan gure barruan! Badaukagu zer landu eta zer sakondu.

ZORIONTSUAK Jesusen MEZUA
euren barruan onartzen dabenak!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Ez da profetarik onartua izaten bere lurraldean"

(Lk 4, 24)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue